Portugalgo Bigarren Errepublika

Estado Novo (Estatu Berria euskaraz), Portugalgo Bigarren Errepublika edo Errepublika Korporatiboa eragozpenik gabe 48 urte iraun zuen erregimen politiko autoritario eta korporatibistak hartutako deiturak dira. Hala ere, aldaketa txikiak gertatu ziren urte horien zehar forma eta edukiari dagokienez, 1933an estatu mailako erreferendum baten bidez, Portugalgo Konstituzioa berretsi zen; aitzitik, 1974ko apirilean hasitako Krabelinen Iraultza eta egoera nahasien testuinguruan, demokraziarako behin betiko pausoak eman ziren.

Portugalgo Bigarren Errepublika
Estado Novo
1926 – 1974
Estatu autoritarioa (Errepublika)
bandera

armarria

Geografia
HiriburuaLisboa
Biztanleria1940 - 17.103.404
1970 - 22.521.010
Azalera2,168,071 km² (1940) km²
Ekonomia
DiruaPortugaldar ezkutua
Kultura
Hizkuntza(k)Portugesa
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Historia
Estatu-kolpea1926
1933ko konstituzioa1933
Krabelinen Iraultza1974
Aurrekoa
Portugalgo Lehen Errepublika
Ondorengoa
Portugal

Testuingurua aldatu

António de Oliveira Salazar boterera iritsi baino askoz lehenago, Portugal kontraesan deigarri batean sartuta zegoen: aldi berean, lehen mailako potentzia koloniala eta garapen oso mugatuko herrialdea zen. Gabezia eta ahulezia estruktural handiak zituen, ikuspuntu ekonomiko eta finantzierotik menpekotasun handiko herrialdea zen, batez ere bere aliatu historiko handiari, Britainia Handiari, dagokionez. Bestela esanda, Portugal kasu berezia zen nazioarteko botereei dagokionez, eta hala hautematen zuten Europako kantzilertza handiek, bereziki Londresek, Lisboan zuen nagusitasun-posizioak zalantzarik gabeko onurak ekartzen baitzizkion bere nazioarteko politikarako.

Portugal britainiar hegemonia sisteman erabat sartuta zegoen, bere independentzia, boterearen barne egitura indartzea eta afrikar bere proiektu inperialaren bideragarritasuna baieztatzeko gaitasuna bezalako funtsezko helburuak mantentzeko beharrezko laguntza jasotzearen truke. Mendekotasun-politika Portugalentzat beharrezko hegemonia-politika onartua zen, itsas botere hegemonikoarekiko harremanak bi aldeentzako funtsezko onurak zekartzalako ideian oinarritua.

20. hamarkadan herrialdea ezegonkortasun-fase ia konponezin batean sartu zen; izan ere, haren ekonomia mehatxatzen zuen finantza-tentsio kronikoaz gain, tentsio politiko sakona zegoen, eta horrek ezarritako orden liberala zalantzan jartzen zuela zirudien. 1928ko estatu-kolpeak tentsio sozial, politiko eta finantzieroak areagotu zituen. Konponbide eraginkorrik aurkitu ezean, Salazar boterean ezartzea, kanpo ikuspegi batetik, Portugal pairatzen ari zen egoera zaurgarritik ateratzeko aukera gisa ikusi zen. Londres edo Paris hiriei dagokienez, Salazar irtenbide egokia zen Portugalen barne-egonkortasuna bermatzeko, diktadura epeleko erregimen bat ezarriz.

Azken batean, Salazarren diktadura Portugal bezalako herrialde periferiko eta atzeratu baten zirkunstantzietarako egokia izateaz aparte, diplomatiko frantziar eta britainiarrek aukera ezinhobea ikusi zioten, mugimendu iraultzaile edo erradikalek aprobetxa zezaketen desordena-egoera bat saihesteko.

Lehen errepublikaren gainbehera aldatu

1910eko Lisboa eta Portoko hauteskundeetan errepublikazaleak atera ziren garaile. Urriaren 4ko iraultza hasi eta Manuel II.a, 1908 eta 1910. urteetan zehar herrialdearen erregea, Britaina Handira erbesteratua izan zen. 1911n konstituzioa onartu baina egonkortasuna nagusi zen eta ekonomiaren egoera gero eta kaxkarragoa zen. Azkenik, 1926an Manuel Gomes da Costa jeneralak estatu golpea eman eta errepublika desegin zuenean, Salazarren diktadurari bidea eman zion.

Erregimenaren izaera politikoa aldatu

Batasun Nazionala (União Nacional) zen erregimenaren ideologia ordezkatzen zuen alderdi politikoa eta hauteskundeetara aurkezteko eskubidea zuen alderdi bakarra zenez, hauteskundeak beti irabazten zituen. Besteak beste, batasun nazionalaren ideologiaren oinarriak portugaldar abertzaletasuna, kontserbadurismoa, tradizioen defentsa, katolizismoa eta paternalismoa ziren. Estatuaren ordenari dagokionez, ordena indar polizial sendo eta zorrotzarekin mantentzen zuen. Erregimenaren ezaugarri deigarrietako bat, Salazar liderraren irudi publikoa zen. Beste erregimen faxistetan ez bezala, portugaldarrek ez zuten Salazar publikoki gurtzen eta beste diktadore batzuekin alderatuz, askoz ere gutxiago agertzen zen jendaurrera. Nazioarteko harremanei dagokionez, Portugalek Erresuma Batuarekin zuen harreman ona mantendu eta 1949. urtean, Portugal NATOn sartu zen. Horrekin batera, Portugalek bere armada modernizatzeko aukera izan zuen eta aurrerago izan zituen gatazka kolonialetarako faktore garrantzitsua izan zen. Koloniei dagokienez, garai hartan, Portugalek  Angola, Guinea Bissau eta Mozambike zituen Afrikan eta Indiako Goa eta Txinako Makao Asian. Kolonia horiek zituztelarik, portugaldarrek haien amets kolonialak bete zituzten baina gerora, haien askatasuna lortzeko martxan jarritako mugimenduek erregimenaren amaiera hasi zuten.

Ekonomia aldatu

Ekonomiari dagokionez, Portugalgo oinarri nagusia nekazaritza zen. Salazarren gobernuak ez zuen dirurik inbertitzen gizarte hobekuntzetan eta aurrekontu zorrotzak aurkezten zituen. Erregimenak aurrera eramandako neurri azpimarragarriena aurkeztu zituzten bost urteko bi planak izan ziren. Lehena 1953-1958 urteen artean egin zen eta bigarrena, 1959tik 1964ra. Biei esker, Portugalgo produktu nazionalak % 35eko gorakada lortu zuen: igoera horrek, Portugalgo merkataritzan eta industrietan eragin positiboa izan zuen; hala ere, ez zuen modernizazio handirik ekarri.

Demografia aldatu

Portugalgo demografiari dagokionez, iparraldearen eta hegoaldearen artean aldaketa nabarmena zegoen. Industrian, iparraldea oparoagoa eta aberatsagoa zen hegoaldea baino, hegoaldean biztanle gehienek landa eremuetan lan egiten baitzuen. Salazarren erregimenaren garaian, desberdintasun handiak zeuden nobleziaren eta langile klasearen artean. Alegia, Portugalgo aberastasun guztia elite txiki batek biltzen zuen. Horren harira, deigarria da garaiko Portugalgo hamar familia garrantzitsuen artean herrialde osoko aberastasunaren % 50 biltzen zutela. Gizarteari dagokionez, analfabetismo tasa handia zegoen Portugalen eta gizartea oso oso erritmo motelean modernizatzen zen. Horrek guztiak, migrazio mugimendu handiak sortu zituen: gehienek Brasilera edo Frantzia, Belgika, Suitza eta Alemaniara migratu zuten.

Erregimenari oposizioa aldatu

Oposizioari dagokionez, langile, ikasle eta Salazarrekin bat egiten ez zuten militarrek osatzen zuten gehiengoa. Diktadura guztian zehar, ekintza eta konplot ugari eraman zituzten aurrera. Honako hauek izan ziren ekintza azpimarragarrienak:

Kontzientziazio prozesua aldatu

70eko krisiak egonkortasun aldi luzearekin amaitu zuen Europako herrialde kapitalista garatuetan. Hori horrela, borroka giro orokortua sortu zen gizartean, baita Portugalen ere.

Gerra koloniala izan zen ia 50 urte iraun zituen diktadura eraisteko faktore erabakigarriena. Portugalgo indar armatuek bazekiten ezin ziotela gerra kolonialari aurre egin baina, hala ere, erregimenak koloniak mantentzeko beharra defendatzen zuen eta ekonomia guztia horretara bideratzen zuen. Koloniarik gabe Espainiak menderatuko zuela argudiatzen zuen. Portugaldarrek, ordea, ez zuen kolonietako errealitatea ezagutzen: prentsa zentsuratuta zegoen eta hildakoak ezkutatu egiten zituzten.

Ginea-Bissauko gerra galtzear zeudela ere ez zekiten metropolian. Alabaina, bertan borrokan zebiltzan militarrak egoeraz kontzientziatzen joan ziren pixkanaka. Gerra koloniala amaitu egin behar zen eta horretarako ezinbestekoa zen erregimena gainditu eta demokrazia ezartzea.

Iraultzaren prestakuntza prozesua aldatu

1974ko otsailean Marcelo Caetanok António de Spínola, erregimeneko buruzagietako bat, kargutik bota zuen, Portugal eta etorkizuna liburua argitaratu izanagatik. Liburu horretan kolonietako gerra bukatu behar zela eta gatazkari irtenbide bat bilatu behar zitzaiola defendatu zuen. Gertaera horrek Espinola Indar Armatuen Mugimendura gehiago hurbiltzea eragin zuen. Horrez gain, Vasco Lourenço, mugimenduaren buruzagietako bat, Azoreetara bidali zuten.

Erregimenaren estrategia ikusita, mugimenduaren antolatzaileek iraultza azkartu egin behar zela ikusi zuten. 1974ko martxoaren 16an Caldas de Rainha herrian golpe saiakera bat egin zuten indar armatuko kide batzuek, baina altxamenduak porrot egin zuen.

Azkenik, indar armatuaren buruzagi gorenak, Otelo Saraiva de Carvalhok, iraultzarako eguna zehaztu zuen: apirilaren 25a. Apirilaren 24ean, Otelok Portugalgo parke batean pasa zuen arratsaldea iraultzaileei ezkutuan altxamenduaren azken argibideak ematen.

Iraultzaren eguna aldatu

1974ko apirilaren 25ko iraultzan lurreko armadak hartu zuen parte batik bat; aireko armadako 8 militar gehitu ziren eta itsasoko armadako beste 2.

Bi kantak gau hartan operazio militarra hastera zihoala ohartarazi zuten. Apiriralen 24ko gaueko 22:55etan entzun zen Clube irratian lehen seinalea; Paulo de Carvalhoren E depois do adeus abestia. Bigarren eta azken seinalea 00:25etan entzun zen Renascença irratian: Jose Alfonsoren Grândola, Vila Morena abestia.

Une horretan bertan, Otelo Saraivaren agindupean, iraultzaileak kapitaleko puntu estrategikoak okupatzen hasi ziren: hedabideak, aireportuak, gobernu erakundeak, eta abar.

Iraultzaren egunean bertan NATOko fragata bat Tajoko bokalean zegoen, baina gatazkan parte hartzeari uko egin zion. Goizeko 10etan Escola Prática de Cavalaria de Santarém Lisboara iritsi zen Salgeiro Maiaren gidaritzapean, baina horiek ere ez ziren gatazkan sartu. Are, Salgeiro Maiak iraultzak irabazi egin zuela adierazi zuen eta ultimatum bat bidali zion Caetanori.

Caetanok errenditu aurretik, boterea egun batzuk lehenago kargugabetu zuen Spínola jeneralari emateko eskatu zuen.

Jendea kalera atera, tankeetara igo eta militarrekin batera garaipena ospatu zuen.

Krabelin gorriak aldatu

Taberna batean, krabelinak erosi zituzten apirilaren 25 horretan, haien urteurrena ospatzeko. Ireki ezingo zutela ikusirik, Celeste Caeiro zerbitzariak loreok soldaduen artean banatu zituen eta haiek uniformeak, armak eta abar krabelinekin apaindu zituzten eta hori dela eta, 1974ko apirilaren 25eko iraultza Krabelinen Iraultza izenaz ezagutzen da.

Mugimendu baketsua aldatu

Iraultza baketsua izan zen. PIDE polizia politikoa izan zen tiro egin zuen bakarra: lau hildako eta hainbat zauritu utzi zituen. Iraultza ia odolik isuri gabe egin zen, munduari lezio bat emanez.

Iraultzaren ondorengo garaia aldatu

Apirilaren 25ean bertan preso politikoak askatu zituzten eta erbestean zeuden politikariak ere itzuli egin ziren. Erregimenak ilegalizatu zituen alderdiak berriro ere legalizatu ziren eta zentsura kendu zen.

Apirilaren 26ean estatuko telebista eta irratietan Indar Armatuko Mugimenduko kideak aurkeztu ziren Spínola buru zutela. Horiek Salbazio Nazionalerako Batzarra (Junta de Salvação Nacional ) osatu zuten eta lehenengo erabakiak hartzeaz eta egun batzuk beranduago behin-behineko gobernu bat eratzeaz arduratu ziren.

Ondoren boterea lortzeko borroka hasi zen. Hiru F tradizionalak (Futebol, Fado e Fátima) hiru D (Democratizar, Desenvolver e Descolonizar) bilakatu behar zirela argi zuten denek, baina bakoitzak helburu hori lortzeko bere modua planteatzen zuen.

Hurrengo bi urteetan ia, PREC (Processo Revolucionário em Curso) laburduraz ezagutuak, demokrazia hitzaren esanahiaren eta deskolonizazio prozesuaren inguruko eztabaidak eman ziren. Spínolak eta beste batzuek koloniak mantendu nahi zituzten; kapitain gehienek, ordea, ez. Azkenik, 1974ko iraila eta 1975eko azaroa bitartean koloniek independentzia lortu zuten: Ginea-Bissau, Mozanbike, Cabo Verde, Sao Tome eta Principe eta azkenik, Angolak.

Eztabaida ideologiak zirela eta, bi bando sortu ziren:

  1. Moderatuak: Ernesto de Melo Antunesen jarraitzaileak eta mendebaldar demokrazia ezartzearen aldekoak.
  2. Ezkertiarrak: Otelo Saraivaren jarraitzaileak eta iraultzaren arrakastan sakontzearen aldekoak. Otelok ez zuen diktadura faxista batetik demokrazia burges batera igaro nahi.

Otelo Saraiva hauteskundeetara aurkeztu zen, baina ez zituen bozka asko lortu. Ondoren kartzelatik igaro zen: atentatu terroristak egin izana egotzi zioten, nahiz eta berak ez zuen inoiz halakorik aitortu.

Spínolak hainbat eskuinekoren aldeko golpe saiakera egin zituen. Porrot egin zuten baina politika erradikalizatu zuten.

Iraultzaren Batzarrak hainbat erabaki hartu zituen, horien artean enpresa, lur eta ondasun guztiak nazionalizatzea. Latifundistek ihes egin behar izan zuten.

1975eko irailaren 29an, Spínolak dimititu egin zuen herrialdeari diktadura berri bat hasiko zela ohartaraziz; oraingoan diktadura ezker aldekoena izango zen.

Egoera erradikalizatzen joan zen eta 1975eko azaroaren 25ean ezker muturrekoen azken saiakera golpista eman zen, baina porrota pairatu zuten. Iraultzaren amaiera izan zen.

1975eko azaroaren 25aren ondoren Portugalgo egoera egonkortuz joan zen. Batzar Konstituziogileak 1976ko konstituzioa onartu zuen eta demokrazia parlamentarioa ezarri. António Ramalho Eanes errepublikako presidente izendatu zuten.

Bibliografia aldatu

  • Aramendi Mendia, Txomin (2019). Espainia eta Portugaleko Erregimen Aldaketen Sakonera Demokratikoen arteko Konparaketa. [On-line], eskuragarri hemen:  https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/34755/TFG_Mendia_Aramendi_Jon.pdf?sequence=1
  • Paredes,  J. (2008). Historia unibertsal garaikidea Lehen Mundu Gerratik gure egunetara. Hegoaldeko Europaren bilakaera politikoa XX. mendearen bigarren erdian. (442-446. orr).
  • Radio Nacional de España (2014). 25 de abril: Lisboa era una fiesta [On-line], eskuragarri hemen: https://www.rtve.es/alacarta/audios/documentos-rne/documentos-rne-25-abril-lisboa-era-fiesta-19-04-14/1790190/

Kanpo estekak aldatu