Tebasko Batailoi Sakratua

Tebaseko Batailoi Sakratua (antzinako grezieraz: ἱερὸς λόχος, Hieròs Lókhos) Antzinako Greziako soldadu-talde bat zen, 150 gizonezko maitale bikotek osatutakoa, Tebasko armadaren eliteko unitatea izan zena K. a. IV. mendean. Haren esku hartzea erabakigarria izan zen Leuktrako guduan, K. a. 371n. Filipo II.a Mazedoniakoaren armadak suntsitu zuen Keroneako guduan, K. a. 338an.

Keroneako gudu zelaian Filipo II.ak eta Alexandro Handiak Tebasko Batailoi Sakratuaren omenez eraikitako lehoia.[1]

Historia aldatu

Antzinako Grezian harreman homosexualak onarturik zeuden, eta ohikoak ziren armadako kideen artean. Hainbat militar ezagunek gizonezko bikoteak izan zituzten –Teronek, Harmodiok, Aristogitonek eta Alexandro Handiak berak–, eta heroi mitologikoren bati ere egotzi zizkioten harreman homosexualak. Akilesi, esaterako.[1]

Plutarkoren arabera, Gorgidas tebastar komandanteak sortu zuen Tebaseko Batailoi Sakratua, 150 bikote homosexual bilduta. Bikotekide batek esperientzia handiagoa izaten zuen, eta heniochoi (ἡνίοχοι, "gidaria") zeritzon; bestea gazteagoa izan ohi zen eta paraibatai (παραβάται, "laguna") esaten zioten. Batailoia greziar infanteriako elite taldea izan zen 33 urtez, eta berehala soldaduen adoreagatik egin zen ezagun. Honela azaldu zuen Plutarkok indar horren sekretua:[1]

« Tribu edo familia bereko gizonen artean adorea eskasa izan ohi da, arriskuak estutzen dituenean; baina maitasunean oinarritutako laguntasunak sendotzen duen batailoia ez da inoiz hautsiko eta menderaezina da; maitaleak maitatuen aurrean eta maitatuak maitaleen aurrean duintasuna galtzeko beldur baitira, eta arriskuari gogotsu aurre egiten baitiote, batzuk eta besteak lasaitzeko. »


Plutarkoren arabera, Gorgidasek bere gudu lerroen artean banatu zuen Tebaseko Batailoi Sakratua, gainontzeko soldaduak adoretuko zituen eliteko unitate bat bezala. Pelopidasek, berriz, Tegirako guduan arrakastaz borrokatu ondoren, guardia pertsonal gisa erabili zuen. Espartaren nagusitasuna deuseztatu zuten Leuktrako (K. a. 371) eta Mantineako (K. a. 362) guduetan ere nabarmendu zen batailoia.

Batailoiaren desegigo bakarra Keroneako guduan gertatu zen, K. a. 338an, Filipo II.a Mazedoniakoaren eta haren seme Alexandro Handiaren aurka. Izan ere, Filipo gatibu egona zen Tebasen, eta bertako taktika militarrak ongi ezagutzen zituen. Mazedoniarren ejertzito indartsua ikusita, tebastar gehienek ihes egin zuten, baina Batailoi Sakratuko 300 soldaduek, inguraturik, inolako aukerarik gabe, hil arte eustea erabaki zuten. Plutarkoren hitzetan:[1]

« Garaipena lortuta, Filipok gorpuei erreparatu zien, eta zera galdetu zien: zein dira besarkatuta, heriotzan eta maitasunean batuta dauden hildako hauek? Tebasko Batailoi Sakratua, Laioren leinuko gizonezko maitale eta maitatuak, erantzun zioten. Eta Filipok esan zuen: hil dadila gizon hauek zerbait oker egin edo sufritu zutela susmatzen duen oro! »


Filipo II.ak eta haren seme Alexandrok hildakoak ehorztarazi zituzten eta, haien omenez, lehoi baten irudia eraikiarazi zuten. Plutarkok 300 kideak egun hartan hil zirela idatzi zuen arren, beste idazle batzuen arabera 250 izan ziren hildakoak, eta gainerakoak zauriturik irten ziren. 1924an, Keroneako gudu zelaian industen ari zirela, arkeologoek harrizko lehoi bat aurkitu zuten, eta haren inguruan, 254 gorpuren arrastoak, zazpi ilaratan lerrokatuak.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Irazustabarrena Uranga, Nagore. Tebasko Batailoi Sakratuaz harro. Argia, 2012ko uztailak 1, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Moldatu gabea (CC BY-SA 3.0), argia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-7-4).

Kanpo estekak aldatu