Txapelgorri (Lehen Karlistaldia)

Artikulu hau Lehen Karlistaldiko batailoiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Txapelgorri».

Txapelgorriak Lehen Karlistaldian liberalek osatutako infanteriazko batailoia izan ziren.[1] Izan ere, Fernando VII.a hil ondoren karlisten aurka eta Isabel II.aren tronuaren alde jardun zuten Gipuzkoako Boluntarioak direlakoei txapelgorri izena ematen zitzaien, uniformean txapel gorria zeramatelako. Don Karlosen jarraitzaileek, berriz, pesetero («pezetazale») esaten zieten, Gobernu liberalak egunean pezeta bat ordaintzen zielako. Etsaiek izugarrizko gorrotoa zieten, beti zeudelako borrokatzeko prest eta karlistek bezain ondo ezagutzen zituztelako bazterrak. Ezagupen horrek ezabatu egiten zuen karlistek armada erregularrarekin borrokatzean zuten abantaila.

Txapelgorriak Miranda Ebron.

Boluntario gehienak hirietatik zetozen, eta Donostia, Tolosa, Ordizia eta Eibar izan ziren soldadu gehien eman zituzten hiriak. Dena den, Gipuzkoan bertan behar beste boluntariorik lortu ez zutenez, beste leku batzuetako jendea ere errekrutatu zuten, tartean frantses asko. Errekrutatutako ofizialak behintzat bertakoak izateko agindu zuen Aldundiak.

Ibilbidea aldatu

Gaspar Jauregi "Artzaia", Gipuzkoan Napoleonen aurka aritutako gerrillako buruzagi ohia izan zen haien lehen komandantea, Frantziatik itzuli baitzen ardura horretan aritzeko. Lehenbiziko hilabeteetan, herrialde osoan ibili zen txapelgorrien batailoia, gaizki samar antolatuta zeuden karlista tropen atzetik zebiltzan tropen abangoardian nabarmenduz.

Iparraldeko tropa liberalen buruzagitzan Quesadaren lekua hartu zuen Rodil jeneralarekin batera ibili ziren 1834ko udan erregegaiaren atzetik, eta Arantzazuko santutegia erretzen parte hartu zuten. Historialari gehienek sute hartatik errugabetu egiten dituzte txapelgorriak, sute hura Don Karlos harrapatzerik izan ez eta, bere iritziz, fraide frantziskotarrak karlistekin elkar hartuta zeudelako amorratzen zegoen Rodilek agindu zuela esanez. Ekintza horretan Anselmo Iñurrigarro bigarren komandantearen aginduetara jardun zuen txapelgorrien batailoiak.

Francisco Lersundi ere gorputz horretan ibili zen. Bertan hasi zuen bere ibilbide militar luze bezain distiratsua, gerora hainbat gobernutako buru eta alderdi moderatuko buruzagi izango zen politikari eta estatugizon horrek. Rafael Etxague donostiar militar eta politikaria ere txapelgorriekin aritu zen.

1835eko amaieran, Arabara bidali zuten txapelgorrien batailoia, Iñurrigarro buru zutela, eta liskar handia izan zuten han Esparterorekin. Urrian lapurreta batzuk egon ziren Bastidako, Subillako, Uribarriko eta Haroko zenbait elizetan, eta txapelgorriei bota zieten errua. Gometxan biltzeko agindu zien Esparterok eta errudunak aurkitu ez zituenez, zozketa egin eta hamar txapelgorri fusilatu zituen, haien batailoi osoaren aurkako salaketa izugarri larriak boteaz. Iñurrigarrok nahigabetuta Joaquin Maria Ferrer Gipuzkoako diputatuaren babesa eskatu zuen. Ferrerek Esparteroren jarduna salatu zuen Gorteetan, fusilamentuak agintzean arinegi ibili zela eta txapelgorri saiatuen aurka oinarririk gabeko salaketak bota zituela esanez.

Fusilatutakoen artean Lezoko alkatea zegoen, Iñurrigarrok oso maite zuen boluntarioa berau. Beste gipuzkoar bat, bizkaitar bat, gaztelau bat, bi nafar eta lau frantses ziren gainerako fusilatuak, beraz, argi ikusten da armada hartako kideak leku askotakoak zirela.

Muñagorriren hilketa aldatu

Gerra bukatuta, txapelgorri askok Espainiako Armadako kide izaten jarraitu zuten. Haietariko batzuek, Espartero jeneralaren jarraitzale sutsuak izaki, 1841an haren aurkako euskal liberal moderatuen altxamendua zapuzten lagundu zuten. Altxamenduak porrot egin zuen eta Esparterok euskal foruak indargabetu zituen. Altxamendu hartan ustez Jose Antonio Muñagorrik parte hartu zuen, Lehen Karlistaldian Bakea eta Foruak aldarrikapenaren aldeko matxinada bultzatzen saiatu zena. Muñagorri Baionan babestu zen baina 1841eko altxamenduak porrot egin ondoren bere negozioetara itzuli zen. Eratsunen zuen Sumarrieta burdinolan zela Esparteroren jarraitzaile amorratua zen txapelgorrien teniente batek atxilotu zuen. Berehala fusilatu zuten, 1841eko urrian.

« (Gaztelaniaz) Elorrio era un sujeto de malos antecedentes, txapelgorri encallado por siete años de guerra, engreído por su ascenso a teniente. Un antiguo resentimiento hacia Muñagorri, un odio personal y afán de notoriedad le incitaron a presentarse acompañado de algunos pocos soldados en Zumarrista y sorprendiendo a Muñagorri lo mató alevosamente en el cercano alto de Pillotasoro. Una cruz incrustada en un árbol recuerda el luctuoso suceso. »
Antonio Maria Labaienek idatzia[2].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Bernardo ANAUT: «Txapelgorris», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  2. José Antonio Muñagorri Otaegui, Auñamendi Eusko Entziklopedia

Kanpo estekak aldatu