Saia (釵) Okinawako uharte japoniarrean jatorria duen arma zuri bat da. Uste denez, hasieran, nekazaritzako tresna bat zen, beranduago arma bihurtu zena. Baina esaten da, baita ere, lehenengokotik arma gisa garatu zela. Bere oinarrizko forma ahorik gabeko daga batena da, baina mutur zorrotzduna, albo bakoitzean eskubabes bat duelarik, hauek ere zorrotzak, eskutokiari lotuta daudenak. Saiak oso forma ezberdinetan egiten dira. Batzuk, erdialdeko muturra borobila dute, beste batzuk, berriz, oktogono formakoa. Eskubabesa edo japonieraz tsuba, simetrikoa da, bi muturrak aurrerantz begira dituela. Hala ere, badaude saiaren aldaera batzuk. Taira Shinkenek garatutako Manjiaren diseinuan, tsubaren mutur bat aurrerantz begira dago, bestea atzerantz begira dagoen bitartean. Beste aldaera bat jittea da, Edo garaian, japoniar poliziaren aldetik oso erabilia izan zena. Honek, tsuban, mutur bakarra du, mutur printzipalaren norantza berean.

Bi sai

Erabilera tradizionala aldatu

Saien erabilgarritasuna arma bezala, euren forma ezaugarritsutik datorkie. Tradizionalki, saiak gerrian eramaten ziren, hiruko taldetxotan. Albo banatan bana, lehen erabilerako arma gisa eta, hirugarrena, atzean gordeta, norbera armarik gabe egonez gero. Saiak, defentsa zein erasorako arma gisa erabiltzen dira. Hauekin, kolpeak gelditu daitezke, baita sastakatuz eraso ere, erdialdeko mutur zorrotza probestuz. Azkenik, eskutokia edo erdiko muturraren alboak erabiliz, jo ere egin daiteke. Arma jaurtigarri gisa ere erabil daiteke. Bere eragin hilgarria, 5 metro ingurukoa da.

Saiak oso modu eraginkorrean erabil daitezke katana baten aurka, ezpata honen orria tsubarekin helduz. Baita Bo izena hartzen duen bastoi luze baten aurka ere, aurreko moduan erabilita. Erabiltzaile trebeek, arerio baten arma heldu dezakete hauekin eta armarik gabe utzi esku bihurriketa batekin. Arma jaurtigarri gisa erabiltzerakoan, burdinazko saia, edo altzairuzkoa gaur egun, nahiko astuna da, eta, nahiko indarrez jaurtiz gero, armajantzi bat zulatzeko gai da. Laburbilduz, modu ezberdinak daude saiak eskuetan erabiltzeko, eta honek malgutasun handia ematen die, arma hilgarri edo ez hilgarri bezala erabili ahal izaki.

Saia, Kobudoko eskolen ikasketa planen barnean dagoen arma tradizional bat da. Kobudo eskoletan, arma tradizionalak erabiltzen irakasten da. Arma honen erabilera, arte martzial eskola batzuetan ere irakasten da.

Gaurkotasuna aldatu

Saiak oso ezagunak dira kultura herrikoian. Baina, zoritxarrez, bideo-joko eta pelikuletan adierazten den erabilerak, ez du zerikusi handirik bere benetako erabilpen, historia eta tradizioarekin.

Saiaren adibide batzuk kultura herrikoian

Kanpo estekak aldatu