The Shaggs (euskaraz: «Gelboak») New Hampshireko rock musika taldea izan zen, 1968an Dorothy, Helen eta Betty Wiggin ahizpek sortua.

The Shaggs
Datuak
JatorriaFremont (en) Itzuli
Musika motarock, proto-punk (en) Itzuli, garage rock eta outsider music (en) Itzuli
Urteak1968
Informazio gehigarria
theshaggsonline.com
Musicbrainz: 57a3905f-9a3b-40fb-aa35-70cf174b69a1 Discogs: 511270 Allmusic: mn0000418794 Edit the value on Wikidata

Historia aldatu

The Shaggs emakumez osatutako talde bat izan zen, 1960ko hamarkadan. Hiru ahizpek osatu zuten, bai eta disko bakarra grabatu ere, Philosophy of the World. Hirukoteak gaitasun eskasa zuen instrumentuekin, baina aitak estudiora eraman zituen, larderiaz. Egun batean grabatu zuten, eta soinu esperimentu hark muturreko iritziak sorrarazi zituen: «oraindik ez daude prestatuta», esan zuen grabazio saioko teknikariak. Batzuentzat, historiak eman duen diskorik txarrena da, eta beste batzuentzat, berriz, artelan aparta da: Kurt Cobainek bere bost disko kutunen artean kokatu zuen, eta Frank Zappak ondokoa bota zuen: «Beatles baino hobeak dira».[1] Laudorioak eta gaitzespenak gorabehera, neska nerabeek ondutako diskoak historia bitxia bezain hunkigarria gordetzen du; esaterako, 2003an, taldeari buruzko musikala egin zen, eta, bandarekiko egungo miresmenaren ondorioz, museoetara ere iritsi da, Wilco taldeko Jeff Tweedy musikariaren eskutik.[2]

AEBetako New Hampshire estatuko Fremont hirian finkatutako klase ertaineko Wiggins familian sortu ziren Dot, Helen, Betty eta Rachel ahizpak eta beste bi anaia. Familiarekin bizi zen, halaber, etxeko amona, zeina tarot karten zalea zen. Behin, lau gauza iragarri zizkion semeari: ilehori batekin ezkonduko zela, amonak ezagutuko ez zituen bi seme izango zituela, alabak ere izango zituela, eta, azkenik, alabek musika talde arrakastatsu bat abiatuko zutela. Lehenengo hiru iragarpenak bete egin ziren, baina laugarrenaz Austin Wiggins Jr. arduratu zen, gogor eta temati. Taldea aitak asmatu eta zuzendu zuen. Helen, Dot eta Betty izan ziren taldekiderik egonkorrenak; gerora, Rachel gehitu zitzaien.[2]

Hala, eta amonaren profezia esoterikoa gauzatzeko asmoz, alabak eskolatik atera, eta etxeko hezkuntza programa batean sartu zituen Austinek. Instrumentuak erosi zizkien, eta entseatzera behartu zituen, giro zapaltzaile batean. 1965etik 1975era iraun zuen taldeak; hots, aita zendu zen urtera arte. Manager ere aritu zen Austin, kontzertuak lortzen, besteak beste, tokiko jaialdietan eta zaharren egoitzetan. Horretaz gainera, larunbatero hiriko udaletxeko auditoriumean jotzen zuten ahizpek. Musikazaleak ziren nerabe zapalduak, baina ez zuten osperik lortzeko nahirik, haien helburua emakume estatubatuar normatibo klasikoak izatea baitzen. Musikazaleak izanagatik ere, aitak bihozgabe jokatzen zuen haiekin: debekatua zien diskoak entzutea, kontzertuetara joatea edo arropa bitxiak janztea. Halere, Helenek etxetik ihes egitea lortu zuen, mutil-lagunarekin ezkontzeko. Ondorioz, etxetik eta taldetik bota zuen aitak. Handik gutxira, berriz onartu behar izan zuen, The Shaggsek bere bidea egiten jarrai zezan.[2]

1969an grabatu zuten nerabeek beren disko bakarra, Philosophy of the World. Saio bakarrean burutua, estudioko teknikaria mesfidati azaldu zen, neskek ez zekitelako kasik jotzen eta beren ahotsetatik sortutako melodiak ez zituztelako menderatzen. «Ez daude prest», esan zuen teknikariak. «Oraindik bero daudela nahi dut diskoa grabatzea», izan zen aitaren erantzun hotza. Erabateko porrota izan zen. 1.000 ale argitaratu ziren, eta 900 biltokian gelditu ziren, NRBQ taldeko pianista Terry Adamsek ale bat bigarren eskuko merkatu batean aurkitu zuen arte, New Yorken. Grabazioarekin zeharo liluratuta, Adamsek behin betiko bultzada eman zion diskoari —taldearen melodiak eta egiturak Ornette Colemanen free jazzarekin alderatu zituen[3]—. Hartara, 1980an, Red Rooster Records / Rounder Records zigiluak diskoa berrargitaratu zuen.[2]

Berrargitalpenak iritzi ezberdinak eragin zituen, betiere, muturrekoak. «Urteetan entzun dudan diskorik itxuragabeena eta beldurgarriena da», esan zuen Rolling Stone aldizkariko Rae Cohen kritikariak. Lester Bangs kritikari mitiko eta histrionikoak aldeko aburua agertu zuen, The Village Voice argitalpenean: «Jotzen ez jakitea ezin da sekula muga bat izan». Horrekin batera, diskoaren azalak sorgindu zuen Bangs. Horrek guztiak kultuko disko bihurtu zuen Philosophy of the World; The Shaggs, ostera, disko bildumazaleen talde kutuna bilakatu zen.[2]

Taldea sortu eta ia 40 urtera loratutako lilura horren ondorioz, Philosophy of the World etengabe berrargitaratzen da, hala konpainia multinazionalen (RC), nola zigilu independenteen (Light in the Attic) eskutik. Azken horrek The Shaggsen kantu ezezagunekin osatutako bilduma plazaratu du aurten: Shaggs' Own Thing.

Taldearen ospea hazi ahala, taldekideak jendaurrean agertzen hasi dira, noizbehinka, dagoeneko adineko emakumeak baitira. 2000. urtean, NRBQ taldeak The Shaggseko taldekideak gonbidatu zituen NRBQren 30. urteurrenaren harira egindako ekitaldian jo zezaten. Dotek eta Bettyk baino ez zuten ekitaldian parte hartu. Dotek, gainera, musikari heldu zion berriro, eta, 2013an, Ready! Get! Go! izenburuko diskoa argitaratu zuen, Alternative Tentacles punk diskoetxearekin.[2]

Dotek eta Bettyk, halaber, Wilco taldeak zuzendutako eta Massachusetts hiriko Arte Garaikidearen Museoan egin zen Solid Sound Festival jaialdian parte hartu zuten 2017an, Wilco taldeko lider Jeff Tweedy The Shaggsen jarraitzaile sutsua baita. Duela hamarkada batzuk ezagutu zuen Tweedyk hirukotea, disko denda batean lan egiten zuela: «Arbola arraro eta berri bat ezagutzearen parekoa izan zen. Zuhaitza dela esan dezakezu, baina ez da ezagutzen duzun zuhaitzen antzekoa».[2]

Museo giroan egindako kontzertu horren harira, hauxe idatzi zuen Susan Orlean idazle estatubatuar entzutetsuak: «Musikak sarritan ez duen inozentzia eta benetakotasuna irudikatzen du The Shaggsek. Benetan maite duguna zera da: The Shaggsek egindakoaren axolagabetasuna eta xalotasuna. Inoiz ez da gauza bera izango berregitea eta neska nerabeek grabatutako diskoak entzutea, haien musikaren bitartez borrokatzen zirenean. Omenaldi bat da, agian, revival bat baino gehiago. The Shaggsen esentzia sutsua eta borrokalaria eta xaloa izatean datza, eta hori, sinpleki, ezin da bikoiztu».[4] The Library Book-en egilearen testuak, baina, musikariak mindu zituen: «Ezagutu genuenean [Orlean] gustatu zitzaigun, baina ez zitzaigun haren artikulua gustatu; Bettyren ilea ez zegoela bere lekuan idatzi zuen».[2]

Kideak aldatu

  • Dorothy "Dot" Wiggin-Semprini – ahotsa, gitarra (1968–1975, 1999, 2017)
  • Betty Wiggin-Porter – ahotsa, gitarra (1968–1975, 1999, 2017)
  • Helen Wiggin-Bickford ( ) – bateria (1968–1975)
  • Rachel Wiggin-Gould – baxua (1969–1975)
  • Austin Wiggin, Jr. ( ) – ahotsa (1973)
  • Robert Wiggin – ahotsa (1973)

Kronologia aldatu

Diskografia aldatu

Estudiozko albumak aldatu

  • Philosophy of the World (jatorriz: Third World Records, TCLP 3001, 1969) (berrargitarapena: Red Rooster/Rounder 3032, 1979)

Bildumak aldatu

  • Shaggs' Own Thing (Red Rooster/Rounder 1982)
  • The Shaggs (CD "Philosophy Of The World" & "Shaggs Own Thing" bilduz) (Rounder Records 1988)

Singleak aldatu

  • "My Pal Foot Foot / Things I Wonder" (Fleetwood FL 4584, 1969)

Tributuak aldatu

Beste artisten bildumak aldatu

Bibliografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Rock's Back Pages Library, RocksBackPages.com
  2. a b c d e f g h Azpitarte, Julen. (2020-10-25). «Tarotak iragarritako banda kalamastra» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  3. Connelly, Chris. (1980-12-11). «Is Rock Ready for the Shaggs?» Rolling Stone (Straight Arrow Publishers, Inc.) (332): 19..
  4. (Ingelesez) Orlean, Susan. (1999-09-27). «Meet The Shaggs» The New Yorker.

Kanpo estekak aldatu