Rith gaeleradunek abiatutako ekimen herrikoia da, Korrikak inspiraturik beste hiztun komunitate batzuetan gertatu den bezala. Bi urtetik behin antolatzen dute irlandarrek ere, eta lasterketaren ezaugarriak Korrikaren oso antzekoak dira.

2012ko Rithen ibilbidea.

Lehenengo edizioa 2010ekoa izan zen, martxoaren 9tik 17ra 9 egunetan zehar Belfasten hasi eta Galwayn bukatu zen, 1.600 kilometro eginez, 250 udalerri, 15 konderri eta lau probintzietatik (Ulster, Leinster, Munster and Connacht) igaro ondoren.

Gaelikoaren Astearekin (Seachtain na Gaeilge) eta Patri Donearen jaiarekin bat eginda, bildutako dirua hiztunen sustapenerako dedikatu zuten. AEKko kide batzuk Dublinen bat egin zuten lasterketarekin.

2012an bigarren Ritha antolatu zuten. Martxoaren zazpian hasi eta hamazazpian bukatu zen. Hamar egunez zazpiehun kilometro egin zituzten.

2012an bostehun talde ezberdinen partaide ziren 25.000 lagunek parte hartu zuten amaierako festan. Bertan (eta Korrikan gertatzen den bezala), ikur batean mezu bat gordeta zegoen. Eskuz esku eta kilometroz kilometro eramandako mezu sekretu hau Michael D. Higgins Irlandako lehendakariak irakurri zuen Inis Móreko Arann uhartean jaialdiko azken egunean.

Hurrengo Rithak bi urtetik behin antolatu dituzte.

Korrikarekin ezberdintasun batzuk aldatu

Korrikarekin antzekotasun ugari ditu, baina baditu berezitasunak. Rith ez da etenik gabeko lasterketa, ez doa herriz herri atsedenik gabe. Egunez egiten dute soilik, ez gauez. 2016an, gainera, aldatu egin dute planteamendua. Aurreko hiru aldietan herri batetik besterako bidea korrika egiten zuten, Euskal Herrian Korrikan egiten den moduan. Aurten, baina, herrietan eta hirietan egingo dute soilik korrika. «Segurtasuna eta osasuna ziurtatzeko hartu dugu erabakia».

Boluntarioen lanaren onura aldatu

Rith lasterketa izen bereko elkarteak antolatzen du; independentea da, eta ez du loturarik inongo gobernurekin. Gaelikoaren aldeko elkarteak dira haren babesle nagusiak: Conradh na Gaeilge eta Glor na nGael. «Bi horiek dira Rithen diru sarrera nagusia; horiez gain, parte hartzaileek ere egiten dute ekarpena, eta zenbait udalek laguntza txikiak ematen dituzte», adierazi du Ruairik. 2016an laguntzeko modu bat Internet bidez kilometroa erostea zen, www.rith.ie atarian. 100 euro balio zuen bakoitzak.

2016an, boluntarioen lana goraipatu zuen Ruairik. Antolatzaileen kalkuluen arabera, «ehun bat lagun» ariko ziren boluntario lanetan, baina herri eta konderri askotan ekitaldi paraleloak antolatu zituztenez, handiagoa zen kopurua. Lasterketa dagoeneko hiru aldiz antolatu izana onuragarria izan zen, elkarteko lehendakariaren iritziz: «Rith esperientzia bakoitza desberdina izan da; boluntarioek ekitaldian egindako esfortzuari esker, hizkuntzaren aldeko konpromiso iraunkorragoa eta egituratuagoa dute orain hainbat herrik».

Irlandarren laguntza ez ezik, atzerriko hainbat komunitateren sostengua ere du Rith lasterketak. Besteak beste, Euskal Herriko, Galesko eta Bretainiako jendeak parte hartu izan du aurreko hiru aldietan. Horiez gain, Kanadan bizi diren gaeliko hiztunek ere babestu zuten 2014an. Ruairiren arabera, «aurten ere sostengatuko gaituzte».

Gaelikoaren astea aldatu

Seachtain na Gaeilge (Gaelikoaren astea) jaialdiaren barruan antolatutako ekitaldia da Rith, eta horregatik egiten dute martxoan. Izan ere, gaelikoaren aldeko festarik garrantzitsuena da Seachtain na Gaeilge; bi aste irauten du, eta San Patrizio egunaren —Irlandako festa nazionalaren— inguruan pentsatua dago. Martxoaren 17an da San Patrizio eguna.

Gaelikoaren inguruko «kontzientzia» hedatzea da jaialdiaren helburua. Ehunka ekitaldi antolatzen dituzte: kontzertuak, elkarretaratzeak... eta ikastetxeek, kirol elkarteek eta komunitateek parte hartzen dute. Herri mailako ekintzak dira horietako asko. Irlandatik at ere antolatzen dituzte, handia baita komunitatea zenbait lekutan.

Ingelesarekin batera herrialde osoko hizkuntza ofiziala izan arren, hizkuntza gutxitua da gaelikoa; hiztunak ez dira bi milioira iristen. Mendebaldean hitz egiten dute bereziki. Gaelikoaren egoera laburbildu du Ruairik: «Irlandarron hizkuntza zabalduz doa herrietan eta hirietan. Immigrazioaren eta agintari batzuen axolagabekeriaren ondorioz presiopean jarraitzen du tradizionalki gaelikoz hitz egin den eremuetan. Nolanahi ere, komunitatea baikorra da etorkizunari begira»[1].

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo-estekak aldatu