Pantxoa eta Peio

euskal kantari bikotea

Pantxoa eta Peio Lapurdiko abeslari bikote bat zen, Peio Ospital (Ezpeleta, 1948) eta Pantxoa Carrerek (Azkaine, 1948) osatua. Euskarazko herri abestiak kantatzen zituzten, gehienbat olerkarien lanei musika jarrita, Telesforo Monzon eta Manex Pagolarenak, besteak beste.

Pantxoa eta Peio
Peio eta Pantxoa, 2011n.
Datuak
JatorriaLapurdi
Musika motafolk
Urteak1969-2016
Produkzioa
Diskoetxea(k)Elkar
Taldekideak
Pantxoa Carrere
Peio Ospital
Informazio gehigarria
Badok: pantxoa-eta-peio Musicbrainz: db2eb77e-6cf1-41bb-a4fe-17821bc2054b Musikasten: pantxoa-eta-peio Edit the value on Wikidata

1970eko hamarkadan hasi ziren euskal abertzaletasunari lotutako abestiak kantatzen. Ipar Euskal Herrian ez ezik, Hego Euskal Herrian ere ezagun bihurtu ziren. Hori dela eta, eurek abestutako kanta asko euskal musikan klasiko eztabaidaezin bihurtu ziren.

Hauek dira bikote honen abestirik ezagunenetariko batzuk: Lepoan hartu ta segi aurrera, Itziarren semea, Urtxintxak, Azken dantza, Bai euskarari, Batasuna, Greziako itsasontzia, Egunsenti hura eta Txikia.

Sorrera, Amaia Kultur Taldea aldatu

Peio Ospital eta Pantxoa Carrere urte berean jaio ziren, 1948an, Ezpeletan (Lapurdi) eta Azkainen (Lapurdi), hurrenez hurren. Baionako Maitrise Episcopale ikastetxean ezagutu zuten elkar. Apezetxe horretan ikasi zuten kantuz, bereziki gregoriar kantua abesten, baita pianoa jotzen ere. 60ko hamarkadan, Mixel Labegerieren kantak ezagutu eta horiek abesten hasi ziren. Seminarioan ezagututako Manex Pagola eta Beñat Sarasolarekin ere hasi ziren kantatzen Baionako ostatu batean, igande arratsaldez. Garai hartan Pantxoa gitarra jotzen hasi zen. Bikotea urte haietan sortu zen Amaia Kultur Taldeko partaide izan zen.

Telesforo Monzonen laguntza (1968) aldatu

1968. urtean, Uztaritzen (Lapurdi), bikotearen ibilbidean garrantzi handia izango zuen pertsona bat ezagutu zuten: Telesforo Monzon. Bergararrak Pantxoa eta Peio abesten entzun eta liluratuta gelditu zen. Hurrengo urtean, hainbat kanta eskaini zien, haien artean "Itziarren semea" ospetsua. Peio Ospitalek gogoan du nolakoa izan zen elkar ezagutzea: "Amaia kultur taldeak hainbat ekimen antolatzen zituen, horien artean, kultur asteak. Kantatzeko eskatu ziguten, eta horrela ezagutu genuen Telesforo Monzon. Bera mintzaldi bat ematera jina zen, eta ondotik gu entzun gintuen. Gure ahotsak maite zituela adierazi zigun. 1969an ikustera jin zitzaigun, eta eskaini zigun lehen kantua "Itziarren semea" izan zen. Francoren garaiak ziren, eta askatasun egarri izugarria zegoen Euskal Herrian. Kantaldiak ziren Euskal Herriaren aitortza kolektiboa egiteko eremu bakarra".[1]

Lehen diskoa eta kantaldia (1969) aldatu

"Itziarren semea"-rekin eta Manex Pagolak idatzitako beste hiru kanturekin ("Eñaut Bidegorri", "Jo bezate ezkilek" eta "Ttakulin") osatu zuen bikoteak lehen disko txikia (Diapason, 1969). Urte berean egin zuen bikoteak lehen kantaldia, Uztaritzen bertan. Ipar Euskal Herrian kantaldiak oraindik ez zeuden errotuta, baina sortzen ari zen belaunaldi musikal berri bat: Etxamendi eta Larralde, Beñat Sarasola eta Joanes Borda (Guk)...

Lehen kantaldia Hegoaldean (1971) aldatu

Hego Euskal Herrian, Monzonen herrian abestu zuten lehen aldiz, Bergaran (Gipuzkoa), 1971n. "Harriturik egon ginen hango jendea ikustearekin. Jendea milaka, hemen hogeita hamar, edo ehun jenderen aitzinean arteko usaia bakarrik genuelarik. Francoren denboran zen eta nola jendeak ez zuen elgarrataratzeko okasionerik, kantalditara etortzen zen eta giro berezi bat sortzen zen hor, kasik "mitin bat bilakatuz batzuetan".[2] Ordurako, Beñat Sarasola eta Joanes Bordarekin partekatutako singlea grabatua zuen bikoteak. Monzonen adiskide Angel Arregiren etxean egin zuen, Donibane Lohizunen, Iñaki Beobidek eramandako grabagailuarekin. Arregik berak sorturiko Diskola zigiluaren lehen argitalpena izan zen, eta bertan agertu zen lehen aldiz "Lepoan hartu ta segi aurrera" kantu mitikoa. Hurrengo urtean bigarren disko txikia grabatu zuten, lehenengoa bezala Monzonen eta Manex Pagolaren kantuez osaturik.

Hegoaldean kantatzeko arazoak aldatu

Franco hil bitartean arazo ugari izan zuten Pantxoak eta Peiok Hego Euskal Herrian abesteko, debeku ugari jasan behar izan baitzuten. Gitarra eta ahotsak aski izan zituen bikoteak orduko euskal gizarteak zituen kezka nagusiak islatzeko, betiere engaiamendu politiko garbi batez.

Lehen disko luzea (1975) aldatu

 
Zazpiribai kantu-ikuskizunerako bildu ziren Ipar-Hego euskal herrietako hainbat abeslari, 1972an, Ez Dok Amairu desegitean. Parte hartzaileak: Ugutz Robles-Aranguiz, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Iñaki Urtizberea (txistularia eta txirularia), Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Manex Pagola.

1975ean, lehen disko luzea argitaratu zuten: Peio Ospital eta Pantxoa Carrere (Elkar). Egundoko arrakasta izan zuen, eta mugarria izan zen euskal kantagintzan. Bertan zeuden orduz geroztik klasiko bihurtu diren kantuetako batzuk: "Itziarren semea", "Batasuna", "Lepoan hartu", "Aita kartzelan duzu"...

Hurrengo urteetan Euskal Herri osoan aritu ziren kantari, besteak beste 1978ko Bai Euskarari jaialdi gogoangarrian, non izen bereko abestia jo zuten. Horrez gain, hainbat disko kaleratu zituzten: Peio/Pantxoa (Herri Gogoa-Edigsa, 1975) Euskalduna naiz eta maite dut herria (Elkar, 1977), Bakezko besarkada batean (Elkar, 1981) eta Eguzkiaren musu (Elkar, 1990).

1991ko geldialdia aldatu

1991n, geldialdi bat egin zuen bikoteak ordura arteko ibilbidean; atzera begira jarri zen, eta bere kantu ezagunenak moldaketa berriz horniturik grabatu zituen: 1969-1991 (Elkar, 1991). 1997ra arte iraun zen isiltasun garaiak.

1997ko berpiztea aldatu

Urte hartan Oles ta oles (Elkar, 1997) argitaratu zuten, Ikastolen Elkartearekin eta Labayru elkartearekin egindako proiektu baten fruitua. Eguberriekin lotutako herri abestiak bildu zituzten disko horretan. Lan hori argitaratzearekin batera, berriro itzuli ziren plazetara, erritmo lasaiagoan.

2002an, Lapurtar koblariak (Elkar) argitaratu zuten, sorterriko lurraldeari egindako omenaldia. Lan horretan, hainbat olerkariren letrak musikatu zituzten: Manex Pagola, Martin Arrupe, Piarres Lafitte, Jose Mendiage. Alderdi musikalean, berriz, hainbat laguntzaile izan zituzten, horien artean Joseba Tapia, Caroline Philips eta Mixel Ducau.

2006. urtean Lurra eta maitasuna (Elkar) argitaratu zuten, izenburuak argi adierazten duen moduan bi gai horien inguruko eratutako lana. Hainbat herri-kanturekin batera, besteak beste Etxahun-Iruri, Jean Louis Davant eta Manex Pagolaren hitzak baliatu zituzten.

40 urteko ibilbidea ospatzeko, zuzeneko diskoa grabatu zuten 2009ko irailaren 11n, Tolosako Leidor antzokian. Beste bat (Agorila, 2009) izeneko lan horretan, bere kanturik ezagunenak jaso ditu bikoteak, baita abesti berri bat ere,"Irria". Bada beste sorpresa bat ere, Laura Latienda abeslari gazteak jartzen baitio ahotsa "Iduzki denean" kantu herrikoiari.

Diskografia aldatu

Kolaborazioak aldatu

  • Ortziken (1976, Elkar)
  • Bai euskarari (1978, Euskaltzaindia)
  • Zatoz, Izpiritua! Euskal elizaren tradizio berritua (2006.com, Elkar)

Erreferentziak aldatu

  1. Ubeda Goikoetxea, Garbine. (1967). «Kafea eta Galletak» www.kafeaetagalletak.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-01).
  2. «'Hegoaldean ongietorri berezia ukan dugu beti'» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-06-01).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu