Salobreña Granadako probintziako (Espainia) udalerria da, kostaldean kokaturik dagoena. 2021ean 12.472 biztanle zituen. Salobreña udalerriaren barnean hainbat populazio-gune kokatzen dira; Salobreña bera (harkaitz baten maldan), Lobres, Playa Salobreña, Caleta-La Guardia, Monte Almendros, Alfamar, Costa Aguilera, El Pargo eta Calamedina. Guadalfeo ibaia itsasoratzen da Salobreñan.

Salobreña
Espainiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Andaluzia
ProbintziaGranadako probintzia
Izen ofizialaSalobreña
Posta kodea18680
INEk ezarritako kodea18173
HerriburuaSalobreña
Geografia
Koordenatuak36°44′48″N 3°35′13″W / 36.746666666667°N 3.5869444444444°W / 36.746666666667; -3.5869444444444
Map
Azalera34.91 km²
Altuera95 m
MugakideakAlmuñécar, Ítrabo, Molvízar, Los Guájares, Vélez de Benaudalla eta Motril
Demografia
Biztanleria12.562 (2023)
85 (2022)
alt_left 6.220 (%49,5) (%49) 6.161 alt_right
Dentsitatea359,84 bizt/km²
Informazio gehigarria
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakTolfa eta Péronne
MatrikulaGR
ayto-salobrena.es

Neolito garaitik populatua izan da eta nazarien garaiko gaztelu handi bat du. Turismoaz gain nekazaritzak ere garrantzia handia du Salobreñako ekonomian. Antzina azukre-kanaberaren industria indartsua izan bazuen ere, gaur egun fruita arbola tropikalak ekoizten dira, hala nola, txirimoia, mango, ahuakate eta mizpira...[1]

Etimologia aldatu

Ezagutzen den izenik zaharrena Selambina da[2], hegoaldeko hizkuntza indoeuroparren arabera "ibaiaren inguruan" esan nahi du. Erromatarren garaian Betika probintziari zegokion eta Segalvina izena zuen. Musulmanek Shalubānya izena erabili zuten, arabiar-andaluziako hizkeran Shalubīnya esaten zena, eta gaur egungo deitura haren aldaera da, Salobreña.

Geografia eta klima aldatu

Granadako probintziako kostaldean kokaturik dago, Motril ekialdean eta Almuñécar mendebaldean dituela. Alde zaharra 81 metrotako altuera hartzen duen harkaitz batenan hedatzen da. Haren parean, kostaldean, beste harkaitz txikiago bat dago, El Peñón deitzen diotena. Alde zaharreko muinoaren inguruan lautada bat zabaltzen da eta lautada hori itxiz Mendikate Penibetikoari dagozkion mendi garaiak daude, 561 metrotako altuera hartzen dutenak.

Lautada hori Guadalfeo ibaiak zeharkatzen du, eta Salobreñan itsasoratzen da, Motril oso gertu badu ere. Antzina, Salobreñako alde zaharra dagoen harkaitza penintsula bat zen istmo estu batek kostaldearekin lotzen zuena, baina Guadalfeo ibaiak ekarritako sedimentuek harkaitza erabat inguratu eta lautada zabala eratu zuten[3].

Klima oso egokia da nekazaritzarako. Tenperatura epela da, uda eta neguaren artean diferentzia handia izan gabe. Urteko batazbestekoa 17ºC da, neguan 12ºC eta udan 24ºC-ko batazbestekoak dituena. Hezetasuna 500 mm/urtekoa da. Horri esker landare tropikalak ekoizteko ingurune egokia da. Kostaldeko eremu honi Granadako Kosta Tropikala esaten zaio.

Historia aldatu

Aurreneko populazioak aldatu

Indusketek erakutsi dute Neolitoan dagoeneko populaturik zegoela Salobreña ingurua. Artzai seminomadak ziren eta harkaitzeko Cueva del Capitán leizean aztarnak utzi zituzten[3]. Garai hartan badia zabal bat zen eta harkaitz handi batek penintsula eratzen zuen eta haren aurrean zegoen txikia uhartea zen[3]. Guadalfeo ibaiak ekarritako sedimentuek harkaitza inguratu eta oso emankorra izango zen lautada bat osatu zuten Kobre eta Brontze Aroetan zehar. K.a. III. milurtean hasi ziren sortzen lehen asentamendu iraunkorrak. Nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituriko ekonomia zeukaten.

Feniziarrak aldatu

Feniziarrak K.a. VIII. mendean kostalde honetara iritsi ziren eta asentamendu ugari fundatu zituzten, tartean Sel edo Selambina izena zuena[2]. Arrantzan oinarritzen zen herrixka bat baino ez zen[3]. K.a. IV mendean Gadir (Cádiz) hiriburuaren menpeko lurrak bihurtu ziren. K.a. II. mendean santutegi puniko bat eraiki zen El Peñón harkaitzean. Beranduago harkaitz hori gatzitze industriarako erabiliko zen. Selambinaren ekialdean Sexi hiria (Almuñécar) sortu zuten feniziarrek, kostalde honetako garrantzitsuena izango zena[4].

Erromatarrak aldatu

K.o. II. mendean Sexi municipiumen menpeko asentamendu txiki bat baino ez zen Sel edo Segalvina, nekazal eremuko vicus bat[5]. Dirudienez asentamendu nagusia Guadalfeo ibaia itsasoratzen den ertzean kokaturik zegoen, ez harkaitzean. Garai hartako villa izan daitezkeenen aztarnak aurkitu dira Lobresen eta Los Matagallaresen eta zeramika industrien aztarnak Los Barrerosen, Los Matagallaresen eta Cortijo Chacónen, denak ala denak I eta IV. mende artekoak[5]. Salobreña etorbidean ur biltegi baten aztarnak ere aurkitu dira. Garai hartako produktu nagusiak mahatsa, olibak eta arrantza ziren.

Musulmanak aldatu

711. urtean musulmanek Iberiar penintsula konkistatzeari ekin zioten. XI. mendean Kordobako Kalifa-herria desegin zen eta inguru hau Granadako Taifaren barnean gelditu zen. 1090an almorabideek konkistatu zuten Granadako taifa.

XIII. mendean Yaqut al Rumi geografo egipziarrak Salobreñako gaztelua deskribatu zuen esanez itsasertzean dagoen hisn (gaztelu) bat dela bananondoz, azukre-kanaberaz eta artez inguratua[6]. Nazarien garaiko gazteluak aisialdirako jauregi bat zuen barnean, baina herbesteraturiko pertsona garrantzitsuen presondegia ere izan zen; Yusuf III.a, Muhammad VIII.a, Muhammad IX.a, Abu Nasr Sad eta Muley Hacen Granadako erregea. Yusuf III.a hamabost urtez izan zen salobreñako gazteluan preso, anaiak zuen Granadako tronutik aldenduta[7]. Kondairak dioenez xake partida bat amaitu izanak salbatu zuen heriotzatik. Nazarien garaian Salobreñaren garrantzia estrategikoa handia zen, hori erakusten dute sultan nazarien ohiko presentziak eta herriaren hedapen urbanistikoak[6].

1489an gaztelarrek konkistatu zuten Salobreña Francisco Ramírez de Madrid buru zutela. Ramírez de Madrid gazteluaren alkate izendatu zuten Errege-erregina Katolikoek[8].

Aro modernoa aldatu

 
Azukre-kanaberaren ingenioa, La Caletan.

Salobreñako gazteluak toki estrategikoa izaten jarraitu zuen eta XVIII. mendean berrikuntza handiak egin zitzaizkion.

Azukre-kanaberaren industria ezarri zen eta honek lautadaren itxuraldatze sakona ekarri zuen. Basoak kendu ziren kainabera landatzeko eta ingenio-etako erregai gisa erabiltzeko, eta lautadaren higadura nabarmen handitu zen. XVIII. mendean kanaberaren ekoizpena txikituz joan zen eta kotoia landatzen hasi ziren. XIX. mendean ordea azukrearen ekoizpenak bultzada berria jaso zuen Kubatik ekarritako industria teknika berriak aplikatzerakoan, esate baterako lurrunaren indarraren erabilera.

Mahatsondoak ere baziren Salobreñan, baina 1885ean filoxerak oso kaltetuta utzi zituen. 1887ko erroldaren arabera 4.631 biztanle zituen Salobreñak[9].

XX. mendea aldatu

XX. mendearen hasieran azukrearen industria indartsua zen. Salobreñako harresiak bota egin ziren eta herria harkaitzaren inguruan hedatzen hasi zen. Mendeak aurrera egin ahala ordea azukrearen industriak gainbehera jasan zuen eta 1960. eta 1970. hamarkadetan fruita arbola tropikalak landatzen hasi ziren; txirimoia, mangoa, ahuakatea eta mizpira. Garai hartakoa da turismoaren gorakada ere, eta hondartza ertzean udarako eremu erresidentzialak eraikitzen hasi ziren.

Europan aktibo egon zen azken azukre-kanabera lantegia La Caletan zegoen eta 2006an itxi zituen ateak[10]. XXI mendearen hasieran eraikuntzaren boom-ak krisialdia izan zuen eta hainbat proiektu bertan behera gelditu ziren[11]. 2016an baimenak eman ziren hotel berriak eraikitzeko.

Ekonomia aldatu

Granadako Kosta Tropikalean kokaturik dagoenez turismoa da Salobreñako jarduera ekonomiko nagusia. Playa Salobreñako urbanizazioak eta hotelak bete egiten dira uda sasoian. Mendialdean ere badira urbanizazio berriak, Monte Almendrosen esate baterako.

Nekazaritzarako 900 hektarea ditu Salobreñak. Aipatu bezala fruitu tropikalak dira nagusi; txirimoia, mango, ahuakate, mizpira...[1] Txirimoiak Jatorrizko deitura du, Kosta Tropikala - Málaga izena duena, 2002an ezarria[12]. Barazkiak eta loreak ere landatzen dira eta negutegi ugari ere ikusten dira.

Lobres auzoan Azucarera Montero distilategia dago, melaza azukrea distilatuz edari alkoholduna egiten duena[13]. Rona ere ekoizten du.

Arrantzak garrantzia txikia badu ere urraburu eta lupia hazteko itsas-akuikultura instalazioa du Salobreñak, Granadako probintzian dauden bi instalazioetatik bat hain zuzen ere[14].

Azpiegiturak aldatu

Salobreñan anbulategi bat dago eta Lobresen eta Caleta-La Guardian kontsultorio txiki bana.

Hezkuntzari dagokionez Haur eta Lehen Hezkuntzako lau zentro ditu eta Bigarren Hezkuntzako bi institutu, Nazarí (hirueleduna) eta Mediterráneo. Helduen Hezkuntza zentro bat ere badu[15].

Kultura aldatu

 
Manu Chaoren kontzertua Salobreñako gazteluaren azpian, 2022ko uztailean.

Jaiak aldatu

Salobreñako jai nagusiak urriaren 7an izaten dira Rosarioko Andre Mariaren omenez. Egun hartan probintzia osoan ezagutzen den Romería del Sur (Hegoaldeko erromeria) ospatzen da[16]. Beste jai aipagarri batzuk Aste Santuetako prozesioak eta San Juan eguna dira.

Lobres auzoan San Antonio jaiak ospatzen dira ekainaren 13an eta Kandelaria otsailaren 2an, azken hau Salobreñako jairik zaharrena da. Caleta-La Guardian Karmengo Amaren jaiak ospatzen dira, uztailaren 16an, arrantzaleen auzoa baita.

Udako kultur egitaraua aldatu

Uda aldean etortzen den turismoa asetzeko kultur ekitaldi ugariz osaturiko egitaraua antolatzen da. Musikal kontzertuak, antzerkiak, habanera topaketak, aire libreko zinema, arte erakusketak...

Gastronomia aldatu

Salobreñako janari tipikoa sardina espetak dira, zotz batean bildutako sardinak. Txalupa itxura duten ontzietan txingar gainean sukaldatzen dituzte hondartzako jatetxe eta txiringitoetan. Beste janari aipagarri batzuk; olagarroa Salobreñako erara, migak meloiarekin edo arrainarekin eta espichás (antxoak arrautza frijituekin) dira[17].

Kirolak aldatu

Salobreñak baditu futbol elkartea (S.D. Atlético Salobreña)[18] eta saskibaloi taldea (Sporting de Salobreña)[19] besteak beste. Futbol zelaia du, atletismo pista batez inguratua, horretaz gain erabilera anitzeko kantxa eta igerileku estalia ere baditu. Uda garaian kirol ugari egin daiteke Salobreñan; windsurf, paddlesurf, kytesurf, kayak, bizikleta txangoak, parapentea, tenisa, paddlea, boleibola...[20]

Ondasun nabarmenak aldatu

 
Salobreñako alde zaharra, gaztelutik begiratuta.

Ikusgarria da Salobreñako alde zaharra. Harkaitzaren maldan zabaltzen den etxe zuri eta labirinto itxurako kaleek osatzen dute eta goian gaztelua dago. Ikuspegi ederra duten hainbat begiraleku ere baditu harkaitzaren inguru guztietara begira.

  • Salobreñako gaztelua
  • Errosarioko Andre Mariaren eliza
  • Cambrón dorrea
  • Loreen pasealekua
  • Museo arkeologikoa
  • José Martín Recuerda auditorioa
  • Hondartzak: Caletón, La Guardia eta La Charca
  • Salobreña eta Almuñecar arteko labarrak (Kontserbazio Bereziko Eremua)

Iruditegia aldatu

Hiri senidetuak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) Frutos tropicales | Turismo Salobreña. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  2. a b (Gaztelaniaz) Cruz, Manuel Márquez. (2005). «Sobre el término Salobreña» Cuadernos de Filología Clásica. Estudios Latinos 25 (2): 173–181. ISSN 1988-2343. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  3. a b c d «Breve recorrido histórico - Salobreña - Costa Tropical de Granada» www.ayto-salobrena.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-05).
  4. (Gaztelaniaz) Ramos, Javier. (2016-04-13). «Almuñécar, la Sexi fenicia» www.lugaresconhistoria.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  5. a b (Gaztelaniaz) La Salobreña romana. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  6. a b «Navas-G Consuegra» www.ugr.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  7. «Yusuf III | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  8. (Gaztelaniaz) Hoy, Granada. (2012-11-25). «Salobreña saca el talonario para la reforma del castillo» Granada Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  9. (Gaztelaniaz) Castillo, Rafael del. (1891). Gran diccionario geográfico: estadístico e histórico de España y sus provincias de Cuba, Puerto Rico, Filipinas y posesiones de Africa. Habiendo servido de base para su confección el Censo de 1887 .... Henrich (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  10. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2006-04-21). «Adiós a la última planta azucarera de Europa» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2022-08-05).
  11. (Gaztelaniaz) Hoy, Granada. (2010-04-18). «La crisis llena Granada de promociones 'fantasma'» Granada Hoy (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  12. Rodríguez, José Navas; Flores, José María García-Consuegra. (2008). «La incidencia humana en el paisaje costero de la desembocadura del río Guadalfeo (Granada)» Arqueología y Territorio (5): 161–180. ISSN 1698-5664. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  13. Press, Europa. (2010-05-13). «La única destilería de España de alcohol de melaza, en Granada, convertirá los residuos en energía» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  14. «Inicio - Portal Ambiental de Andalucía» www.juntadeandalucia.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  15. «Consejería de Educación, Cultura y Deporte. Junta de Andalucía» www.juntadeandalucia.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  16. (Gaztelaniaz) [https://www.cuandopasa.com/index.php?v=v70736f «Romer�a del Sur 2022 - Salobre�a»] cuandopasa.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  17. (Gaztelaniaz) Platos imprescindibles en la gastronomía popular de Salobreña. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  18. «RFAF - Consulta de Clubes» www.rfaf.es (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  19. «Más Baloncesto» www.masbaloncesto.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).
  20. (Gaztelaniaz) Salobrena por Deporte | Turismo Salobreña. (Noiz kontsultatua: 2022-08-04).

Kanpo estekak aldatu