Aita Patxi Uribarren Leturiaga (Etxaguen, Aramaio, Araba, 1942ko urriaren 31 - ) Uribarren baserrian jaiotako euskal karmeldar, idazle, irakasle, itzultzaile eta euskaltzaina da. Santutxun bizi izan zen unibertsitatean ikasten hasi zen garaitik, Bilbon, 2010era arte. Une honetan Markina-Xemeinen bizi da.

Patxi Uribarren

Bizitza
JaiotzaEtxaguen (Aramaio)1942ko urriaren 31 (81 urte)
Herrialdea Araba
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, unibertsitateko irakaslea, apaiza, itzultzailea eta lexikografoa
Enplegatzailea(k)Bizkaiko Foru Aldundia
Euskal Herriko Unibertsitatea
KidetzaEuskaltzaindia
Udako Euskal Unibertsitatea
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Euskal Idazleen Elkartea
Bostak bat (lantaldea)
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaKarmeldarrak

Inguma: patxi-uribarren-leturiaga

Ikasketak aldatu

Ikasketa orokorrak hainbat tokitan burutu zituen: Zornotza, Alesbes, Markina, eta Gasteizko karmeldarren etxeetan. Teologiako lizentziatura Bilbon burutu zuen 1969an, Begoñako Karmelo komentuan eta Deustuko Unibertsitatean urte bina ikasiz. Geroago Filosofia eta Letren lizentziatura ere eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean 1974an; lizentziatura-txostena Aramaioko toponimiaz egin zuen Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean. Lizentziatura bien txostenak euskaraz idatzi zituen, garai haietan hori ohikoa ez bazen ere. 1972an Euskaltzaindiko D eta B irakasle tituluak bereganatu zituen.[1][2]

Langile eta ekintzailea aldatu

Bizkaiko Foru Aldundian itzultzaile lanak egiten aritu zen 1983 eta 2007 bitartean, erretiratu zen arte. Bera izan zen lehiaketa bidezko lehen itzultzaile ofiziala Bizkaiko Foru Aldundian.

Euskal alorrean lan ugari egindakoa da gehienetan antolatzaile eta irakasle moduan.

Santutxuko Gau-eskolak antolatu zituen Jose Ramon Etxebarria eta beste adiskide batzuekin Karmelo elizako lokaletan, eta hamabost urtez eman zituen eskolak bertan.[3] Hurrengo urteetan, gau-eskola haietako irakasleen artean euskara ikasteko Euskalduntzen metodoa (hiru liburuki) eta Alfabetatzen liburua prestatu zituzten.

Garai hartan Deustun zegoen EHUko Irakasle Eskolan euskarari lekua egiteko planak gertatzen aritu zen; Hezkuntza Zientzien Institutuaren (HEZI) laguntzaz Irakasle Eskolako ikasleentzat udako ikastaro trinkoen antolatu zituen; eta Euskaltzaindiko "D" eta "B" tituluetarako ikastaroen antolatzaile, irakasle eta epaimahaiko kide izan zen, jardun hori 1091ean Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zen arte.

1976an hasi zen beharrean Leioako Zientzia Fakultatean eta Deustuko Irakasle Eskola hartan, euskararen irakaskuntza antolatzen. Geroago 1978an, Euskal Filologia espezialitatea abian jartzeko ekimenean ere parte hartu zuen. Zazpi urtez Euskal Filologiako irakasle izan zen Irakasle Eskolan; alfabetatze, dialektologia eta morfosintaxi eskolak eman zituen bertan.[1]

Euskaltzaina aldatu

1971z gero, euskaltzain urgazle izan da, 2008ko irailaren 26an euskaltzain oso izendatu zuten arte, Henrike Knörrek utzitako tokia betetzeko.[4] "Izan zirelako gara, eta garelako izango dira” izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Aramaion 2010eko maiatzaren 28an.[5][6] 2017an Euskaltzaindiak euskaltzain oso emeritu izendatu zuen Joan Mari Torrealdairekin batera.[7]

1976tik zenbait batzordetan parte hartu izan du, batzordekide lanetan edota aholkulari lanetan: irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, hiztegigintza, onomastika, euskalkiak, euskararen sustatzea, eta abar.

Idazlanak aldatu

Bostak bat lantaldearen bost sortzaileetako bat izan zen 1981ean. Taldeak Adorez hiztegi-sorta bultzatu zuen.

  • Hiztegi 5000 (2006, Internet-zerbitzua)[8]
  • Euskal Aditza (hiztegieran antolatua) (2006).
  • 3000 hiztegia (1996).
  • Europa hiztegia (1993).
  • Eskola hiztegia (1991).
  • Euskarazko hiztegia (1986-1990).
  • Sinonimoen hiztegia (1983)

Hainbat lagunen artean sorturiko Hizkuntzaz jabetzen (0-6) liburua ere aipagarria da (2012).[9]

Honetaz gainera, Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Karmel, Herria 2000 Eliza, Euskara, Mahatsondo eta Txirritola aldizkarietan hainbat artikulu eta itzulpen argitaratu izan ditu. Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan ere argitaratu ditu hainbat gogoeta euskaraz.[10][11][2]

Gogoz, karmeldar ikasleen aldizkariaren sortzailea eta zuzendaria izan zen 1965-1969 urteetan Bilboko Karmelon.

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 125 lan baino gehiago bildu dira.[12]

Ikerlanak aldatu

Bostak bat lantaldeko zenbait ikerketan ere parte hartu izan du. Ikerlan ugari egin ditu, gehienak Adorez taldearekin eginda: 1) Aramaioko toponimia (1973-1974), 2) Elizako irakurgaietako lexiko bateratua, 3) Bizkaierarako lexiko propioa, eta 4) Lino Akesoloren lexikoa.

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteko kide izanik Klasikoak pentsamendu sortarako itzuli beharreko liburuak aukeratzeko sortutako batzordean aritu zen 1992 eta 2009 artean.

Sariak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Uribarren, Patxi. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  2. a b Patxi Uribarren Leturiaga. Karmel Aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  3. Santutxuko kilometroetan 1965eko 'gau eskolako' irakasle eta ikasleak omenduko dituzte. uriola.eus Santutxu (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  4. Berria.eus. [https://www.berria.eus/albisteak/29503/patxi_uribarren_aukeratu_dute_euskaltzain_oso_henrike_knrren_ordez.htm «Patxi Uribarren aukeratu dute euskaltzain oso Henrike Kn�rren ordez - Berria»] Berria (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  5. Uribarren, Patxi. «Izan zirelako gara, garelako izango dira.» (PDF) Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  6. Patxi Uribarren: "Izan zirelako gara, garelako izango dira". Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  7. Berria.eus. «Joan Mari Torrealdai eta Patxi Uribarren ohorezko euskaltzain izendatu dituzte» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  8. ADOREZ Hiztegiak. (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  9. Hizkuntzaz jabetzen (0-6). Mendebalde Euskal Kultur Alkartea D.L. 2012 ISBN 9788415508083..
  10. "Anaitasuna" aldizkaria. (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  11. Patxi URIBARREN - Jakin.eus. (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  12. Patxi Uribarrenen produkzioa Inguma datu-basearen arabera (>125 produktu).

Kanpo estekak aldatu