Sorgorraldi

Bizidunek kontrako ingurune-kondizioak direnean izan dezaketen geldialdi metabolikoa. Hazkuntza, garapena, jarduera fisikoa eta ugalketa eteten dira, eta horrela energia aurrezten da.

Sorgorraldia organismoen bizi zikloaren garai bat da, non hazkuntza, garapena eta (animalietan) jarduera fisikoa aldi baterako eteten diren. Horrela aktibitate metabolikoa gutxitzen da eta honek energia aurrezten laguntzen du. Sorgorraldiak inguruneko baldintzekin estuki lotura izan ohi du, tenperaturarekin, adibidez. Bizi-zikloko fase batzuetan bereziki gertatzen da fenomenoa, esaterako hazi-fasean edo arrautza-fasean.

Neguko sorgorraldian, landareen metabolismoa eten ohi da

Organismoek ingurunearekin sinkronizatu dezakete sorgor fase batera sartzea, iragarpenezko edo ondoriozko baliabideen bidez:

  • Iragarpenezko sorgorraldia (edo primarioa) aurkako baldintzak izan baino lehen hasten da. Adibidez, fotoperiodoaren murrizteaz eta tenperaturen jeisteaz baliatzen dira landare batzuk neguaren etorrera iragarteko.
  • Ondoriozko sorgorraldia (edo sekundarioa) aurkako baldintzak gertatu ondoren hasten da. Klima iragarrezineko lurraldeetan jazotzen da gehien bat.

Animaliengan aldatu

 
Marmotek (Marmota marmota) hibernatzen dute

Hibernazioa aldatu

Hibernazioa animalia zenbaitek negua igaro ahal izateko euren metabolismoa geldotzen duten garaia da, energia aurreztuz eta honela bizirauteko kontsumitu beharreko janari kopurua murriztuz. Hibernazioan, animaliak gorputzeko tenperatura jeisten du eta elikagaien eskaria, bihotzaren erritmoa eta arnasketaren maiztasuna gutxiagotu egiten dira[1].

Diapausa aldatu

Diapausa iragarpeneko estrategia bat da, animaliaren genotipoak predeterminatua. Izakiaren garapena moteldu edo atzeratzen du, ingurugiro-balditzak egokiagoak izan arte. Ohikoa da intsektuengan eta beste artropodoengan. Diapausak garapena etetea ahalbidetzen du udazkenaren eta udaberriaren artean.

Ugaztunengan enbrioiaren diapausa atzeman daiteke. Enbrioiaren diapausa umekiak garapenean egiten duen pausaldia da, jaiotza momentu ezegokian gerta ez dadin. Orkatzetan, adibidez, diapausak umekiaren garapena moteltzen du kumea udaberrian jaioko dela ziurtatzeko, eta ez lehenago.

 
Barraskiloak sorgorraldian sartzen dira lehorte garaian, baina baita handia delarik ere. Hibernazioa eta estibazioa egiteko gai dira, beraz.

Estibazioa aldatu

Estibazioa da ondoriozko sorgorraldiaren adibidea, baldintza oso bero edo lehorrei erantzunez. Ohikoa da ornogabeetan, adibidez barraskilo eta zizareetan, baina beste animalia mota batzuetan ere ager daiteke, hala nola dipnoi, arrabio, basamortuko dortoka eta krokodiloetan.

Brumazioa aldatu

Brumazioa narrasti batzuek duten sorgorraldia da, hibernazioaren antza duena[2], baina prozesu metaboliko desberdinak dituena[3]. Narrastiek udazken amaieran hasi ohi dute brumazioa (garai zehatza espeziearen araberakoa da). Brumazioan zehar, ura edateko "esnatu" ohi dira eta gero berriz "lokartu".

Landareengan aldatu

Landareen fisiologian, sorgorraldia hazkuntza eteten den garaia da. Espezie ugarik garatu duten biziraute estrategia da, zeinak bizirautea ahalbidetzen duen hazteko egokiak ez diren urtaro batzuetan, hala nola neguan edo urtaro lehorrean.

Haziak aldatu

Inguruneko baldintzak muturrekoak direnean, angiospermoen hazien garapena eta ugalketa eten egiten da, une eta baldintza onenak etorri arte, indarrak ondo gordetzeko[4].

Bernalizazioa aldatu

 
Erabelar espezie askok bernalizazio beharra dute loratu ahal izateko.

Landare batzuk loratze prozesua hasteko hotzaldia jasan behar dute lehenago[5]. Mekanismo honi bernalizazioa deritzo. tenperatura txikiko garaiaren iraupen beharra espeziaren araberakoa da, baina landare banakoaren ezaugarrien arabera ere alda daiteke (adibidez landarearen adina edo ingurune hurbila). Prozesu horretan eragin handia du FLC (Flowering Locus C) loratze-errepresoreak. FLCaren proteinek loratzea blokeatzen dute, baina hotzaldia luzaroan izatean kontzentrazioak behera egiten du eta eguraldi epela datorrenerako posible da loratzea[5].

Bakteriengan aldatu

Inguruko baldintzak txarrak direnean (hezetasun eta tenperatura ezegokiak, batez ere), hainbat bakteriok sorgorraldi mekanismoen bidez biziraun dezakete. Endosporak sortzea, adibidez, horietako mekanismo bat da. Badirudi inguruan topa daitezkeen bakterio laginen gehiengoa metabolikoki itzalia dela, baina zati handi bat berpiz daitekeela.

Erreferentziak aldatu

  1. Agirrebeña Berasategi, Rosa. (1995). Hibernazioa. Elhuyar aldizkaria.
  2. Reptilian Brumation. .
  3. Hibernating Mammals and Brumating Reptiles: What’s the Difference?. .
  4. Amaia Portugal. (2015-12-23). Enbrioi txikiak, hobeto bizirauteko. Zientzia kaiera.
  5. a b Lexartza Artza, Irantzu. (2004-04-01). Udaberria, loreen iratzargailua. Elhuyar aldizkaria.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu