San Eztebe eliza (Erriberabeitia)

San Eztebe eliza Erriberabeitiako Quintanilla de la Ribera herrian dagoen eraikin erlijiosoa da.

San Eztebe eliza
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaQuintanilla Erriberabeitia
Koordenatuak42°43′51″N 2°54′35″W / 42.73092824°N 2.90977195°W / 42.73092824; -2.90977195
Map
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaEztebe
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura

2004ko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Ezaugarriak aldatu

Eraikuntza-fase desberdinak ageri ditu. Zatirik nagusiena XVI. mendekoa da, gotikoa, eta gainerakoa XVII. mendekoa, errenazentista eta barrokoa.

Eraikin exentua da, oinplano angeluzuzenekoa eta ekialde-mendebalde orientaziokoa. Nabe bakarra du, eta burualde oktogonala kontrahormen artean. Hainbat elementu ditu gorputz nagusiari itsatsita: kanpandorrea burualde-inguruan; bi kapera aldarearen alde banatan; bataiarria albo batean eta sakristia berria burualde-inguruan. Harlangaitz-horma ilaratuak ditu eta toki batzuetan harlanduzkoa eta silarria (izkinetan, erlaitzetan, kontrahormetan eta portadan).

Sarrera hegoaldetik du, bi kontrahormen artean dagoen portada plateresko handi batetik. Bi gorputz ditu eta, erremate gisa, frontoi triangeluar bat, erdi-puntuko arku bat egiten duen argiztapen-bao batek apurtzen duena. Lehenengo gorputzean sarrera dago: erroska molduratudun erdi-puntuko arku handi bat, alboetan bina koloma ildaskatu eta aingerudun kapitel jonikoak dituena. Horien gainean bermatzen da taulamendua, aingeru hegaldunez apaindutako frisoa duena. Bigarren gorputza askoz baxuagoa da eta bestearen antzera dago ordenatuta, kolomatxo bikoitzekin.

Nabe nagusiak hiru zati ditu: lehenengoak, motzenak, koruaren espazioa hartzen du, erdikoak sarrerarena eta hirugarrenak aldarearen zati bat. Azken hori burualdearen aurrean dago. Espazio etengabe hori guztia estaltzeko –burualdea barne–, nerbiodun hainbat ganga daude jarraian. Oso nerbiodura konplexua dute, hamazazpi giltzarridun izarrak osatzen dituena. Galga guztiak dira harrizkoak, bai nerbioak bai betegarria. Emandako irtenbideak kalitate artistiko eta tekniko handikoak dira eta giltzarriek eta eusteko mentsulek apaingarri ederrak dituzte.

Era berean estaltzen dira alboetako kaperak ere, zazpi giltzarridun galgekin. Txikiagoak dira, baina exekuzio-maila berbera dute. Hegoaldeko kaperaren ondoan, horren eta burualdeko lehenengo kontrahormaren artean, oinplano trapezoidaleko espazio txiki bat dago, hutsala itxuraz, baina, harrigarriro, nerbiodun galga oso konplexua duena hain toki txikia izateko.

Dorrearen azpian sakristia zaharra dago. Bi sarbide ditu, bata aldaretik eta bestea alboetako kaperetako batetik. Nerbiodun ertz-galga batek estaltzen du, eta mentsulak eta erdiko giltzarria motibo geometriko edo begetalekin daude dekoratuta. Dorreak oinplano ia lauangeluarra du. Kanpaien gorputza inposta batek bereizten du. Kanpaiak erdi-puntuko arkua egiten duten baoetan daude eta, erremate gisa, erlaitz bat dago.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa