Sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara) Eurasia osoan bizi den Lacertidae familiako muskerra da[1]. Sugandila hauek hein handi batean bibiparoak dira, hau da, emearen barnean garatu eta karenean zehar elikatzen dute enbrioia. Hala eta guztiz ere, bere banaketa eremuko hegoaldean (Euskal Herria barne) sugandila espezie honek arrautzak erruten ditu.

Sugandila bizierrule
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
FamiliaLacertidae
GeneroaZootoca
Espeziea Zootoca vivipara
(Von Jacquin, 1787)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Luzera62 mm
Masa5,61 g
Eguneko zikloaeguneko

Deskribapena aldatu

Buztana kontuan hartuta 18-20 cm-ra iritsi daitekeen sugandila da, gorputza 6-7 cm inguru eta gainontzekoa buztanaren luzera izanik. Buztan luzeko sugandila da.

Tamaina erlatiboki txikiko sugandila da, gorputza nahiko zilindrikoa eta zangoak nahiko motzak ditu. Bizkarraldeko ezkatak pikortsuak eta lakarrak ditu, Podarcis generoko sugandiletatik bereiztuz.

Bizkarraldea normalean marroixka kolorekoa dauka, sahietsaldean kolore argiagoko marra batzuekin eta bizkarraldeko lerro beltz batekin emeen kasuan, eta marrak baino gehiago orban lerrotuak arren kasuan. Beraz arraren eta emearen arteko identifikazioa erraza da bizkarraldeari eta goiko aldeko sahietsaldeari erreparatuz gero, emeek itxura jarraiako lerro edo marra argitsuak izango dituzte sahietsaldean eta lerro jarrai beltz bat bizkarraldearen erdialdean, arrek aldiz, lerro jarraia izan beharrean lerro etena izango dute, marrak baino gehiago orbanez eginiko lerroak izanik.

Sugandila honek lepo ingurua zerraduna izango du, herpetologian lepo ingurua "lepoko" izenarekin ere ezagutzen da, beraz, sugandila hauek lepoko zerraduna dute.

Lepoaldea orban beltzez beteriko kolore zurikoa da eta sabelaldea (buztanaren azpikaldea barne) orban beltzez beteriko hori edo laranja kolorekoa, kolore hori edo laranja hori biziagoa da arretan. Koloreari dagokionez, modu orokor batean esan dezakegu espezie honek bizkarraldea naiko amatatua duela kolore aldetik (kamuflatzeko baliogarria) eta sabelaldea aldiz, kolore biziz apaindua (kolore biziak askotan gorteoan lagungariak dira, bereziki arretan).

Sugandila bizierrule edo bibiparoaren ale gazteak oso ilunak izan daitezke. Espezie honetan ere behatuak izan dira kasu melanikoak, ia erabat beltzak direnak.

Beste espeziekiko antzekotasunak aldatu

Itxura aldetik espezie hau Darevskia praticolarekin nahastu daiteke, baina espezie horren banaketa eremua oso mugatua da, sugandila bizierrulearen kasuan kontrakoa gertatzen den bitartean. Leku batzuetan horma-sugandilarekin nahastu daiteke, biak ala biak oso hedatuta baitadude Europan eta tamaina ere oso antzekoa dutelako. Baina ezkaten mosaikoari eta batez ere sabelaldearen koloreari erreparatuz argi geratzen da bien arteko identifikazioa. Beraz, arrazoi batengatik edo bestearengatik identifikazioa erraza uzten du sugandila mota honek.

Taxonomia aldatu

Hiru azpiespezie ezagutzen dira:

Esan beharra dago, Z. v. carniolica italiarraren eta Z. v. vivipararen artean eginiko ikerketa batek, bi azpiespezie hauek espezie ezberdinak izan daitezkela iradokitzen duela, bi hauek ugalketatik isolatuak daudela ematen baitu.

Banaketa eremua aldatu

Lacertidae familia osoan, hotza hobekien jasaten duen muskerra da eta iparraldeen zabaltzen den narrastia ere bada, zirkulu polarretik 350 km iparreraino iristen delarik. Herpetofauna guztian, alegia, narrasti eta anfibioetan, hau banaketa eremurik zabalena duena da. Irlandatik Japoniaraino hedatzen da luze-zabalean eta iparretik Eskandinavia iparralderaino zabaltzen da arazorik gabe. Baina, sugandila freskozalea izanik, Europako hegoaldeko leku askotatik barrena ez da hedatzen, Portugal, Grezia eta Mediterraneoko uharteetan adibidez, espezie hau ikustea ezinezkoa da.

Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian sugandila bizierruleak mendi fresko eta hezeetan edo zohikaztegietan aurkitzen du bere lekua, beraz, baldintza hauek (freskotasuna eta hezetasuna) betetzen dituzten edozein euskal lurraldetan topa dezakegu.

Maiz mendi inguruetan ikusten da, bertan tenperatura freskoagoak eta hezetasun handiagoa dagoelako, baina lur baxuetako hezeguneetan ere aurkitzen da, baita itsas mailako eremuetan ere. Pirinioetan ohikoa da espezie hau ikustea zuhaitz lerrotik gorako garaietan (2.000-2.500 metroraino iristen delarik). Baina pirinioetara jo beharrik ez dago sugandila hau ikusteko, Euskal Herriko probintzia guztietatik banatzen da, beti ere atsegin dituen baldintza eta ekosistemetara lotuta, hori bai.

Habitata aldatu

Sugandila mota honen habitatak hezetasunera eta freskotasunera lotuta daude, beraz, aurki dezakegu belardi hezeetan, baso hezeetako argiguneetan, zingiretan eta oso ohikoa da zohikaztegietan, hain da horrela non leku batzuetan zohikaztegietako sugandila izenaz ere ezagutzen baitzaio sugandila espezie honi. Bere banaketa eremuko hegoaldean (Euskal Herrian adibidez) goietan aurkitzea ohikoa da, mendi inguruetan. Eremu geografiko honetan itsas mailatik 2.500 metroraino igo daiteke.

Biologia aldatu

Eguneko sugandila da eta lurrean ibiltzeko ohitura du. Sugandila txiki guztiak bezala, hau ere eskalatzeko gai da baina ez da beste espezie batzuk bezain trebea eta nahiago du lurretik mugitzea. Igerilari aparta da, beste sugandilek baino gehiago atsegin du ura eta mehatxu bat sumatzean ez du zalantzarik uretan sartu eta igeri egiteko trebetasun handiz. Sugandila gehienek eguzkia eta beroa maite duten bitartean honek ura eta hezetasuna maite du, baita freskotasuna ere. Maiz belardi idorretan ikus daiteke eguzkia hartzen, taldeka ikustea ere ez da arraroa, hezetasun eta freskotasunaren zalea izanda ere, narrasti guztiek bezala, beroa eta eguzkia ere behar baitu gorputza berotzeko eta termorregulazioa egiteko.

Bere aktibitate epea oso aldakorra da eta bere banaketa eremuaren latitudera zein garaierara lotuta dago. Europa erdialdean eta lur baxuetan otsailetik urrira bitartean garatu dezake bere jardun aktiboa, bere banaketaren iparraldean zein garaiera altuetan ekainera arte itxaron behar duelarik.

Elikadura aldatu

Ornogabe mota asko jaten ditu. Horrez gain, sakonera gutxiko uretan anfibioen eta intsektuen larbak ere ehiza ditzake. Oro har bere dietaren zatirik handiena artropodoek osatzen dute; intsektuak (koleopteroak, dipteroak, ortopteroak...) eta araknidoak atsegin ditu.

Etsai naturalak aldatu

Bere tamaina txikia dela eta, hegazti eta ugaztun askoren harrapakina da, baita ere suge batzuena ere.

Hegaztien artean hauek aipa daitezke, besteak beste: Basoilarra (Tetrao urogallus), mirotz zuria (Circus cyaneus), belatz txikia (Falco columbarius), belatz gorria (Falco tinnunculus), zingira-hontza (Asio flammeus), mozolo arrunta (Athene noctua), karraka (Coracias garrulus), txantxangorria (Erithacus rubecula), zozo paparzuria (Turdus torquatus) eta birigarro arrunta (Turdus philomelos).

Suge espezie ezberdinek ere ehizatzen dute sugandila bizierrulea, honako hauek besteak beste: Aspis sugegorria (Vipera aspis), kantauriar sugegorria(Vipera seoanei) eta iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca). Narrastiekin jarraitzeko, Ingalaterran oso noizbehinka ziraunaren (Anguis fragilis) dietan ere sar daitekela behatu izan da.

Ugalketa aldatu

1-13 kume erditzen ditu errunaldi bakoitzean, obiparoen kasuetan gauza bera baina bizirik erditu beharrean 1-13 arrautza erruten ditu errunaldika. Normalean bibiparoen kasuetan jaiotzak uztaila eta abuztu bitartean ematen dira, errunaldi bereko gazteek negua elkarrekin igarotzen dute sakabanatu aurretik. Errunaldi obiparoetan, garaiera baxuko guneetan 1-13 arrautzetako bi errunaldi izaten ditu emeak, lehena ekainean edo uztailean eta bigarrena uztailean edo abuztuan. Garaiera altuenetan, normalean errunaldi bakarra izaten da, uztailean. Jaiotzak errunalditik aste batzuen ondoren ematen dira.

Mehatxuak aldatu

Maila globalean mehatxatuta ez dagoen espezia izanda ere, alegia hedapen handiko eta kasu batzuetan populazio handiko espeziea izanda ere, habitat berezietara lotuta dagoenez (zohikaztegiak, hezetasun eta freskotasun handiko lekuak) leku batzuetan populazio txiki eta isolatuak daude eta babestuta dago, izan ere, hezeguneetako bizilaguna da sugandila hau, eta ezin da ahaztu hezeguneak ekosistema mehatxatuenetakoak direla, zohikaztegiak ere horren adibide.

Espezie honen mehatxurik handiena bere habitataren suntsipena da.

Bitxikeria aldatu

Sugandila bizierrulea edo bibiparoa deitzen bada ere, bere banaketa eremuko hainbat lekuetan (hegoaldean batik bat) obiparoa da. Euskal Herriko populazioak (Zootoca vivipara louislantzi azpiespeziekoa) obiparoak dira.

Irudiak aldatu

Bibliografia aldatu

  • "Guía de campo de los Anfibios y Reptiles de España y de Europa" (Adituak: Jeroen Speybroeck, Wouter Beukema, Bobby Bok, Jan Van Der Voort. Irudiak: Ilian Velikov). Gaztelaniazko bertsioa.
  • Zootoca vivipara (vertebradosibericos.org, gaztelaniaz).
  • Zootoca vivipara (asturnatura.com, gaztelaniaz).
  • Zootoca vivipara (paleoherpetologia.com, gaztelaniaz).
  • Common lizard (wildlifetrusts.org, ingelesez).
  • Zootoca vivipara (reptile-database.org, ingelesez).

Erreferentziak aldatu

  1. Jiří Čihař (1994). Amphibians and reptiles. Wingston: Magna. ISBN 1-85422-788-2

Kanpo estekak aldatu