Pello Irujo Elizalde

Euskal politikaria

Pello Irujo Elizalde (Bidarte, 1939ko irailaren 8a - Iruñea, 2008ko irailaren 7a) euskal politikari abertzalea izan zen, Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea eta gero Eusko Alkartasunakoa.

Pello Irujo Elizalde

Bizitza
JaiotzaBidarte1939ko irailaren 8a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaIruñea2008ko irailaren 7a (68 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Arantzazu Ametzaga  (1965 -  2008)
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
HeziketaUniversidad Santa María (en) Itzuli
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta ekonomialaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea
Eusko Alkartasuna

Eusebio Irujo Ollo eta Pilar Elizalde Esandiren semea, Bidarten bataiatu zuten Pello Maria Iñaki izenarekin. Pello jarri zioten semeari, Eusebioren anaia, Pello Mari Irujo Ollo, egun horietan fusilatuko zutela jakin izan baitzuten. Lau anai-arrebetan gazteena zen Agurne, Maite eta Mariloren ondoren. 1936ko uztaileko estatu kolpearen ostean, Eusebio, Pilar eta bikotearen bi alabak atxilotu zituzten Lizarran. Eusebio eta Juan Ignacio anaiak Iruñeko espetxean sartu zituzten eta bertan egon ziren 1938ko amaiera arte. Pello, anaia gazteena, heriotza zigorpean, San Cristobal mendiko gotorlekuko espetxera eraman zuten. Pilar eta bi alaba nagusiak Usulinas Iruñeko komentuan sartu zituzten. Han jaio zen Pilarren hirugarren alaba, Marilo. Gurutze Gorriak trukatu zituen Eusebio eta Juan Ignacio 1938ko abenduan. Ley de responsabilidades políticas delako ardura politikoen legea aplikatu zieten eta Capbreton-en erbesteratu ziren.

1939an jaio zen Pello, La Roseraie ospitalean. 1937an atzerrian zeuden 150.000 euskal erbesteratuen beharrei erantzuteko Eusko Jaurlaritzak Bidarten sortutako erbesteko bost ospitaleen arteko bat zen hau.

Erbestea aldatu

Bigarren Mundu Gerraren hasierak eta alemaniar okupazioak behartu zuten Eusebio, beste euskal abertzale askorekin batera, erbesteko bidea hartzera. Dominikar Errepublikan Eusko Jaurlaritzako ordezkaria izan zen Eusebio Jesús Galíndezekin. Atlantikoko batailaren eraginez Europatik zetozen etorkinen fluxua gutxitu zenean, Caracasera (Venezuela) joan zen bizitzera. Pilar eta lau seme alabak ezin izan zuten Venezuelara joan 1947ra arte, beraz zortzi urte zituela ezagutu zuen Irujok aita. Bizi osoan zehar izan zuen hau gogoan.

Caracasen finkatua, Irujok 1953an amaitu zituen lehen hezkuntzako ikasketak eta Nafarroako Lekarotz kaputxinoen ikastetxera Batxilergoa ikastera bidali zuten gurasoek. 1955 arte egon zen Lekarotzen eta Jorge de Riezu izan zuen irakasle. Geroago, Caracasera itzuli eta San Ignazio ikastetxean amaitu zituen Venezuelako batxilergoko ikasketak 1959. urtean. Caracasko Santa Maria Unibertsitatean ekonomian lizentziatu zen 1965ean. Urte horretan bertan Arantzazu Ametzaga Iribarrenekin ezkondu zen.

Gurasoek ezin ziotenez ikasketak ordaindu, 18 urterekin hasi zen lanean. Bost urtez uztartu behar izan zituen ikasketak, lana eta agenda politikoa. Hasieran, Galatas Taldeko farmazia konpainiako antolakuntza eta salerosketa sailetan lan egin zuen. Geroago, Mondragoneko Kooperatiben linea zuriko produktuak merkaturatzen hasi zen Venezuelan. Basko Export-eko bazkide sortzailea izan zen, beste zenbait euskal enpresekin Hego Ameriketako esportazio saria irabazi zuena.

1955tik aurrera Caracasko euskal etxearen bizi sozial eta politikoan barneratu zen. EGI-Caracasko kidea hirurogeiko hamarkadaren hasieratik eta Venezuelako EAJko lurraldez kanpoko erakundeko presidentea, atzerritik diktaduraren aurkako erresistentzia lanean aritu zen. Caracasko EGI taldeko kontaktua Euskal Herrian Mikel Isasi zen, 1971 eta 1975 bitarte EAJko presidentea izan zena. Irujok berak gogoratu zuen bezala, “gazte talde bat ginen, Venezuelako erbesteratu zaharren seme-alabak; ozeanoak Euskal Herritik bereizten bagintuen ere, gogoz saiatu ginen diktadura frankistaren aurka borrokatzen demokrazia berreskuratzeko. Gure gaztetasunak soilik azaltzen duen borroka ero horretan, Mikel Isasi izan genuen laguntzaile bere Donibane Lohizuneko etxetik. Caracastik bidalitako propagandaren banaketa egitean, Radio Euskaditik egunero emititzen genituen mezuak zirela eta garai hartan burututako gainerako ekintza guztiei aurre egitean eta, bereziki, Aberri Egunak prestatzean -Gernikakoa eta gero asko konplikatu baitzen hauen antolaketa- beti genuen dei bat Mikel Isasiri egiteko.”[1]

Radio Euskadiren sortzaileetako bat izan zen Irujo, Jokin Intza, Jose Joaquin Azurza, Xabier Leizaola, Alberto Elosegi eta Iñaki Anasagastirekin batera. 1960an Joseba Rezola EGI-Caracasko buru zen Yokin Intzarekin harremanetan jarri zen eta Caracasen irrati bat osatzea proposatu zion. Intzak Eusko Gaztediko kide talde txiki batekin eztabaidatu zuen proposamena eta lehenengo topaketa honetan sortu zen Txalupa Operazioa: 22 metroko zutoin batean jarritako antena erronbiko baten bidez transmitituko zuen irrati klandestinoa eraikiko zuten Venezuelako oihanean; Euskal Herrira emititzeko ahalmena behar zuen izan, alegia, 8.000 kilometrotara heldu behar zuen Txaluparen uhin motzak. Hamabi urtez emitituko zuten, egunez egun, egun bakar batez ere huts egin gabe. Txalupa taldea “La Candelaria-ko besaulki satsuetan” lehen aldiz bildu zirenetik, bost urte behar izan zituzten proiektua gauzatzeko. Macuto-n muntatu zituzten errepikagailuak, Hacienda La Virginia delako tokian. Santa Lucía herritik gertu, Caracasetik 60 kilometrotara, oihanaren erdian eta aintzira baten ondoan zeuden bi antena nagusiak. 1965eko uztaila eta iraila bitarte frogak egin zituzten astean hirutan emitituz, gaueko 9:30etatik 11:30etara.[2]

 
Venezuelako Euskadi Irratia. Txalupa Operazioa.

1967ko martxoaren 26an antolatu zen Iruñeko Aberri Egunerako ahaleginak areagotu zituen Txalupa taldeak. Mezuak bidali ziren, eta erresistentziako taldeen eskutik buletinak banatu zituzten bai eta argibideak helarazi ere. Caracastik Iruñera bidaiatu zen Irujo eta barruko Erresistentziarekin harremanak lotu zituen, Gudari aldizkariko zenbakien banaketa ziurtatu zuen eta Gaztelu plazan botako zituzten ikurriñen inguruko xehetasun eta argibide teknikoak eman zituen. Bestetik, Euskadi Irratiko seinalea heltzen zela ziurtatu behar zen. Aita Eusebiorekin Lizarratik Urbasara abiatu zen Gordini batean, gau hotz argi batean. Biak ala biak, erosi berri zuten irrati gailuarekin, Radio Euzkadi sintonizatu zuten, arnasa hartuta. Baina Urbasan ez zen ezer entzun lehen gau hartan. Eusebiok semea besarkatu zuen, eta sentimendu sakonenak adierazi ezinik, ‘Gora Euskadi askatuta!’ oihukatu zuen.

Irujok euskal etxeko beste hedabide batzuekin ere kolaboratu zuen, batez ere Caracasko euskal etxean ekoizten ziren Aberri, Euzkadi eta Gudari aldizkariekin. Nafarroako historiari buruzko artikulu sorta argitaratu zuen Caracasko Aberri egunkarian 1959 eta 1960 bitarte eta historiari eta nazionalismoari buruzko bigarren artikulu sorta bat argitaratu zuen 1960an.

1967an Iruñean egin zen Aberri Egunean atxilotu eta torturatu egin zuten “desordena eragin duen hilabete honetako 1967ko martxoaren 26an hiri honetan legez kanpo gauzatu den euskal manifestazio separatistan parte hartu duelako”. Epaiketarik gabe, 1959ko uztailaren 30eko ordena publikoko legearen 2.e. artikuluko aurreikusitako delituaren erantzule aurkitu zutela jakinarazi zioten eta, 18. eta 19. artikuluen arabera, 10.000 pezetako isuna ezarri zioten eta deportatu zuten. Gobernu zibilaren bulegoetan atxilotu zutenean jasotako kolpeak zirela eta, Arantzak ez zuen ezagutu erbestera joateko Bartzelonako aireportuan elkartu zirenean.

Mikel Isasik erresistentzian zituen kontaktuei esker, Irujok muga zeharkatu ahal izan zuen 1968an aita azken aldi batez bisitatzeko. “Isasi lagunaren bizkarrean negar egin nuen une hartan, Lapurdi eta Nafarroa bereizten duen muga beldurgarri hura klandestinoki zeharkatu nuenean, eta hari esker, bere ezagutza eta presioei esker, aita ikusi ahal izan nuen azken aldiz. Agintari frankistek mugaren alderdi honetan sartzea debekatu baitzidaten.”[3]

Itzulera aldatu

1972an Nafarroara itzuli zen emaztearekin eta hiru seme-alabekin, baina aste gutxi batzuetara Guardia Zibila Lizarrako etxera joan eta bisa kendu ziotela jakinarazi zioten. Egun horretan bertan mugaren beste aldera eraman zuten. Bi urteko negoziazioen ostean, León Herrerak, gobernazioko idazkariordeak, 1974ko ekainean jakinarazi zion Arantzazu Ametzagari mugetako komisario nagusiak agindutakoaren arabera, jarraibide egokiak eman zizkiola atzerri ministerioari senarrak bisa eskatu eta herrialdean sartu ahal izateko. Irujok 1974. urtearen amaieran Euskal Herrira itzuli ahal izan zuen, baina egonaldia hiru hilabetetara mugatu zen, beraz, epe hori amaitu ondoren herrialdea utzi behar izan zuen. 2004ko ekainera arte ez zuen Irujok Espainiako hiritartasuna eta Nafarroako herritartasun zibila berreskuratu.

1974 eta 1986 artean hainbat ardura izan zituen, besteak beste, EAJko lurraldez kanpoko batzordeko kide, Napar Buru Batzarreko (NBB) burukide eta Euskadi Buru Batzarreko (EBB) kide izan zen.

Diktadorea hil ondoren, NBBko presidente eta EBBko kide gisa parte hartu zuen konstituzioaren eta estatutuaren inguruko eztabaida politikoetan. Manuel Irujo Ollok bezala, Irujoren jarrera euskal herritarren eta haien lurraldeen eskubide historikoak baieztatzen ez zituen testu konstituzionalari ezetza ematea zen. Zentzu horretan, EAJko buruzagiek Josep Tarradellasekin eta Kataluniako beste agintari politikoekin izandako elkarrizketetan parte hartu zuen. EAJtik “foru xedapena” defendatu zutenei aurre egin zien eta UPNtik bultzatu zen Nafarroako hizkuntza zonifikazioari gogor ekin zion. Nafarroako ikastola publiko eta kontzertatuen sarearen eta euskal unibertsitatearen sorreraren sustatzaile sutsua izan zen.[4] 1979ko urrian Irujo Gernikako estatutua onartzearen alde agertu zen, lurralde banaketa sortu arren, autonomia erkidegoak Nafarroarekin bat egiteko bidea eskaintzen baitzuen agiriak. Irujoren aburuz “bake estatutua” zen hura, herrigintzan elkarrekin aurrera pausuak emateko aukera eman zezakeen dokumentu administratiboa.[5] 1979ko azaroan, argi eta garbi adierazi zuen “Nafarroako EAJren lehen xedea euskal batasun politikoa lortzea zela” eta gehitu zuen “Nafarroak euskal erregimen autonomikoan sartzea erabakitzean autogobernu eskubidea bere gain hartuko du.”[6]

 
Pello Irujo hitzaldi bat ematen Katalunian.

Berrogei urtez luzatu zen diktaduraren ostean, EEBko beste kide batzuekin batera Irujok antolatzen lagundu zuen lehen ekintza masiboen arteko bat lehen Alderdi Eguna izan zen. 1977ko irailaren 25ean gertatu zen. “Hegazkin batek Aralarko San Migel gainetik hegan egin zuen fuselajean ikurriña margotuta zuela eta ikurriña erraldoi bat zekarren ere, kometa bat bezala haizearekin jolasten zuena” gogoratzen zuen Iñigo Barandiaranek.[7] Egun batzuk lehenago, Irujok NBBren ezohiko bilera antolatu zuen Aralarren. Hiru eguneko iraupena izan zuen eta bertan alderdiaren barne antolaketaren gaiak eta Nafarroako trantsizioaren urte zail haietan jarraitu beharreko ildo estrategikoak sakonki aztertu ziren. Besteak beste, bilera honetan Jose Luis Albizuk, Fermin Ziaurritzek, Juan Carlos Iturrik, Pello Berengerek, Maritxu San Juanek eta Koldo Amezketak parte hartu zuten. Irujok prentsari esan zion moduan, “gutxiengo errai batek Nafarroa Euskal Herriko parte dela sentitzen du, eta gutxiengo txikiago batek Nafarroa espainola dela uste du. Dikotomia honekin aurrez aurre egiten du ideiak argi izateko aukerarik izan ez duten nafarren multzorik handiena. Ez dugu ahaztu behar nafarrek euskal ideia nazionalaren bultzatzaile izan ginela eta gaur egun atzean geratu garela. Nafarroako arima historikoa dago kolokan. Gatazka hau denboraren poderioz konpondu beharra dago, Nafarroari presio gehiago eragin gabe.”[8]

1978an Manuel Irujoren itzulera antolatu zuen. Miarritzetik Noainera hegazkinez heldu zen Manuel. Arratsaldeko bostak ziren “Nafarroako lehoiak”, 38 urte erbestean ibili ondoren, Iruñean lurreratu zenean. Izugarrizko jendetza zain zuen aireportuan. Pello Irujok hegan egin zuen berarekin baina inork ez zuen susmatu gertaera hain masiboa gauzatuko zenik. Besoak zabalik agurtu zuen jendea hegazkinetik Manuelek eta lurra zapaltzean isilik egon zen minutu batzuk, emozioak jota. “Nola zaude?” galdetu zion Noaingo aireportuan besarkatzea hurbildu zen lehen pertsonetako batek. “Ahal dudan moduan nago, mutil”, erantzun zuen Manuel Irujok lau hamarkadaz diktaduraren aurka atzerriko erresistentzian lan egin ostean. Handik gutxira, Pedro Arbizu Lizarrako alkateak hiriko urrezko eta diamantezko intsignia eskaini zion. Ondoren, Iruñeko batzordeko presidenteak hiriko makila eman zion eta sinbolikoki “lehendakari” izendatu zuen. Aireportuko zuzendariak “Espainiara” ongietorria egin zion “espainiar eta leondar gisa”. Irujok “nafar eta euskal demokrata gisa” onartu zuen ongietorria.

1978an Orreagako gudaren 1.200 urtemuga gogoratzeko Arbaso Eguneko ekitaldien koordinatzaile nagusia izan zen Irujo. Eugène Goyheneche, Jose M. Satrustegi eta Jimeno Jurio bildu zituen Ibañeta Batzordea osatu zuen eta hainbat euskal kultur erakunderen parte hartzea koordinatu zuen, hala nola Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, José Luis García Falcesek eta Carlos Claveríak ordezkatuta, Eusko Ikaskuntza José Estornés Lasak ordezkatuta, Kultur Mintegia, Aezkoa Elkartea eta Arturo Campion ikastetxea. Ekitaldiak Jimeno Juriok eta Mikel Soraurenek Iruñean emandako hitzaldi batekin hasi ziren. Pierre Narbaitzen Nafarroa bakarrik edo esnearekin antzezlana estreinatu zen Iruñean eta Arrano Beltza musika pieza Orreagako kolegiatan. Ekitaldien aurreko asteburuan, hamaika autobusez osatutako karabana antolatu zen Nafarroako hainbat leku historiko bisitatzeko. Iñaki Bilbao, Jesús Elso, José Andrés Gorritxo, Jesús Idoeta eta Luis Mari Ginea izan ziren Orreagako ekitaldien antolaketa materialaren arduradunen arteko batzuk.

 
Rafael Larreina, Carlos Garaikoetxea, eta Pello Irujo EAko biltzar nagusi batean.

Abuztuaren 12an, ekitaldi nagusia baino hiru egun lehenago, artikulu luzea argitaratu zuen Irujok eta bertan adierazi zuen Orreagako gudako bezalako gertakariek hausnarketa bat egitera bultzatu behar gaituztela. Hainbat errege eta enperadore saiatu dira herri eta lurralde ezberdinak indarraren indarrez batzen eta batasun kontinentala edo unibertsala zentzugabeko bide honetan gauzatzen. “Inperio karolingioa Karlomagnoren apoteosi pertsonala baino ez zen izan” adierazi zuen Irujok eta azpimarratu zuen 778an bezala, 1978an ere euskaldun guztien batasunaren behar gorrian zegoela Euskal Herria.[9] Orreagako guduaren oroimeneko monumentua inauguratu zuten kolegiataren zelai nagusian.

1986an EAJ banatu ondoren, Eusko Alkartasunako kide izan zen. Nafarroako EAko zuzendaritza batzordeko presidentea izan zen 1989 eta 1999 artean, eta zuzendaritza nazionaleko zuzendaritzako kidea 1999 eta 2007 bitarte. Eusko Alkartasunaren zuzendaritzan egindako lan eta arduren artean alderdiaren barne antolaketa, lurralde ezarpenaren eta alderdien finantzaketa nabarmendu behar.

2005 eta 2008 bitarte, Juan Jose Ibarretexe lehendakariaren bigarren agintaldian, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako justizia, lan eta gizarte segurantza sailburuaren aholkulari gisa aritu zen.

Iruñean hil zen 68 urte zituela eta Lizarrako Irujo familiaren panteoian lurperatu zuten ikurriña eta Venezuelako banderarekin.[10]

Lau seme-alaba izan zituen, Xabier, Pello, Mikel eta Enekoitz. Mikel Irujo 2007 eta 2009 bitarte Eusko Alkartasunako europarlamentaria izan zen. Nafarroako atzerriko delegatua Bruselan izan zen 2015 eta 2019 bitarte Uxue Barkosen presidentetzan eta 2019tik aurrera María Chivite buru duen koalizio gobernuan.

Erreferentziak aldatu

  1. Irujo, Pello. (1996). En recuerdo de Mikel Isasi. El Correo Vasco.
  2. www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
  3. Pello, Irujo. (1996). En recuerdo de Mikel Isasi. El Correo Vasco.
  4. Pello, Irujo. (1979). Pello Irujo: ‘Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak eman behar ituzten pauso berak eman behar ditu Nafarroak ere, Euzkadiren zati izateko. Deia, 16 or..
  5. Pello, Irujo. (1979). Navarra ante el estatuto de Gernika. Deia.
  6. Ramon, Mur. (1979). El fin primordial del PNV en Navarra es conseguir la unidad política vasca. Deia.
  7. Elisa, López. (2017). Un Alderdi Eguna grabado en la memoria. El Diario Vasco.
  8. Reunión extraordinaria del Napar Buru Batzar. Tres días de encierro en Aralar. Euzkadi, 15-17 or..
  9. Pello, Irujo. (1978). La batalla de Orreaga y la unidad vasca. Deia.
  10. «Fallece Peio Irujo, ex miembro de la ejecutiva nacional de Eusko Alkartasuna - Bing» www.bing.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).