Peru tximaluze 2008an alemanieratik euskaratutako umeentzako liburua da. Egilearen, Heinrich Hoffmannen, jaioturtearen bigarren mendeurrena bete baino hilabete batzuk lehenago. Peru tximaluze edo alemanez Struwwelpeter, 10 istorio labur eta epilogo batez osatutako liburua da. Heinrich Hoffmannek helburu pedagogikoarekin idatzi zituen istorio hauek, eta horregatitik erabili zituen poesia eta irudi koloretsuak. Istorio bakoitzak jarrera kaltegarri baten ondorioak erakusten ditu, batzuetan barregarriak eta beste batzuetan mingarriak, baina beti umeek ulertzeko modukoak. “Bada … orduan“ edo baldintza eta ondorioen logika erabiltzen du egileak horretarako. Hoffmannek jokabide desegokiak eta desobedientziaren ondorioak beren beregi puztu zituen, umeek mezua argi ulertu ahal izateko. Adibidez: “Pospoloekin jolasten baduzu, orduan erre zaitezke!”.

Peru tximaluze.

Historia aldatu

1844ko gabonetan, Frankfurten (Alemania) psikologoa zen Heinrich Hoffmannek, bere semeari marrazkidun liburu bat erosi nahi zion. Liburudendetan ikusten zuena ez zen bere gustukoa, eta, liburua berak idaztea erabaki zuen. Emaitza ikusita, Hoffmannen lagunek liburua argitaratzera pentsatu zuten eta urtebete beranduago “Lustige Geschichten und drollige Bilder für Kinder von 3 bis 6 Jahren” (“3 eta 6 urte arteko umeentzako istorio barregarriak eta marrazki dibertigarriak”) izenarekin ikusi zuen argia Hoffmannen liburuak. Hirugarren edizioan (1858an) titulu luze honen ordez Struwwelpeter (Peru tximaluze) deitu zioten. Harrezkeroztik, Struwwelpeter munduko ume-liburu arrakastatsuenetariko bat da, eta honen froga ugari dago:

  • 150 urte baino gehiagoz mantendu da merkatuan eta oraindik ere itzulpen berriak agertzen dira. 2008an, esaterako, Peru tximaluze, Struwwelpeter-en anaia euskalduna, jaio da. Jadanik bazituen hainbat anaia batzuk: Pedro Melenas eta Joāo Felpudo, eta mundu zabalean hainbat itzulpen argitaratu dira: Stepka-Rastrepka (errusieraz), Pelle Snusk (suedieraz), Struvelpetro (esperantoz), Petrulus hirrutus (latinez), Jehoshua harapua (hebreeraz), Piet Boskasie (afrikaansaeraz) eta Bōbō Atama (japonieraz), besteak beste.
  • Liburu honek museoa dauka. Frankfurten dago, Heinrich Hoffmannen jaioterri eta bizilekuan: www.struwwelpeter-museum.de web orrian aurkitu daitezke zehaztasun guztiak.
  • 1917an Struwwelpeter liburuaren 400. edizioa argitaratu zuten Alemanian. Egun, inork ez daki zenbat liburu edo zenbat edizio atera ote diren guztira, ezta zenbat hizkuntzatara itzuli ote den.
  • Alemanian eta Ingalaterran parodia asko sortu dira, non politikoak agertzen diren: Bismarck, Kaiser Wilhelm II edo Hitler, parodiatutako politiko batzuk aipatzearren. Geroago Struwwelpeterren irudiaz baliatuz gizarte-mugimenduen parodiak ere egin dira, “Punkpeter” eta “Hippie-Struwwelpeter” honen adibide. “Struwwelliese” emakumeen mugimenduaren ikurra bihurtu da eta “Anti-Struwwelpeter” autoritarismoaren aurkako mugimenduarena.

10 istorio labur aldatu

1. Peru tximaluzek ez ditu ez ilea ezta atzazalak moztu nahi, eta irudi nazkagarria du. Lehenengo istorio honetan gertatzen den bezala Hoffmannek umeen jokabide propio eta haien ondorio larriak deskribatu zituen, moral ulergarri batez. Umeek eurek bataiatu zuten liburua “Peru tximaluze” (“Struwwelpeter”). Egia esan, hasierako titulua luzeegia zen: “3 eta 6 urte arteko umeentzako istorio barregarriak eta marrazki dibertigarriak”. Lehenengo istorioaren pertsonaiak ematen dio izena liburu osoari. Liburuan agertzen diren marrazki guztiak ez zituen Hoffmannek berak egin. Peru tximaluzeren irudia, seguru asko, Gavarnik sortu zuen Frantzian 1840 inguruan, “Un enfant terrible” izeneko karikaturan inspiratuta. Gavarniren marrazki honetan ilea birsortzeko isurkari batekin jolasten dagoen umea agertzen zaigu.

2. Pernando gaiztoaren istorioak tratu txarren gaia jorratzen du. Pernandok animaliak hil eta pertsonak jotzen ditu. Azkenean, txakur handi batek kosk egiten dio eta Pernandok, gaixorik, ohean gelditu behar du. Orduan, txakurrak bere lekua hartzen du jantokian. Hoffmannen garaian ere bazeuden animaliak babestearen aldeko mugimenduak. 1841ean animaliak babesteko elkartea sortu zen Frankfurten. Elkarte honen bidez animalien egoeraz gain, gizartea ere hobetu nahi zuten partaideak, konbentzituta baitzeuden animaliei tratu txarrak sufritu arazten dizkietenek gizakiekin ere jokamolde asozialak izaten dituztela.

3. Pantxike eta pospoloak izeneko ipuinan, umea bakarrik dago etxean eta pospoloekin hasten da jolasten. Etxeko katuak ezbeharra galarazten saiatzen diren arren Pantxikek sua piztu eta erre egiten da, guztiz kiskali eta errauts bihurtu arte. 1829 geroztik pospoloak salgai ziren eta sukaldeko lana errazteko lagungarriak izan arren, suteak gehitu egin ziren. Hauxe bera gertatu zitzaion Hoffmannen lankide baten alabari 1841ean. Lau urteko Pauline Schmidtek, nahigabe, etxeko gortinak erre zituen. Hoffmannek neskaren izena (“Paulinchen”) mantendu zuen, baina protagonistaren patua aldatu zuen. Hoffmannen lankidearen alabak istripu txiki bat baino ez zuen izan, baina liburuko pertsonaia guztiz erre eta hil egiten da.

4. Mutil beltzak izeneko istorioan ume xenofoboek gazte beltz bat iraintzen dute. Olentzerok tintontzian sartzen ditu gaiztoak eta, ondorioz, tintontzitik ateratzean beltza bera baino beltzago agertzen zaizkigu mutil gaiztoak. Istorio honetan Hoffmannen ideologia liberala agerian geratzen da. Xenofobiaren aurka eta giza eskubideen aldeko agertzen zaigu Hoffmann. Alemaniako bertsioan, Santa Nikolaus (Papa Noel) da epailea, euskarazko bertsioan, ordea, Olentzero aipatzen da. Hori dela-eta, marrazkiak eta testua ez datoz bat.

5. Ehiztari basatia eta erbia deritzon istorioa berezia da. Izan ere, ipuin honetan protagonistak ez dira haurrak. Istorio honetan, erbiak ehiztariari eskopeta eta betaurrekoak kentzen dizkio. Mundua, orduan, hankaz gora agertzen da, ehiztariak beldurrez, ihes egin behar du eta erbiak egiten du tiroa. Armen erabileraren aurkako ikasbidea erakutsi nahi du ipuin honek. Erbiak tiro egiten duenean zauritzen dena ez da ehiztari gaiztoa, berak hainbeste maite duen erbikumea baizik.

6. Lurtxu, atzamarra ahoan istorio odoltsua da. Lurtxu esan txarreko umea da, amak behin eta berriro debekatzen dio atzamarra ahora sartzen, baina, Lurtxuk ama etxetik atera bezain pronto atzamarra ahora eramaten du. Bat-batean jostun bat artazi erraldoiekin datorkio eta atzamarrak mozten dizkio. Lurtxuren istorioak kritika asko eragin zituen, hain bekatu txikirako, zigor handiegia baizirudien. Hala eta guztiz ere, istorio honen lehenengo lerroak liburu osoko ospetsuenak dira eta buruz dakizkite alemaniar askok:

“Konrad!”, sprach die Frau Mama, “Ich geh aus, und du bleibst da. Sei hübsch ordentlich und fromm, bis nach Haus ich wieder komm.”

“Lurtxu, banoa kanpora, eta zu etxean geratuko zara”. Bere amak esan zion: “Itzuli arte, formal egon!”.

Liburuaren sakontasunaren adibide ona da amaren jokaera. Ama kanpora doa umea bakarrik utzita, beraz, Lurtxu ez da errudun bakarra.

7. Praixku “zoparik ez”-en istorioak anorexia du aztergai. Praixkuk ez du zoparik jan nahi eta gosez hiltzen da. Gezurra dirudien arren, XIX. mendean ere gaixotasun honen adibideak bazeuden han hemenka. Lehenengo kasua Loeben (Austrian) gertatu zela dakigu. Hango hilerriko hilarri batean “Suppenkaspar” dago idatzita eta elizliburuan ume hau janariari uko egiteagatik hil zela dago erregistratuta. wikipedia.de[Betiko hautsitako esteka] Hoffmannek, mediku lanetan aritzen zenez, seguru asko, horrelako kasuren bat edo beste tratatuko zuen.

8. Asisko geldi egon ezina ezin da mahaian lasai eserita egon. Hainbeste mugitzen denez, lurrera erortzen da mahai gaineko janaria eta guzti. Istorio honetan bi puntu dira azpimarragarriak. Alde batetik, Hoffmannen garaiko familiaren eredu hierarkikoa nabarmentzen da: Ama so dago baina ez du hitz bat bera ere esaten. Aitak, ordea, behin eta berriro geldi egoteko agintzen dio semeari. Aditu batzuen ustez istorio honetan Hoffmannen elementu autobiografiko bat baino gehiago agertzen dira, idazleak berak gurasoengandik sufritu zuen atentzio falta azaleratzen du. Gainera, hiperaktibitatea gurasoen atentzioaren faltarekin ere lotu izan da inoiz. Istorioa hau alemanez “Zappel-Philipp” deitzen da eta hiperaktibitatearen adibide ona eta ezaguna denez, gaixotasunak berak istorioaren izena hartzen du: “Zappel-Philipp-Syndrom”, hain zuzen ere.

9. Santi Ameslaria aurrera begira adi joan beharrean, zerura begira dabil beti. Behin, txakur baten gainera erori eta min hartzen du. Hurrengo batean, uretara jausten da. Istorio hau ere, seguru asko, gaixotasun edo ezintasun batean oinarritzen da, baina honetan atentzioaren faltak, hiperaktibitatea sortu beharrean, ametsetan ibiltzea eragiten du. Egunez ametsetan ibilten direnei "Hans-guck-in-die-Luft" -Santi Ameslaria alemanez- esaten zaie, “Zappel-Philipp”en sindromearekin gertatu zen bezala, ipuin honetatik hartu du izena.

10. Martin hegalaria, eguraldi txarra egiten duenean, ez da beste umeak bezala etxean geratzen. Horrelako batean haizeak eramaten du, bere txapela, euritakoa eta guzti. Inork ez daki nora joan den Martin. Istorio hau ez da besteak bezain ezaguna.

11. Epilogoan Jesus umeak haur zintzoei, ondo portatzen direnei, opariak ekartzen dizkie. Epilogoan eta salbuespena modura, Hoffmannek saria zigorraren aurretik jartzen du.

Peru tximaluze jaio zen garaia aldatu

Hoffmann jaio zen urtean, 1809an, Napoleonek Europako hainbat herri menpean zituen. Garai hartan ideia modernoak zabaldu ziren munduan zehar, tartean giza eskubideena edota estatu nazionalarena. Napoleon garaitua izan ondoren, 1815tik aurrera, Europako herrialde batzuk, Alemania eta Austria batez ere, “errestaurazioa” izeneko prozesuaren bidez Napoleonen aurreko garaietara itzuli ziren. Alemania 34 hiri eta erreinu independentetan banatuta zegoen. Errestaurazioan giza eskubideak asko murriztu ziren, batez ere adierazpen-askatasuna. Alemaniatik idazle eta filosofo asko erbesteratu ziren: Heinrich Heine, Georg Büchner eta Karl Marx, besteak beste. Hoffmann bezalako liberalek herri-bizitza saihestu zuten, familian eta zirkulu pribatuetan protagonismoa hartuz. Alemanian "kultura pribatu"ko garai honi “Biedermeier” deitzen zaio. Europan demokrazia ahuldu egin zen. Errusian zentsura gogorra zegoen kanpotik inportatutako liburuetan eta liburuotako parrafo eta zati batzuk tinta beltzaz desagertarazten zituzten. Errusiako zar Nikolaus I.aren agindua izan zen hau, eta hortik atera zuen Hoffmannek Mutil Beltzak izeneko istorioan agertzen den pertsonaia. Bizitza errealean zentzura bultzatu eta istorio laburrean gaiztoak beltzitu egiten ditu pertsonaia honek. Aldaketa politikoak bultzatu nahi zituzten ikasleak “Corps” edo “Burschenschaften” izeneko taldeetan elkartu ziren. Uniformea eramaten zuten, Peru tximaluzek marrazkian daukanaren antzekoa. Uniforme honek, Peru tximaluzerenak behintzat, matxino-ideologia irudikatzen du. 1848an egoera jasanezina zenez, iraultza liberala gertatu zen eta Alemaniako lehenengo parlamentua batu zen Frankfurten 1848tik 1849ra. Koroa, Prusiako erregeari eskaini zioten, baina honek ez zuen onartu eta iraultza liberalak porrot egin zuen. Hurrengo edizioan, 1858an hain zuzen ere, Peru tximaluzeren irudia erabat aldatuta agertu zen. Uniforme gorri biziaren ordez marroia zeraman, eta bere aurpegi ordura arte alaiak, keinu tristea eta etsipena adierazten zuen. 1871n Alemania batua sortu zen baina ez bide demokratikoak erabiliz baizik eta Prusiaren hegemoniaren menpe, Danimarka, Austria eta Frantziaren kontra hiru guda egin ondoren. Orduan, Peru tximaluze hainbat hizkuntzatara itzuli eta ospetsu egin zen. Bismarck eta Kaiser Wilhlem II-ren parodiak agertu ziran 10 istorio labur haietako rol baten edo bestean.

Heinrich Hoffmannen biografia aldatu

 
Heinrich Hoffmann

1809ko ekainaren 13an Heinrich Hoffmann jaio zen, Philipp Jacob Hoffmann (1772-1834) eta Marianne Caroline Lausbergen (1776-1810) seme bakarra.

1813an aita berriro ezkondu zen bere koinata Antoinette Lausbergekin. Bigarren ezkontzan beste hiru seme-alaba izan zituen.

1816an eskolaratu zuten Heinrich baina, garai hartan normala zen bezala, eta dirua zegoen neurrian, eskolak etxean ere hartu zituen, modu pribatuan eta bakarka.

1829tik 1832ra Heinrichek Heidelbergeko unibertsitatean medikuntza ikasi zuen. Bere lagun eta ikaskideen artean Friedrich Hecker zegoen, nork 1848ko iraultzan parte hartu zuen.

1833an Halle unibertsitatean doktoretza egin zuen. 1834tik aurrera Frankfurteko Txiroen Ospitalean egin zuen lan. 1840an Therese Donnerekin ezkondu eta urtebete beranduago Carl Philipp semea jaio zen.

1842an Hoffmannen lehenengo argitalpena kaleratu zen: Poemak. 1843an Die Mondzügler izeneko komedia argitaratu zuen Hoffmannek. 1844an Peru tximaluzearen (Struwwelpeter) lehenengo bertsioa idatzi eta gabonetan hiru urteko semeari oparitu zion. Alaba Antonie Caroline jaio zen.

1845ean 3 eta 6 urte arteko umeentzako istorio barregarriak eta marrazki dibertigarriak izenean Peru Tximaluze argitaratu zen. 1847an egun ezagutzen ditugun hamar istorio laburreko liburua osorik kaleratu zen, Peru Tximaluzeren bosgarren edizioa. 1848an bigarren semea, Eduard, jaio zen. Hoffmannek Frankfurteko parlamentuan (Vorparlament) parte hartu zuen.

1851an Hoffmann Frankfurteko Ospitale Psikiatrikoko zuzendaritzaz arduratu zen. 1859an Europan zehar hainbat ospitale psikiatriko ikusi eta gero, eraikuntza berria egiteko gomendioak eman zituen. 1864tik 1888ra Frankfurteko Ospitale Psikiatriko berrian zuzendari lana burutu zuen. 1888an 79 urterekin erretiroa hartu zuen. 1894an Frankfurten hil zen 85 urteko zela.

Biobliografia aldatu

  • Hasso Böhme (ed.): 150 Jahre Struwwelpeter – das ewig junge Kinderbuch, Stäfa 1995.
  • G. H. Herzog eta Helmut Siefert (edk.): Struwwelpeter-Hoffmann, Frankfurt 1978.
  • Heinrich-Hoffmann-Museum (ed.): Der Struwwelpeter – die Entstehung eines berühmten deutschen Kinderbuchs, Frankfurt 1983.
  • Heinrich-Hoffmann-Museum (ed.): Von Struwwelhitler bis Punkpeter – Struwwelpeter-Parodien vom Ersten Weltkrieg bis heute, Frankfurt 1988.
  • Heinrich-Hoffmann-Museum (ed.): Von Peter Struwwel bis Kriegsstruwwelpeter – Struwwelpeter-Parodien von 1848 bis zum Ersten Weltkrieg, Frankfurt 1985.
  • www.wikipedia.de/struwwelpeter


Kanpo estekak aldatu