Ur-jauziko etxea edo Kaufmann egoitza (ingelesez: Fallingwater edo Kaufmann Residence) Ameriketako Estatu Batuetako Pennsylvania estatuko Mill Run udalerrian dagoen etxe bat da[1]. 1935ean Frank Lloyd Wright arkitektoak diseinatu zuen, eta 1936-1939 bitartean eraiki zen Bear Run errekako ur-jauziaren gainean. Gaur egun, Western Pennsylvania Conservancy erakundeak kudeatzen duen museoa da, eta Estatu Batuetako nazioarteko monumentutzat hartuta dago[2].

Ur-jauziko etxea
Fallingwater
 UNESCOren gizateriaren ondarea
 AEBko Leku Historikoa
The 20th-Century Architecture of Frank Lloyd Wright
Ur-jauziko etxearen irudi orokorra.
Irudi gehiago
Kokapena
Estatu burujabe Ameriketako Estatu Batuak
Estatua Pennsylvania
County of PennsylvaniaFayette konderria (Pennsylvania)
Township of PennsylvaniaStewart Township
Koordenatuak39°54′22″N 79°28′05″W / 39.9061°N 79.4681°W / 39.9061; -79.4681
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1936
Inaugurazioa1939
Izenaren jatorriaur-jauzi
Arkitektura
ArkitektoaFrank Lloyd Wright
Materiala(k)steel reinforced concrete (en) Itzuli
Estiloaarkitektura modernoa
arkitektura organikoa
Azalera11,2 ha
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia1496rev-005
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
AEBko Leku Historikoa74001781
Kontaktua
E-postamailto:fallingwater@paconserve.org
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Frank Lloyd Wright (1867-1959) Estatu Batuetako arkitekto hoberentzat jotzen da, eta egin duen obrarik onena Ur-jauziko etxea dela esaten da, XX. mendeko arkitekturaren mugarri nagusienetakoa. 1938ko urtarrilean argitaratutako Time aldizkariaren azalak ordura arteko eraikinik famatuena zela zioen[3], eta garai hartako ikono bihurtu zen. Bestalde, American Institute of Architects erakundeak dioenez, Estatu Batuetako historian izan den lan arkitektonikorik hoberena da.  

Etxearen diseinua 1934-1935 bitartean egin zen, eta hurrengo 2 urteetan zehar eraiki zen Pensilvanian. Hasiera batean, Edgar Kaufmann, Liliane emaztearen eta Edgar Jr. semearen landako etxea izan zen Fallingwater eraikina. Edgar Kaufmann Pittsburgheko saltoki handi batzuetako jabea zen. 1937tik 1963ra bitartean, familia osoa astebururo joaten zen bertara. Senar-emazteak hil zirenean haien semeak etxea eta 600 hektarea baino gehiago zituen lurra Western Pennsylvania Conservancy [4] elkarteari eman zizkion. 1964an jendeari ateak ireki zitzaizkionetik etxeak lau milioi eta erdi bisitari baino gehiago izan ditu.

Wrightek bere eskolan eta Taliesin izeneko estudioan erakusten zituen arkitektura organikoaren hastapenak ageri dira eraikinean. Haren printzipioak faktore desberdinak eraikin bakar batean integratzean oinarritzen dira: kokapena, erabilera eta funtzioa, jatorrizko materialak, eraikuntza-prozesua eta erabiltzailea elkartzea. 

Historia aldatu

Ur-jauziko etxea Pittsburgh hiritik gertuko Mile Mile Run-en dago (Stewart udalerria, Pensilvania estatuko Fayette konderria Ameriketako Estatu Batuak). XIX. mendearen amaieran elkarte masonikoak ezarri ziren bertan, eta egurrezko eraikuntza asko egin zituzten. Geroago, udako kanpamentu bihurtu zen Pittsburgheko Kaufmann biltegiko langileentzat. Baina Depresio Handiaren garaian, kanpamentua ez zen ezertarako erabiltzen, eta Edgar J. Kaufmann[5] biltegiko arduradunaren esku geratu zen.  

Kaufmanndarrek oporraldiak pasatzeko baino ez zuten erabiltzen etxea eta gaizki zegoenez berria egitea erabaki zuten. Gauzak horrela, Frank Lloyd Wrighti eskatu zioten diseinua egitea. 

Kaufmanndarrek garbi zeukaten etxea eraikitzeko tokirik onena ur-jauziaren ingurukoa zela eta horrela jakinarazi zioten Wrighti. Hark ikerketa topografikoa egin zezaten eskatu zuen, eta Uniontowneko Fayette Engineering taldea arduratu zen zeregin horretaz. Talde horrek harkaitzak, zuhaitzak, etab. kontuan hartuz burutu zuen lana. Geroago, Wrightek berak zuhaitzen enborren diametroa eta mota zehazten ziren mapa berri bat egin zuen. 

Bien bitartean, Wright Broadacre Cityren (akre bateko lursaila duten etxebizitzez osatutako hiri modeloa) diseinuan buru-belarri ari zenez, ur-jauziko etxearen diseinu-prozesua atzeratu egin zen. Eta zenbait hilabetetan proiektua bere horretan utzi ostean, 1935eko irailean bere bezeroaren bisita izan zuen. Arkitektoaren langile batek esan zuenaren arabera, ia bi ordutan marraztu zituen eraikinaren lehenengo zirriborroak eta planoak. Kaufmann harrituta geratu zen Wrightek etxea ur-jauziaren gainean diseinatu zuela ikusi zuenean, eta honela esan zion: “Ur-jauziarekin bizi zaitezten nahi dut, ez bakarrik bera ikustea, zuen bizitzaren parte bihurtzea baizik.” [6]

Inguruarekiko harremana aldatu

Nabarmena da etxearen bertikaltasunaren eta terrazen hegal horizontalen arteko kontrastea. Inguruan dauden harkaitzez baliatu ziren etxearen zimenduak jartzeko. Bertako erliebea malkartsua da, hostogalkordun zuhaitzez beteriko basoa du, eta alboan, Bear Run erreka dago. Etxea eraikiko zen tokiko harkaitzez baliatu ziren haren beheko fatxadako harri-horma egiteko. Horrela, lurreko harri naturaletik, harri-horma jarraituz, hormigoizko pareta altuetarako kontrastea nabarmendu zitekeen. Beste paretak krema kolorekoak dira; naturak duen berde edota marroiarekin (garaiaren arabera) hobekien kontrastatzen duen kolorekoak. Etxeak dituen hegalen eta pareten forma ortogonalak ere kontrastea sortzen duten beste elementuetako batzuk dira.  

Eraikina bere ingurura egokituta dago. Esan bezala, zati batzuk bertako harkaitzez eginak daude, eta horietako batzuek lehenengo solairuaren zabalera gainditzen dute; tximiniaren ondoan ikus daitezke. Etxearen zati handiena airean dago, errekaren gainaldean. Wrighten ingeniariek zalantza zuten eraikina zutik mantenduko ote zen, eta hori zuzentzeko gomendatu zioten jabeari. Hori horrela, hegala eutsiko zuten metalezko pieza batzuk ezarri zituen arkitektoak. Eta gaur egun eraikinak oraindik ere zutik dirau, nahiz eta tornado baten eragina jasan. Bestalde, bi solairu ditu eta zabalagoa da horizontalean: zabalera horretan hegal eta terraza garaiak ditu. Halaber, tximinia dagoen nukleo bat dauka bertikalean jarrita. Leihoak ere bertikalean daude, pisu batetik besterainoko luzerarekin. Aipatutako nukleo bertikal hori da etxearen “bihotza”.

Etxearen iparraldean, hau da, basoa dagoen aldean, eguzki-oihal funtzioa egiten duen pergola multzo bat dago. Pergola horiek kanpoko hormatik sarrerarako bidean dagoen harrizko mendoitz bateraino heltzen dira. Leku honi “etxeko basoa” deitzen zaio. Era berean, bi zuhaitzen enborra zeharkatzeko, arku itxurako bi pergola daude; etxearen diseinuak naturarekin duen errespetuaren erakusle. Pergolek sortzen dituzten itzalak enborrek sortutakoen antzekoak direnez, etxea basoan ezkutatuta dago. Bestalde, Kaufmannen bulegoko terrazako zorua bi hutsunerekin diseinatu zen, horrela, bi zuhaitzek lekua izan zezaten. Baina etxea eraikitzeko garaian, bi zuhaitz horiek hil egin zirenez, hutsuneak ez ziren egin.

Dirudienez, E. J. Kaufmann ez zen fio Wrighten kalkulu estrukturalez, eta estrukturan altzairu gehiago jarri zuen isilpean. Horrek Wrighten haserrea eragin zuen, konfidantza-falta agerian geratu baitzen. Alabaina, Wrighten kalkulu estrukturalak oker zeuden: altzairua gehitu ez balio, balkoi-irtenek ez zuketen zutik iraungo. Hala ere, 90eko hamarkadarako jada balkoi-irtenek 20 cm-ko deflexioa zuten. Hori horrela, eta birtinkatze lanen bidez, etxea egonkortu egin zen 2001ean. Horrek 11,5 milioi dolar balio izan zuen: etxearen kostua halako 100.

Etxearen barnealdea aldatu

Banaketaren, kokapenaren eta akaberen ondorioz, gela bitxiak aurki daitezke etxearen barnealdean. Iparraldean dagoen sarrera nagusitik sartzean, bigarren solairura igotzeko eskaileren azpian dagoen harrera-gela txiki bat dago. Jarraian, egongela dago, zeina etxeko gela handiena den. Bertatik inguruko basoen paisaia paregabeak ikus daitezke. Egongelan sartu orduko, “musika txokoa” ikus daiteke parez pare, eta eskuin aldean sofak daude. Musikaren txokotik aurrera jarraituz, “uraren eskailera” aurki daiteke. Izen hori hartu du errekaren ondoko plataforma txiki bat jaisten duelako. Eta horietatik jaitsi ahal izateko beharrezkoa da beirazko holtz irristagarri batzuk irekitzea. Zurubiko koska bakoitza lehen solairuari lotutako trakzio-kable batzuetatik dago zintzilikatuta.

Egongelako hormak eta kanpokoak berdinak dira, etxe osokoak bezalaxe, eta lekuko harri-horma zatiak dituzte. Lurra harri marroiez egina dago, eta zoruak, aldiz, etxearentzat sortutako lanparak biltzen dituen diseinu bat du. Jantokiaren eskuin aldean tximinia dago, lurretik gorantz doazen harri naturalez inguratuta. Jantokiaren ezkerraldean, “ardo bola”, bertako edaria berotzea ahalbidetzen duen banda bat duen edukiontzi gorri zirkularra. Gelaren bi aldetan, ate bana daude, terrazara atera ahal izateko: ekialdekoak, era berean, kanpo-eskailera batzuk ditu, Kaufmannen semearen logelara eramaten dutenak. Tximiniaren ezkerraldean, sukaldera sartzeko atea dago. Bertan Wrightek bereziki diseinatutako altzariak daude, etxeko besteak bezalaxe. Sukaldera sartzeko atea eta eskaileraren artean jateko mahaia dago, egongelako iparraldeko horman landatua.

Bigarren solairuan, bi logela, bi bainugela, Kaufmann jaunaren bulegoa, hiru terraza eta hirugarren solairuko behatokira igotzeko eskailerak daude. Bertan sartu ahala, korridore txiki bat dago. Kaufmannen semearen logelak bainugela bat du, musikaren txokoaren gainean jarria, eta terraza indibidual bat (lehen aipatutako eskailerak hona begira daude). Egongelako sofak dauden zatiaren goiko aldean dago senar-emaztearen logela. Logela honek bainugela txiki bat eta hegoaldera begira dagoen balkoi-irten zabala ditu. Kaufmann jaunaren bulegoa mendebaldean dago, bertan ohe bat eta behatokirako eskailerak daude. Tximinia, bulegoan zein senar-emaztearen logelan agertzen da. Azken horretan, sukalderaino heltzen den kristalezko leiho mugikorra dago. Estudioko mendebaldeko horman, bertako terrazara ateratzeko atea dago; jatorriz, solairua zeharkatzen zuten bi zuhaitz zeuden hor.

Kaufmanndarrak eta arkitektura aldatu

Edgar Kaufmannek harreman estua izan zuen Frank Lloyd Wrightekin 1934az gero. Pittsburgen proiektu batzuk aurrera emateko kontratatu zuen. Urte horretan bertan, Kaufmannek Wright finantzatu zuen bere Broadacre City hiri-modeloa New Yorken aurkezteko. Eta Arizonako desertuan oporrak pasatzeko etxe bat diseinatzeko eskatu zion Richard Neutrari 1946an: eraikin hori Kaufmann etxea izenez da ezaguna.

Haren seme Edgar Kaufmann juniorrek, Wrighten Taliesin eskola-erresidentzian ikasi zuen arkitektura, oso denbora laburrean ikasi ere. Han, Frank Lloyd Wright izan zuen irakasle. Izan ere, Depresio Handia zela kausa, eskolak ematen hasi behar izan zuen, ez baitzuen bestelako eskaerarik jasotzen. Urte batzuk geroago, 1963tik 1986ra bitartean, Edgar Kaufmann juniorrek arkitekturaren historia irakatsi zuen Columbiako unibertsitatean.

1960ean, NBEren New Yorkeko egoitzaren parean dagoen Hezkuntza Internazionaleko Institutuko batzar-gela bat atontzea agindu zion Alvar Aaltori. AEBetan dauden finlandiar arkitekturako obra bakanetako bat da.[7]

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Fallingwater» Western Pennsylvania Conservancy (Noiz kontsultatua: 2022-02-03).
  2. «National Historic Landmarks Program (NHL)» web.archive.org 2008-06-24 (Noiz kontsultatua: 2022-02-03).
  3. «Usonian Architect - TIME» web.archive.org 2008-03-12 (Noiz kontsultatua: 2022-02-03).
  4. «The Fallingwater Story». The Western Pennsylvania Conservancy. 2012ko apirilaren 15ean kontsultatua.
  5. Jim Atkins, FAIA (2009ko uztailaren 17a). «The Story of a Country House, part 2: Bear Run, Kaufmann, and Wright». 2015eko azaroaren 25ean jatorrizko tik artxibatua.
  6. Jim Atkins. «The Story of a Country House, part III: The Design». 2015eko azaroaren 25ean jatorrizko tik artxibatua.
  7. «Technical Assistance - Edgar J Kaufmann Conference Center». The New York Landmarks Conservancy. 2012ko apirilaren 15ean kontsultatua.

Kanpo estekak aldatu