Signal Iduna Park (2005eko abenduaren 1 arte Westfalenstadion deitua) futbol estadio bat da, Dortmund hirian dagoena, Ipar Renania-Westfalia estatuan, Alemanian. Bertan Borussia Dortmund futbol-taldeak jokatzen ditu etxeko partidak. Arrazoi komertzialak tarteko gaur egun Signal Iduna Park deitzen bada ere, jatorrizko izena zen Westfalenstadion, zeina baitator Westfaliatik, garai bateko Prusiako probintzia.

Signal Iduna Park
Signal Iduna Park
Kokapena
Estatu burujabe Alemania
Alemaniako estatua Ipar Renania-Westfalia
EskualdeaArnsberg
Urban district of North Rhine-WestphaliaDortmund
Koordenatuak51°29′33″N 7°27′06″E / 51.4925°N 7.45167°E / 51.4925; 7.45167
Map
Historia eta erabilera
1974ko Munduko Futbol Txapelketa
2006ko Munduko Futbol Txapelketa
Inaugurazioa1974ko apirilaren 2a
JabeaBorussia Dortmund
Kirolafutbola
ErabiltzaileaBorussia Dortmund
Edukiera81.359
Arkitektura
ArkitektoaArchitekt Ralf Schulte-Ladbeck (en) Itzuli
Kontaktua
HelbideaStrobelallee 50, D-44139 Dortmund
Webgune ofiziala

Estadioa da Europako futbol-estadiorik famatuenetako bat, eta ezaguna da bertan bizi den giroagatik. Bundesligako partidetan 81.365 lagun hartzen ditu (zutik eta eserita), eta nazioarteko partidetan 65.829 (denak eserita).

Alemaniako estadiorik handiena da, eta Europako zazpigarrena. Hala ere, berak du Europako errekorra zaleen presentziari dagokionez, 2011-2012 denboraldian 1,37 milioi ikusle hartu baitzituen 17 partidatan, partida bakoitzeko 80.588 ikusle batezbeste.

Bere hegoaldeko harmaila mitikoak, Südtribüne (Hego Tribuna), 24.454 lagun hartzen ditu, Europako futbolean terrazarik handiena zaleak zutik hartzeko. Bertan bizi den giro sutsua dela-eta, hego tribunari deitzen zaio Die Gelbe Wand, “Horma horia”. Borusseum delakoa, Borussia Dortmund taldearen museoa alegia, estadiotik hurbil dago.

1974an eta 2006an Munduko Futbol Txapelketako partidak jokatu ziren estadio horretan. 2001ean bertan jokatu zen, halaber, UEFAren Kopako finala. Ahaztu barik bertan jokatu diren adiskidantzazko eta sailkapeneko partidak, bai mundu txapelketei zegozkienak, baita Europakoei ere.

Zortzi pilare euslek inguratzen dute Westfalenstadion delakoa, kolore horikoak eta 62 metro garai. Horrek eta altzairuzko egiturak bihurtu dute estadioa Dortmund hiriaren sinbolo.

Historia aldatu

Estadio berria egiteko lehen asmoak 1960. hamarraldian agertu ziren, ikusita Borussia Dortmund taldearen ordura arteko futbol-zelaia, Stadion Rote Erde delakoa (Lur gorri estadioa), txiki geratu zela. 1966an Borussia Dortmundek irabazi zuenean Kopa Txapeldunen finala, garbi geratu zen klubak beste estadio bat behar zuela, taldeak gero eta jarraitzaile gehiago zituen-eta. Hala ere, Dortmund hiria ez zen gauza proiektua finantzatzeko, eta erakunde federalak ez zeuden prest laguntzeko.

1971n Kolonia alboratu eta Dortmund aukeratu zuten, bertan joka zitezen 1974an Alemanian jokatzekoa zen FIFAren Munduko Txapelketako zenbait partida. Ondorioz, Koloniarako zedarrituta zeuden diruak Dortmundera bideratu ziren. Hala ere, arkitektoek eta planifikatzaileek zorrotz zaindu behar izan zuten aurrekontua. Horregatik, 60.000 ikusle hartuko zituen estadio obal bat egiteko asmoa —atletismorako azpiegitura eta guzti— baztertu egin zen. Haren ordez egin zen futbol estadio bat, porlan aurrefabrikatuzko zatiz osatua, eta dezente merkeagoa. Guztira estadio berria kostatu zen 32,7 milioi marko, zeinetik 1,6 erabili ziren Lur gorri estadioa zaharberritzeko. Dortmund hiriak 800.000 marko jarri zituen, baina etekin ona aterako zion estadio berriari. 1974ko apirilaren 2an Borussia Dortmund taldea etxe berrira aldatu zen ofizialki, eta harrezkero Westfalensatdionen jokatu du. 1972an mailaz jaitsi zenez, Borussia Dortmund 2. mailako talde bakarra izan zen bere estadio berri-berrian 1974ko Munduko Txapelketako partidak hartu zituena. 1976an lehen mailara itzuli zenean, estadio berrian jokatu zuen.

2001eko maiatzaren 16an, Liverpool eta Alaves taldeek Westfalenstadion futbol-zelaian jokatu zuten UEFAren Kopako finala.

Iruditegia aldatu

Kanpo estekak aldatu