Philip Kindred Dick (1928ko abenduaren 16a, Chicago, Illinois1982ko martxoaren 2a, Santa Ana, Kalifornia) estatubatuar idazle eta eleberrigilea izan zen eta zientzia-fikziozko literatura generoan berebiziko eragina izan zuen.

Philip K. Dick

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPhilip Kindred Dick
JaiotzaChicago1928ko abenduaren 16a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaSanta Ana
Fullerton (Kalifornia)
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaSanta Ana1982ko martxoaren 2a (53 urte)
Hobiratze lekuaRiverside Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
Ezkontidea(k)Jeanette Marlin (en) Itzuli  (1948ko maiatza -  1948ko azaroa)
Kleo Mini (en) Itzuli  (1950eko ekainaren 14a -  1959)
Anne R. Dick (en) Itzuli  (1959ko apirilaren 1a -  1965eko urriaren 21a)
Nancy Hackett (en) Itzuli  (1966ko uztailaren 6a -  1972)
Tessa B. Dick (en) Itzuli  (1973ko apirilaren 18a -  1977)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaBerkeley High School (en) Itzuli
Kaliforniako Unibertsitatea Berkeleyn
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakeleberrigilea, saiakeragilea, zientzia-fikzio idazlea, filosofoa eta idazlea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Mugimenduapostmodern literature (en) Itzuli
Izengoitia(k)Richard Phillipps eta Jack Dowland
Genero artistikoazientzia-fikzioa
Fikzio espekulatiboa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaEstatu Batuetako Eliza Episkopalianoa

IMDB: nm0001140 Allocine: 78024 Rottentomatoes: celebrity/philip-k-dick Allmovie: p308964 TCM: 370093 Metacritic: person/philip-k-dick TV.com: people/philip-k-dick
Facebook: PhilipKDickAuthor iTunes: 2125672 Musicbrainz: 5c44bb07-6301-4bb8-ad64-f158af855516 Discogs: 438042 Find a Grave: 1490 Edit the value on Wikidata

Soziologia, politika eta metafisika jorratu zituen lehen nobeletan, non nagusi ziren enpresa monopolistikoak, gobernu autoritarioak eta kontzientzia-estatu eraldatuak. Ondorengo lanetan, ikuspegi tematikoak argi eta garbi islatu zuen metafisikan eta teologian zuen interesa. Sarritan, bere bizi-esperientzian oinarritu zen, eta islatu zuen drogekin, paranoiarekin eta eskizofreniarekin zuen obsesioa A Scanner Darkly eta SIVAINVI bezalako nobeletan.1963an eleberri onenaren Hugo saria jaso zuen Gizona gaztelu garaian eleberriak, eta berau maisulantzat hartzen da “ukronia” izeneko zientzia fikzioaren azpigeneroan. 1975ean John W. Campbell Memorial saria irabazi zuen Isur daitezen nire malkoak, esan zuen poliziak nobelarekin, non etorkizun hurbil distopiko batean telebistako izar bat bizi baita polizi estatu batean.

Hogeita hamasei nobela eta 121 kontakizun labur idatzi zituen. Bere istorio labur eta lan txiki asko garaiko pulp aldizkarietan argitaratu ziren; horietako batean agertu zen Beyond Lies the Wub, bere lehen salmenta profesionala (Planet Stories aldizkaria, 1952ko uztaila). Nahiz eta, bizi zela, Robert A. Heinlein eta Stanisøaw Lem bezalako idazle garaikideek bizi-bizi goraipatu zuten, karreraren zatirik handiena ia pobrezian igaro zuen, eta hil aurretik errekonozimendu gutxi lortu zuen. Hil ondoren, ordea, bere eleberri batzuk zinemara eraman ziren, hala nola Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?, zeina pantailaratu zen Blade Runner izenarekin, eta horrek ezagun egin zuen publiko zabalarentzat. Haren lana zientzia fikzioaren popularrenetako bat da, eta Dickek ikusleen aitortza eta kritikaren errespetua irabazi ditu. 2015ean, Meettok argitaletxeak Ordaina kaleratu zuen, Dick-en narrazio bilduma bat, Aritz Gorrotxategik euskaratua.[1]

Hasierako urteak aldatu

Philip Kindred Dick eta haren ahizpa bikia, Jane Charlotte Dick, 1928ko abenduaren 16an jaio ziren Chicagon, Illinoisen, behar baino sei aste lehenago. Ama zen Dorothy Kindred Dick (1900-1978) eta aita Joseph Edgar Dick (1899-1985), azken hau AEBetako Nekazaritza Departamentuko langilea. Jaio eta sei astera, Jane txikia hil egin zen, eta heriotza horrek sakon eragin zuen Philipen bizitzan; haren lan askotan behin eta berriro agertu zen leitmotiv bera, “biki mamua” alegia.

Geroago, haren familia San Frantzisko badiara joan zen bizitzera. Philipek bost urte zituenean, haren aita Renora transferitu zuten, Nevadara; Dorothyk uko egin zion etxez aldatzeari, eta dibortziatu egin ziren. Amak irabazi zuen Philipen zaintza. Dorothyk, Philip bakarrik haztea erabakita, lan bat hartu zuen Washington hiriburuan, eta hara joan zen bizitzera semearekin. Philip gaztetxoa John Eaton Lehen Hezkuntzako eskolan matrikulatu zen (1936-1938), eta bertan egin zituen bigarren mailatik laugarrenera. Haren notarik apalena "C" bat izan zen Idatzizko Konposizioan, irakasle batek esan arren “ipuinen narrazioan interesa eta trebetasuna” erakusten zuela. 1938ko ekainean, Dorothy eta Philip Kaliforniara itzuli ziren, eta, garai hartan, hain zuzen, hasi zen zientzia fikzioaz interesatzen. Dickek adierazi zuen 1940an irakurri zuela zientzia fikziozko lehen aldizkaria, Stirring Science Stories, 12 urte zituela.

 
Dick 1953an.

Bigarren Hezkuntza Berkeleyko Institutuan ikasi zuen, Kalifornian. Garai hartan elkarren berri ez bazuten arren, Philip eta Ursula K. Le Guin, gerora zientzia fikziozko idazle ospetsua izango zena, eskola berean ibili ziren, eta 1947an graduatu ziren. Behin graduatuta, Kaliforniako Unibertsitatera joan zen laburki, Berkeleyn bertan, baina 1950eko urtarrilaren 1ean utzi zuen, ohorezko kaleratze bati esker. Dick ez zen espezializatu, baina eskolak hartu zituen historian, psikologian, filosofian eta zoologian. Filosofian ikasitakoagatik ondorioztatu zuen existentzia gizakiaren barne pertzeptzioan oinarritzen dela, nahitaez kanpoko errealitateari ez dagokiona; bere burua "panenteista akosmikotzat" deskribatzen zuen, unibertsoa soilik Jainkoaren hedadura dela sinetsita. Platonen lanak irakurri eta erresuma metafisikoen aukerei buruz hausnartuta, Dickek ondorio hau atera zuen: zentzu batean, mundua ez dela guztiz erreala eta ez dagoela modurik baieztatzeko hortxe dagoela. Bere lehen ikasketetako kontu hori sarri agertu zen haren nobeletan. Anne haren hirugarren emazteak bere memorietan esandakoaren arabera, Dickek eskola utzi zuen antsietate arazo etengabeen ondorioz. Haren esanetan, Philipi ez zitzaion bat ere gustatzen ROTC entrenamendua. Berkeleyn, Robert Duncan poetaren eta Jack Spicer poeta eta hizkuntzalariaren lagun egin zen, zeinak zenbait ideia eman zizkion martetar hizkuntza baterako. Dickek berak esanda, 1947an musika klasikoko irratsaio bat aurkeztu zuen KSMO Irratian. 1948tik 1952ra, lan egin zuen Art Music Company delakoan, disko denda bat Telegraph Hiribidean.

Karrera aldatu

Hastapeneko idatziak aldatu

 
"The World She Wanted" Dick-en narrazioak Science Fiction Quarterlyaldizkariaren portada egin zuen 1953ko maiatzaren edizioan.

Kaliforniako 60ko hamarkadaren aurreko kontrakulturarekin lotu zen, eta beat poetekin eta ezkerreko ideiekin sinpatizatzen zuen. Dick Vietnamgo gerraren aurka agertu zen, eta, ondorioz, FBIk espedientea ireki zion. Hain zuzen ere, 1955ean, Dickek eta bere emazteak, Kleo Apostolidesek, FBIren bisita jaso zuten. Bikoteak uste zuen hori Kleoren ideia sozialisten eta ezkerreko jardueren ondorioa zela. Hala ere, FBIko agente horietako batekin adiskidetu ziren biak, eta Dickek gidatzen irakatsi zion.

Dickek 1951ean saldu zuen bere lehen istorioa, Roog, “txakur bati buruz, zeinak irudipena zuen ostiral goizetan etortzen ziren zabor-biltzaileak jaki baliotsuak lapurtzen ari zirela, bere familiak kontu handiz metalezko edukiontzi batean gordetzen zuena”. Handik aurrera, jardunaldi osoz idazten hasi zen.

1952an barrena, fikzio espekulatiboko haren lehen argitalpenak agertu ziren Jack O'Sullivanek argitaratutako Planet Stories aldizkariaren uztaileko eta iraileko zenbakietan, baita urte bereko If eta Magazine of Fantasy and Science Fiction aldizkarietan ere. Haren lehen eleberria Solar Lottery izan zen, 1955ean argitaratua Ace Double #D-103ren erdia bezala, Leigh Brackett-en The Big Jump lanaren ondoan. 50eko hamarkada garai zaila izan zen Dickentzat, hainbeste, ezen, behin esan zuen bezala, “ezin genituen ordaindu ezta liburutegiak ezarritako zigorrak, liburuak berandu itzultzeagatik”. Zientzia fikzioa baino ez zioten argitaratzen, nahiz eta berak amestu “mainstream” fikzioan karrera egitea. 1950. hamarraldian generorik gabeko zenbait lan kaleratu zituen. 1960. hamarraldian, ostera, aitortu zuen beharko zituela “hogei edo hogeita hamar urte literatura idazle gisa arrakasta izateko”. Amets hark erreka jo zuen 1963an, Scott Meredith Literatura Agentziak itzuli zizkionean haren saldu gabeko “mainstream” lan original guztiak. Haietako lan bakarra, Confessions of a Crap Artist (Kaka-artista baten aitorpenak), argitaratu zen Dick bizi zela.

1063an Dick-ek Hugo saria irabazi zuen The Man in the High Castle (Gizona gaztelu garaian) lanagatik. Nahiz eta zientzia fikzioaren esparruan jeniotzat txalotua izan zen, literatur esparru nagusiak ez zuen estimu handian. Horrela, bere liburuak kaleratzeko aukera bakarra zen Ace bezalako gaizki ordaindutako zientzia fikziozko editoreen bidezkoa. Bere azken urteetan ere finantza arazoak izaten segitu zuen. The Golden Man narrazio laburren bilduman, hauxe idatzi zuen Dick-ek:

Kanadara eta suizidio ahalegina aldatu

1971n, Dick eta Nancy Hackett banandu egin ziren, eta azken hau aldatu zen Santa Venezian zeukan etxera, Kalifornian. Aurreko hamarraldian anfetaminak neurri gabe hartu ondoren (neurri batean produktibitateari eusteagatik, halakoxea baitzen zientzia fikzioaren esparruko exigentzia), aukera eman zien zenbait droga-erabiltzaileri bere etxean sartzeko. 1960 eta 1970 artean 21 nobela argitaratuta, Dickek bizi zituen agorraldi gogorrak, ezer idatzi ezinik; 1974a arte ez zuen fikziozko alerik kaleratu.

Azaroko egun batean, Dick bere etxera itzuli zen, eta konturatu egin zen lapurtu egin ziotela, bere kutxa gotorra irekita eta bere dokumentu pertsonalak desagertuta zituela. Poliziak ezin izan zuen erruduna zehaztu, eta Dickek berak egin zuela ere susmatu zuen. Handik gutxira, 1972ko otsailean, ohorezko gonbidatu gisa gonbidatu zuten Vancouverreko Zientzia Fikziozko Konbentzioara. Hara iritsi eta hitzaldia eman ondoren, (Androidea eta gizatiarra), biharamunean, jendeari jakinarazi zion Janis izeneko emakume batez maitemindu zela, eta Vancouverren geratuko zela. Michael Walsh, The Province egunkari lokaleko zine kritikariak Dick bere etxean geratzeko gonbitadatu zuen, baina handik bi astera joateko eskatu zion. Horren ondoren, Janisek rta Dickek apurtu egin zuten euren arteko harremana, eta etxez aldatu zen. 1972ko martxoaren 23an, Dick bere buruaz beste egiten saiatu zen, potasio bromuro lasaigarriaren gaindosi bat hartuta. Ondoren, laguntza bilatzea erabakita, Dick X-Kalayko partaide bihurtu zen (Synanon motako errekuperazio programa kanadar bat), eta apirilerako Kaliforniara itzultzeko bezain ondo zegoen.

1972an, Dickek bere eskuizkribuak eta paperak Special Collections Libraryri eman zizkion Kaliforniako Unibertsitatean, Fullertonen, non Philip K. Dick Zientzia Fikziozko Bilduman artxibatu zituzten, Pollak Liburutegian. Fullertonen, Dickek zientzia fikziozko zenbait idazle ezagutu zituen, hala nola, K. W. Jeter, James Blaylock eta Tim Powers.

Egilearen bizitzan argitaratutako azken eleberria Timothy Archer-en transmigrazioa izan zen. Bere izaera bisionarioa dela-eta, bere lanak William S. Burroughs-en lanekin konpara daitezke, nahiz eta Dick ez den hain eztenkaria eta, aldiz, filosofikoagoa den.

Haren irudipenak eta arazo psikologikoak aldatu

Hamahiru urte inguru zituela, Dickek amets bat izan zuen behin eta berriz zenbait astez. Ametsean, bera liburu denda batean zegoen, Astounding Magazine aldizkariaren zenbaki bat aurkitu nahian. Zenbaki horrek Inperioa sekula ez zen erori istorioa omen zekarren, unibertsoaren sekretuak azalduko zizkiona. Ametsa agertu bakoitzean, bilatzen zuen aldizkari piloa gero eta txikiagoa zen, baina ez zen inoiz azken aldizkarira iritsi. Azkenik, Dickek beldurra izan zuen aldizkaria deskubritzera iristeak erotuko ote zuen (Lovecraft-en Nekronomikoi istorioan edo Chambers-en Erregea horiz hartan bezala).Amets haiek berehala amaitu ziren, baina "Inperioa sekula ez zen erori" esaldia bere obran agertuko zen geroago.

1974ko otsailaren 20an errekuperatzen ari zen pentotal sodikoaren efektuetatik, zuhurtziaren hagin bat atera ziotenean hartu behar izan zuena. Etxeko atea ireki zuenean jasotzeko analgesikoen beste bidalketa bat, ohartu zen paketea zekarren andreak zintzilikario bat zeramala, berak “Piscis xiskua” izendatu zuena. Badirudi nahastu egin zela izen hori ematerakoan, bi sinbolo nahastu baitzituen: Ichthys (arrain baten profila irudikatzen duten bi arkuak), lehen kristauek ikur sekretu bezala erabiltzen zutena, eta Piscis xixkua. Bakarrik geratu zenean, ikuskari bitxiak jasaten hasi zen. Nahiz eta hauek hasiera batean analgesikoei egotzi ahal izan, zenbait astez luzatu ziren, eta horrek egiten du azalpena ez oso onargarria izatea. Dickek deskribatu zituen bere lehen ikuskariak laser-izpi eta patroi geometriko bezala, eta, batzuetan, Jesukristoren eta antzinako Erromaren ikuspegi iheskor gisa, aldizka ikusten zituenak. Dickek honela azaldu zizkion bere ikuskariak Charles Platti: “Esperimentatzen nuen adimen transtzendentalki arrazional batek nire adimena inbaditu zuela, bizitza osoan erotuta egon izan banintz bezala, eta bat-batean zentzudun bihurtu izan banintz bezala”. 1974ko otsail eta martxoa bitartean, zenbait irudipen izan zituen, eta deitu zien "Hiru-bi-hirurogeita hamalau" (1974ko otsailaren 3a). Irudipenak luzaroan eta maiztasunez hazten ziren neurrian, Dickek aldarrikatu zuen bizitza bikoitza bizitzen hasi zela: bat bera zen, eta bestea, Tomas, erromatarrek K.o. I. mendean jazarritako kristaua. Drogak kontsumitu zituen arren, eta kontsumitzen jarraitzen zuen arren, Dickek ikuspegi hauek errealtzat onartu zituen, beste azalpen arrazional eta erlijioso batzuk bilatuz, nolabaiteko erakunde jainkotiar batekin kontaktua ezarri zuela uste zuela, Zebra, Jainkoa edo, maizago, SIVAINVI bezala aipatzen zena. SIVAINVI akronimo bat da (ingelesez: VALIS: Vast Active Living Intelligence System). Dickek erabili zuen izen hori bere eleberrietako baten izenburu bezala, erdi-autobiografikoa, eta geroago teorizatu zuen satelite bat zela, izpiak erabiltzen zituena Lurreko jendearekin harremanetan jartzeko. Adierazi zuen erakunde horrek "estimulu desinhibitzaile" bat erabiltzen zuela, subjektuak aurrez prestatzeko komunikaziorako, eta bere kasuan Piscis xiskua zela estimulu hori.

Dickek berak espekulatzen zuen eskizofrenia sufrituko ote zuen. Buruko gaixotasuna izan zen bere interes etengabeetako bat, eta bere obra inpregnatu zuen. Jack Bohlen, Marteren garaia (1964) eleberriko pertsonaia "eskizofreniko" bat da. Ilargi alfanoaren klanak (1964) eleberria erietxean sartutako gaixoen ondorengoen gizarte oso batean zentratzen da, baita bere beste eleberri batean ere, Eraiki dezakegu. 1965ean Eskizofrenia eta Aldaketen liburua idatzi zuen.

SIVAINVI aldatu

Fenomeno honen gaineko aditu gehienek ondorioztatu zuten Dicken irudipenak krisi psikotiko labur batek eragindakoak izan litezkeela, eta zuzen egon litezke. Hala ere, zenbait gertakarik, arrazionalizatzeko zailak, egin dute Dicken esperientzien misterioak bizirik irautea. Halako batean, Strawberry fields forever abestiaren ahapaldi bat entzutean, Dick konturatu zen semeak eskuineko iztai-hernia itota zuela. Umearen ohiko azterketek ez zuten akatsik edo gaixotasunik aurkitu. Hala ere, Dickek froga sakonagoak egiteko eskatu zion medikuari, bere semearen osasun onaz ziur egoteko. Medikuak onartu egin zuen, haurrak inolako sintomarik ez zuen arren. Azterketan, medikuek hernia aurkitu zioten, haurra hilko zukeena ebakuntza azkar egin izan ez balitzaio.

Beste behin, Dicken emazteak transkribatu egin zituen senarrari entzundako zenbait soinu, eta geroago Dickek aurkitu zuen grekeraren aspaldiko dialekto batekoak zirela, sekula ikasi ez zuena.

Exegesia aldatu

Esperimentatu edo ez jainkoarekiko komunikaziorik, Dick ez zen gai izan gertaerak arrazionalki azaltzeko. Bere bizitza osoan borrokatu zen hobeto ulertzeko zer gertatzen ari zitzaion, bere zuhurtasuna eta errealitateaz zuen pertzepzioa zalantzan jarriz. Eguneroko batean, Exegesia, ahal adina gogoeta egin zituen.

Denbora igaro ahala, gero eta paranoikoago bihurtu zen, irudikatuz KGBk edo FBIk bere aurka konspirazioak egiten zituztela eta tranpa etengabeak egiten zizkiotela. Uneren batean pentsatu zuen bere etxean sartu eta hainbat dokumentu lapurtu zituztela, baina geroago ondorioztatu zuen seguruenik berak egin zuela lapurreta, eta gero ahaztu egin zuen.

Bere lanik berantiarrenek, bereziki SIVAINVIren trilogiak, osagai autobiografiko nabarmena dute. Horietako askok 1974ko otsailaren 2ko erreferentziak dituzte. Dick erlijio-, filosofia- eta metafisika-lanen irakurle sutsua ere izan zen, bereziki gnostizismoarekin lotutakoena. Irakurketa horien eragina nabaria da bere istorio askotan.

Heriotza aldatu

1982ko otsailaren 17an, elkarrizketa bat osatu ondoren, Dickek bere terapeutarengana jo zuen, ez zuela ondo ikusten esanez. Aholkatu zioten berehala joateko ospitale batera, baina ez ez zen joan. Hurrengo egunean, konorterik gabe aurkitu zuten Santa Anan zeukan etxeko pisuan, Kalifornian, garuneko isuri bat nozituta. 1982ko otsailaren 25ean, Dickek beste isuri bat izan zuen ospitalean, eta horrek garuneko heriotza ekarri zion. Bost egun geroago, 1982ko martxoaren 2an, bizi-euskarritik deskonektatu, eta hil egin zen. Hil ondoren, Dicken aitak, Joseph, semearen errautsak Riverside hilerrira eraman zituen, Fort Morganen Koloradon, (K atala, 1. blokea, 56. lotea), eta hantxe lurperatu zituen ahizpa bikia zuen Janerekin batera, haurtzaroan hil zena. Hilarria, bi izenekin inskribatu zuten Jane hil zenean, 53 urte lehenago.

Gaiak aldatu

Philip K. Dicken lanek errealitatearen etengabeko higaduraren sentsazioa dute ezaugarri, bere izaera enigmatikoa modu sistematikoan arakatuz eta giro postmoderno eta dekadenteak sortuz; horretan aurrea hartu zion cyberpunk azpigeneroari. Sarri, protagonistek deskubritzen dute euren pertsona maiteak (edo beraiek ere bai), jakin gabe, robotak, estralurtarrak, naturaz gaindiko izakiak, garuna garbitu behar duten espioiak, haluzinazioak edo hauen edozein konbinazio direla; Dicken lanaren ezaugarri horrek ispilatzen du egilearen obsesioa errealitate hautemangarriaren izaera hauskorrari buruz. Haren istorioak, sarri, fantasia surrealista bihurtzen dira, pertsonaiek deskubritu ahala euren eguneroko bizitza, benetan, kanpoko erakunde boteretsuek, konspirazio politiko handiek edo, besterik gabe, narratzaile batek eraikitako ilusioak direla (Ubik lanean bezala).

Gregg Rickmanek, Dicken kronistarik handienak, eskema bat proposatu zuen egilearen obra zabala orientatzeko, hiru alditan banatuta:

1. Aldi sozio-politikoa (1951-1960). Bertan ipuinak izan ziren nagusi, Denbora pitzatua bezalako nobelekin batera.

2. Aldi metafisikoa (1962-1970). Garai horretan idatzi zituen fama eman zioten lanak, hala nola, Gizona gaztelu garaian (1962), Androideek amets egiten al dute ardi elektrikoekin? (1968) eta Ubik (1969), besteak beste.

3. Aldi mesianikoa (1974-1981). Hil bitartean idatzi zituen nobelekin, hala nola, Isur daitezen nire malkoak, esan zuen poliziak (1974), Begirada bat iluntasunera (1977) eta VALIS (1981).

Dickek kokatu zituen bere zenbait nobela Ipar Kaliforniako mundu ukronikoan. Gizona gaztelu garaian eleberri ospetsua (Hugo Saria irabazi zuen 1963an) lan aitzindaria da, nahasten dituena zientzia fikzioa eta historia alternatiboa.

Charles Platt zientzia fikziozko egilearen arabera: “Haren obra guztia oinarrizko onarpen batetik abiatzen da, alegia, ezin dela egon errealitate objektibo bakarra; dena da pertzepzio kontua. Lurra dardarka egon daiteke zure oinen azpian. Protagonista bat beste pertsona baten amets gisa bizitzen ikus daiteke, edo drogek eragindako egoera batean sar daiteke, izatez mundu errealak baino zentzu handiagoa duena, edo unibertso erabat ezberdin batean ager daiteke”.

Unibertso alternatiboak eta simulakroak ohiko artifizio argumentalak dira, eta bertan aurkezten ditu mundu fiktizioak, jende normal eta arruntak populatuak, eta ez galaxietako eliteak.

Ursula K. le Guinek adierazten duen bezala: “Dicken liburuetan ez dago heroirik, baina ekitaldi heroikoak daude. Batek Dickens du gogoan: kontatzen duena da jende arruntaren zintzotasuna, konstantzia, adeitasuna eta pazientzia”.

Dickek ez zuen isilpean gorde bere ideia eta lan asko Carl Gustav Jungen idatzien eragin handia izan zutela, giza psikismoaren teoriaren sortzaile suitzarra. Bestalde, politika ez da falta haren idatzietan. Iban Zalduak dioen bezala: “Dick idazle politikoa da haien burua idazle konprometitutzat jotzen duten asko baino anitzez gehiago eta, zer esanik ez, halakoena baino iraultzaileagoa gertatzen da maiz bere predikurik gabeko lana”.

Philip K. Dickek droga psikoaktiboekin esperimentatu zuen, nahiz eta beti ukatu bere obran eragina izan zutela. Dena dela, drogen kontsumoa gai garrantzitsua izan zen bere lan askotan, hala nola Begirada bat iluntasunera eta Palmer Eldritch-en hiru estigmak. Dickek anfetaminak kontsumitu ohi zituen, eta substantzia psikodelikoekin ere esperimentatu zuen laburki, baina idatzi zuen Palmer Eldritchen hiru estigmakRolling Stone aldizkariak "LSD eleberri bikaina garai guztietan" aldarrikatu zuen lana—, droga hori probatu aurretik. Bestalde, 1975ean aldizkari berak argitaratutako elkarrizketa baten arabera, Dickek 1970a baino lehen idatzi zituen liburu guztiak, anfetaminen eraginpean idatzi zituen.

Lana aldatu

1955
Solar Lottery
1956
The World Jones Made
The Man Who Japed
1957
Eye in the Sky
The Cosmic Puppets
1959
Denbora pitzatua (Time Out of Joint). The Truman Show filma inspiratu zuen
1960
Dr. Futurity
Vulcan's Hammer
1962
Gizona gaztelu garaian (The Man in the High Castle). Hugo saria irabazi zuen 1963an.
1963
The Game-Players of Titan)
1964
The Penultimate Truth
Martian Time-Slip
The Simulacra
Clans of the Alphane Moon
1965
The Three Stigmata of Palmer Eldritch
Dr. Bloodmoney, or How We Got Along After the Bomb
1966
Now Wait for Last Year
The Crack in Space
The Unteleported Man
1967
The Zap Gun
Counter-Clock World
The Ganymede Takeover, Ray Nelsonekin batera
1968
Androideek ardi elektrikoekin amets egiten dute? (Do Androids Dream of Electric Sheep?). Blade Runner filma inspiratu zuen.
1969
Galactic Pot-Healer
Ubik
1970
A Maze of Death
Our Friends from Frolix 8
1972
We Can Build You
1974
Isur daitezen nire malkoak, esan zuen poliziak (Flow My Tears, the Policeman Said). John W. Campbell Memorial sariaren irabazlea.
1975
Kaka-artista baten aitorpenak (Confessions of a Crap Artist). Zinera moldatua 1992an
1976
Deus irae (Roger Zelazny-rekin batera)
1977
Begirada bat iluntasunera (A Scanner Darkly). Izen bereko filma inspiratu zuen 2006an
1981
SIVAINVI (VALIS)
The Divine Invasion
1982
The Transmigration of Timothy Archer
1984
The Man Whose Teeth Were All Exactly Alike
1985
Radio Free Albemuth
Puttering About in a Small Land
In Milton Lumky Territory
1986
Humpty Dumpty in Oakland
1987
Mary and the Giant
1988
The Broken Bubble
Nick and the Glimmung (haur-nobela)
1994
Gather Yourselves Together
2004
Lies, Inc.

Egokitzapenak zinean eta telebistan aldatu

Philip K. Dicken lan asko pantaila handira eraman dira, ematen baitu Hollywoodek iturburu oparoa aurkitu duela haren istorio futuristetan, erabat heroikoak ez diren baina erabakimen handiko protagonistez beteak. Halaber, lanari darion sufrimenduak eta auto-suntsiketaren haloak ere indartu egiten dute magnetismo hori.

  • Impostor (Peter Hammond, 1962), Out of this world ziklo britainiarraren atala, Impostorea (1953) narrazioan oinarritua.
  • Blade Runner (Ridley Scott, 1982) Androideek ardi elektrikoekin amets egiten dute? (1968) narrazioan oinarritua.
  • Total Recall (Paul Verhoeven, 1990) Zure ordez den-dena gogora dezakegu (1966) narrazioan oinarritua.
  • Confessions d'un Barjo (Jérôme Boivin, 1992) Kaka-artista baten aitorpenak (1975) nobelan oinarritua.
  • Screamers (Christian Duguay, 1995) Bigarren aldaera (1953) narrazioan oinarritua.
  • Total Recall 2070 (Mario Azzopardi, 1999) telesail hau oinarritzen da Zure ordez den-dena gogora dezakegu (1966) narrazioan eta izen bereko film luzean (1990)
  • Impostor (Gary Fleder, 2001) Inpostorea (1953) narrazioan oinarritua.
  • Minority Report (Steven Spielberg, 2002) Gutxiengoaren txostena (1956) narrazioan oinarritua.
  • Paycheck (John Woo, 2003) Ordaina (1953) narrazioan oinarritua.
  • A Scanner Darkly (Richard Linklater, 2006) izen bereko nobelan (1977) oinarritua.
  • Next (Lee Tamahori, 2007) The Golden Man (1954) narrazioan oinarritua.
  • Screamers: the Hunting (Sheldon Wilson, 2009) izen bereko filmaren (1995) sekuela.
  • The Adjustment Bureau (George Nolfi, 2011) Doikuntza taldea (1954) narrazioan oinarritua.
  • Total Recall (Len Wiseman, 2012) Hau ere Zure ordez den-dena gogora dezakegu (1966) narrazioan oinarritua.​
  • Radio Free Albemuth (John Alan Simon, 2010 (Estrenoa), 2014) Radio Free Albemuth (1985) nobelan oinarritua.
  • Minority Report (Max Borenstein, 2015) Amblin Entertainment etxeak ekoitzitako telesaila, Gutxiengoaren txostena (1956) narrazioan oinarritua.
  • The Man in the High Castle (Frank Spotnitz, 2015) Amazonek ekoitzitako telesaila, eta Gizona gaztelu garaian (1962) narrazioan oinarritua.
  • Philip K. Dick's Electric Dreams (2017) zientzia fikziozko telesail hau oinarritzen da Dick-en lanean.
  • Blade Runner 2049 (Denis Villeneuve, 2017) izen bereko filmaren jarraipena, eta Androideek ardi elektrikoekin amets egiten dute? (1968) narrazioan oinarritua.

Philip K. Dick euskaraz aldatu

2015ean, Meettok argitaletxeak Ordaina kaleratu zuen,[1] Dick-en narrazio bilduma bat, Aritz Gorrotxategik euskaratua.[2] Iban Zaldua idazleak egin zion hitzaurrea: Philip K. Dick: ziurra den gauza bakarra zalantza da.

Liburuak jasotzen ditu Dick-en 11 narrazio, horietako batzuk oso famatuak:

Liburuaren aurkezpenean, Iban Zalduak Hamaika arrazoi Philip K. Dick (euskaraz) irakurtzeko[3] hitzaldia eman zuen.

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Ordaina - Philip K.Dick - Libros Meettok Editorial independiente de literatura en euskera y castellano» meettok.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  2. «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
  3. ibanzaldua. (2015-06-22). «Hamaika arrazoi Philip K. Dick (euskaraz) irakurtzeko» Oharrak & Hondarrak (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).

Kanpo estekak aldatu