Plot twist edo istorioko bira bat, fikziozko literaturan edo oro har gidoigintza narratiboan erabiltzen den idazketako teknika da, non argumentuaren norabidean eraldaketa erradikal, harrigarri edo ustegabekoa gertatzen den.

Batzuetan amaierako argipenean pilatzen dira plot twistak, baina narrazioan zehar ere tartekatzen dira. Modu askotara gerta daitezke, beste teknika narratibo batzuekin nahasian sarri, hala nola flashback-arekin edo anagnorisiarekin. Lana ikusi edo irakurri duen ikusle edo irakurleak plot twist bat gertatuko dela abisatzen dionean beste bati, spoiler egiten duela esan ohi da.

Adibidea aldatu

Gidoigintza modernoaren teknika bat den bezala, literatura zaharrenean ere aurkitzen dira adibideak. Euskarazko hagiografia edo santuen bizitza batetik aterata dago hurrengo adibidea: Joakin Lizarragak bere Sanduen bizitzetan[1] kontatzen du San Bizente Zaragozakoaren martiritza, nola Daziano delako baten aginduz hainbat metodo ankerrekin torturatu zuten. Bizentek, ordea, amore eman barik, eskertu egiten zizkion Dazianori eragindako oinaze guztiak, Jainkoarengana hurbiltzen baitzuen martirioak:

« Sinesta bez, Daziano, niork etzi dakela egin fabore andiago egiten didana baño orrek. »

Amorratu egin zen Daziano erantzun harroagatik, eta jarraian zera egin zuen:

« Itz ebeki Daziano arras koleratu ze, ta begiak turbaturik, abuña zeriola agotik, ta sua begietaik, marroas leon bat bekala, kendu azoteak berdugo bati, ta asi ze artas ematen, sanduai ez, baizik berdugoei, floxoak zirela, inutilak, funda gabeak. »
Joakin Lizarraga, 1793.

Azken 10 hitz horiei erreparatu, hortxe da plot twist bikain hori.

Erreferentziak aldatu

  1. «Joakin Lizarraga: Sanduen bizitzak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-26).

Kanpo estekak aldatu