Telefonia mugikor

Ahotsa eta datuak transmititzeko, irrati-uhinen bidez konektatzen diren terminalak (telefono mugikorrak) darabiltzan telefonia-sistema.

Telefonia mugikorra haririk gabeko telefonian datza, bi zati nagusiz osatuta dagoena: komunikazio sarea (telefonia mugikor sarea) eta terminala (telefono mugikorra), aipatutako sarera sartzea ahalbidetzen duena.

Komunikazio sarea aldatu

 
Telefonia mugikorrarentzako estazioa

Komunikazio sarea edo telefonia mugikor sarea, telefono mugikorra erabiltzea ahalbidetzen duen sarea da, irrati uhinak igortzen dituzten estazioz osatua. Haririk gabeko telefonoa erabiltzean, komunikazioa sortzen da estazio batekin, uhinak igorriz, eta sarea antolatzen duten sistemek komunikazioa igortzen diote beste estazio bati, prozesu hau errepikatuz. Estazioek gela sare bat osatzen dute, zeinak telefonoei estaldura ematen dien.

Historia aldatu

Lehenengo komunikazio sare automatikoa Japonian sortu zen 1974an, NTT estandarra alegia, 0G kontsideratzen den. Ondoren Europan 1981ean NMT estandarra jaio zen, hau da, 1G telefonia mugikorra. NMT telefono mugikorrentzako lehenengo sistema guztiz automatikoa izan zen, eta Suedia, Danimarka, Norvegia eta Finlandian erabil zitekeen, Ericsson eta Mobira (gaur egungo Nokia) konpainien telefonoekin. Saudi Arabiak ere NMT estandarra erabili zuen.

1980ko hamarkadan herrialde nordikoetan eta Amerikako Estatu Batuetan telefonia mugikorreko zerbitzu komertzialak eskaintzen hasi ziren, eta handik abiatuta herrialde askotan teknologia berriak onarpen handia eduki eta urte gutxira zerbitzuak gainezka egiten hasi zuen. Hala, sarera sartzeko beste modu batzuen beharraren ondorioz, sistema analogikotik telefonia mugikor sare digitalera pasa zen, zeinean komunikazioa seinale digitalen bitartez egiten baitzen, irrati frekuentzien banden aprobetxamendua, eta seinaleen transmisioaren kalitatea hobetuz. Telefoniaren belaunaldiak sortu ziren teknologia berriez hitz egiteko, eta hala, 2G telefonia mugikorraren adierazle nagusia den GSM, 3G telefonia mugikorraren UMTS, eta 4G telefonia mugikorraren LTE sortuz joan dira. 2G eta 3G sareek 850/900 MHz bandetan funtzionatzen dute, eta 2004an 100 milioi bezero baino gehiago izan zituzten. 4G sarea 2013an sartu zen Euskal Herrian. Teknologia digitalaren agerpenarekin, deiak egiteaz gain bestelako ekintzak ere egin ahal izatera pasa dira terminalek, hala nola Internetera konektatu ahal izatea, horretarako mugikorretarako orrialde bereziak diseinatzen direla. Hau WAP (Wireless Application Protocol) teknologia izenaz ezagutzen da.

Telefonia mugikorreko estandarrak aldatu

Komunikazio azpiegitura nazionalak sare globalekin konektatzea errazteko Telekomunikazioen Batasun Internazionalak telefonia mugikorreko estandarrak garatzen ditu. Estandarrak mundu osoan erabiltzen dira, eta horri esker edozein herrialdetik telefono dei, fax, edota datu informazio truke perfektua bermatzen da. Lehenengo telefonia mugikor sistemetatik gaur egun arte, hurrengo tauletan azaltzen da telefonia mugikorreko estandarren eboluzioa.[1]

Kutsadura elektromagnetikoa aldatu

Polemika bizia dago jendartean sakelako telefonoek sortaraz lezaketen gaitzen inguruan. Beste edozein ekipo elektronikok bezala, telefonia mugikorrak ere kutsadura elektromagnetikoa sortzen du. Hainbat eta hainbat ikerketa egin dira, izaki bizidunentzat kaltegarri izan daiteken egiaztatzeko, eta mota guztietako emaitzak jaso dira.

Erreferentziak aldatu

  1. GSM Association. «Brief History of GSM & the GSMA» (Noiz kontsultatua: 2013-06-09).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu