Prostaglandina

Hainbat ehun eta organotan egon ohi den hormona, hainbat efektu biokimiko sorrarazten duena eta ugalketa-prozesu gehienetan parte hartzen duena

Prostaglandinak eikosanoideen taldeko substantziak dira, hormonen antzera jarduten dutenak (nahiz eta zentzu hertsian hormonak ez izan, ez baitira guruin endokrinoetan ekoizten) eta efektu fisiologiko anitzak eragiten dituztenak. Semenen aurkitu ziren estreinakoz 1935ean, baina geroago gorputzeko ia organo guztietan daudela egiaztatu da.

E1 (PGE1) prostaglandinaren egitura kimikoa.

Izena aldatu

Prostaglandina izena prostatatik dator, hasiera batean uste baitzen substantzia horiek prostatak ekoizten zituela. Geroago ikerlariek prostaglandinak beste ehun eta organo batzuetan ere ekoizten zirela ikusi arren hasierako izena mantendu da.

Egitura kimikoa eta biosintesia aldatu

Egitura kimikoari dagokionez 20 karbono dituzten gantz-azido oxidatuak dira, prozesu horretan eraztun ziklopentano bat eratzen zaiela.

Substantzia hauek azido arakidonikotik eratzen dira, zelula mintzetan dagoen gantz-azido batetik hain zuzen ere[1].

Motak aldatu

Gaur egun hainbat prostaglandina mota ezagutzen dira, letra ezberdinez izendatzen direnak (PGA, PGE, PGD, PGF...). Bakoitzaren zeregina berezkoa da.

Funtzioak aldatu

Hauek dira garrantzitsuenak:

  • hantura prozesuetan parte hartzen dute (E taldeko prostagladinek). Hanturaren bitartekoak dira, hantura eragiten dituzten eragileek -infekzioek, traumatismoek...- askatzen dituztenak
  • urdailean azido gastrikoen jariaketa gutxitzen dute eta mukosa gastrikoaren garapena bultzatzen dute
  • giza gorputzaren tenperatura erregulatzen dute
  • giltzurrunetan ere jarduten dute, kanporatu behar diren substantzien eliminazio-prozesua erraztuz
  • plaketen pilaketa eragiten dute, eta baita kontrako efektua (despilaketa) ere
  • batzuek presio arteriala igotzen dute (odol hodien dilatazioa eraginez) eta beste batzuek, aldiz, jaitsi egiten dute (odol hodien basokonstrikzioa sortuz) [2]

Aspirina botikak prostaglandinen sintesia inhibitzen du. Prostaglandinek urin gastrikoaren jariaketa erregulatzen dutenez, eta urdaileko mukosa gastrikoa ere garatzen dutenez, aspirinak -prostaglandinak kentzerakoan- urdaila nabarmen kaltetzen du, zauriak eta ultzerak sortuz.

Erreferentziak aldatu

  1. Ingraham, J. eta Ingraham, C. Introducción a la Microbiología vol. 2, Ed. Reverté, 381 orr.
  2. Ganong, W.F.: Manual de Fisiología médica, ed. Mundo moderno, 1980, 267-268 orr.

Kanpo estekak aldatu