Pertsona juridiko

eskubideen eta betebeharren titularren subjektua, fikzio juridikoa

Pertsona juridiko edo moral deitzen diogu eskubideen eta obligazioen subjektu aitortzen den pertsonen edo ondasunen multzoari. Harreman juridikoak egikaritu ditzakeen erakunde publiko nahiz pribatua izan daiteke hau eta trafiko juridikoan libreki aritzeko eta jarduteko gaitasuna du.[1]

Zuzenbidean bi pertsona mota bereizten dira: juridiko indibidualak edo juridiko kolektiboak, edo, bestela esanda, pertsona fisikoak eta pertsona juridiko edo moralak. Hala ere, zentzu itxian begiratzen badugu, pertsona guztiak pertsona juridikoak dira, eskubide eta betebeharrak dituztelako. Dena den, pertsona fisiko eta juridikoen arteko bereizketa hori egitea ohikoa da; modu honetan pertsona fisikoak eskubideak eta betebeharrak dituzten subjektu indibidualak dira eta pertsona juridikoak, aldiz, eskubideak eta betebeharrak dituzten subjektu multzoa. Pertsona juridikoen kasuan, beraz, pertsona izena metaforikoki erabiltzen da.

Laburbilduz, pertsona juridikoa eskubide eta betebeharrak dituen gizabanakoa da, baina ez pertsona fisiko gisa, baizik eta pertsona fisiko batek edo gehiagok irabazi-helburuekin edo gabe izan daitekeen helburu sozial bat betetzeko sortutako erakunde gisa.

Pertsona juridiko mota bakoitzak bere legedia du. Edonola ere, Espainiako Kode Zibilak artikulu orokor batzuk eskaintzen dizkio gai honi.[1]

Aurrekariak aldatu

Erromatar zuzenbidean, gizartea orain ulertzen den bezala hartu eta gaur egun ezagutzen diren pertsona juridikoen antzeko ezaugarriak zituzten zenbait erakunde moral aitortu ziren, nahiz eta ez ziren oso ugariak hauek. Garai hartan, legelariek "personae vice fungitur" ei buruz hitz egiten zuten, pertsona fisikoen antzeko funtzioak betetzen zituzten organismoei buruz hitz egiteko. "Universitas" aipatzen zutenean, berriz, gizabanakoen eta gauza multzoen multzoei buruz ari ziren.

Honetaz gain, Erroman, zenbait izakik eskubideak eskuratzeko eta, aldi berean, administratzeko zuten ahalmena ere onartu zen, honela, hauek, "Corpore" zutela kontutan hartuz, ondasun multzoek, ordezkariek administratuak izateko zuten aukera esan nahi zuena.

Beranduago, Erdi Aroan, "Kongregatio eta komunita" bezalako izendapenak erabiltzen ziren, norbanakoek beren borondatez osatutako korporazio eta elkarteei erreferentzia egiteko, "Pioe causoe" eta "pioe corpore" bezala, norbanakoek modu berean sortutako fundazioei erreferentzia egiteko.

XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendean sortu zen pertsona juridikoa deiturikoa, bi iturri ezberdinen eraginpean, lehena Frantziako Iraultzaren joerak dira eta bigarrena Zuzenbidearen Eskola Historikoarenak. Horrela, XIX. mendean, nortasun juridikoaren teoria gaur egun ezagutzen dugun moduan garatzen hasi zen.

Motak aldatu

Pertsona juridiko mota asko dago, baita hauek sailkatzeko irizpideak ere.

Izaeraren arabera aldatu

Pertsona juridikoak publikoak edo pribatuak izan daitezke. Pertsona juridiko publikoak dira zuzenbide publikoak arautzen dituenak, Kodeak korporazio izena ematen die. Hauek, hainbat eratakoak izan daitezke:

  • Lokalak edo oinarria lurraldean dutenak (probintzian, udalean).
  • Oinarri instituzionala dutenak, hauek legeak edo erabaki administratiboek sortzen dituzte (unibertsitate publikoa, esate baterako).

Pertsona juridiko pribatuak, aldiz, zuzenbide pribatuak arautzen dituenak dira; elkarteak eta fundazioak, adibidez.

Xedeen arabera aldatu

Pertsona juridikoak interes pribatu edo partikularrekoak eta publiko edo orokorrekoak izan daitezke, Kode Zibilaren 35.artikuluaren arabera:

  • Interes publikoa edo orokorra dutenak: elkarteak eta fundazioak, zuzenbide pribatuaren eremuan, eta korporazioak, zuzenbide publikoaren eremuan izango dira.
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Enpresa egitura ezberdinak ulertzeko bideoa.

Egituragatik aldatu

Egitura edo substratumaren ikuspegitik, pertsonetan edo ondarean oinarritu daitezke pertsona juridikoak:

  • Elkarteak pertsonez osatutako giza taldeak dira. Hauetan oinarria pertsonak dira, baita hauen lana eta borondatea ere.
  • Fundazioen oinarria, aldiz, fundatzaileak emandako ondarea da. Interes orokorreko jardueretara bideratu beharreko ondare hori da pertsona juridikoaren funtsa.[1]

Teoriak aldatu

Fikzioari buruzko teoria aldatu

Juridikoki, pertsona fisiko eta moral batek eskubide eta betebehar berdinak ditu (horregatik, pertsona juridikoa pertsona moral gisa identifikatzea da zuzena). Izan ere, trafiko juridikoan subjektu bat bere adimenaren bidez hautematen da eta ez ordea haren zentzumenaren bidez. Fikzioaren teoria beraz, materialki existitzen ez dena legez aitortzeko eskubidearen teoria horretan oinarritzen da, erakunde indibidual eta independente baten berrespena delako eta zeinak pertsona fisiko baten antzeko betebehar eta eskubideak sortzen baitituen. Bi figura horien ezaugarriak honako hauek dira, besteak beste: helbidea, nazionalitatea, izena, gaitasuna eta ondarea. Fikzioaren teoriaz ari garenean, pertsona morala beste batek ordezkatzen duen organismoa dela esaten dugu, edo beste batzuek, kasu honetan azken pertsona fisikoak.

Teoria aldatu

Hans Kelsenek ukatu egin du eskubide objektiboa-eskubide subjektiboa dualtasuna. Duguiten azterlanak erabiliz, baina bere doktrina eremu logiko hutsean planteatuz, eskubide subjektiboak eskubide objektiboaren adierazpen gisa baino ez direla existitzen dio. Balio propioa edo autonomoa duten eskubide subjektiborik ez badago, zuzenbideko subjektuak ere ez du existitu behar. Eskubide subjektiboak eta zuzenbideko subjektua, hau da, pertsona, kontzeptu lagungarriak dira, eskubidearen ezagutza errazten dutenak. Pertsona fisikoa edo juridikoa betebehar eta ahalmen juridikoen sorta bat, arau-multzo bat, pertsonifikatzen duen adierazpen bateratua baino ez da. Arauak azpi-hizkuntzetan egozteko zentroa izateak pertsona bihurtzen du zentro hori.

Kelsenen teoriak zibilistek (pertsona morala eta fisikoa) egiten duten desberdintasunari buruzko kritika egiten du. Bien arteko ezberdintasun bakarra "moralek" (zibilistek deitzen dieten bezala) edo existentzia idealekoek organo gisa jarduten dutela da, organo bat (gizabanako baten jardunaren gainean egiten den hipostasia da, non bere egintza kolektibitateari egozten zaion, berak egin izan balu bezala). Horrela, pertsona fisikoa indibiduala da eta existentzia ideal kolektibokoa. Pertsona gaitasun-arau batek osatzen du (egozpen zentrala), eta egozpen periferikoko arau baten balio pertsonaleko eremua betetzeko ahalmena ematen dio pertsona bati, eta jardun bat egozten zaion nukleoa baino ez da.

Errealitateari buruzko teoria aldatu

Errealitatearen teoria XIX. eta XX. mendean sortu zen, fikzioaren teoriaren aurkako erreakzio gisa, Gierke eta Jellinek alemaniarrak erakusle nagusi ditugularik. Teoria honen abiapuntua pertsona juridiko bat errealitate konkretu bat izanik, pertsona fisikoen aurretikoa dela adieraztea da. Pertsona juridikoak, elkarteen edo sozietateen arteko zereginak errazteko eta arautzeko bitarteko juridikoa dira, eta berez existitzen dira; beraz, zuzenbide-subjektua dira, eta osatzen duten pertsona fisikoekiko gaitasun independentea dute. Bestalde, pertsona juridikoa, izaera objektibokoa dela. Teoria honetan bi azpiklase bereizten direla esan behar da: teoria organikoa eta teoria juridikoa.

Teoria organikoa aldatu

Teoria horren arabera, pertsona juridikoak ez dira Estatuak sortutako ente artifizialak, errealitate biziak baizik. Erakunde kolektiboak, gizakiak bezalakoak, nahi izateko ahalmena duten erakunde sozialak, eta, beraz, zuzenbideko subjektu izateko gai dira (Gierke). Fikzioaren teoriak ez bezala (Estatuaren baimena nortasun juridikoaren sortzailea zela zioen), Gierkek dio balio deklaratiboa baino ez duela. Pertsona juridikoa osatzen duten pertsona fisikoek pertsona juridikoaren borondate kolektiboaren erakunde gisa funtzionatzen dute. Argi geratu behar da teoria honetarako legeak babestu behar duen gauzarik garrantzitsuena pertsona fisikoen elkartzetik sortzen den borondate kolektibo hori dela.

Teoria juridikoak aldatu

Teoria horiek guztiek abiapuntu bera dute: ikuspuntu biologikotik eta metafisikotik pertsona bakarra gizakia dela jakin arren, arlo juridikotik pertsona deitzen zaio eskubideak eskuratzeko eta betebeharrak hartzeko gai den erakunde orori. Ikuspuntu horretatik gizakia existentzia idealeko zerizanak bezain pertsona da, biek baitute gaitasun hori. Teoria honen arabera, hitzaren esanahi juridikoaz ez ohartu izana fikzioaren teoriaren planteamenduaren hasierako akatsa izango litzateke.

Nortasuna Eskuratzea aldatu

Pertsona juridikoak egintza juridiko baten (eraketa-egintza baten) ondorioz sortzen dira, existentzia hutseko sistema baten arabera, agintari edo administrazio-organo edo emakida bidez aitortzen dituelako. Bi kasuetan egon daiteke argitalpen-baldintza bat, hau da, erregistro publiko batean izena eman behar izatea. Honen arabera, hainbat mota bereiztuko ditugu:

  • Korporazioak. Sortze-legeak esaten duen unean administrazioaren ekimenaren bidez sortzen dira. Adibidez, Udaletxeak ordenantzan bidez ezarriko dira korporazioaren oinarriak
  • Sozietate-kontratuak. Interes partikularreko pertsona juridikoa osatzen denean gertatzen da. Kontratuetako forma-askatasuna dela eta, Kode Zibilak ez du protokolo berezirik eskatzen sozietatea sortzeko; nahikoa izango da kideen adostasunarekin (salbu, ondasun higiezinak ematen direnean; kasu horretan, beharrezkoa baita sozietate-kontratua eskritura publikoan jasotzea).
  • Elkarteek ez dute formaltasunik behar nortasuna eskuratzeko. Kontuan izan elkarteak sortzeko eskubidea oinarrizko eskubidea dela edozein demokraziak kontu handiz babestu beharrekoa. Legez kontrakoa izango litzateke eskubide horretaz baliatzeko oztopoak jartzea.
  • Fundazioek ez dute oinarrizko eskubideak baliarazten. Bestalde, ziurtatu egin behar da fundatzailearen asmoa beteko dela. Arrazoi horiek direla eta, legeak formaltasun bereziak eskatzen ditu fundazio berriari nortasun juridikoa eta trafikoan aritzeko baimena emateko. Ondare baten aportazioan bitartez sortzen da. Estatutu batzuk eratzea beharrezkoa da

Gaitasuna aldatu

Pertsona juridikoen gaitasun juridikoa orokorra da. Hots, eremu juridiko guztiak hartzen ditu, familiakoa izan ezik. Pertsona juridikoek izena dute, pertsona fisikoek bezala, ondasunak saldu eta erosi egin ditzakete eta oinordeko izan daitezke. Eliza pertsona juridiko gisa adib. Espainiako Konstituzio Auzitegiak ohore-eskubidea aitortu die pertsona juridikoei.

  • Jarduteko gaitasuna, berriz, sortzerakoan eskuratzen dute, pertsona fisikoek ez bezala. Gero jarduteko gaitasun interbentzioak izan dezakete.
  • Pertsona juridikoa bere jardute-organoen bitartez aritzen da trafiko juridikoan; bestela esanda, talde bakoitzak aukeratzen dituen pertsona fisikoez baliatzen da pertsona juridikoa. Pertsona fisiko baten sormen ideia egongo da atzetik.

Eratze ideia hori izango da gaitasunaren sortzailea, eratze hori akta batean jasotzen da, beraien borondatea adierazten dute. Izena, helbidea eta sortzaileak agertuko dira bertan. Sortu ondoren erabaki behar da hori zertarako erabiliko diren. Hori burutzeko ze pertsona fisiko izango duen ahalmena helburua gauzatzeko, estatututan agertuko da, presidentea, xedea, idazkaria, eta abar. Erabaki horiek deusezak izango dira, beste organo eskudun batek berresten ez dituen bitartean. Xedea betetzen duenean ordezkari gisa dabil.

Erantzukizun zibila: pertsona juridikoen organo legitimoek egindako kontratuen obligazioak ez betetzeagatik, edo gaizki betetzeagatik, pertsona juridikoak erantzun beharko du. Pertsona fisikoak erantzukizuna dute.

Iraungitzea aldatu

Pertsona juridikoak, eratu edo jaiotzen diren bezalaxe, iraungi ere egiten dira. Hala, Kode Zibileko 39. artikuluan zenbait arrazoi orokor ematen ditu elkarte, fundazio eta korporazioak iraungitzeko:

Lehenik eta behin, hasiera batean ezarritako epea amaitzen denean elkarte, fundazio edo korporazioak desegein egingo dira. Hala eta guztiz ere, korporazioen kasuan epe hori luzatu egin daiteke arau baten bitartez, eta elkarte eta fundazioen kasuan berriz, pertsona juridikoaren erabakiz. Beste iraungitzeko arrazoi bat, adostutako xedea bete denean izango litzateke. Kasu honetan ez da automatikoki desagertuko, baizik eta barneko erabaki formal bat hartu beharko da, aurretik, non disoluziora joango dela adieraten den bere xedea behin bete denean (ad. Minbiziaren ikerketarako edozein fundaziok minbiziaren aurkako sendagaia aurkituz gero, bere izateko arrazoia galduko luke eta beraz iraungi egingo litzateke). Azkenik, iraungitzeko beste arrazoi bat, bitartekoak falta izatearena da, bai pertsonalak bai eta ondarezkoak ere.

Kodeak aipatzen dituen arrazoiez gain, badira beste batzuk kideen gehiengoa eskatzen duenean esaterako. Honi dagokionez, Euskal Elkarteen Legearen 19.1 artikuluak dio elkartea desegin egingo dela edo eta epaileak elkartea legez kontrakoa dela erabakitzen badu (Konstituzioaren 22.2 artikuluari jarraiki).

Erregimen juridikoa aldatu

Pertsona juridikoak ez dira pertsona fisikoak bezala hiltzen. Desegin aurretik, prozedura luze bat egoten da haien ondasunak nola banatu behar diren erabakitzeko.

  1. Interes publikoko pertsona juridikoen ondareari buruz, honela dio Kodeak 39. artikuluan bertan:
    • Estatutuek xedatutako erabilera eman beharko zaio. (Gauza bera dio Elkarteei buruz Euskal Legearen 7.1. artikuluak).
    • Estatutuek ezer esaten ez badute, antzeko xedeak betetzen dituzten pertsona juridiko publikoei emango zaizkie geratzen diren ondasunak.
  2. Talde pribatuen kasuan, aldiz, kide bakoitzak bere partizipazioaren araberako zatia jasoko du hondar-ondare horretatik (Kodearen 1708. artikuluak xedatzen duenez).[1]

Erakundeak aldatu

Erakundeak edo instituzioak erreproduzitu egiten diren pertsona juridikoak dira eta arau, rol, jarrera eta balio egonkorrak dituzte euren funtzionamenduari eta gizartean duten integrazioari buruz. Pertsona moral gisa, bi erakunde nabarmentzen dira: elkarteak eta fundazioak.

Elkarteak aldatu

Elkartea edo kluba helburu eta interes komunetarako elkartu egiten den pertsonen multzoa da. Mota askotako elkarteak daude, hala nola kirol elkarteak, auzo-elkarteak, kultura elkarteak, elkarte gastronomikoak eta aisialdi-taldeak.

Elkartearen araudia Espainiako Konstituzioaren 22. artikuluan arauturik dago, izan ere, oinarrizko eskubidea da. Honek, bi adiera dituela esan dezakegu: positiboa eta negatiboa.

  • Positiboa. Elkarteak sortzeko eta elkarteetan parte hartzeko askatasuna izatea.
  • Negatiboa. Ezingo da inor behartu elkarte batean parte hartzera, ezta elkartekide izatera.

Elkartze-eskubideren babes-jurisdikzionalari dagokionez, hainbat prozedura erabili ahal izango dira elkartze-eskubidearen babesa eduki ditzan subjektu batek: alde batetik, pertsonaren oinarrizko eskubideen babeserako prozedura bereziak edukitzea eta, bestalde, Konstituzio Auzitegiaren aurreko babes-errekurtsoa izatea. Gainera, hainbat legedia autonomiko atxikitzen zaizkio pertsona moral mota honi.

Elkarte motak aldatu

Hainbat elkarte mota bereizten dira:

  • Onura publikoko elkarteak. Administrazioak onura publikoko elkarteak izendatuko ditu ineteres orokorreko helburuak betetzen dituzten elkarteei, hau da, elkarteen xedeak interes orokorrak dutenei.
  • Elkarteen federazioa. Antzeko xedeetara bideratua dauden elkarte motak dira hauek. Federazioak sor daitezke beren helburuak hobeto betetzeko asmoarekin.

Elkarteen egitura aldatu

  • Subjektuak. Elkarte bat sortzeko, gutxienez hiru kide beharko dira. Esan beharra dago, elkarte baten kide izan daitezkeela: jarduteko gai diren pertsona fisikoak, 14 urtetik aurrerako emantzipatu gabeak (bere legezko ordezkariaren baimenarekin) eta pertsona juridiko baten ordezkariak.
  • Xedeak. Legezko eta zilegi izateaz gain, zehatztuta egon behar dira elkarteen helburuak, gainera helburu bat baino gehiago izan ahal dira. Helburu hauek interes partikularrak edota interes orokorrekoak izan daitezke, baina esan bezala interes partikularra duten helburuek Euskal Autonomia Erkidegoaren Legeriaren kanpo egongo dira. Hau da, helburu hauek ez dira debekatzen, baina ezta ere arautzen. Azken finean, elkarte bat sortzen denan ez da sortzen irabazteko asmoarekin, baizik eta hasieran adostutako legezko eta zilegi diren helburuak lortzeko eta betetzeko sortzen da.
  • Ondarea. Elkartearen xedeak betetzeko ondarea edukitzea beharrezkoa da. Ondare horren barruan sartzen dira, ez bakarrik kideak jarritako ondasunak, baizik eta baita kideen lana eta jarduera ere.
  • Antolaketa. Elkarte guztiek behar dute barne-antolaketa adostutako xedeak ongi betetzeko. Horri lotuta, esan beharra dago elkarteak, printzipioz, irauteko sortuak direla, baina askotan gertatu daiteke, elkartea hasierako xedeak beteztean desegitea. Ordea, Euskal Legeak “aldi baterako elkarteak” aipatzen baititu.[1]

Fundazioak aldatu

Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde mota bat da. Izan ere, pertsona orok du bere ondareaz libreki xedatzeko eskubidea (oinarrizko eskubidea ez bada ere), eta baita, interes orokorreko helburu batzuk bete daitezen, ondasunak fundazio moduko pertsona juridikoetara bideratzeko ere.

Hori dela eta, Espainiako Konstituzioaren 33.1 artikuluak jabego pribatua eta oinordetza-eskubidea babesten ditu. Hurrengo artikuluak, 34.1.ak, fundazioak sortzeko eskubidea aitortzen die hiritar guztiei, beti ere, legeari men eginez eta interes orokorreko xedeak betetzeko sortzen bada. Dena den, Estatu mailan, fundazioek ere badituzte legedia orokorraz gain, beste legedia partikular batzuk zeinak Espainiako Autonomia Erkidegoak xedatuak izan ohi diren hauek.

Fundatzaileak pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke eta azken hauek, pertsona pribatuak eta publikoak izan daitezke. Pertsona fisikoei dagokienez, liberalitateak egiteko gaitasuna eskatzen zaie. Ondorioz, horrek kanpoan uzten ditu gehienetan adingabe emantzipatuak, baldin eta Espainiar Kode Zibilaren 323. artikuluko ondasunen gaineko xedapen-ahalmenez baliatu behar badute. Pertsona juridikoek, aldiz, organo eskudunaren baimen idatzia behar dute; eta, pertsona juridiko publikoak izanik, haien eraketa-legeak agintzen dituen mugak eta prozedurak errespetatu beharko dituzte.

Fundazioen ezaugarriak aldatu

Hiru dira edozein fundazioren osagai nagusiak: ondarea edo dotazioa, xedea edo helburua eta onuradunak.

  • Ondarea. Ondarea da fundazioaren muina zeren eta onura publikoko xedeak betetzera bideratutako ondarea da, berez, fundazioa. Ondare horri pertsona-izaera ematen zaio, errazago bete ditzan gizartearen aldeko bere helburuak eta dirutan neur daitekeen edozein eratako ondasun eta eskubideek osatzen dute hau.
  • Xedea. Fundazioaren xedeak interes orokorrekoa izan behar du eta ezingo dela norbanako zehatzen onurakoa izan. Hori bai, legezko xedeak izan behar ditu fundazioak. Ez dira, beraz, delituak egitera bideratutako fundazioak onartzen.
  • Helburua. Fundazioak beren helburu eta jardueren berri eman behar du, balizko onuradunek eta interesatuek ezagutu ditzaten.[1]

Erantzunkizuna aldatu

Tradizionalki, zuzenbide kontinentala ezarririk dagoen eskualdetan, baztertu ohi izan da pertsona juridiko batek delitu batengatik erantzukizun penala izateko aukera. Izan ere, honen arrazoia da, errua ezin dela pertsona juridiko baten atzean dauden eta erabakiak hartzen dituzten pertsona fisikoena izan. Ondorioz, ikuskera horren arabera, pertsona juridikoak erantzukizun zibila baino ez luke izango, hau da, kalte-galerak ordaindu beharko lituzke. Gainera, historikoki delituaren teoria pertsona naturala oinarri hartuta eraiki da.

Gaur egun, ordea, pertsona juridiko bat delitu batengatik zigortzeko aukera ematen duten ordenamenduak daude. Zigor mota guztiak ezarri ezin zaizkion arren, badira delitu ekonomiko edo tributarioetarako egokiak izan daitezkeen zigor batzuk, hala nola diruzkoak edo desgaikuntzakoak. Hala ere, doktrinaren zati batek uste du egoera horiek administrazio zuzenbideari dagozkiola, eta ez zuzenbide penalari.

Nolanahi ere, Common Law sistema juridikoan pertsona juridiko bati erantzukizun penala eskatzeko aukera onartzen da, eta Zuzenbide Kontinentalean, berriz, herrialde bakar batzuek baino ez dute onartzen, hala nola Italiak, Alemaniak edo Espainiak (5/2010 Lege Organikoaren erreformaz geroztik), edo Frantziak.

Pertsonalitate juridikoa edo nortasun juridikoa da pertsona, erakunde, enpresa edo bestelako erakunde bati aitortzea jarduera edo betebehar bat bere gain hartzeko, eta horrek erantzukizun osoa sortzen du ikuspegi juridikotik, bai bere buruaren aurrean, baita beste batzuen aurrean ere.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f Imaz, Leire. (2013). Zuzenbide Zibilaren Sarrera. Eskubide subjektiboa. Pertsonaren zuzenbidea. ehu, 225-228 or. ISBN 978-84-9860-784-0

Kanpo estekak aldatu