Suitzako Konfederazioaren historia 1848an hasten da, harrezgeroztik kantoi autonomoak izan dituen estatu federala izan baita. Hala ere, kantoi horietako batzuen konfederazioak 700 urte baino gehiago ditu, bizirik dauden errepublika zaharrenen artean kokatuz. Edonola ere, gizakiak egungo Suitzako lurretan 1291n baino askoz lehenago ere finkaturik zeuden.

Aurreneko historia aldatu

Gizakien arrastorik zaharrenak egungo Suitzan duela 150,000 urtekoak dira. Suitzako lehen kolonia nekazaria, Gächlingen-en kausitua, K. a. 5300 ingurukoa da.

Lehendabiziko kultura ezagunak Burdin Aroko Hallstattekoa eta La Tènekoa izan ziren. Izan ere, bigarren horrek izena jasotzen du Suitzako La Tène aztarnategitik. Suitzako eskualdean, La Tèneko tribu garrantzitsuenetakoa helvetii delakoak izan ziren, ezagunak batik bat Julio Zesarren idazkiak direla-eta. K. a. 58an, Bibracteko guduan, Julio Zesarrek garaitu zituen. Alpeak, oro har, K. a. 15ean geratu ziren erromatarren mendean, bigarren enperadorea izatekoa zen Tiberiok eta Druso anaiak konkistatu zituztenean. Gallia Belgica izeneko probintzian sartu zen hastapenean, eta geroago Germania Superior eta Raetia delakoetan.

Goi Erdi Aroan, burgundiarrek konkistatu zuten egungo Suitzako mendebaldea. V. mendean alamanak kokatu ziren Suitzako goi-ordokian, eta VIII. mendean Alpeetako haranetan. Klovis I.aren garaipenarekin alamanen aurrean (Tolbiac, 504) eta geroago burgundiarren aurrean, eskualdea frankoen inperiora igaro zen.

Hurrengo mendeetan Suitzako zonaldeak frankoen menpean jarraitu zuen, merovingiarren eta karolingiarren leinupean. Nolanahi ere, Verdungo Hitzarmena zela medio (843), frankoen lurraldea banandu zen, eta egungo Suitza erdialdeko eta ekialdeko erresumen artean geratu zen, harik eta Germaniako Erromatar Inperio Sainduak batu zuen 1000 inguruan.

1200erako, Suitzako goi-ordokia hainbat leinu nobleren menpean zegoen (Saboia, Zähringer, Habsburg eta Kyburg). Eskualde batzuk (Uri, Schwyz, Unterwalden, geroago Waldstätten bezala ezaguna) enperadoreen kontrol zuzenpean zeuden portuen arteko ibilbidea ziurtatzeko.

Suitzako Konfederazio Zaharra aldatu

 
Konfederazioa 1291n sortu zuen agiria.

Erdialdeko Alpeetako haranek batzeko hitzarmen bat adostu zuten: Suitzako Konfederazio Zaharra. Honela, amankomuneko interesak (sal-erosketei lotuak batik bat) defendatzen zituzten eta mendietako merkataritza ibilbide garrantzitsuetan baka mantentzen zen. Honela egin zuten, 1291n, Uri, Schwyz eta Nidwalden udalerriek, konfederazioaren dokumentu sortzailetzat jotzen denak adierazten duen bezala, nahiz eta antzeko hitzarmenak lehenagokoak ere izan zitezketen.

Hasierako hiru kantoiekin, 1353rako, Glarus eta Zug kantoiek zein Luzerna, Zürich eta Berna hiriek egin zuten bat, eta XV. mendearen amaierarako iraun zuen "Konfederazio Zaharra" osatu zuten. Batasunari esker, konfederazioak botere eta aberastasun handiagoa eskuratu zuen, eta 1460rako Rhin ibaiaren eta Alpe eta Jura mendien arteko lurraldea zeukan mendean, batez ere habsburgotarrak (Sempach eta Näfels) eta Borgoina garaitu ostean. Maximilian I.aren eta Suabiako Ligaren aurkako garaipenak 1499an konfederazioari de factoko independentzia eman zion Germaniako Erromatar Inperio Sainduaren barruan.

Garai horretan Suitzako Konfederazio Zaharrak garaitezina izateko ospea erdietsi zuen gerretan haren mertzenarioei esker, baina 1515ean Marignanon porrot egin zuten, eta haren hedapena eten zen. Zwingliren erreforma hainbat kantoitan zabaltzeak gerra eragin zuen 1529 eta 1531 bitartean. Borrokak ez ziren gelditu harik eta 1648an Westfaliako hitzarmena sinatu zen arte. Orduan Europako herrialdeek Suitzako independentzia onartu zuten Inperiotik.

Senide aberatsen autoritarismo gero eta handiagoak eta Hogeita Hamar Urteko Gerraren atarian gertatutako finantza krisiak gerra ekarri zuten Suitzara 1653an. Gatazka honen atzetik oraindik ere zirauen katolikoen eta protestanteen arteko borrokak. Bortizkeriak berriro berpiztu ziren 1656an eta 1712an.

« Suitzako nekazaria irekia, egiatia, trauskila baina jatorra da; aurkitzen duen jendea buruaren mugimendu batez edo kapelara eskua axolagabeki eramanez agurtzen du; baina gizabidearen ikurraz jantzita dago, harrokeria orok mintzen du eta ez du inolaz ere irainik onartzen.

William Coxe (1784)

»

[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

.

Napoleondar garaia aldatu

 
Helvetiako Errepublika 1799an.

Frantziako Iraultzako armadek Suitza konkistatu zuten 1798an, eta konstituzio batu bat ezarri zuten. Kantoiak ezabaturik suertatu ziren gobernu zentralizatuarekin, eta Mülhausen eta Valtellina Suitzatik bereizi zituzten. Helvetiako Errepublika zeritzonaren gobernu berriak oso ospe txarra izan zuen: kanpoko armada batek ezarria, mendeetan zehar iraun zuen tradizioa desagerrarazi zuen eta Frantziako satelite besterik ez zuen bilakatu herrialdea. Gainera, 1798ko irailean frantziarrek bortizki itzali zuten matxinada bat Nidwalden-en.

Frantzia eta aurkariak gerra berriz pizterakoan, Errusiak eta Austriak inbaditu zuten Suitza. Suitzarrek uko egin zioten frantziarrekin batera Helvetiako Errepublika defendatzeari. Horren ondorioz, 1803an Napoleonek bi alderdietako politikariak bildu zituen Parisen hitzarmen batera iristeko. Emaitza Bitartekaritzaren Akta izan zen, zeinek Suitzako autonomia, 19 kantoiko konfederazioa zela, berrezarri zuen.

1815ean, Vienako Batzarrak berriro Suitzako independentzia osoa ezarri zuen. Europako botereek Suitzako neutraltasuna onetsi zuten. Honela, suitzar tropek 1860ra arte jarraitu zuten atzerriko gobernuentzat borroka egiten. Orobat, itunari esker, Suitzak lurraldea handitu zuen, Valais, Neuchâtel eta Geneva kantoiak sartuta. Suitzako mugak ez dira berriz mugitu.

Estatu federala aldatu

Familia aberatsen agintaldi berria mugatua izan zen. Nahigabea zabaldu zen eta tarteka istilu bortitzak gertatu ziren. 1847an gerra zibila (Sonderbundskrieg) piztu zen hainbat kantoi katolikok aliantza bereizi bat sortu nahi izan zutenean. Nahiz eta gatazkak hilabete baino gutxiago iraun eta 100 hildako baino gutxiago eragin, suitzarren psikologian oso kolpe latza suertatu zen.

Gerrak suitzarrei pentsarazi zien batasun gogorragoa beharrezkoa zela aldameneko herrialdeei aurre egin ahal izateko. Mota guztietako herritarrak, hala katolikoak nola protestanteak, liberalak zein kontserbadoreak, ohartu ziren kantoien onerako izanen zela erlijio auziak albo batean uztea.

Beraz, gainerako Europa iraultzezko matxinadaz josita zegoelarik, suitzarrek konstituzio federal bat eratu zuten, amerikarren isla. Gobernu zentral bat ezartzen zuen arren, tokian tokiko kontuak kantoien esku geratzen ziren. Bi biltzar osatu ziren, batak kantoietako ordezkari bina zeuzkana eta besteak herrialde osoko ordezkariak. Erreferendumak ezinbestekoak ziren konstituzio hau alda zedin. Baina zeharo berridatz zitekeen hala irudituz gero. 1891n konstituzioa aldatu zuten zuzeneko demokrazia sustatzeko, gaur egun ere beste inon topatzen ez diren ezaugarriak.

2014ko azaroaren 3an, gutxienez hiru lagun hil ziren Suitzan izandako tiroketa batean. 07:00ak aldera izan zen tiroketa, ikastetxe batetik oso gertu, hango Poliziak adierazi zuenez.[2]

Azaroaren 16an, lau lagun hil ziren Italian eta Suitzan izandako uholdeetan.[3]

Azaroaren 30ean, Suitzak immigrazioa gehiago mugatzea ukatu zuen. Herrialde osoan eduki zuen kontrako emaitza. Ekimenaren helburua Suitzan bizi diren atzerritarren kopuruaren hazkundean gehienezko ehunekoa ezartzea zen.[4]

Erreferentziak aldatu


Kanpo estekak aldatu