Transkripzio (genetika)

Transkripzio genetikoa ARN eratzen duen prozesuari deritzo, ADNtik abiatuta. Mezu genetikoaren adierazpenaren lehenengo prozesua da, ADNak duen informazio genetikoak proteina bat sortzen bukatuko duena, ARN derrigorrezko bitartekoa izanik.

Genetika molekularraren oinarrian ADN eta proteinen arteko lotura estua dago. Zehatzago esanda, ADNaren nukleotido sekuentzia eta ADN horrek kodetzen duen aminoazidoen sekuentziaren artean harreman zuzena ezartzen da. Hots, ADNaren base batzuk aminoazido batzuekin daude beti lotuta.

Proteinen sintesia bi fasetan gertatzen den prozesua da. Lehenengo fasean, ADNn dagoen informazio genetikoa ARN-m-ra pasatzen da (transkripzioa); bigarren fasean, ARN-m horrek dituen baseak "irakurrita" izaten dira erribosometan, aminoazidoen sekuentzia batzuk agertuz (itzulpena).

ADN → ARN (Transkripzioa)

ARN → PROTEINA (Itzulpena)

Transkripzioa eukariotoen nukleoan gertatzen da, eta prokariotoen zitoplasman. Prozesu horretan garrantzi handiko entzima bat parte hartzen du, ARN polimerasa izenekoa.

Transkripzioaren nondik-norakoak aldatu

 
Transkripzioaren hasiera. RNAP da ARN polimerasa entzima
 
Elongazioa
 
Transkripzioaren bukaera. Sortutako RNA-m urdin kolorez

ARN polimerasa ADNari atxikitzen zaionean hasten da prozesua. Atxikitze hau promotore izeneko sekuentzia berezi batzuetan gertatzen da eta polimerasak ADNaren bi kate edo harizpiak banantzen ditu. Gero, ADNaren kate batek molde moduan jarduten du ARNa sintetizatzeko, ARN polimerasak ADNaren kate hori kopiatuz eta nukleotido berriak jarriz. Horrela, ARNaren kate berri bat sortzen da, bere base nitrogenatuak ADN moldearen osagarriak izaten direlarik (esaterako, ADNn zitosina bada, sortzen ari den RNA katean guanina agertuko da; baina ADNn adenina bada, ARNn urazilo agertuko da, ARNn ez baitago timinarik).

Transkripzioa 5'→ 3' norabidean aurreratzen da, ADNaren bikoizketan bezala.

Transkripzioa ARN polimerasak ADNaren sekuentzia berezi batzuetara iristerakoan bukatzen da; sekuentzia horiek timinaz oso ugari dira.

ARN polimerasak jarduera bizkorra du: ARNaren sintesi-abiadura E. Coli bakterioengan 30 eta 85 arteko nukleotido/segundokoa da, ADNaren sintesi-abiadura baino motelagoa, hala ere.

Eukariotoetan sortutako ARN-m ez da behin betikoa, introi izeneko sekuentzia batzuk baititu, ezabatu behar direnak behin betiko ARN-m lortzeko. Eukariotoetan ADNa histonekin elkarturik ere agertzen da, eta transkripzioa burutzeko histonak bereizi egin behar dira ADN horretatik.

Kanpo estekak aldatu