Poliziaren gehiegikeria

Poliziaren gehiegikeria terminoak poliziak pertsonen aurka burututako jokaera okerrak biltzen ditu, giza eskubideen aurka, hala nola neurrigabeko indarkeria fisikoa (hilketaraino iritsiz, kasu batzuetan), mehatxuak, irainak, gehiegizko zela eta arrazoirik gabeko atxiloketak, poliziak duen agintaritzaz baliatuta. Noiznahi gerta badaiteke ere, poliziaren gehiegikeriak nabarmenak izan dira errepresio politikoan, botere politikoaren onarpenaz askotan, gizarte-gutxiengoetan eta beheko gizarte-klaseetan. Emakumeak ere poliziaren gehiegikeriaren biktimak izaten dira, askotan sexu-erasoak ere pairatuz. Polizien antzera presondegietako funtzionarioek egiten dituzten gehiegikeriak ere salatzen dira.

Ertzaintza Batasunaren legez kanporatzea salatzeko deituriko "Gora Euskal Herria" manifestazioan, Bilbon.
Ian Tomlinson arrazoirik gabeko polizia-eraso batengatik hil zen 2009 urtean, lanetik etxera itzultzen zelarik, Londresko G-20 gailurraren aurkako protesten errepresioan.
Poliziaren gehiegikeriek poliziaren aurkako jarrera sortu dute gizartean. Irudian, «Gizon bat zen, orain poli bat da.» dioen pintada, Donostian.

Zuzenbide anitzetan poliziaren gehiegikeriak poliziaren kriminaltasunaren baitan sartzen badira ere,[1] pertsonen aurkako gehiegikeria kasuak salatu eta justiziaz ebazteko zailtasunak eta oztopoak ere agerikoak izaten dira herrialde askotan, bai poliziaren beraren aldetik bai justiziagintzaren aldetik. Gizartean ere jarrera politiko zenbait bereizten da gai honen inguruan, poliziaren lana printzipioz erabat aldeztu eta poliziarekiko konfiantza osoa dutenak alde batetik, eta polizia zorrotzago kontrolatu behar dela baieztatzen dutenak bestetik. Poliziaren gehiegikeriek poliziaren aurkako jarrera ere sortu dute gizarteko sektore zenbaitetan.

Arazo hauetan garrantzi handia duten beste eragileak hedabideak dira: batzuek bertsio ofizialak jaso eta poliziaren gehiegikeria kasuak justifikatu soilik egiten duten bitartean, badira beste hedabide batzuk kasu hauek ikertu, zabaldu eta erantzukizunak eskatzen dituztenak. Halaber, badira elkarteak polizia gehiegikeria aztertu eta salatzen dutenak, mundu osoan oso ezaguna den Amnesty International eta Human Rights Watch esaterako. Martxoaren 15 da poliziaren gehiegikeriaren aurkako nazioarteko eguna, Estatu Batuetan urriaren 22an poliziaren gehiegikerien aurkako ekitaldiak burutzen badira ere.

Aurrekariak aldatu

Poliziak legeak ezartzen duen ordenaren hausturaren aurka indarkeriaz jarduten duen gizarte-kontrolerako erakundea da. Horretarako, estatuak ordena hautsi edo ordena haustearen susmagarriak diren pertsonak bilatu, kontrolatu, galdekatu, atxilotu eta horien aurka, beharrezkoa balitz, indarkeria fisikoa erabiltzeko eskumena du. Zuzenbide-estatuetan eskumen horiek legez araututa daude; oro har, pertsona guztien segurtasun fisikoa bermatu behar dute, baita atxilotuena ere, eta hiritarrekiko jokabide gizalegezko eta zuzena eskatzen zaizkie.[2]

Poliziaren jarduera praktikan gauzatzerakoan, ordea, politika ezberdinak bideratu daitezke. Gizartean aurkako ikuspuntu bi izaten da gaizkileen jazarpenari buruz, polizia gehiegikeriaren balorazioa ere eragiten dutenak, biek delituaren definizioa partekatu eta segurtasun indarrek «zuzenbide-estatua eta demokrazia bermatzeko» daudela baieztatu arren. Ikuspuntu kontserbadore edo eskuineko batetik, gaizkileak poliziak borrokatu behar dituen etsaiak dira eta delituen aurkako gerran eskumen osoak izan behar dituzte poliziek. Orobat, legea hausten dutenak euren ekintzen jabe izaten dira eta zorrotz jazarri eta zigortu behar dira; ildo horretatik, poliziaren lan errepresiboa goratu eta justiziak poliziaren jarduera mugatu behar ez duela aldezten dute.Muturreko ikuspuntu bat zero tolerantzia izenekoa da, zeinaren arabera legeak zorrotz bete behar diren, egoeraren zirkunstantziak eta nola edo halako balorazioak baztertuz. Ezkerreko ideologiatik ere delituaren legezko definizioa onartzen bada ere, krimena arrazoi biologiko, psikologiko eta sozialengatik gertatzen da eta, beraz, banakoak ez dira guztiz errudun lege-haustea egiten dutenean. Hori dela eta, zero tolerantzia politikan ez bezala, poliziek delituzko jokaerak ulertu eta baloratzeko ahalegina egin behar lukete; aldi berean, polizia komunitatean integratu beharko litzateke, prebentzioa lehenetsiz. Justizian ere, delituaren edo lege haustearen zirkunstantziak kontuan hartu eta epaia banako bakoitzaren egoerara egokitu beharko litzatekeela irizten da ezker ikuspuntutik. Eskuineko ikuspuntutik ordena da balore nagusia; ezkerretik, berriz, justizia da lortu beharreko helburua. Poliziaren gehiegikeriak eskuineko ideologiatik sortzen dira gehienbat, bertatik gaizkileak zapaldu eta zigortu behar baitira, gehiegikerietarako bidea zabalduz. Ezkerreko ikuspuntutik, aitzitik, poliziaren gertutasuna, ulermena eta pertzepzio orekatua bultzatzen direnez, indarkeria eta bestelako gehiegikeriak sortzeko arriskua gutxitu egiten da.[3] Beste ikuspuntu kritiko batetik polizia estatuaren boterearen indar errepresiboak dira sistema kapitalistan eta aginteriazko beste estatuetan, sistemaren iraupena eta garapena bermatzeko antolaketa sozial, ekonomiko eta politikoaren haustura ahaleginen aurka borrokatzen direnak; horrela, poliziaren gehiegikeriak sistemak berak bultzatu eta erregulatzen ditu, bere uneko interesak zein diren.

Historian, poliziak duen agintaritza eta indarra erabiltzeko eskumena gizarte-kontratuaren teorian oinarritzen da: banako orok bere askatasunaren zati bat utzi egiten du, poliziak eman behar dion babesaren trukean. Aro modernoan sortzen joan ziren polizia-erakundeek gizarte-zerbitzu moduan egin zuten lan hasiera batean,[4] baina XX. mendearen hasieran herriaren zerbitzari publikoaren rola galdu eta «gaizkileen jazarpena» hartu zuen helburu nagusitzat. XX. mendean zehar, polizia disidentzia politikoaren aurka jarduteagatik ere nabarmendu da, batez ere demokraziarik gabeko herrialdeetan. Horren adibide garbiena eta ankerrena Alemaniako Hirugarren Reicheko Gestapo polizia politikoa izan zen, estatuaren ideologiaren bat ez zetozen milaka lagun torturatu eta erail zituena.

Poliziaren indarraren eta agintaritzaren erabilera aldatu

 
Poliziek gorputz miaketarako eskumena dute, baina batzuetan praktika hauen bitartez pertsonen intimitatea eta duintasuna erasotzen dituzte poliziek.

Poliziak indarraren erabileraren eskumena du bere eginkizun zenbait betetzean, hala nola atxiloketa, ihesaldi eta unean bereko delituetan. Indar horren gehiegizko edo neurrigabeko erabilera izaten da, kasu askotan, poliziaren gehiegikerien jatorria. Herrialde bakoitzak poliziaren jokabideari buruzko berariazko araudiak izaten baditu ere, munduko herrialdeak biltzen dituen Nazio Batuek «Legea betearazten duten funtzionarioentzako jokabide-kodea» eta «Legea betearazten duten funtzionarioek indarra eta su armak erabiltzeari buruzko oinarrizko printzipioak» onartu dituzte munduko polizien jokabidea zuzendu nahian.[5][6] Bertan, poliziaren lana gidatzean, indarra salbuespenez bakarrik erabili behar dela ezartzen da, beharrezko bada eta bestelako bitartekoak (pertsuasioa, esaterako) nahikoak izan ez direnean. Nolanahi ere, indarra erabiltzekotan, legez eta neurriz erabili behar da, jazarritako pertsonaren giza eskubideak errespetatuz. Legez kanpoko manifestazio eta bestelako bilkuretan, esaterako, poliziek ez dute indarra erabili behar eta ezinezkoa izatekotan, indar minimoa erabiliko dute. Su armak ere salbuespenez baliatuko dira eta poliziaren eta beste pertsonen bizia arriskuan dagoenean bakarrik erabiliko dira. Beste pertsonen bizitzarentzat mehatxu diren pertsonen jazarpenen kasuan, atxilotua egiteko erresistentzia egin eta beharrezkoa balitz bakarrik erabili behar dira. Aurretik, gainera, beharrezko ohartarazpenak egingo zaizkio jazarritako pertsonari. Aldi berean, su armek egindako zauriak albait gutxien izan daitezen saiatu behar da, eta gertatuz gero, jazarritako pertsonaren biziaren eta osasunaren alde jokatuko dute, osasun zerbitzuei eta familiarrei deituz lehenbailehen. Su-armak erabili behar dituzten poliziak zein izan behar diren ere tentuz aztertu behar da, behar baino arrisku gehiago ez sortzearren. Su armen arriskua ekiditeko ahaleginetan, gorputzean deskarga elektriko bat egiten duten Taser izeneko armen erabilera ugaldu da, Estatu Batuetan kasu. Printzipioz hilgarriak ez diren arma hauen erabilera, ordea, oso arriskutsua dela egiaztatu da, poliziek behar baino gehiagotan erabili, kasu askotan delitu arinak egin dituzten gaztetxoen aurka, eta heriotza ekar dezaketelako, batez ere osasun arazoak dituzten pertsonen kasuan.[7] Nolanahi ere, estatu modernoetan erabilitako armak poliziak legez erabil ditzakeen horietakoa izan behar da.

Poliziak duen beste eskumen bat pertsonak atxilotzea da. Atxiloketa ekintza kautelazkoa da eta bere helburua ustezko gaizkileak justizia-agintearen esku jartzea da, epaiketa egin eta balizko zigorra ezartzeko. Atxiloketak pertsonaren askatasuna ezabatu egiten du eta bere eskubideak kolokan jartzen ditu poliziaren mendean. Atxiloketa arrazoirik gabekoa ere izan daiteke. Hori guztia dela eta, atxiloketa arbitrarioak ekiditeko herrialde zenbaitetan atxilotuak habeas corpus eskatzeko eskubidea du, zeinaren arabera bere burua epailearen esku berehala jarri eta aske geratzeko eskaria egiten duen. Nolanahi ere, atxilotuak poliziaren eskuetan denbora luzean egoten dira justizia-agintearen aurrean deklaratu aurretik,[8][9] eta horrek atxilotuak polizia gehiegikeriak pairatzea ekartzen ditu. Horretaz gainera, atxilotuak isilik egon eta bere burua errugabetzat jotzeko eskubidea du. Abokatu bat izendatu, familiarrei jakinarazi eta mediku baten asistentziarako eskubideak ere baditu. Eskubide hauek guztiak atxiloketaren unean jakinarazi behar zaizkio atxilotuari eta ulertzen duen hizkuntza batean. Atxiloketaren unean bertan, poliziak polizia dela adierazi beharko du gainera. Legeek ezartzen dutenaren arabera, atxiloketaren unean erabili beharreko indarra neurrikoa izan behar da eta, zuzenbide estatu demokratikoetan betiere, atxilotuak tratu txar fisiko zein psikikoak egitea.[10] Nazio Batuek atxiloketan zehar poliziak egindako galdeketak grabatzea gomendatzen badute ere, izan litezkeen tratu txar, tortura eta gehiegikeria kontrolatzearren, estatu gutxik onartu dute gomendio hori.[11]

 
Poliziak balizko istiluei aurre egiteko erabili behar dituen bitartekoak egokiak eta proportzionalak izan behar lirateke.

Poliziek pertsonei identifikazioa eskatu eta arroparen gainetiko gorputz miaketak egiteko eskumenak ere dituzte. Nolanahi ere, ekintza hauek pertsonaren intimitatea babestuz egin behar dira, tratu degradatzailerik gabe eta pertsonaren sexua kontuan harturik. Gorputz miaketa arbitrarioen praktika salatu izan da giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen aldetik.[12] Gorputz miaketa osoak, pertsona biluzik dagoela alegia, ere egin ditzake poliziak baina beharrezko kasuetan bakarrik.[13] Gorputz miaketen praktika arrunta da presondegietan, arroparen gainetik zein biluzik, presoen zein presoen bisitarien kasuan.

XX. mendean zehar, istiluen aurkako polizia erakunde bereziak sortu ziren. Ordu arte, herritarren matxinadak erreprimitzeko militarrak, eta batzuetan zibilak ere, erabiltzen ziren, hildako anitz eraginez. Istiluen aurkako poliziak hilgarriak ez diren armamentuz horniturik egoten dira herrialde modernoetan (borrak, ur-kanoiak, kautxuzko balak eta gomazko pilotak, ke-poteak, ...), kasu askotan arma hilgarriz ere horniturik badaude ere. Hilgarriak ez diren armak modu desegokian erabiliz gero, hilgarriak izan daitezkeela ere kontuan hartu behar da.[14] Poliziaren eskumenak kasu hauetan egokitasun eta proportzionaltasunez erabili behar dira, arma edo bitarteko bakoitza beharrezkoa denean bakarrik erabiliz. Politika eta polizia agintariek emandako aginduek, egoeraren tentsioak berak edo eta polizia banakoen nortasunek, ordea, gehiegikeriak eragiten dituzte askotan, egoerak sortutako legez kanpoko gertaerak ekidin baino errepresio hutsa izaten baita helburua. Hartara, kaleko elkarretaratze, matxinada eta istiluetan milaka lagun hil dira historian poliziaren gehiegikeriaz, gehienetan estatuen babesarekin.

Aurreko eskumen horiek guztiak agintaritza-printzipioaz baliatzen ditu poliziak, zuzenbidearen esanetan ordena publikoa bermatu eta bere lana babesteko. Poliziaren aginduak (identifikazioa eman, lurrean etzan, eskuak altxa edo bestelako mugimenduak egin, elkarretaratze politiko bat desegin, besteak beste) onartzen ez dituena agintaritzaren aurkako delituarengatiko errudun izan daiteke zuzenbide guztietan. Horrela, gehiegikeriei aurre egiteko ahalmenak nabari murrizten dira. Areago, poliziaren agintaritza arbitrarioa errespetatu ez eta hartara desobedientzia zibilari ekiten diona poliziaren gehiegikerien biktima izaten da askotan,[15] indarkeria eta agintaritzari desobedientzia eta erresistentziagatiko atxiloketak eta salaketak pairatuz.

Gehiegikeriaz gehiegikeria aldatu

 
2008an Tolosan Lasa eta Zabala GALen biktimen aldeko elkarretaratzea. Debekatu zuten eta Ertzaintzak agerraldia indarrez desegin eta hainbat lagun atxilotu zituen.
Historian zehar edo hedabideetan oihartzuna izan duten poliziaren gehiegikeria kasuen zerrenda bat izateko, ikus: Poliziaren gehiegikeria kasuen zerrenda eta Poliziaren gehiegikeria kasuen zerrenda Euskal Herrian.

Poliziak indarra erabiltzeko eskumena duenez, zalantzazkoa da poliziaren ekintza bat gehiegikeriatzat jo daitekeen, ekintzaren zirkunstantziak askotan nahasiak eta pertzepzio subjektiboen mendean izaten direlako. Ildo horretatik, poliziaren indarra, gehiegizko indarra eta poliziaren gehiegikeria edo zakarkeria terminoak erabili dira egoera ezberdinak baloratzeko. Gehiegizko indarraren eta gehiegikeriaren arteko mugak poliziaren asmoak zehazten duela baieztatu da: poliziaren asmo txarra balitz, gehiegikeria litzateke; bestela, gehiegizko indarra soilik izango litzateke.[16] Poliziak bere jardueran aurki ditzakeen egoera guztien aniztasuna horietan nola jokatu behar duen zehaztea zaildu egiten du eta gehiegikeriaren balorazioa objektiboa oztopatu. Gehiegikerien definizio zehatza zailtzen duen beste elementu bat Jarraian gehiegikeriatzat jo izan diren poliziaren jokabideen zerrenda bat ematen da:

  • Identifikazio-kontrolak eta gehiegizko zela: identifikazio-kontrolen gehiegizkotasuna salatu izan da herrialde askotan; adibidez, Espainian kontrol hauetarako pertsonak egiterakoan, arraza, etnia eta beste ezaugarri kulturalak kontuan hartzen direla nabari da, batez ere etorkinak hautematearren, adituek selekzio-praktika hau giza duintasunaren eta konstituzioaren aurkakoa dela baieztatu arren;[17] Frantzian ere hiri handietako auzo periferikoetan bizi diren etorkinen "contrôles au faciès" edo «itxuragatiko kontrolak» eta "délit de sale gueule" edo «aurpegi zikineko delituak» salatu eta matxinadak piztu ere egin dira gehiegikeria horiek direla eta.[18] Arrazoirik gabeko jagoletza eta pertsekuzioak ere izan dira, hiritarren jazarpen hutsa direlako salaketen artean. Adibidez, hirietako kaleetan jarritako bideozaintzarako kamerek intimitatea erasotu eta kontrol sozialerako erabiliak izan direla ere salatu da, bere eraginkortasuna txikia izatearekin batera.[19][20] Beste batzuen ustez, berriz, bideozaintzak bere eraginkortasuna frogatu eta hiritarren eskubideak errespetatzen ditu, herritarrei informazioa eman eta behar bezala erabiltzen badira.[21] Nolanahi ere, polizia eta beste segurtasun indarren tresna hauek nabarmen ugaldu dira XXI. mendearen hasieratik, eskoletan ere sartuz, besteak beste.[22]
  • Irainak eta laidoak: polizien barne-araudietan hiritarrekiko harremanetan tratu duina eta errespetuzkoa baliatu behar dela nabarmentzen da; praktikan ez da ohikoa polizia batekiko lehenengo harremana, aurrekaririk gabe, irainezkoa izatea, aitzitik batzuetan gehiegizko dotoreziaz eskatzen dizkiote kontuak hiritarrari, poliziaren irudi publikoa zaintzearren.[23] Atxiloketa, galdeketa eta presondegietan, berriz, ohikoagoak dira irainak eta laidoak, estrategia sistematiko bati jarraiki presoek jasaten duten presio eta zigor psikologikoa areagotu asmoz eta polizia eta presondegiko langileen gehiegikeriazko nortasun eta jarreraz baliatuz.[24]
  • Mehatxuak eta txantajeak: indarra erabili edo atxiloketak egiteko duten ahalmenaz baliatuz, poliziek mehatxuak eta txantajeak egin diezazkiete prostituzioan, kontrabandoan eta eskala txikian legez kanpoko jarduerak egiten dituzten pertsonen aurka, ez ikusiarena egitearen trukean dirua, sexu-zerbitzuak edo bestelako mesedeak eskatuz.[25][26][27] Batzuetan, gehiegikeria hauek modu antolatuan egiten dira, mafia eta bestelako gaizkile-taldeekin elkarlanean. Mehatxuak ere atxilotuen galdeketetan erabiltzen dira, batzuetan sistematikoki eta estatuen onespenez.[28]
  • Legez kanpoko atxiloketak: oro har, delitu bat egin edo egin izanaren susmagarri den pertsonak edo ihes eginda daudenak bakarrik izan daitezke atxilotuak; hala ere, poliziak atxilotzeko duten eskumenaz baliatuta legez kanpoko atxiloketak egin ditzakete, arrazoirik gabe edo modu arbitrarioan egiten dituztenean. Atxiloketa behar baino gehiago luzatzen denean ere legez kanpoko atxiloketa gertatzen da. Legez kanpoko atxiloketa bahiketa ere bilaka daiteke, askatasunaren truke atxilotuari edo bere ingurukoei zerbait eskatzen zaienean. Legez kanpoko atxiloketa masiboak ohikoak dira elkarretaratze eta antzeko ekitaldi politikoetan; horietan, gainera, atxiloketa polizien beraien ekimenez baino, politika agintarien aginduz burutzen dira askotan, mobilizazio politikoan dabiltzanen artean izua zabaldu asmoz.[29] Atxiloketa masibo horiei sarekada deitzen zaie eta kasu askotan atxilotuak aske geratzen dira, beraien aurkako inongo salaketarik gabe, baina aurretik egun batzuk polizia-egoitzetan igaro ondoren.[30]
  • Sexu erasoak: oro har, poliziak eredu hipermaskulino bati jarraiki taxutzen dira, baita polizien trebakuntzarako erakundeetatik ere, poliziek erakutsi beharreko botere eta indarra bermatzeko.[31] Polizia-gizonen berezko matxismoa indartu egiten da horrela eta batzuetan emakumezkoei egindako jazarpen eta tratu txarrak ekarri izan ditu, txantajeen bitartez.[32] Gorputz-miaketen praktikak ere sexu-gehiegikeriak (bularrak, ipurdia edo genitalak justifikaziorik gabe ukitu, adibidez) burutzeko balio izan du zenbaitetan.[33]
  • Gehiegizko indar fisikoa: poliziek indarra modu egokian eta neurriz erabili behar badute ere, zenbaitetan inongo justifikaziorik gabe eta justifikazioa izanda ere gehiegiz erabiltzen dute. Indarkeria kasuak noiznahi eta nonnahi gerta daitezke, atxiloketa bat burutzerakoan edo atxiloketan zehar, polizia etxean zein kalean. Atxiloketaren unean izan daitekeen gehiegizko indarraz aparte, indarkeria tortura bilaka daiteke, era sistematikoan indarkeriaren helburua pertsona beldurtu, mehatxatu, galdeketa batean zehar informazioa lortu edo zigortzea denean. Poliziak pertsona bati ibilgeketa egiteko trebatuta egon eta erasoen aurrean defentsa-baliabideak izan arren, askotan ibilgeketa fisikoaz gainera, jipoiak eta ostikoak ere ematen dituzte atxiloketa unean. Defentsa-baliabideak (borra, estutze-gasak, su armak) defentsarako baino erasorako erabiltzen dituzte beste kasu batzuetan.[34] Arauz kanpoko armak ere erabili izan dira, hala nola borra luzagarriak.[35] Indarkeria fisikoaren emaitza erailketa izan da kasu askotan, su-armak beharrezkoa ez zen kasuetan erabiliz zein pertsonaren heriotza nahita bilatuz.
  • Manifestarien aurkako indarkeria: manifestazio zenbaitetan, gehienetan estatuaren erakundeen aurkako protestetan, parte hartzen zuten pertsonen aurkako indarkeria zuzentzat jotzen da egun ere herrialde batzuetan eta estatuak berak sustatu ere egiten du, hala nola intifada izeneko palestinar matxinadaren aurkako errepresioan, non milaka pertsona hil ziren israeldar indarkeriaz. Hala ere, herrialde gehienetan berariaz prestatutako istiluen aurkako polizia arduratzen da agintariek debekaturiko manifestazioak erreprimitu eta kaleko istiluak kontrolatzeaz eta ekitaldi hauen kontrolerako teknika garatuagoak ere erabiltzen dira. Oro har, polizia berezi hauen jokabidea egokia eta neurrizkoa izan behar da, poliziaren jarduera orokorrean bezala. Estatu Batuetan, adibidez, istiluen prebentzioa lehenesten da printzipioz, protestarako bide baketsua utziz eta manifestazioaren antolatzaileekin negoziazioa bultzatuz, eta aldi berean intimidazioa eraginez. Manifestazioan parte hartzen dutenen ihesbideak ere prestatzen dira. Hala ere, polizien indarkeria nabarmena da horrelako ekitaldietan: askotan istiluak poliziaren indarkeriaz eta probokazioz abiarazi direla jaso da,[36][37] agente zirikatzaileak erabiliz zenbaitetan.[38] Istiluen aurkako armek zauri larriak eragin ditzakete eta hildako anitz eragin ere egin dituzte, baita Euskal Herrian ere.[39] Arma hilgarriak erabiliz ere izan dira hildakoak manifestazio hauek erreprimitzerakoan: 1977ko Amnistiaren Aldeko Astean, adibidez, balaz 3 hildako izan ziren Hego Euskal Herrian. Polizia askok ideologia politiko nagusiarekin duten atxikimenduak ere boterearen aurkako ekitaldietan parte hartzen dutenen aurka gehiegikeriaz jotzeko joera sorrarazten du.[40]
  • Kolpekari arineko erailketak: su-armen erabilera desegoki baten ondorioz, ustezko gaizkileak (eta batzuetan susmagarriak soilik ziren pertsonak) geldiarazi eta atxilotzeko ahaleginak erailketaz amaitu dira kasu askotan eta herrialde guztietan. Adibidez, Jean Charles de Menezes gaztea poliziak tirokatuta hil zen Londresko metroan 2005 urtean polizia terrorista bat zelakoan, horretarako susmagarri batekiko antz fisikoan soilik oinarrituz; salaketa jarri bazen ere, azkenean ez zen inongo ondorio penalik izan eta estatuak terrorismoaren aurkako borrokaren kariaz zuzenetsi zuen erailketa.[41] Tirar a matar, gazteleraz; shoot-to-kill, ingelesez, edo hiltzeko tirokatu praktika horiek estatuaren onespenaz ere burutu izan dira: adibidez, Pasaian 1984 Komando Autonomo Antikapitalistak erakunde armatuko lau kide hil ziren poliziak antolaturiko segada batean.[42]
  • Salaketa eta froga faltsuak: poliziaren salaketek justiziaren aurrean egiazkotasun-presuntzioa dutela baliatuz, poliziek salaketa faltsuak jarri izan dituzte, askotan gehiegikeriak salatu dituzten pertsonen aurka.[43] Frogak manipulatzea ere salatu izan da: adibidez, poliziak atxilotu baten etxera sartu eta bere gauzak manipula ditzake froga faltsuak sortzeko.

Poliziaren gehiegikeriaren interpretazioak aldatu

Boterearen erretorika aldatu

 
Poliziaren gehiegikerien aurkako ikurra.

Botere instituzionaletik justifikazio zenbait azaldu izan dira poliziaren gehiegikeria kasuak justifikatzeko. Alde batetik, "gertaera bakanen teoria" azaltzen da, non gehiegikeriak polizia banakoei leporatu behar zaien eta poliziaren instituzioari, hainbeste pertsona biltzen dituen erakunde batean horrelako kasuak gertatzea kontrolatu eta ekiditea ezinezkoa dela argudiatuz. Beste alde batetik, "konspirazioaren teoria" azaltzen da, polizaren gehiegikeriak plazaratzen dituzten pertsona eta erakundeek poliziaren aurkako jarrera dutela eta gehiegikeria kasuak poliziaren izen ona zikintzeko erabiltzen dituztela argudiatuz.[44] Kasu zehatzetan, ohikoa da gehiegikeriaren biktima aurretik erresistentziaz eta modu erasokor batez jokatu duela adieraztea.[45]

Poliziaren beraren erreakzioak aldatu

Gehiegikerien aurrean, poliziek guztiz gezurtatu edo, aitortzekotan, euren segurtasuna mehatxupean zegoela argudiatzen dute. Gehiegikeriengatiko justizia prozedura bat zabaltzen denean ere, nekez froga daitezke poliziaren aurkako salaketak. Izan ere, poliziek isiltasun-kode bat errespetatzen duen talde bat osatzen dute eta zaila da lankide baten aurka lekuko gisa arituko den polizia bat aurkitzea; ohikoa da, gainera, poliziak aurretik ados jarri eta interpretazio komun bat azaltzea.[46] Horren arrazoia poliziaren izaera militarra da, non esprit de corps edo taldearen izpiritua lehenesten den. Beste alde batetik, polizia-erakundeak berak babestu egiten du polizia kasu hauetan, besteak beste, ez baita izaten kasu horiek ikertuko dituen polizia-sailik, eta kasu gehienak ikertu gabe uzten dituzte.[47] Poliziek hiritarrei egindako gehiegikeriak ustelkeria baino arinago baloratzen dutela ere jaso da.[48] Gehiegikeriak badaudela aitortzen dituztenena, euren lanaren tentsioa eta presioa ere argudiatu izan dituzte.[49]

Milgram esperimentua aldatu

Milgram esperimentua Stanley Milgram psikologoak burutu zuen 1963 urtean, diziplina eta obedientzia mekanismoak aztertzeko. Bertan, aurrez aukeratutako lagun batzuei irakasle rola egin eta ezkutuko ikasle bati galderak egin behar zizkioten eta gaizki erantzunez gero, deskarga elektriko bat eragin, gero eta handiagoa, harik eta zuzen erantzun arte. Ikaslea esperimentatzailearekin ados jarrita zegoen aurretik erantzunak gaizki emateko eta deskarga elektrikoak ez zituen benetan jasotzen. Erantzunak gaizki ematearekin batera, deskargak eragitean, oinazea adierazten zuten gezurrezko garrasiak entzuten zituen irakasleak. Garrasiak gero eta latzagoak izan arren, ikertzaileak gero eta deskarga handiagoak egiteko adierazten zion irakasleari. Aurretiko hipotesi moduan, irakasle gehienek gizalegez ikertzailearen aginduak ukatu eta deskargak bertan behera utziko zituztela uste bazen ere, portzentaje altu batek ustezko deskarga biziak eta mingarriak egiten jarraitu zuen, obedientziaren indarra agerian utziz. Esperimentua poliziaren gehiegikeriekin lotu izan da, gehiegikeriak azken finean diziplinak eta ordena publikorako aginduek bultzaturik gertatzen direla baieztatuz.[50][51] Gaiaren inguruan beste esperimentu zenbait ere egin dira: 1971 urtean Philip Zimbardo ikertzailea buru zuen Stanfordeko gartzelako esperimentuak gartzelako indarkeriari buruzko ikerketa burutu zen, gartzelako zaintzaileen indarkeriarako joera erakutsiz.

Teoria kritikoa aldatu

Teoria kritikoan, estatuak sistemaren erreprodukziorako baldintzak betetzeko erabiltzen du polizia. Ildo horretatik, polizia izaera bikoitzeko erakundea da, delituen aurka erabiltzen den egitura bera erabiltzen baita delitua egiteko. Bi erregela ezberdin ere erabiltzen dira delituetarako: bata eremu zibilizaturako; bestea, zorrotzagoa, eremu basatirako. Eremu zibilizatua kapitalerako funtsezkoak diren eremu geografiko eta sozialak biltzen ditu (hirietako erdiguneak, adibidez) eta bertan anplifikaturiko legea eta araudia, zorrotz aplikaturik, izango dira nagusi, zero tolerantzia izeneko politika aplikatuz, besteak beste. Mikrozuzenbidearen bitartez, estatuak kaleko salmenta, prostituzioa, eskale eta arloteak, zaborren berreskurapen informala eta estatuak desegokitzat jotzen dituen biziraupenerako baliabideak zigortuko ditu. Eremu basatian, berriz, kapitalaren errepordukzioarako beharrezkoak ez diren guneak biltzen ditu: bertan tolerantzia aplikatzen bada ere, indarkeria izango da nagusi, poliziak eskumen osoa izango du legea nahi duen moduan interpretatzeko, legea betearazteko legerik gabeko indarra bilakatuz eta gehiegikerietarako bidea zabalduz (gaztelerazko «mano dura» politika, azken finean). Muturreko egoera batean, estatuak salbuespen egoera izango du beti eskura, zuzenbiderik gabeko eremu bat sortuz.[52]

Poliziaren gehiegikeriaren inguruko eragileak aldatu

Hedabideak aldatu

Hedabideek ere aurkako jokabideak erakusten dituzte polizia gehiegikerien aurrean. Alde batetik, eskuin joerako hedabideek zuzenetsi egin ohi dituzte gehiegikeriak. Adibidez, istiluekin bukatu diren manifestazioen kasuan, manifestariak gaizkiletzat jo eta izandako txikizioak nabarmentzen dituzte, protestaren zergatikoa alde batera utziz. Delinkuentzia-kasuak etnia edo arraza jakin batekin lotzean ere poliziaren jokabide selektiboa zuzentzen dutela ere aipatu da. Horrela, arrazismoaren diskurtsoa indartu eta gehiegikerietarako bidea zabaltzen dute. Azkenik, hedabide hauek politiko, polizia eta bestelako botere-erakundeekin dituzten loturak nabarmendu dira. Ondorio gisa, askotan poliziaren gehiegikeriak ezkutatu egiten dituzte eta, gehiegikeriak nabariak diren kasuetan, poliziaren kontrabertsioa soilik eskaintzen dute, poliziaren gehiegikerien biktimen bertsioa baztertuz.[53][54]

Beste alde batetik, hedabideek poliziaren gehiegikeria ezkutatzen duen zulo beltz instituzionala zein judiziala argitzeko ere balio izan dute. Ikus-entzunezko baliabideek polizia gehiegikeriak plazaratu eta egiaztatzeko balio izan dute askotan, gehiegikeria salaketei bidea zabalduz. Adibidez, Rodney King estatu batuar gaztearen kasua poliziak nola jipoitzen zuen erakusten zuen bideo bati esker zabaldu zen hedabideetara eta ondoren Los Angeles hirian poliziaren aurkako matxinada bat piztu zuen. Bestalde, Interneten zabalkundeak polizia gehiegikerien salaketa publikoa ahalbidetu du Indymedia eta antzeko webgune parte hartzaileen bitartez.

Giza eskubideen aldeko erakundeak aldatu

1961 urtean lanean hasi zen Amnesty International erakundeak giza eskubideen alde lan egiten du mundu osoan, pertsona banakoen kasuak eta egoerak salatuz batez ere. Poliziaren gehiegikeria kasuen aurkako kanpainak burutzeaz gainera, poliziaren gehiegikeriak sorrarazten dituzten bereizkeria eta estatuek sortutako egiturak salatu ere egiten dituzte, hala nola atxiloketa arbitrarioak eta atxilotuen inkomunikazioa, terrorismoaren aurkako borrokan estatuek aurrera darameten estrategia. Human Rights Watch erakundeak, berriz, giza eskubideen aldeko politiketan egiten du lana, egoera ezberdinei buruzko txostenak eta ikerketak osatuz eta gobernuekin harreman zuzena bilatuz;[55] poliziaren gehiegikerien kasuan, Mexikoko gobernuari egindako eskaera zuzenak nabarmendu daitezke, adibidez.[56] Euskal Herrian, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, errepresio politikoa salatuz, eta Salhaketa, preso guztien aldeko lanean diharduena, nabarmentzen dira poliziaren eta gartzelako zaindarien gehiegikerien arloan.

Administrazioa aldatu

Polizia-erakundearen antolakuntza eta kudeaketa polizia gehiegikeriak ekiditeko tresna garrantsitsutzat jo dira. Izan ere, poliziaren azpikulturak funtzionamendu desegokia eta gehiegikeriak sorrarazi eta horien aurkako lana eragotzi egiten duela aipatu da. Adibidez, esperientziari gehiegizko balioa ematen zaiola jaso da, hasiberriaren merituak gutxietsiz; gauzak betidanik nola egiten diren lehenetsi egiten da prozedura eta erregela berrien aurrean;[57] taldearen izpiritua goraipatu egiten da eta «sudurluze» edo kanpotarrak gaitzetsi, gehiegikerien ikerketa oztopatuz; polizia erakunde garrantzitsua denez, poliziak beraiek ere, banako moduan, boteretsuak eta ukiezinak direla irizteko joera dute. Poliziaren inguruko mitologiak poliziak kutsatu egiten dituela ere aipatu da: helburu eta arau zehatzez eta trebakuntzaz zuzendu ordez, poliziaren lana fikziozko guda eta akzio-filme eta bestelako kontakizunetan oinarritzen da askotan. Atxiloketa edo isun-kopuruan oinarritutako polizientzako ordainsarien politika gehiegikerietarako bidea zabaltzen duela ere nabarmendu da. Polizia-sindikatuek gehiegikeria kasuetan polizien alde jokatzen dutela ere jaso da.[58] Horren guztiaren aurka, polizia sailen ikuskapena eta trebakuntza poliziaren gehiegikerien aurka eraginkorrenak direla egiaztatu da, poliziaren lanaren helburua poliziak beraiek baino komunitatea dela nabarmenduz. Gehiegikeriak poliziatik bertatik aztertu eta era diziplinarioan zigortzeko, hiritarren kexu eta salaketarako bulegoak ere ezarri dira herrialde zenbaitetan.[59] Gehiegikeriak aztertzeko erakunde hauek eraginkorrak izan daitezen inoiz polizia izan ez diren lagunek osatu eta kasuen buruzko informazioa eta ikerketen emaitzak gardentasunez eskaini behar dituzte.

Justizia aldatu

Bide judizialetik at, poliziak barne diziplina-errejimen batean mendean ere badaude, oro har hiritarrekiko gehiegikeriak eta tratu txarrak zigortzen dituena.[60] Poliziaren erakundetik bertatik gehiegikeria kasuak aztertu eta berarengatik ardura eskatzea oso zaila izaten da, ordea, oso nabarmenak diren kasuetan ezik. Epaitegietatik ere, poliziaren gehiegikerien salaketen portzentaje txiki batek heltzen da aurrera eta are eta txikiagoa, aldeko sententzia bat lortu,[61] askotan fiskaltzak berak salaketak ikertu gabe utzi eta aurrera jarraitzekotan gehiegikerien biktimek prozesu luze eta nekezari egin behar izan baitiote. Epaitegiek poliziaren gehiegikeria kasuan modu isolatuan aztertzeko modua ere gaitzetsi da, poliziaren gehiegikeriek jatorrian dituzten arrazoi sistemiko eta instituzionalak alde batera utzirik.[62] Beste alde batetik, legeak aurreikusten duen inkomunikazioak, polizien egiazkotasun-presuntzioak, polizia etxeetan gerta daitezkeen tratu txarrak frogatzeko ezintasunak[63] eta polizien isiltasun-kodeak justiziaren epai zuzena eragozten dute. Gehiegikeriak burutu dituen polizia identifikatzeko zailtasunak ere izaten dira, poliziak bere jardunean, hiritar batek hala eskatuz gero, bere plaka-zenbakia jakinarazi behar duen arren, poliziak bere burua identifikatu nahi ez dituen kasu anitz jaso dira.[64] Gehiegikeriak salatzerakoan salatzaileak jasaten dituen presioa eta intimidazioa izaten dela jaso da.[58] Horrek guztiak agerian uzten du poliziaren zigorgabetasuna gehiegikeriei buruz.

Poliziaren gehiegikeriak eta poliziarenganako herra aldatu

 
2008ko abenduaren 6an Atenasen Alexander Grigoropoulosen hilketaren aurkako matxinadan egindako pintadak: Fuck the police eta Police bastards ("Poliziak sasikumeak", euskaraz).

Poliziaren gehiegikeriek poliziarekiko herra sorrarazi dute gehigiegikeriak pairatzen dituzten gazte eta bestelako gizarte taldeengan. Herra hau matxinadaz lehertu da zenbaitetan: 1992ko Los Angeleseko matxinada eta 2005eko Frantziako matxinada poliziaren gehiegikeria kasu zehatzengatik piztu ziren, esaterako. Matxinada hauek hedabideen arreta erakarri eta jatorrian ziren gehiegikeria kasuak ikertzeko balio izan dute anitzetan, baina aldi berean errepresioa areagotu egin da matxinatuen aurka, hauek ere gehiegikeriak pairatuz. Herri kulturan ere nabariak poliziarenganako herra. Hip hop kulturak, esaterako, poliziaren gehiegikeria gai nagusitzat hartzen du musika eta bestelako adierazpenetan, bestelako gizarte arazoen artean: Fuck the Police ingelesez edo Nique la police frantsesez ("Jo polizia", euskaraz), adibidez, maiz agertzen da estilo horretako rap-abestietan eta poliziaren gehiegikeriaren aurkako lelo bilakatu dira mundu osoan zehar. La Haine (1995) filmak ("Gorrotoa", euskaraz), Frantziako auzo txiroetan girotua, poliziaren gehiegikeria eta gazteen erantzuna hartzen ditu haritzat. Kontraste moduan eta kultura eredu nagusitik, Hollywooden ekoiztuta, poliziaren gehiegikeriak agertzen dituzten beste filme batzuk L.A. Confidential (1997) eta Training Day (2001) dira, besteak beste, polizia onen eta txarren arteko bereizketa eginez. Poliziaren gehiegikerien askoz ere irudi samurragoa ere eskaini izan da, The Terminal (2004) filmean esaterako.

Euskal Herrian frankismoan eta Espainiar Trantsizioan jasandako errepresio polizialak eta ondoriozko gehiegikeriek polizien aurkako jarrera nabarmena sortu dute gizartean. Manifestazioetan "Policía asesina" ("Polizia hiltzaile", euskaraz) edo "La madera a la hoguera" (poliziei "maderoak" ezizena ere eman izan zaielako) oihuak maiz entzun izan dira. "Txakurrak" ere deitu izan zaie poliziei, mespretxu moduan. Kulturan ere poliziaren aurkako jarrera honek islada izan du: adibidez, Euskal Rock Erradikaleko La Polla, Soziedad Alkoholika edo Kortatu taldeen abestietan poliziaren gehiegikerien aurkako erreferentziak sarri agertzen dira eta horiengatik jazarpen judiziala pairatu behar izan dituzte.

Erreferentziak aldatu

  1. Poliziaren ustelkeria kasuak, esaterako, poliziaren gehiegikeriatzat ez baizik eta poliziaren kriminaltasunaren barnean kokatzen da.
  2. Horrela agertzen da, esaterako, Espainiako segurtasun indar eta gorputzei buruzko legean: (Gaztelaniaz) LEY ORGÁNICA 2/86, DE 13 DE MARZO, DE FUERZAS Y CUERPOS DE SEGURIDAD.
  3. (Ingelesez) Cheeseman Dial, Kelly. Ethics, professionalism and policing. ..
  4. 1829an sortutako Londresko Polizia Departamenduaren helburua pakea pakez atxikitzea zuen helburu. Dena den, gehiegikeria kasuak ere baziren eta nabarmendu behar da Frantzian esaterako «lapurra lapurrak bakarrik harrapa dezakeela» leloa erabili zela poliziak kontratatzeko. Ikus: (Ingelesez) Barry, Daniel Patrick. (1999). Handling police misconduct in a ethical way. Nevadako Unibertsitatea (doktore-tesia)..
  5. (Gaztelaniaz) Código de conducta para funcionarios encargados de hacer cumplir la ley, 2010-08-05ean kontsultatua.
  6. (Gaztelaniaz) Principios Básicos sobre el Empleo de la Fuerza y de Armas de Fuego por los Funcionarios Encargados de Hacer Cumplir la Ley, 2010-08-05ean kontsultatua.
  7. (Gaztelaniaz) Amnesty International. (2004-11-30). UN PANORAMA DE ABUSOS. SUSPENSIÓN DEL USO DE LAS PISTOLAS TASER. .
  8. Adibidez, espainiar legedian atxilotuak 72 orduz egon daiteke atxiloturik poliziaren esku epailearen aurretik agertu arte, eta beste 48 ordu gehiago epaileak horrela aginduz gero.
  9. Ildo horretatik, deitoragarria da Guantánamoko presoen egoera: urteak atxiloturik egon arren eta horietariko askok habeas corpus eskatu badute ere, atxiloturik jarraitzen dute inongo justizia-bermerik gabe, eskubiderik gabe eta Estatu Batuetako gobernuaren mendean, poliziarena ez baizik eta estatuarena den tortura eta etengabeko gehiegikeria egoera amaigabe batean. Ikus: (Gaztelaniaz) Habeas corpus para los presos de Guantánamo, 2010-08-11an kontsultatua.
  10. Espainiaren kasuan, adibidez, ikus: (Gaztelaniaz) Ley de Enjuiciamiento Criminal. Título VI, 2010-08-11an kontsultatua.
  11. Espainiak, adibidez, ez du onartu gomendio hori. Ikus: (Gaztelaniaz) La ONU conmina al estado español a erradicar la tortura y a no abusar del término "terrorismo", www.nodo50.org, 2010-08-11an kontsultatua.
  12. (Frantsesez) Combats pour les droits de l'homme bloga. (2010-01-14). Législation antiterrorisme: fouille à l’entrée des lieux publics, brève arrestation à cette fin (« Stop and Search ») (CEDH, 12 janvier 2010, Gillan et Quinton c. Royaume-Uni). Lemonde.fr.
  13. Espainiaren kasuan, adibidez, ikus: (Gaztelaniaz) INSTRUCCIÓN 12/2007. DE LA SECRETARIA DE ESTADO DE SEGURIDAD SOBRE LOS COMPORTAMIENTOS EXIGIDOS A LOS MIEMBROS DE LAS FUERZAS Y CUERPOS DE SEGURIDAD DEL ESTADO PARA GARANTIZAR LOS DERECHOS DE LAS PERSONAS DETENIDAS O BAJO CUSTODIA POLICIAL, 2010-08-11an kontsultatua.
  14. Adibidez, Mikel Iribarren iruindar gazteari zauri oso larriak eragin zizkion poliziaren burura gertutik eta nahita jaurtikitako ke-pote batek 1991 urtean.
  15. Bideo hauetan ikus daitekeenez, desobedientzia edo erresistentzia arinak gehiegizko indarra ekartzen du polizia zenbaiten aldetik: (Ingelesez) 1, 2, 3, www.youtube.com.
  16. (Ingelesez) Lawrence, Regina G.. (2000). The politics of force: media and the construction of police brutality. , 19 or...
  17. (Gaztelaniaz) Resumen del informe: Controles de identidad y detención de inmigrantes: prácticas ilegales[Betiko hautsitako esteka], www.redincola.org, 2010-08-13an kontsultatua.
  18. (Frantsesez) «L’été sera chaud dans les banlieues» La Libre Belgique 2009-07-01..
  19. (Gaztelaniaz) Arteaga Botello, Nelson. (2006). «Vigilancia y control social de la violencia en México» Capítulo Criminológico (34).
  20. (Frantsesez) Ruegg, Jean. (2007). La vidéosurveillance contre la ville?. ..
  21. (Frantsesez) Blog vidéo surveillance.
  22. (Frantsesez) Vidéosurveillance dans les lycées: y a-t-il quelqu'un derrière les caméras?, www.liberation.fr, 2010-02-17.
  23. Adibidez, Espainiako Guardia Zibilaren kasuan ohikoak eta topikoak da lehenengo hitz hauek: «Buenos días, caballero; documentación, por favor.» («Egunon, jauna; agiriak, mesedez»).
  24. (Gaztelaniaz) El FBI revela un informe con maltratos a presos en Guantánamo, www.elpais.com, 03-01-2007.
  25. (Gaztelaniaz) Los policías mafiosos de Coslada cobraban a las prostitutas en dinero o en orgías, www.20minutos.es, 2008-05-09.
  26. (Gaztelaniaz) MELILLA FRONTERA ESPAÑA - MARRUECOS, www.youtube.com, 2010-08-15ean kontsultatua.
  27. (Gaztelaniaz) Un dia cualquiera en la policia de Marruecos, www.youtube.com, 2010-08-15ean kontsultatua.
  28. (Gaztelaniaz) Mindfucks: Interrogatorios estilo CIA (Kubark), la-mosca-cojonera.blogspot.com, 2009-01-30.
  29. (Gaztelaniaz) Amnesty International. (1996-07-16). BAHREIN: MUJERES Y NIÑOS, VÍCTIMAS DE DETENCIONES ARBITRARIAS Y DE ABUSOS CADA VEZ MAYORES. .[Betiko hautsitako esteka].
  30. (Gaztelaniaz) En libertad sin cargos los 14 miembros de Batasuna detenidos[Betiko hautsitako esteka], www.eitb.com, 2008-09-27.
  31. '(Gaztelaniaz) Espíritu de cuerpo: Mariana Sirimarco antropologoari elkarrizketa, www.pagina12.com.ar, 2010-01-15.
  32. (Gaztelaniaz) Alicante: Denuncia de migrante por abuso sexual se salda con la expulsión de la víctima, kasoenlared.net, 2010-07-13.
  33. (Gaztelaniaz) Cacheos y detenciones, Amnistía Internacional EE.UU., 2010-08-21ean kontsultatua.
  34. Euskal Herrian, adibidez, ezaguna izan zen Mikel Iribarren iruñear gaztearen kasua, polizia batek oso gertutik botatako ke bote baten kolpea jasan zuena buruan. Horren ondorioz, zauri larriak jasan zituen. Horren aurka Espainian jarritako salaketek ez zuten arrakastarik izan eta ke potea bota zuen polizia identifikatzea ezinezko suertatu zen. Azkenik, kasu hau dela eta Espainia zigortua izan zen Europar Batasuneko tribunaletan. Ikus: El superviviente que condenó al Reino de España, www.gara.net, 2009-01-11.
  35. (Gaztelaniaz) La Policía Local utilizó en las cargas del Cabanyal porras ilegalizadas en España[Betiko hautsitako esteka], www.linformatiu.com, 2010-04-28.
  36. (Gaztelaniaz) Indignación por la actuación policial con la afición realista, www.gara.net, 2010-03-16.
  37. Euskal gestapoa.m4v, www.youtube.com, 2010-08-22an kontsultatua.
  38. (Gaztelaniaz) Policías infiltrados participan en provocación del Bloque Negro, www.rebelion.org, 2010-08-22an kontsultatua.
  39. (Gaztelaniaz) Pelotas de goma: ¿Material antidisturbios o fuente indiscriminada de heridos?, GARA egunkaria, data ezezaguna.
  40. (Gaztelaniaz) España: los movimientos antifascistas dan pruebas de vínculo de fuerzas policiales con la ultraderecha, www.kaosenlared.net, 2010-04-20.
  41. (Ingelesez) 'Shoot to kill' policy to remain, BBB News, 2005-07-25.
  42. (Gaztelaniaz) Emboscada en Pasaia: un crimen de Estado. la memoria coléctiva de la lucha autónoma..
  43. (Gaztelaniaz) Presentadas dos denuncias contra un policía local de Lugo por falsedad documental, elprogreso.galiciae.com, 2009-07-30.
  44. (Gaztelaniaz) Tiscornia, Sofía. (1998). Violencia policial. De las prácticas rutinarias a los hechos extraordinarios.. ..
  45. (Ingelesez) Lawrence, Regina G.. (2000). The politics of force: media and the construction of police brutality. , 2 or..
  46. (Ingelesez) The Brotherhood, www.abuseofpower.info, 2010-08-22an kontsultatua.
  47. (Ingelesez) Study: Police abuse goes unpunished, news.medill.northwestern.edu, 2007-04-04.
  48. (Ingelesez) Westmarland, Louise. (2005). «Police Ethics and Integrity: Breaking the Blue Code of Silence» Policing and Society..
  49. (Ingelesez) Police brutality: causes, www.essortment.com, 2010-08-22an kontsultatua.
  50. (Gaztelaniaz) Milgram, Stanley. (1980). Obediencia a la autoridad. Desclée de Brouwer..
  51. (Ingelesez) Coady, David. Obedience to autohority and unjustified police violence. (Noiz kontsultatua: 2010-08-24)..
  52. (Gaztelaniaz) La doble vida de la policía, Crudos blogean (Esteban Rodríguez), 2010-08-11.
  53. (Ingelesez) Is police brutality a myth?, New York magazine, 1994-07-11.
  54. (Frantsesez) (Ingelesez) Indymedia Montreal: Police Brutality and the Media (English ST), www.youtube.com, 2010-08-25.
  55. (Gaztelaniaz) ¿En qué se diferencia Human Rights Watch de Amnistía Internacional?, www.hrw.org/es, 2010-08-26an kontsultatua.
  56. (Gaztelaniaz) Carta al Presidente electo Felipe Calderón, www.hrw.org/es, 2010-08-26an kontsultatua.
  57. Adibidez, jokabide bat noiz izan zen egokia aize gogoratzen den arren, huts egin zuen aldi horiek ahaztu egiten direla aipatu da.
  58. a b (Gaztelaniaz) Inmune a la Justicia: Brutalidad y responsabilidad policiales en Estados Unidos, www.hrw.org, 1998.
  59. (Gaztelaniaz) La Oficina de Quejas sobre la Policía, San Francisco Police Departemt, 2010-08-27an kontsultatua.
  60. Adibidez, Espainiako Cuerpo nacional de Policíako kideen Diziplina-erregimenaren Araudian, oso larritzat jotzen da (Gaztelaniaz) "el abuso de sus atribuciones y la práctica de tratos inhumanos, degradantes, discriminatorios y vejatorios a las personas que se encuentren bajo su custodia" eta ondorioz, kidearen betirako kanporatzea eta 3-6 urteko suspentsioko zigorra ezar dakioke. Ikus: (Gaztelaniaz) Real Decreto 884/1989, de 14 de julio, por el que se aprueba el Reglamento de Régimen Disciplinario del Cuerpo Nacional de Policia. (BOE 19-07-1989).
  61. Frantzian 2006 urtean izandalp 639 poliziaren indarkeria-salaketetatik 8 soilik bukatu ziren poliziaren kanporatzeaz. Ikus:(Gaztelaniaz) ABUSOS POLICIALES SIN TRABAS EN FRANCIA, Amnesty International, 2009-04-02.
  62. (Ingelesez) Bandes, Susan. (1999). «Patterns of injustice:Police Brutality in the Courts» Buffalo Law Review..
  63. Horretarako, atxilotuen etengabeko bideo-grabazioak proposatu dira.
  64. (Gaztelaniaz) Más de 100 agentes han cambiado su número de placa entre 2007 y 2008, www.elmundo.es, 2009-03-21.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: poliziaren gehiegikeria .