Txinako Herri Errepublikaren historia

Txinako Herri Errepublikaren historia 1949an hasi zen eta gaurdaino dirau.

1949–1976: Sozialismoaren eraldaketa Mao Zedongen eskutik aldatu

Chiang Kai-shekek eta Kuomintangek japoniarren erasoari buruz izan zuten jarreraren ondorioz, haien gudarostea bi zati egin zen, eta japoniarrak hedatu ahala, zuten eragina ere gutxituz joan zen. Japoniarren inbasioari aurre egiteko elkartu ondoren, Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, eta japoniarrek Txinatik alde egin ondoren, berriz ere gerra zibila hasi zen Kuomitangen aldekoen –Chiang Kai-sheken gidaritzapean– eta Alderdi Komunistaren aldekoen artean.

1949ko urriaren 1ean, ia lurralde osoa beretu ondoren, buruzagi komunistek Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuten, eta erreforma ekonomikoak eta sozialak iragarri zituzten. Gobernuko eta Kuomitangeko beso armatuaren hondarrak Taiwango uhartera erretiratu ziren. Han, Estatu Batuen laguntzaz, Txinako legezko gobernua aldarrikatu zuten, eta Txina kontinentala atzera konkistatzeko planak egin zituzten.

Buruzagi komunistek nekazaritzaren erreforma sakona bultzatu zuten, atzerritarren jabetza guztiak nazionalizatu zituzten, eta osasun eta hezkuntza programa zabalak abiatu zituzten. Hurrengo bost urtetarako plangintza Sobietar Batasuneko ereduaren arabera egin zen: inbertsio industrialari eta industria astunari eman zitzaion lehentasuna, ekonomia plangintza zentralizatu baten arabera betiere. Oinarri industrial sendo bat izateko, baina, nekazaritzak gainezka egin behar zuen, eta 1957. urte inguruan produkzioa ezin aurrera eginik zegoen.

Herrialdearen arazoei aurre egin eta barne eztabaida piztu nahiz, herriari sistema kritikatzeko eta alternatibak proposatzeko eskatu zitzaion, baina herritarrak demokrazia faltaz kexatzen hasi zirenean, eta gobernua zalantzan jartzen, gobernuak “eskuindarren” aurkako kanpaina abiatu zuen eta kontrako iritzia eman zutenak zigortu zituen.

1958an, Maok «Aurrerako Jauzi Handia» deitutakoa aldarrikatu zuen, nekazaritza guneetako kolektibizazioa eta hirietako industrializazioa azkartzeko. Plangintza zorrotz, dogmatiko eta zurrun hark hondamendia eraman zuen herri osora, eta gosea zabaldu zuen herrietan.[1] Datu ofizialen arabera, 1959 eta 1961 bitartean, 20 milioi pertsona hil ziren.[2] XX. mendeko tragedia larrienetako bat izan zen, eta gutxien zabaldu denetako bat.[3]

 
Henry Kissinger (ezkerrean), Mao Zedong (eskuinean) eta Zhou Enlai (erdialdean), Pekinen 1971ko uztailean.

1962an, Maok ekonomian egindako hutsak onartu zituen, eta Liu Shao-Shik hartu zuen haren lekua estatuaren gidaritzan. Desberdintasun ideologikoak zirela-eta, Txinaren eta Sobietar Batasunaren arteko harremanek okerrera egin zuten. 1963an, Sobietar Batasuneko teknikoek Txinatik alde egin zuten, eta berekin eraman zituzten jatorrizko plangintzak eta proiektuak.

1966an, gudarostea eta “Guardia Gorriko” ikasleek, Maoren liburu gorria eskuan, funtzionario publikoen eta irakasleen aurkako kanpaina hasi zuten Txina osoan: kapitalismoaren jarraitzaile izatea leporatzen zieten. Langileriaren Kultura Iraultza Handia hasia zen. Kultura Iraultza jarduera esparru guztietara zabaldu zen. Produkzioak izugarrizko beherakada izan zuen: fabrikak eta unibertsitateak itxi ziren, eta milaka gazte eta intelektual hirietatik herrietara joan ziren, beren borondatez, edo besteen eraginez. Urte haietako borrokak gerra zibil baten parekoak izan ziren eta milioika pertsona hil ziren, Maoren aurkari nagusia, besteak beste, Liu Shao-shi.

70eko hamarraldiaren hasieran, Txu En-Lai Lehen ministroa Estatu Batuekin hizketan hasi zen. Bien bitartean, Teng Hsiao-Pingek (Deng Xiaoping), Liu Shaokiren babespekoak, kargu handiak eskuratu zituen berriro. 1971n gobernu komunistak Nazio Batuen Erakundean Txinaren ordezkaritza berak zuela (eta ez Taiwanek) ezagutzea lortu zuen. Estatu Batuek ez zuten betorik jarri, Txinarekin harremanak hobetzeko abantailak sumatzen baitzituzten.

1976–1989: Deng Xiaoping eta erreforma ekonomikoak aldatu

1976an, Estatu Batuak eta Txina harreman diplomatikoak izaten hasi ziren berriro. Nazioartean, Txinak aurre egin zien Sobietar Batasuneko aliatu guztiei. Angolan UNITAren alde egin zuen, eta Kongresu Panafrikarra bultzatu zuen Hegoafrikan. Vietnamekin zituen harremanak gaiztotzen hasi ziren, Vietnamek Estatu Batuak garaitu ondoren (1975).

1979an, Txinak Vietnam inbaditu zuen, Vietnamek Kanbodian esku hartzeagatik Khmer Gorrien erregimena deuseztatzeko. 1975ean, Chou, Chu Teh eta Mao hil ziren, eta aginpidea lortzeko tirabirak izan ziren bi taldeen artean. Pragmatikoak eta erreformistak nagusitu ziren, funtzionario publikoen aldetik jaso zuten babesagatik. Talde maoistako buruzagiak –Jian Qing (Maoren alarguna), Zhang Chunqiao, Yao Wenyuan eta Wanga Hongwen– atxilo hartu zituzten, konspirazioz salatuta, eta Kultura Iraultzan bestek egindako gehiegikeriak eta hutsegiteak ordaindu zituzten.

Buruzagi berriek ekonomia bultzatzeko eta nekazaritzan, industrian, defentsa eta zientzian eta teknologian aurrerapen handiak egiteko programa bat iragarri zuten. 1978 eta 1979. urteetan, adierazpen askatasun handiagoa onartu zen, Kultura Iraultzaren eta hura bultzatu zutenen aurkako kritikak egingo zirela gauza jakina izan arren. “Pekingo udaberrian”, herritarrek beren iritziak plazaratu zituzten “demokraziaren harresian” kartelak zintzilikatuta. Harresiak disidenteek aldizkari klandestinoak banatzeko ere balio zuen.

Baina kritikak oinarrizko egitura politikoen aurka bideratzen hasi zirenean, agintariek desegin egin zuten higikundea. Demokraziaren harresia, Kultura Iraultzan sortutako instituzioa, itxi egin zuten. Disidente batek, Wel Jingshenek, hamabost urteko kartzela zigorra jaso zuen demokraziaren aldeko aldizkari bat argitaratzeagatik. 1978ko abenduan, Alderdiko Batzorde Nagusiaren hirugarren bilkuran, Teng Hsiao-Ping guztiz onartua izan zen ostera, eta ekonomian gauzak errotik aldatuko zirela iragarri zen: landan, herri komunak desegin egin ziren; lurra estatuari errentan hartutako familia banakoetan banandu zen; zergak ezarri ziren produkzio kuoten ordez, eta nekazariei sobera zutena herrietan eta hirietan saltzea onartu zitzaien.

Txinak ateak zabaldu zizkien merkataritzari, kanpoko inbertsioari eta maileguei. Atzerriko enpresak erakartzeko, Esparru Ekonomiko Bereziak sortu ziren Hong Kong eta Macautik gertu, beste herrialde batzuetako esparru libreen antzeko pizgarriak eskainiz: zerga salbuespenak, langile eta lur merkeak eta abar. Industrian, kudeatzaileen eskuetan utzi zen erabakiak hartzeko ahalmena, produkzioa eta banaketa behar bezala antola zezaten eta lehengaien iturriak aukera zitzaten. Langile gazteei, bizitza guztirako produkzio unitate bat izendatu ordez, kontratu bidezko enplegu sistema eskaini zitzaien. Eta negozio txikiak –dendak edo jatetxeak– sortzeko baimena eman zen.

Gobernuak kontsumo ondasunen prezioei pixkanaka laguntzak kentzeko programak abiarazi zituen, merkatuak berak ezar zitzan oinarrizko produktu batzuen prezioak, hala nola elikagaiena eta arropena. Ekonomiaren hazkundea bultzatzeko, kontsumoa bultzatu zen. Aldaketak sendotu ahala, salgai eta elikagai gehiago agertu ziren dendetan, eta zenbait urtetan lansariak handituz joan ziren. Langabeziak behera egin zuen. Txinan eta Txinatik kanpo bidaiatzeko eragozpenak desagertuz joan ziren, eta arte adierazpen ez ofizialak eta kultura aniztasun handiagoa onartu zen. Hala ere, aldaketa ekonomikoek inflazioa sortu zuten, batez ere elikagaietan eta arropetan, eta 80ko hamarraldiaren bukaeran, erosteko ahalmena gutxitzen hasi zen.

Herrietan, merkatu handiak hornitzeko aukera baitzuten, hirietara iristeko modua zuten nekazariak ateratzen ziren irabazten, baina merkatuetatik urrun bizi zirenak, are atzerago geratu ziren. Plagizida eta ongarri kimikoen erabilera zabaldu zen, eta horiekin produkzioa handitzen hasi zen. Baina gero produkzioak behera egin zuen, eta beherakadari aurre egiteko produktu kimiko gehiago erabili zen, maila arriskutsuetaraino, plagiziden eta ongarrien prezioak gora egiten zuen bitartean.

Langileen gizarte asegurantzak okerrera egin zuen eta enplegu sistema berriak zalantza sortzen hasi ziren. Batetik, kudeatzaileek langileak kontratatzeko eta lanetik botatzeko ahalmena zuten, eta produkzioari helburuak jartzeko, baina, bestetik, sindikatuei ez zitzaien aldaketa haietara egokitzeko eta haietatik babesteko hartu beharreko neurriak askatasunez hartzeko aukerarik eman. Une hartan, aldaketa ekonomikoen erritmoa eta eragina zen eztabaida nagusia; alderdia eta estatua argiago bereizi beharra ikusten zen.

1986an, ikasleek manifestazioak egin zituzten Shanghain, prentsa askatasunaren eta aldaketa politikoen alde. Hu Yaobang, alderdiko idazkari nagusia, kargua uztera behartu zuten, eta alderdiko sektore gogorrak “liberalismo burgesaren” aurkako kanpaina egin zuen, “mendebaldeko” ideiak deitzen zituztenak –pluralismo politikoa batez ere, kontsumoa eta ustelkeria– erauzteko.

1989–2002: hazkunde ekonomikoa eta hirugarren belaunaldia aldatu

 
Tiananmen plaza, protesten erdigunea.

Jende askorentzat hura Tengen politika ekonomiko erreformistaren aurkako erasoa izan zen, Hu Yaobang haren babestuetako bat baitzen. 1989ko martxoan, Erdiko Txina Asiarra izenez ezagutzen den lurraldean, poliziak tiroka sakabanatu zuen kultura eta erlijio jazarpenaren aurka protestatzeko tibetarren manifestazio bat.

Gobernuak gerra egoera ezarri zuen, eta 1990eko apirila arte ez zuen kendu. Tibetar erbesteratuek disidenteen atxiloketak eta hilketak salatu zituzten. Izan ere, Txinak legez kanpo beretu zuen Tibet 1950ean, eta lurralde autonomoa izendatu zuen 1965ean. Hu Yaobang 1989ko apirilean hil zen, eta milaka ikasle Tiananmen plazan elkartu ziren, Pekingo erdian, Txinako aldaketa liberalen sinbolo zen gizonaren heriotzarengatik beren dolua erakusteagatik ez ezik, ustelkeriaren kontra protestatzeko eta gizartean eta alderdian aldaketak eskatzeko.

Ikasleek plazan kanpatu zuten 1919ko maiatzeko 4ko ikasle manifestazioen urteurrenean. Pekingo ehunka mila langile eta herritar ikasleen alde azaldu ziren, janariak eta bestelako hornigaiak eramaten zizkieten, eta kale kantoiak ixten zituzten gudarosteak ikasleei eraso egiteko prest zeudela zirudienean. Beste hiri batzuetan ere antzeko manifestazioak egiten hasi ziren, hedabide ofizialetako langile taldeen, sindikatuen eta alderdiko sektore batzuen laguntzaz.

Azkenean, 1989ko ekainaren 4an, gobernuak indarkeriaz ekin zuen: gudarostea bidali zuen Pekingo hirigunera herritarrak eta ikasleak sakabanatzera. Ehunka pertsona hil ziren eta milaka zauritu. Gero, ikasle eta langile buruzagien aurkako jazarpenak izan ziren. Askok espetxe zigorra jaso zuten eta beste batzuk hiltzera kondenatu zituzten. Aldaketa politikoak izan ziren, eta Li Peng izendatu zuten Lehen ministro. Munduko herrialdeek gogor kritikatu zuten gobernuaren errepresioa, eta Txinak nazioarteko ekonomia harremanak handitzeko zituen esperantzak zapuztuta geratu ziren denboraldi batez.

 
1997ko uztailaren 1ean, Hong Kong Txinako Herri Errepublikako eskualde administrazio berezi bihurtu zen.

Tiananmengo errepresioaren ondoren Pekinera azaldu zen lehenengo gobernu mendebaldarra Britainia Handikoa izan zen, 1991ko irailean: Hong Kongeko aireportu berria egiteko hitzarmena izenpetu zuten, britainiarren kolonia hura 1997rako Txinaren eskuetan uzteko negoziazioen barruan. Enpresen heren baten defizita zela, batetik, eta estatuaren aurrekontu gero eta desorekatugoa, bestetik, ezinbestekoa zen egiturazko erreformak egitea.

Alderdi Komunistak liberalizazio ekonomikorako prozesuari ekin zion berriro. Alderdi Komunistako idazkari berria, Jiang Zemin, “pentsamendu askatasunaren” alde agertu zen. 1991ko urrian, Parisen, Kanbodiari buruzko hitzarmena egin ondoren, eta Sobietar Batasuna desegin ondoren, Txina eta Vietnamen arteko harremanak bere onera etorri ziren.

Estatu Batuek ere, Tiananmengo gertaeren ondoren ezarritako harreman debekua bukatutzat eman ondoren, Pekinek misilen esportazioari buruzko nazioarteko ituna errespetatuko zuela hitzartzea lortu zuen. Hilabete hartan bertan, Pekingo goi ordezkari bat Hego Koreako hiriburuan izan zen, lehen aldiz gerra ondoren, Ozeano Bareko herrialdeen eta Asiaren arteko harreman ekonomikoak bultzatzeko konferentzia batean parte hartzeko. Erakunde horrek (APEC) munduko biztanleriaren eta produkzioaren erdia hartzen ditu.

1991ko azaroan, gobernuak aske utzi zituen Tiananmen plazako protestetan parte hartu zuten ikasle buruzagiak. Hurrengo urtean, Amnesty International taldeak Txinan hogei mila preso politiko zeudela salatu zuen. 1992an, Estatu Batuek lehentasuna eman zion Txinako harreman komertzialei. Urte hartan bertan, Alderdi Komunistaren XIV. Kongresuan, Teng Hsiao-Pingen buruzagitza eta ekonomiari emandako norabidea berretsi ziren.

Kongresuaren ondoren, Txinako Alderdi Komunistaren historian egindako purgarik handiena egin zen: kontserbadore gehienak kargurik gabe geratu ziren. Gudarosteko buruzagitzan ere aldaketa handiak izan ziren. Herriaren Kongresu Nazionalaren urteko bileran, Txinako Alderdi Komunistaren idazkari nagusia, Jiang Zemin, errepublikako lehendakari izendatu zuten. Hura izan zen, Maoren heriotzaz geroztik, estatuko, alderdiko eta gudarosteko buruzagitzak, hirurak lortu zituen lehenengoa.

1992ko apirilean, Yangtse ibaiko Hiru Zintzurreko urtegi erraldoia egiteko erabakia berretsi zen. Urtegia, eztabaida handia piztu zuena, 2009. urtean bukatuko zen. Ur azpian geratuko zen eremuan –10 hiri eta 800 herri baino gehiago– 1.300.000 pertsona bizi ziren.

Irailean, gobernuak jakinarazi zuen Tibeteko ekintza independentistak “gupidarik gabe zapalduko” zituela. 1992an, inoiz ez bezala, barne produktu gordina % 12,8 igo zen. Hazkunde horrek, baina, ondorio kaltegarriak izan zituen hurrengo urtean: lehen sei hilabeteetan inflazioa % 20koa izan zen; hala ere, urte hartan ere ekonomia % 13,5 hazi zen. Inflazioa murrizteko, ekonomiaren hazkundea % 9 baino handiagoa ez izatea proposatu zuen Li Pengek.

Erabaki horrek kostako probintzien protestak eragin zituen, haiek baitziren Txinako ekonomiaren “boomaren” onuradun nagusiak. Hirietako aberats berrien eta langile eta nekazari gehiengoaren arteko desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira, eta horren ondorio nabarmenenetako bat milioika pertsona landatik hirietara emigratzea da. Inflazioa % 13ra mugatu zen eta 1996-2000 bitarteko plangintzak % 8-9ko hazkunde ekonomikoa aurreikusi zuen.

Ekonomia hazkundearekin batera ustelkeria izugarri zabaldu da. Alderdi Komunistako Pekingo lehen idazkariak, Chen Xitongek, bere kargua utzi behar izan zuen, alderdiko goi buruzagi batzuek eta udalaren enpresa metalurgiko bateko goi karguek funtsak bidegabe erabili zituztela jakin zenean. Apirilean, Pekingo alkateordeak, Wang Baosenek, gobernuaren funtsetatik 37 milioi dolar bereganatzeaz akusatuta, bere buruaz beste egin zuen.

Aurreko urteetan bezala, Estatu Batuen eta Txinaren arteko harreman komertzialak handitu egin ziren, nahiz eta desadostasun publikoak etengabeak izan, hala nola, Pekinek Taiwan ondoan egindako maniobra militarrengatik edo saio nuklearrengatik. Azaroan, Jiang Hego Koreara joan zen bisitan (bera izan zen bertara joandako Txinako lehen lehendakaria), gerra hotzaren garaian komunismoaren aurka egin zuten herrialdeen eta Txinaren arteko elkarganatze komertzial eta politikoaren erakusgarri.

1996an, Amnesty Internationalek Txinako gobernua salatu zuen Tibeteko fraide budisten kontrako errepresioarengatik. 1996an, ekonomiak azkeneko urteetako bidetik segitu zuen: barne produktu gordina % 10 handitu zen eta inflazioa % 6ra murriztu. Atzerritar inbertsioa, hazkunde ekonomikoaren eragile nagusia, % 20 handitu zen. Txinak, beraz, gero eta gehiago bereganatu zuen merkatu ekonomia eta gero eta gehiago sartu zen munduko sistema ekonomiko liberalean; erreforma ekonomikoen aldekoek hainbat arrazoi argudiatzen zituzten aldaketa horretarako: txinatar merkatua zabaltzea, erdiko klase hiritar bat sortzea, bizi maila hobetzea eta, horrekin batera, irabaziak, kontsumo maila, bizi itxaropena eta alfabetatze tasa handitzea.

Erreformaren aurkakoen iritzian, ordea, alde handiak zeuden sektore batzuen eta besteen artean, kutsadura handia zen, ustelkeria handia zegoen, gero eta langabetu gehiago zegoen eta estatuaren enpresak ez ziren behar bezala kudeatzen; horrez gainera, erreforma politikoren beharra ere azpimarratzen zuten askok. 2001ean, Txina Munduko Merkataritza Erakundean (OMC) sartu zen.

Politikaren alorrean, ordea, Txinako Alderdi Komunistak beretzat hartua zuen kontrol politiko erabatekoa eta errepresio gogorrez zanpatzen zituen demokraziaren eta erreforma politikoen aldekoak. Azken urteetan, gogortu egin zuen, gainera, Tibeten askatasuna eskatzen dutenen errepresioa, eta arazo du hori gaur egun ere larrienetako bat giza eskubideen aldetik, nahiz alde horretatik mendebaldeko talde eta erakunde askok behin eta berriz salatu izan duten Txinaren jarrera.

Ekonomiara berriz itzuliz, 2007an Txina munduko hirugarren potentzia ekonomikoa zen, Estatu Batuen eta Japoniaren atzetik. Txinaren hazkunde ekonomikoa munduko handienetako bat izan da 2008 arte, % 7 edo 8koa, alegia. Jarduera ekonomiko horren garapen bizkor-bizkor hori inbertsioei eta esportazioei zor zaie gehienbat, baina askorik ez barne kontsumoari. Esportazioen goraldi hori atzerriko enpresa askok Txinan egoitza hartu izanari zor zaio neurri batean, eta enpresa horiek gehienbat erakartzen dituena Txinak eskaintzen duen lan esku merke, otzan eta sindikatorik gabea eta, beraz, ia eskubiderik gabea da. Mendebaldeko herri industrializatuetako gutxieneko soldata baino askoz ere gutxiago ordaintzen zaie txinatar langileei, lan baldintzak ikaragarri gogorrak dira eta langileak kalera botatzeko askatasuna ere erabatekoa da enpresaburuentzat.

Baina, munduko herrialde gehienetan bezala, 2008ko krisi ekonomiko latzak eragina izan du Txinan ere. Estatu Batuetako eta Europako gainbehera ekonomikoak ondorio larriak izan ditzake Txinaren hazkunde ekonomikoan, esportazioen mende baitago gehienbat.

2014 aldatu

2014ko irailaren 18an, Txina eta Indiak azkenaldian tentsioa izan zuten bien artean, muga urratzea egotzi baitzion Indiak Txinari. Tentsio hori, ordea, alde batera utzi nahi izan zuten Xi Jinping Txinako presidenteak eta Narendra Modi Indiakoak. New Delhin izan da Xi, eta arlo ekonomikoko hamabi hitzarmen egin zituzten. Txinak 9.000 milioi euroko inbertsioa egingo zuen azpiegituretan[4].

Irailaren 23an, Txinak biziarteko zigorra ezarri zion Ilham Tohti intelektualari. Ilham 46 urteko ekintzaile uigur ezagunena zen Txinan, eta bertan Gobernu komunista gehien kritikatu zuenetako bat zen Xinjang eskualdean, beti ere modu baketsuan. Xinjangen bizi zen uigur etnia, eta azken urteetan liskarra areagotu egin ziren. Justizia txinatarrak ebatzi zuen Tohtik zortzi kidek osatutako talde separatista baten buruzagia zela, eta haren ondasun guztiak ere konfiskatu zizkioten[5].

Egun berean, Txinak kutsadurari aurre egiteko isuriak murrizteko asmoa iragarri zuen lehen aldiz[6].

Xinjiang eskualde autonomoko azoka batean, denda batean eta bi polizia etxetan irailaren 21ean izandako leherketetan bi lagun hil zirela argitaratu zuten irailaren 22an, Txinako hedabideek. Irailaren 25ean, ordea, hildakoak gutxienez 50 izan zirela jakinarazi zuen Xinhua berri agentzia ofizialak: 40 erasotzaile, sei zibil eta lau polizia. Uigur eta han etnien arteko borrokak ohikoak ziren Xinjiangen[7].

Urriaren 20an, justiziaren erreforma, mahai gainean zegoen. Txinako Alderdi Komunistak tokiko epaitegiei independentzia handiagoa ematea aztertuko zuen, agintarien gehiegikeriak galarazteko[8].

Urriaren 23an, Txinako Alderdiko Komunistak Batzorde Zentralaren urteroko bilkuran hitzeman zuen «zuzenbide estatu sozialista» eratuko zuela konstituzioaren barruan. Kanpaina betean zegoen ustelkeriaren aurka, eta lehen aldiz aritu zen botere judizialaren erreformaz. Gehiegikerien kontra egitea adostu zuen, eta, hasteko, bost goi agintari kaleratu zituen[9].

Urriaren 25ean, Txinako Alderdi Komunistako diziplina batzordeak bilera berezia hasi zuen. Zhou Yongkang Segurtasun Publikoko ministro ohiaren jokabidea zegoen auzitan. Hu Jintao presidente ohiaren gertukoa zen Zhou, inoiz ikerketapean egon zen kargurik handiena[10].

Azaroaren 5ean jakin zenez, 670.000 lagun hil ziren 2012an Txinan ikatzaren kontsumoak sortutako keagatik. Herrialdearen energiaren %70 lehengai horretatik zetorren[11].

Azaroaren 7an, Txina eta Japonia harreman diplomatikoak berrezartzeko konpromisoa hartu zuten. Halaber, Diaoyu/Senkaku artxipelagoaren jabetzarengatik eta bestelako auziengatik zeuzkaten gatazkengatik elkarrizketa hasteko ere prest agertu ziren[12].

Azaroaren 12an, aldaketa klimatikoaren aurrean zerbait egitea adostu zuten AEBk eta Txinak. Lehenak, 2025erako % 26 eta 28 artean murriztuko zituen berotegi-efektua eragiten duten gasak. Txinak ez zuen esan zenbatean, baina bai 2030etik aurrera murrizten hasiko zela[13]. Gainera, Asian eta Pazifikoan merkataritza hitzarmenak bultzatzea adostu zuten Txinak eta AEBek[14].

Abenduaren 5ean, Azeriaren ehiza izeneko operazioan Txinatik ihes egin zuten 428 susmagarri atxilotu zituzten ustelkeriarengatik[15].

2015 aldatu

Urtarrilaren 1ean, Urte berria ospatzerakoan, Shanghaiko Chen Yi plazan, 36 gazte hil eta 47 zauritu ziren, jendeak zapalduta[16].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu