Rainer Maria Rilke, izen osoa René Karl Wilhelm Johann Josef Maria Rilke, (Praga, Bohemia, Austria-Hungariako Inperioa, gaur egun Txekia, 1875eko abenduaren 4a - Val-Mont, Suitza, 1926ko abenduaren 29a) XX. mendeko alemanezko poetarik garrantzitsuenetako bat izan zen. Bere lanik funtsezkoenak Duineser Elegien (Duinoko elegiak) eta Die Sonette an Orpheus (Sonetoak Orfeori) dira.

Rainer Maria Rilke

(1900)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRené Karl Wilhelm Johann Josef Maria Rilke
JaiotzaPraga1875eko abenduaren 4a
Herrialdea Alemania
 Austria
 Austria-Hungariako Inperioa
Lehen hizkuntzaalemana
HeriotzaMontreux1926ko abenduaren 29a (51 urte)
Hobiratze lekuaRaron
Heriotza moduaberezko heriotza: leuzemia
Familia
Ezkontidea(k)Clara Westhoff  (1901eko apirilaren 28a -
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
HeziketaGerman University in Prague (en) Itzuli
(1895 - : literatura
Municheko Unibertsitatea
(1896ko iraila -
Hizkuntzakfrantsesa
alemana
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, antzerkigilea, itzultzailea eta eleberrigilea
Lantokia(k)Munich
Lan nabarmenak
Mugimenduasinbolismoa
Genero artistikoaDinggedicht (en) Itzuli
Prosa

rilke.de
IMDB: nm0727208 IBDB: 87294
Musicbrainz: 372abcd1-0367-41fd-8bcc-efe2b7c1c8bf Discogs: 558104 IMSLP: Category:Rilke,_Rainer_Maria Find a Grave: 2190 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

1875-1897 aldatu

Rilkek Pragan igarotako haurtzaro eta gaztaroa ez ziren oso zoriontsuak izan. Aita, Josef Rilke (18381906) burdinbideetako ofiziala zen eta ama, Sophie Entz (1851–1931), jatorri juduko industrialari familia batekoa. Ezkontza 1884ean apurtu zen, Sophiek etxetik alde egin zuenean. Bakarzaletasunak eta emozioetan gatazkatsua izandako haurtzaroak eragin handia izan zuten haren sentsibilitatearen konformazioan[1]. Ama eta semearen arteko erlazioa ez zen oso ona izan. Izan ere, amak ezin izan zuen gainditu alaba zaharrenaren heriotza, eta René (frantsesez "berpiztua") bost urte bete zituen arte neskaz janztera behartu zuen[2].

Aitak behartuta, 1886ean René Sankt Pöltengo eskola militarrean sartu zen, baina 1891ean, osasun arazoak zituela eta, utzi behar izan zuen. Aurrerago idatzi zuenez, eskola militarrean igaro zituen urteak erabateko sufrikarioa izan ziren[2]. 1892tik 1895era arte eskola pribatuak jaso zituen, eta azken urte horretan Pragako unibertsitatean sartzea lortu zuen. Pragan, lehenik, eta Munichen, gero, arte, literatura, artearen historia eta filosofia ikasketak egin zituen. Pragatik alde egin ostean izena aldatu zuen, René Mariaren ordez Rainer Maria hartuz.

1894ean bere lehen poema liburua, Leben und Lieder (Bizitza eta kantuak), argitaratu zen. Hurrengo urteetan Larenopfer eta Traumgekrönt kaleratu zituen.

1897-1902 aldatu

1897an, Munichen, maite harreman kartsua hasi zuen Lou Andreas-Salomerekin. Emakume hau Friedrich Nietzscheren maitale ohia, ezkondua eta Rilke baino hamalau urte zaharragoa zen. Banandu ostean ere, poetaren lagun mina izaten jarraitu zuen, hau 1926an hil zen arte. 1912 eta 1913an Lou Andreas-Salome Sigmund Freuden ikaslea izan zenez gero, haren bidez Rilkek psikoanalisiaren berri izan zuen.

1898an Italiatik zehar bidaiatu zuen. Hurrengo urtean Errusian egon zen Lou Andreas-Salomerekin, eta Moskun Leo Tolstoi ezagutu zuen. Errusiako paisaiek eta bertako nekazarien bizimoduak eragin handia izan zuten Rilkeren olerkigintzan[3], panteismo gisako batera bideratu zutelarik poeta gaztea[4]. Urte haietan Das Stundenbuch (Orduen liburua) idazten jardun zuen. 1900 urtean Rilke Bremen inguruko Worpswedeko artista kolonian bizitzen hasi zen. Han Clara Westhoff eskultorea ezagutu zuen eta hurrengo urtean harekin ezkondu zen. Ruth alaba 1901eko abenduan jaio zen. Hala ere, hilabete batzuen buruan, 1902ko udan, Rilkek familia utzi zuen Parisera joateko[5].

 
Paula Modersohn-Beckerrek 1906an egindako Rilkeren erretratua

1902-1910 aldatu

Die Aufzeichnungen des Malte Laurids Brigge (1910, Malte Laurids Briggeren koadernoko oharrak) eleberrian adierazi zuenez, Parisko egonaldiaren hasiera gogorra egin zitzaion. Hala ere, bertako artista eta intelektualekin izan zuen harremanak gogoa piztu zion. Auguste Rodinen eskulturek eta Paul Cézanneren margoek izugarri gustatu zitzaizkion. Europa osoan zehar bidaiatzen jarraitu bazuen ere, Paris bere munduaren erdigune bihurtu zen. 1905-1906an Rodinen idazkaria izan zen[6]. Nabarmentzekoa da eskultoreak poetarengan izan zuen eragina, artelana jarduera erlijiosotzat ikusten erakutsi baitzion. Teknikoki ere eskulturaren araberako olerkigintza sendoa egiteari ekingo zion poetak, Rodinengan miresten zituen lanerako adorea islatu nahirik[7]. Aro honetako lanik garrantzitsuenak Neue Gedichte (1907-1908, Poema berriak), Der neuen Gedichte anderer Teil (1908), Réquiem (1909) eta Die Aufzeichnungen des Malte Laurids Brigge (1904-1910, autobiografia kutsu handikoa) dira.

1910-1919 aldatu

1910ean Die Aufzeichnungen des Malte Laurids Brigge argitaratu ondoren, Rilkek 1922 arte iraun zuen sormen krisialdia izan zuen. Garai hartan Maria von Thurn und Taxis printzesa ezagutu zuen eta handik aurrera honek Duinon, Triestetik gertu, zuen gazteluan bolada luzeak igaro zituen. Han hasi zen Duineser Elegien (1922, Duinoko elegiak) idazten. Sormen krisiari aurre egiteko Louise Labéren sonetoak itzultzeari ekin zion.

Lehen Mundu Gerrak Alemanian harrapatu zuen. Ezin izan zuen Parisera itzuli, non herrialde etsai bateko hiritarra izateagatik bere jabetzak konfiskatuak izan baitziren. 1916 hasieran soldadutzara deitu zuten baina bere lagun boteretsuei esker zerbitzua betetzetik libratu zen.

1919-1926 aldatu

1919ko ekainean Munichetik, non gerra osoa igaro baitzuen, Suitzara joan zen. Han, besteak beste, Soglio, Locarno eta Berg am Irchelen bizi izan zen. 1921eko erdialdetik aurrera Veyras herrixkan (Valais kantonamendua) kokatutako Muzot gaztelua izan zuen bizilekua. Han sormen handiko aro bat izan zuen eta bere lanik garrantzitsuenak, Duineser Elegien (hamar urte lehenago hasitakoa) eta Die Sonette an Orpheus, idatzi zituen[3]. Kierkegaard-en filosofia existentzialetik hurbil munduaren kontzientzia berriaz eta gizakiaren existentziaren zentzuaz hausnartzen du[8].

1923an, gaixotasun larri batengatik, sendategietan egon behar izan zuen denboraldi batez. 1925ean Parisera joan zen, etxebizitza aldaketa onuragarria izango zelakoan. Gaixo zegoelarik ere ez zion idazteari utzi. Hil baino lehenxeago jakin zen gaixotasuna leuzemia zela. Montreuxko Valmont sendategian hil zen, 1926eko abenduaren 29an. 1927ko urtarrilaren 2an Rarongo hilerrian ehortzi zuten. Epitafioa berak aukeratua izan zen:

Rose, oh reiner Widerspruch, Lust,
Niemandes Schlaf zu sein unter soviel
Lidern.

[Arrosa, o kontresan aratza, plazera,
hainbat betazalen azpian
inoren ametsa ez.][9]

Rilkeren lan aukeratuak aldatu

Obra osoa aldatu

  • Rainer Maria Rilke, Sämtliche Werke in 12 Bänden (Obra osoa 12 liburukietan), Rilke Archivek Ruth Sieber-Rilkerekin batera plazaratura. Frankfurt am Main (1976)
  • Rainer Maria Rilke, Werke (Works). Lau liburuki eta bosgarren bat. Manfred Engel, Ulrich Fülleborn, Dorothea Lauterbach, Horst Nalewski eta August Stahl egileek plazaratuta. Frankfurt am Main and Leipzig (1996 eta 2003)

Poesia liburuak aldatu

 
Rilkeren Réquiem.
  • Leben und Lieder (Bizita eta abestiak) (1894)
  • Larenopfer (Lareei eskaintza) (1895)
  • Traumgekrönt (Ametsek koroatuta) (1897)
  • Advent (Abendua) (1898)
  • Mir zur Feier (1909)
  • Das Stunden-Buch (Orduen liburua)
    • Das Buch vom mönchischen Leben (Bizitza monastikoaren liburua) (1899)
    • Das Buch von der Pilgerschaft (Erromesaldiaren liburua) (1901)
    • Das Buch von der Armut und vom Tode (Pobreziaren eta heriotzaren liburua) (1903)
  • Das Buch der Bilder (Irudien liburua) (lau atal, 1902-1906)
  • Neue Gedichte (Bederatzi poema) (1907)
  • Duineser Elegien (Duinoren elegiak) (1923)
  • Sonette an Orpheus (Orfeori sonetoak) (1923)

Prosa aldatu

  • Geschichten vom lieben Gott (Jainko Onaren historiak) (narrazio bilduma, 1900)
  • Auguste Rodin (1903)
  • Die Weise von Liebe und Tod des Cornets Christoph Rilke (Chistoph Rilke alferezaren maitasun eta heriotz abestia) (narrazio lirikoa, 1906)
  • Die Aufzeichnungen des Malte Laurids Brigge (Malte Laurids Briggeren koadernoak) (Eleberria, 1910)

Gutunak aldatu

Gutun guztiak aldatu

  • Gesammelte Briefe in sechs Bänden (Sei liburukitan bildutako gutunak), Ruth Sieber-Rilke eta Carl Sieberrek plazaratuta. Leipzig (1936-1939)
  • Briefe (Gutunak), Weimarreko Rilke Archivek plazaratuta. Bi liburuki, Wiesbaden (1950, 1987an liburu bakarrean berrargitaratuta).
  • Briefe in Zwei Bänden (Gutunak bi liburukitan) (Horst Nalewski, Frankfurt eta Leipzig, 1991)

Gutunen beste bildumak aldatu

  • Briefe an Auguste Rodin (Insel Verlag, 1928)
  • Briefwechsel mit Marie von Thurn und Taxis, bi liburuki, Ernst Zinn-ek eta Rudolf Kassnerrek plazaratuta (Editions Max Niehans, 1954).
  • Briefwechsel mit Thankmar von Münchhausen 1913 bis 1925 (Suhrkamp Insel Verlag, 2004)
  • Briefwechsel mit Rolf von Ungern-Sternberg und weitere Dokumente zur Übertragung der Stances von Jean Moréas (Suhrkamp Insel Verlag, 2002)

Erreferentziak aldatu

  1. Salaberri, P. 2002: "Sarrera" in Rainer Maria Rilke: Poeta gazte bati idatziak, Donostia, Jakin: 7. or.
  2. a b Ralph FREEDMAN: Life of a Poet: Rainer Maria Rilke Washingtonpost.com
  3. a b Rilke, Rainer Maria Euskadi.net
  4. Salaberri, P. 2002: "Sarrera" in Rainer Maria Rilke: Poeta gazte bati idatziak, Donostia, Jakin: 8. or.
  5. Rainer Maria Rilke Picture-poems.com
  6. Vintilă HORIA:Introduccion a la Literatura Del Siglo XX Books.google.es
  7. Salaberri, P. 2002: "Sarrera" in Rainer Maria Rilke: Poeta gazte bati idatziak, Donostia, Jakin: 9. or.
  8. Salaberri, P. 2002: "Sarrera" in Rainer Maria Rilke: Poeta gazte bati idatziak, Donostia, Jakin: 10. or.
  9. Salaberri, P. 2002: "Sarrera" in Rainer Maria Rilke: Poeta gazte bati idatziak, Donostia, Jakin: 11. or.

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rainer Maria Rilke