Tesalonikarrei Bigarren Gutuna

Itun Berriko liburua

Tesalonikarrei Bigarren Gutuna edo, labur, 2 Tesalonikarrei (2 Ts) Bibliako Itun Berriko liburu bat da. Paulo Apostoluak Tesalonikako eliza-elkarteari idatzitako gutuna da. Gutunak hiru kapitulu dauzka, eta koinez idatzita dago. Liburu honek Tesalonikarrei Lehen Gutunari jarraitzen dio.

Hartzaileak aldatu

Eginetan Pauloren bigarren misio-bidaia kontatzen da; Paulok eta Silasek egoitza Filipostik Tesalonikara aldatu zuten, beharbada, bertan sinagoga bat egoteagatik. Hiri hura Mazedoniako erromatar probintziako hiriburua izan zen. Paulo Berri Ona aditzera ematen hasi zen judu nahi jentilei. Hiru Sabbatez sinagogan Kristorenak izan ziren Itun Zaharreko atalak estali zituen.

Gutun honen arabera, une hartan,Tesalonikako kristauak jazartzen ari ziren, 1 Tesalonikarrei idatzi zenean lez. Ez da ezagutzen horrek zelako auzipetzea ekarri zuen.

Egiletza eta Tesalonikarrei Lehen Gutunarekiko lotura aldatu

Tesalonikarrei Bigarren Gutunak Pauloren Tesalonikarrei Lehen Gutunari jarraitzen diola uste ohi da. Bitzuk Tesalonikako eliza-elkartearengana zuzendu ziren, Paulo, Silvano (Silas) eta Timoteo igorle aitatu zituzten, eta egitura bera daukate. Biak ala biak Jesusen Bigarren Etorrerari jaramon handia egiten diote.

Orokorrean 1 Tesalonikarrei Paulok idatzi zuela onartzen bada ere, 2 Tesalonikarrei liburuak zalantza gehiago isiotzen ditu. Alderdi batzuetan gutun biak horren antzekoak dira, ezen seguru asko bata bestearen atzetik idatziak izan ziren, baina, aldi berean, badaude alde nabarmenak. Bigarren gutunaren hizkera ezberdina izan ez eze, hots, hotzagoa, edukia argiro ezberdina da, batez ere, Jesusen Bigarren Etorrerari dagokiola. Antza denez, kontraesana dago lehen gutunean adierazitako Jesus arin itzuliko zelako itxaropenaren eta bigarren gutuneko itzuliko zelako itxaropen puztuegien aurkako ohartarazpenaren artean.

 
Hiri garrantzitsuak Pauloren gutunetan.

Interpretazio klasikoaren arabera, bigarren gutuna lehenarentzako erantzuna da, ezen, lehenak gehiegizko itxaropenak isiotu zituenez, bigarrena hura artezteko idatzi baitzuen. Paulok gutun hau idatzi zuela aldezten duten interpretatzaile batzuen ustez, Paulok bigarren gutun hau lehena eta gerotxoago idatzi zuen, beharbada Paulo, Timoteo eta Silvano Korinton egon zirenean. Kasu horretan, gutuna K.o. 51 urtearen inguruan idatzitakoa litzateke. Gutun bien arteko tarte labur horrek antzekotasunak azalduko lituzke; hizkerako eta edukiko aldeek, ostera, lehen gutuna idatzi eta atoan Tesalonikan izandako garapenarekin zerikusia edukiko lukete. Beste interpretatzaile batzuek Paulo egilea izan zela aldeztu eta gutuna geroagokotzat jotzen dute, bere bizitzaren amaieran.

Hala ere, hainbat interpretatzailek Paulok 2 Tesalonikarrei idatzi ez zuelakoan dago. Udo Schnellek, alemaniar teologo eta Itun Berrian katedraduna, azpimarratu zuen 2 Tesalonikarreiren estiloa zalantza barik Paulorenak diren gutunen oso bestelakoa dela. Muinari dagokiola, gai askori buruzko eztabaida bizi bat eduki beharrean, gutun hau askoz mugatuagoa litzateke. Adibidez, zalantza barik Paulorenak diren gutunetan agertzen diren galdera sakonik ez dago. Alfred Loisy frantziar abade katoliko eta teologoaren arabera, gutunak egileak Ebanjelioaren atal sinoptikoak ezagutzen zituela agerian ipintzen du, Paulok bere gutunak idatzi zituenean, haiek idatzi barik egonda ere. Bart Ehrman estatubatuar Itun Berriko jakintzariak adierazi zuenez, gutunaren beraren benetakotasuna nabarmentzea baina gutunaren hasierako aizunketa biziki gaitzestea ohiko amarru bat da, aizundutako agirietan oro har agertzen dena. Pauloren beste gutunek ez daukate halako ohartarazpenik.

Horretaz gain, sarri aitatzen dena gutunaren testuingurua da. Esate baterako, Norman Perrin biblia-jakintzari anglo-estatubatuarrak arrazoitzen du Pauloren sasoian otoitzean Jesus baino Jainko Aita epaile gorentzat ikusten zutela, eta Jesus epaile hartzea I. gizaldiaren amaiera arte ez zen ohiko bihurtu. 2 Tesalonikarrein "Jaunak zuzen ditzala zuen bihotzak Jainkoa maitatzera eta Kristoren itxaropenean irautera" (2 Ts 3:5), baina 1 Tesalonikarrein "Sendo zaitzatela barrutik, Jesus gure Jauna bere santuekin agertuko den egunean santu eta akats gabe aurkez zaitezten gure Aita Jainkoaren aurrean" (1 Ts 3:13). Horiek horrela, gutuna Paulo hil eta gero idatzitakoa dela pentsa liteke.

Ikerlari haien iritziz, gutun bien arteko ezberditasun teologiko nagusia da, 1 Tesalonikarrein Kristoren Bigarren Etorrera hurbil zegoela, baina 2 Tesalonikarrein aurkakoa azaltzen buruz buru jarduten ei dela. 2 Tesalonikarrei agertzea, Paulo hil baino lehenago, Jesus itzultzen berandutzea eragin zuela, eta hura 2 Tesalonikarrei idatzi eta Pauloren izenean ipintzeko zio nagusia izan zela uste dute.

Edukia aldatu

2 Tesalonikarreiren egileak gutxienez arrazoi argi bi zeuzkan gutuna idazteko. Lehenik, gutuna jasoko zuten kristauak jazarpen gogor baten pean zeuden. Egileak ordura arte agertu zuten jarraitutasuna goretsi zuen, eta beraien jazarleak merezitakoa jasoko zutela bermatu zien.

 
Tesalonika (2007)

Gainera, egilea Kristoren Bigarren Etorrera berehala gertatuko edo hasi berri zelako ezaupidearen aurka agertu zen; haren arabera, hori akats bat da. Berehalako Bigarren Etorrera euren lan eta betebeharrak bertan behera uzteko aitzakiatzat jo zutenak nabarmen gaitzetsi zituen. 2 Ts 2:2 txatalak iradokitzen duenez, akats hori Paulo edota bere kideei oker egotzitako testu edota adierazpenek zabaldu zuten. Litekeena da hori, berebat, 2 Tesalonikarreiren egilea, Paulo bera izan ezean, oker haren aurka borroka egitea hautatzeko arrazoia izatea, gutun hau Paulok idatzi zuen eran aurkeztuz.

2. kapituluak interpretatzeko gaitzak diren testu batzuk barne hartzen ditu, judu- eta kristau-literatura apokaliptikoa gomutaratzen dutenak. Bigarren Etorreraren aurretik fede-ukamen jendetsua gertatuko da eta "gaiztakeri gizona" agertuko da, jainkotiarra eta santua den ororen aurka borrokatuko dena, Kristo berak hura suntsitu baino lehenago. Hala ere, gutunaren egileak artean horren urrun ez dagoela esan zuen. Orduantxe gaiztakeria bazegoen indarrean "ezkutuan" eta lehenago gaiztakeria geldiarazten duena desagertu behar da. Egileak "gaiztoak" orduan nork edo zerk geldiarazten zituen ez zuen adierazi: irakurleei lehenago gauza haiei buruz hitz egin zien (2 Ts 2:5), eta, halandaze, haiek artean "gaiztoak" zergatik geldiaraziak zirauten jakingo zuten. Beharbada erromatar agintariei buruz hitz egiten zebilen, edo agintariei orokorrean; haiek gaiztakeria mugatuko ei dute "gaiztakeri gizona" etortzen den arte.

Egitura aldatu

  • Agurra (1:1-1)

JAINKOARI ESKER ONA (1:2–3:13)

  • Tesalonikarrak sinestedunentzat eredu (1:2-10)
  • Pauloren jokaera tesalonikarren artean (2:1-12)
  • Berri onagatik jazarriak (2:13-16)
  • Tesalonikarrak Pauloren poz eta aintza (2:17-20)
  • Timoteoren eginkizuna Tesalonikan (3:1-5)
  • Timoteo berri onekin itzuli (3:6-8)
  • Esker ona eta eskaria (3:9-13)
AHOLKUAK JAUNAREN ETORRERARI BEGIRA (4:1–5:11)
  • Jarraitu Jainkoari atsegin ematen (4:1-8)
  • Elkar maitatzeko eta lan egiteko deia (4:9-12)
  • Hildako kristauen piztuera (4:13-18)
  • Erne egon Jaunaren etorreraren zain (5:1-11)

AMAIERA (5:12-28)

  • Azken aholkuak (5:12-22)
  • Azken agurra (5:23-28)


Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu