Palestinako historia gaitzat duen artikulu honek Palestina izeneko lurralde geografikoa aztertzen du, Antzinarotik orain arte. Palestinako Lurraldeak deritzona, Palestina horretako zati bat baino ez da, Palestinako Aginte Nazionalaren administraziopean.

Eskualdea, satelite irudian.

Antzinaroa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kanaan», «Antzinako Israel eta Judeako historia» eta «Filistiar»
 
K.a. 830 inguruko gutxi gorabeherako mapa.

Eskualde honetan gizakiak historiaurretik izan dira. Neolitoko Iraultzan nekazaritza-komunitateak eta zibilizazioak sortzen ikusi zuen lehen eskualdeetako bat da[1]. Brontze Aroan Kanaanen lehen hiri-estatu independenteak ziren, Antzinako Egipto, Mesopotamia, Fenizia, Kreta minoikoa eta Siria inguruko zibilizazioen eraginpean. K.a. 1550 eta 1400 bitartean, Kanaango hiriak Egiptoko Erresuma Berriko basailu bihurtu ziren, eta K.a. 1178. urtean Djahyko guduan boterea galdu zuten artea, Brontze Aroko kolapso orokorrean. Israeldarrak Kanaango erdialdeko eskualde menditsuan K.a. 1200. urtearen inguruan gertatu zen eraldaketa dramatiko baten ondorioz sortu ziren, argi eta garbi beste leku batetik zetorren talde etniko baten inbasio bortitz edo infiltrazio baketsuaren zeinurik gabe[2][3]. Burdin Aroan, israeldarrek bi erresuma elkartu ezarri zituzten: Israel eta Judea. Israelgo erresuma (Samaria) tokiko potentzia garrantzitsu gisa sortu zen K.a. X. mendean, K.a. 722. urtean Neo-asiriar inperioaren eskuetan erori baino lehen. Israelen hegoaldeko bizilaguna, Judeako erresuma, K.a. VIII eta IX. mendearen inguruan sortu zen, baina beranduago Neo-asiriar inperioaren parte bilakatu zen eta, ondoren Neo-babiloniar inperioarena, matxinada batek inperio hori K.a. 586an suntsitu zuen artean[1][4].

K.a. 587 edo 586an Jerusalem setiatu eta suntsitu zuten Nabukodonosor II.aren babiloniar indarrek[5], eta judearrak Babilonian gatibu hartu zituzten. Judako Erresuma Babiloniako probintzia izatera pasa zen. Filistearrak ere erbesteratu ziren, eta garaipena hau babiloniar iturrietan jaso zen[6][7].

K.a. 539. urtean, Akemenestar inperioak Babiloniako inperioa konkistatu zuen. Hebrear Biblian eta Ziroren Zilindroaren ondorioen arabera, judu erbesteratuei azkenean Jerusalemera itzultzen utzi zitzaien. Judeara itzuli zen biztanleriari gobernu persiarraren pean autogobernatzen utzi zitzaion, eta erresuma eroriaren parte batzuk Yehud izeneko persiar probintzia bihurtu ziren[8][9]. Yehudez gain, beste lau probintzia persiar zeuden gutxienez eskualde horretan: Samaria, Gaza, Axdod eta Askalon, baita feniziar hiri-estatuak iparraldean tribu arabiarrak hegoaldean ere[10]. Garai berean, Edomeko biztanleek Transjordaniatik Judearen hegoaldera migratu zuten, eta Idumea izena hartu zuten[11]. Kedaritak tribu arabiar nagusia ziren; haren lurraldea Hejazetik (hegoaldean) Negevera (iparraldean) hedatzen zen Persiarren garaian[12][13].

Aro klasikoa aldatu

 
Zesarea Maritima edo Zesarea Palestina, Herodes I.a Handiaren garaian eraikia antzinako Feniziar itsas-portu baten gainean. Erromatar Judeako, Siria Palestinako eta bizantziar Palaestina Primako hiriburua izan zen.
 
Jerusalemgo Bigarren Tenpluko maketa, Herodesek berreraiki ondoren. Erromatarrek suntsitu zuten, 70. urtean, Lehen Judu-Erromatar Gerraren baitan.

K.a. 330. hamarkadan, Alexandro Handia mazedoniar subiranoak eskualdea konkistatu zuen, eta hainbat aldiz aldatu zen eskuz Diadokoen gerretan eta ondorengo Bigarren Siriar Gerran. Azkenik, Seleukotar Inperioaren eskuetan erori zen K.a. 219 eta 200 bitartean. Aldi horretan, eskualdea helenizatu egin zen neurri handi batean, eta horrek grekoen eta bertakoen arteko tentsioak sortu zituen. K.a. 167. urtean makabearren matxinada lehertu zen, Judean asmondar leinuaren estatu independente bat ezartzera eraman zuena. K.a. 110. urtetik aurrera, Palestina osoan zabaldu zen asmondarren boterea, Samaria, Galilea, Iturea, Perea eta Idumea barne[14]. Eskualde zabalenean juduek egindako kontrolaren ondorioz, Judea izenarekin ezagutu zen, lehenago Judeako mendien eskualde txikiari buruz hitz egiteko erabiltzen zen terminoa. Garai berean, edomitak judaismora bihurtu zituzten derrigor[15].

K.a. 73 eta 63 urteen artean, Erromako Errepublikak bere eragina Hirugarren Gerra Mitridikoan hedatu zuen. Ponpeiok K.a. 63an konkistatu zuen Judea, antzinako asmondar erresuma bost barrutitan banatuz. K.a. 40. urtearen inguruan, Partiar Inperioak Palestina konkistatu, Hirkano II.a aliatu erromatarra kanporatu eta Antigono Matatias izenaz ezagutzen den txotxongilo-agintari bat ezarri zuten[16][17]. K.a. 37 inguruan, Partiarrak Palestinatik erretiratu ziren[16].

Palestina, oro har, "kristautasunaren sorlekutzat" hartzen da[18][19]. Kristautasuna, Nazareteko Jesusen bizitza eta irakaskuntzan oinarritutako erlijioa, sekta mesianiko gisa sortu zen Bigarren Tenpluko Judaismoaren barruan. Jesusen hiru urteko ministerioa, gurutziltzatzearekin amaitu zena, kristau-aroko 28. eta 30. urteen artean izan zela kalkulatzen da, nahiz eta Jesusen historikotasuna ikerlari gutxi batzuek eztabaidatu.

 
Nablus hirian aurkitutako K.o. III. mendeko mosaikoa. Israelgo museoan ikusgai.

Gure garaiko I. eta II. mendeetan, Judea probintzian eskala handiko bi errebolta judu izan ziren Erromaren agintearen aurka. 66-73 urteen arte iraun zuen Lehen Judu-Erromatar Gerraren garaian, erromatarrek Jerusalem suntsitu eta Bigarren Tenplua suntsitu zuten[20]. Masadan, judu zeloteek nahiago izan zuten beren buruaz beste egin erromatar agintea jasatera baino. K.o. 132. urtean beste matxinada judu bat lehertu zen. Bar Kokhbako matxinadak hiru urte behar izan zituen amaitzeko, gastu handiak eragin zizkien bai erromatarrei bai juduei, eta Judearen zati handi bat suntsitu zuen[21][22]. Palestinako juduen bizitzaren erdigunea Galileara lekualdatu zen[23][24]. Erreboltaren garaian edo ondoren, Hadrianok Judea probintzia Galilearekin eta Paraliarekin elkartu zuen Siria Palestinako probintzia berria eratzeko, eta Jerusalemi Aelia Capitolina izena emkan zioten. Zenbait adituk uste dute ekintza horiek juduen herria beren jatorritik deskonektatzeko ahalegina direla[25][21], baina teoria hori eztabaidatzen da[26].

259 eta 272 artean, eskualdea Septimio Odenatoren mende erori zen Palmirako Inperioaren errege gisa. Konstantino enperadore kristauak Tetrarkiako gerra zibiletan garaipena lortu ondoren, Erromatar Inperioaren kristautzea hasi zen, 326an, Santa Helena, Konstantinoren ama, Jerusalemera joan zen eta elizak eta santutegiak eraikitzen hasi zen. Palestina kristautasunaren gune bihurtu zen, monje eta jakintsu erlijioso ugari erakarriz. Garai hartako samariar matxinadak leinu hau ia desagertzea eragin zuten. K.o. 614. urtean, Palestina beste dinastia persiar batek, sasandarrek, bereganatu zuen, K.o. 628. urtean bizantziar kontrolera itzuli zen arte.

Erdi Aroa aldatu

Aro musulman goiztiarra aldatu

 
Arrokaren Kupula, 691ean amaituta, Islamaren ikurretako bat.

Rasidar kalifaldiak Palestinaren abiatu zuen 634an. 636an Yarmukeko guduan musulmanen hegemonia ezarri zen eskualdean. Euren eskuetan Jund Filastin izena hartu zuen, eta barruti militar bat izan zen Bilad al-Sham probintziaren baitan (Siria Handia). 661ean Aliren erailketa gertatu zen, eta Muawiyah I.a bilakatu zen mundu islamikoaren kalifa Jerusalemen koroa jaso eta gero[27]. Arrokaren Kupula, 691ean amaitua, arkitektura islamikoaren lehen obra ikusgarria izan zen.

Biztanle gehienak kristauak ziren eta halaxe jarraituko zuten 1187an Saladinek konkistatu arte. Dirudienez, musulmanen konkistak eragin txikia izan zuen zenbait hamarkadatan gizartearen eta administrazioaren antolaketan[28][29][27]. Garai hartan, "arabiar" terminoak batez ere nomada beduinoei egiten zien erreferentzia, nahiz eta V. mendean arabiarrak Judearen goiko lurretan eta Jerusalemdik gertu finkatu ziren, eta tribu batzuk kristautasunera bihurtu ziren. Bertako populazioa nekazaritzan jarduten zuen, gutxiesgarritzat hartzen zuena, eta Nabaț izena ematen zitzaien[28]. Palestinan ezarri zen liberto musulman baten izenean ekarritako haditharen arabera, arabiar musulmanek herrietan ez ezartzeko agindu zien, "herrietan bizitzea hilobietan bizitzea bezala baita"[27].

Omeiatarrek susperraldi ekonomiko handia eragin zuten, baina 750. urtean abbastarrek ordezkatu zituzten[30]. Hurrengo mendeetako administrazio-gune bihurtu zen Ramla; Tiberiade, berriz, erudizio musulmanaren gune oparo bihurtu zen[27]. 878. urtetik aurrera, Egiptotik gobernadore erdi-autonomoek gobernatu zuten ia mende batez, Ahmad ibn Tulun turkiar libertotik hasita eta Ikhshidtar leinuarekin amaituz. Jerusalemen gurtza handitu egin zen garai hartan, eta Egiptoko agintari askok han lurperatzea erabaki zuten. Hala ere, ondorengo aldian, Bizantzioren mehatxua handitu ahala kristauen aurkako jazarpena ere handitu zen. Fatimatarrek, batez ere bereber armada izanik, 970. urtean konkistatu zuten eskualdea. Euren agintaldian gerra nagusi izan zen, Palestina suntsitzeraino, eta juduen aurkako jazarpena handitu zen. 1071tik 1073ra bitartean, Seljuktar Inperioak Palestina konkistatu zuen, baina 1098an fatimatarrek berreskuratu zuten[27].

Erdi Aro berantiarra aldatu

 
Ospitaleko Zaldunen gaztelua Akren. 1291ean suntsitu zen, baina XVIII. mendean zati batzuk berreraiki ziren.

Fatimatarrek berriro galdu zuten eskualdea, gurutzatuek 1099an konkistatu zutenean[31]. Gurutzatuek Jerusalemgo Erresuma ezarri zuten (1099-1291). Jerusalem eta Palestina gehienen kontrolak ia mende bat iraun zuen, 1187an Saladinen indarrek irabazi zuten arte[32]. Horren ondoren, Palestinako zatirik handiena Ayyubtarren dinastiaren esku geratu zen, 1229-1244 urteetan izan ezik, Jerusalem eta beste eremu batzuk Jerusalemgo Bigarren Erresuma gurutzatua berriro ezarri zenean[33]. Gurutzatuek Akretik agindu zuten (1191–1291), baina beste zazpi gurutzada egon baziren ere, frankoen boterea geroz eta txikiagoa zen. Laugarren Gurutzadak, Palestinara iritsi ez zenak, Bizantziar Inperioaren gainbehera eraman zuen zuzenean, eskualde osoan kristauaren eragina nabarmen murriztuz.

Zazpigarren Gurutzadaren ondorio ez-zuzen gisa Mamelukoen Sultanerria sortu zen Egipton. Mongolen Inperioa 1260an heldu zen Palestinara, eta euren jeneral Kitbuqa kristau nestoriarrak Palestinaren aurkako hainbat mongolen eraso zuzendu zituen. Ain Jaluteko gudua izan zen gatazka horren punturik gorena, mamelukoek mongolak kaleratu zituztenean[32].

Otomandar agintea aldatu

 
Khan al-Umdan, Akren 1784an eraikia, eskualdeko karabansarai handiena eta hobekien kontserbatua da.

1486an mamelukoen eta Otomandar Inperioaren arteko liskarrek eztanda egin zuten Mendebaldeko Asia kontrolatzeko borrokan, eta otomandarrek Palestina konkistatu zuten 1516an[32]. XVI. eta XVII. mendeen artean, hiru dinastia lokalek osatutako aliantza estuak gobernatu zuen Palestina Ate Gorenaren izenenan: Gazako Ridwan, Al-Lajjungo Turabay eta Nabluseko Farrukh direlakoak[34].

XVIII. mendean, Zaydani klana, Zahir al-Umarren gidaritzapean, Palestinako eremu zabalak autonomoki gobernatu zituen[35], harik eta otomandarrek 1775-76an Galileako gotorlekuetan garaitu zituzten arte[36]. Zahirrek eskualdeko potentzia handia bihurtu zuen Akre portu-hiria, hein batean Palestinako kotoiaren eta oliba olioaren salerosketaren monopolizazioak bultzatua. Akre are eta garrantzitsuago bilakatu zen Zahirren ondoren Ahmad Pasha al-Jazzarren agintean, Damaskoren kalterako[37].

1830ean, Muhammad Aliren inbasioaren bezperan[32], Ate Gorenak Jerusalem eta Nabluseko sanjaken kontrola Akreko gobernadore Abdullah Pasha ibn Aliri eman zizkion. Silverburgen arabera, eskualde eta kultura aldetik, neurri hori garrantzitsua izan zen Siria Handitik bereizitako Arabiar Palestina sortzeko. Papperen arabera, Muhammad Aliren inbasioaren aurrean siriar frontea indartzeko ahalegina izan zen[38]. Bi urte geroago, Muhammad Alik Egiptoarentzat konkistatu zuen Palestina[32], baina aginte horri desafio egin zioten 1834an, herrialde osoan egindako matxinada batekin derrigorrezko soldadutza militarraren aurka eta herritarrek intrusibotzat jotako beste neurri batzuen aurka. Matxinadaren aurkako errepresioak Palestinako herri eta hiri garrantzitsu asko suntsitu zituen[39].

1840an, Britainia Handiak esku hartu eta Sortaldearen kontrola itzuli zien otomandarrei, kapitulazio berrien truke[32]. Aqil Agharen heriotza izan zen otomandarrek Palestinan zentralizatzeko azken erronka lokala[40], eta 1860ko hamarkadatik aurrera, Palestinak azkartu egin zuen haren garapen sozioekonomikoa, munduko hazkunde ekonomikoaren esparruan sartu ostean. Prozesu horren onuradunak musulmanak eta arabiar hizkuntzako kristauak izan ziren, elite arabiarraren barruko geruza berri gisa sortu zirenak[41]. 1880tik aurrera, eskala handiko juduen immigrazioa hasi zen, ia guztia Europatik, ideologia esplizituki sionistan oinarritua[42]. Hebrear hizkuntzaren eta kulturaren berpizkundea ere gertatu zen[32].

Erresuma Batuko kristau-sionismoa juduen artean zabaldu aurretik sortu zen[43]. Britainia Handiko gobernuak publikoki babestu zuen sionismoa Lehen Mundu Gerran, 1917ko Balfourren deklarazioarekin[32].

Britaniar agintea eta banaketa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Palestinako Britainiar Mandatua» eta «Sionismo»
 
Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako Partizio Plana, 1947.

Britainiarrek 1915ean ekin zioten Sinai eta Palestinako kanpainari, Lehen Mundu Gerran. Gerra Palestinako hegoaldera iritsi zen 1917an, Gazaraino eta Jerusalem ingururaino urte amaieran. Britainiarrek Jerusalem aseguratu zuten 1917ko abenduan. Jordan haraneraino joan ziren 1918an, eta Palestinaren iparraldean, Meggidoko guduan Aliatuek garaipena lortu zuten irailean[44].

Britainiarrek formalki jaso zuten erregioa gobernatzeko agindua 1922an. Palestinar ez juduak 1920an, 1929an eta 1936an matxinatu ziren. 1947an, Bigarren Mundu Gerraren eta Holokaustoaren ondoren, gobernu britainiarrak agintaldia amaitzeko nahia iragarri zuen, eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak 181(II) Ebazpena eman zuen 1947ko azaroan, estatu arabiar batean, estatu judu batean eta Jerusalem hirirako Nazioarteko Erregimen Berezi batean banatzea gomendatuz. Buruzagi juduek proposamena onartu zuten, baina Goi Batzorde Arabiarrak baztertu egin zuen; Ebazpena onartu eta berehala gerra zibila hasi zen. Israelgo Estatua 1948ko maiatzean deklaratu zen[45].

1948 ondoren aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Israelgo historia»

1948ko arabiar-israeldar gerran, Israelek Mandatuko lurraldearen %26 bereganatu zuen, Jordaniak Judea eta Samaria eskualdeak konkistatu zituen[46][47][48], eta "Zisjordania" izena jarri zien. Gazako zerrenda, berriz, Egiptok bereganatu zuen[46][49]. 1948an palestinarrak kanporatu eta ihes egin ondoren (al-Nakba ere deitzen zaio), ihes egin edo etxetik bota zituzten 700.000 palestinarrak ezin izan ziren itzuli 1949ko Lausanako Konferentziaren ondoren[46].

Sei Eguneko Gerran, 1967ko ekainean, Israelek Jordaniak eta Egiptok Palestinan zituzten lurrak kendu zituen eta lurralde horietan juduen kokalekuak ezartzeko politikari ekin zion. 1987tik 1993ra Israelen aurkako Lehen Intifada Palestinarra izan zen, 1988an Palestinako Estatuaren Deklarazioa barne hartu zuena. 1993ko Osloko Bake Akordioekin eta Palestinako Agintaritza Nazionalaren sorrerarekin amaitu zen Lehen Intifada.

2000. urtean hasi zen Bigarren Intifada (al-Aksako intifada ere deitzen zaio) eta Israelek bereizte-horma bat eraiki zuen. Israel Gazatik 2005ean erretiratu zenean, Israelek kolono guztiak eta Gazako Zerrendako presentzia militarra kendu zituen, baina lurraldeko hainbat alderdiren kontrol militarrari eutsi zion, hala nola mugen, aire-eremuaren eta kostaldearen kontrolari. 2023ko Israel-Palestina gatazkaren baitan, Hamasen eraso baten ostean, Gazaren inbasio israeldarra hasi zen. Gazako zerrendako, Zisjordaniako eta Ekialdeko Jerusalemgo egungo okupazio militar israeldarra munduko okupaziorik luzeena da garai modernoetan[50][51][52][53][54][55].

2012ko azaroan Nazio Batuen Erakundeak Palestinako delegazioaren egoera aintzat hartu eta estatu-behatzaile estatusa esleitu zioten Palestinako Estatuari[56].

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Ahlström, Gösta W.; Ahlström, Gösta Werner. (1994). The history of ancient Palestine. (2. ed. argitaraldia) Fortress Pr ISBN 978-0-8006-2770-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  2. Finḳelshṭayn, Yiśraʾel; Silberman, Neil Asher. (2002). The Bible unearthed: archaeology's new vision of ancient Israel and the origin of its sacred texts. Free Press ISBN 978-0-684-86912-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  3. Krämer, Gudrun. (2011). A history of Palestine: from the Ottoman conquest to the founding of the state of Israel. Princeton Univ. Press ISBN 978-0-691-15007-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  4. Crouch, Carly L.. (2014). Israel and the Assyrians: deuteronomy, the succession treaty of Esarhaddon, and the nature of subversion. Society of Biblical Literature ISBN 978-1-62837-026-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  5. (Ingelesez) «Temple of Jerusalem | Description, History, & Significance | Britannica» www.britannica.com 2023-09-05 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  6. (Ingelesez) «tablet | British Museum» www.britishmuseum.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  7. «Chronicle Concerning the Early Years of Nebuchadnezzar II» web.archive.org 2019-05-05 (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  8. (Ingelesez) Crotty, Robert. (2017-04-05). The Christian Survivor: How Roman Christianity Defeated Its Early Competitors. Springer ISBN 978-981-10-3214-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  9. (Ingelesez) Grabbe, Lester L.. (2004-06-22). The History of the Jews and Judaism in the Second Temple Period, Volume 1: Yehud, the Persian Province of Judah. T. & T. Clark International ISBN 978-0-567-08998-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  10. (Ingelesez) Edwards, Iorwerth Eiddon Stephen; Gadd, Cyril John; Hammond, Nicholas Geoffrey Lemprière; Boardman, John; Lewis, David Malcolm; Walbank, Frank William; Astin, A. E.; Crook, John Anthony et al.. (1970). The Cambridge Ancient History. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-22804-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  11. (Ingelesez) Levin, Yigal. (2020-10). «The Religion of Idumea and Its Relationship to Early Judaism» Religions 11 (10): 487.  doi:10.3390/rel11100487. ISSN 2077-1444. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  12. Politis, Konstantinos D.. (2007). The world of the Nabataeans: volume 2 of the International conference The world of the Herods and the Nabataeans held at the British Museum, 17-19 April 2001. F. Steiner ISBN 978-3-515-08816-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  13. (Ingelesez) Mouton, Michel; Schmid, Stephan Gerhard; Schmid, Stephan G.. (2013). Men on the Rocks: The Formation of Nabataean Petra. Logos Verlag Berlin GmbH ISBN 978-3-8325-3313-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  14. Horbury, William, ed. (2008). The Cambridge history of Judaism. 3: The early Roman period / Vol. eds. William Horbury. (3. print. argitaraldia) Cambridge Univ. Pr ISBN 978-0-521-24377-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  15. (Gaztelaniaz) Lillo Botella, Carles. (2013). «La conversión al judaísmo durante la Antigüedad Tardía» POLIS. Revista de ideas y formas políticas de la Antigüedad Clásica 25: 75-99..
  16. a b Yāršātir, Iḥsān, ed. (1983). The Cambridge history of Iran. 2: Vol. 3, The Seleucid, Parthian and Sasanian periods / ed. by Ehsan Yarshater. (6. print. argitaraldia) Cambridge Univ. Pr ISBN 978-0-521-24693-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  17. Vermès, Géza. (2014). The true Herod. Bloomsbury ISBN 978-0-567-48841-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  18. Evenari, Michael; Shanan, Leslie; Tadmor, Naphtali. (1982). The Negev: the challenge of a desert. (2. ed. argitaraldia) Harvard Univ. Press ISBN 978-0-674-60672-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  19. Kårtveit, Bårt Helge. (2014). Dilemmas of attachment: identity and belonging among Palestinian Christians. Brill ISBN 978-90-04-27146-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  20. Schwartz, Joshua J.; Tomson, Peter J.. (2018). Jews and Christians in the first and second centuries: the interbellum 70-132 CE. Brill ISBN 978-90-04-34986-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  21. a b Lewin, Ariel Samuel, ed. (2005). The archaeology of Ancient Judea and Palestine. Getty ISBN 978-0-89236-800-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  22. Eshel, Ḥanan. (2008). The Dead Sea scrolls and the Hasmonean state. William B. Eerdmans Pub ISBN 978-0-8028-6285-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  23. Schäfer, Peter; Schäfer, Peter. (2006). The history of the Jews in the Greco-Roman world: the Jews of Palestine from Alexander the Great to the Arab conquest. (Transferred to digital print. argitaraldia) Routledge ISBN 978-0-415-30585-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  24. Meyers, Eric M.; Chancey, Mark A.. (2012). Alexander to Constantine. Yale University Press ISBN 978-0-300-14179-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  25. Ben-Śaśon, Ḥayim Hilel, ed. (2002). A history of the Jewish people. (11. print. argitaraldia) Harvard Univ. Press ISBN 978-0-674-39731-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  26. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :0 izeneko erreferentziarako
  27. a b c d e Gil, Moshe; Broido, Ethel; Gil, Moshe. (1997). A history of Palestine, 634 - 1099. (1. paperback ed. argitaraldia) Cambridge Univ. Press ISBN 978-0-521-59984-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  28. a b Avni, Gideon. (2014). The Byzantine-Islamic transition in Palestine: an archaeological approach. (1st ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-968433-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  29. Efthymiádis, Stéfanos. (2011). The Ashgate research companion to Byzantine hagiography. Ashgate ISBN 978-0-7546-5033-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  30. Hansen, Inge Lyse, ed. (2000). The long eighth century: production, distribution and demand. Brill ISBN 978-90-04-11723-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  31. Tyerman, Christopher J.. (2006). God's war: a new history of the Crusades. Allen Lane ISBN 978-0-7139-9220-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  32. a b c d e f g h Krämer, Gudrun. (2011). A history of Palestine: from the Ottoman conquest to the founding of the state of Israel. Princeton Univ. Press ISBN 978-0-691-15007-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  33. Boas, Adrian J.. (2008). Jerusalem in the time of the Crusades: society, landscape and art in the Holy City under Frankish rule. (1. publ., transferred to digital print. argitaraldia) Routledge ISBN 978-0-415-23000-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  34. Ze'evi, Dror. (1996). An Ottoman century: the district of Jerusalem in the 1600s. State Univ. of New York Press ISBN 978-0-7914-2915-0. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  35. (Ingelesez) Philipp, Thomas. (2002-03-27). Acre: The Rise and Fall of a Palestinian City, 1730-1831. Columbia University Press ISBN 978-0-231-50603-8. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  36. (Ingelesez) Joudah, Ahmad Hasan. (1987). Revolt in Palestine in the Eighteenth Century: The Era of Shaykh Zahir Al-ʻUmar. Kingston Press ISBN 978-0-940670-11-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  37. (Ingelesez) Burns, Ross. (2005). Damascus: A History. Psychology Press ISBN 978-0-415-27105-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  38. (Ingelesez) Pappé, Ilan. (1999). The Israel/Palestine Question. Routledge ISBN 978-0-415-16948-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  39. (Ingelesez) Kimmerling, Baruch. (2009-07-01). The Palestinian People: A History. Harvard University Press ISBN 978-0-674-03959-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  40. (Ingelesez) Yazbak, Mahmoud; Yazbak, Maḥmūd. (1998). Haifa in the Late Ottoman Period, 1864-1914: A Muslim Town in Transition. BRILL ISBN 978-90-04-11051-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  41. (Ingelesez) Kushner, David. (1986). Palestine in the Late Ottoman Period: Political, Social, and Economic Transformation. BRILL ISBN 978-965-217-027-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  42. «The First Aliyah (1882-1903)» www.jewishvirtuallibrary.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  43. Shapira, Anita. (2012). Israel: a history. Brandeis University Press ISBN 978-1-61168-352-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  44. Moris, Beni. (2001). Righteous victims: a history of the Zionist-Arab conflict, 1881 - 2001. (1. Vintage Books ed. argitaraldia) Vintage Books ISBN 978-0-679-74475-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  45. Śegev, Tom. (2001). One Palestine, complete: Jews and Arabs under the British mandate. (1. Owl Books ed. argitaraldia) Holt ISBN 978-0-8050-6587-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  46. a b c (Ingelesez) Pappé, Ilan. (1994-12-31). The Making of the Arab-Israeli Conflict, 1947-1951. Bloomsbury Academic ISBN 978-1-85043-819-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  47. (Ingelesez) Tucker, Spencer C.; Roberts, Priscilla. (2008-05-12). The Encyclopedia of the Arab-Israeli Conflict: A Political, Social, and Military History [4 volumes: A Political, Social, and Military History. ] ABC-CLIO ISBN 978-1-85109-842-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  48. (Ingelesez) Gerson, Allan. (1978). Israel, the West Bank and International Law. Psychology Press ISBN 978-0-7146-3091-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  49. (Ingelesez) Rogan, Eugene L.; Shlaim, Avi. (2007-11-19). The War for Palestine: Rewriting the History of 1948. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-87598-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  50. (Ingelesez) Schmitt, M. N.; Arimatsu, Louise; McCormack, Tim. (2011-08-05). Yearbook of International Humanitarian Law - 2010. Springer Science & Business Media ISBN 978-90-6704-811-8. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  51. (Ingelesez) Wilmshurst, Elizabeth. (2012-08-02). International Law and the Classification of Conflicts. OUP Oxford ISBN 978-0-19-965775-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  52. (Ingelesez) Gawerc, Michelle I.. (2012). Prefiguring Peace: Israeli-Palestinian Peacebuilding Partnerships. Lexington Books ISBN 978-0-7391-6610-9. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  53. (Ingelesez) Hajjar, Lisa. (2005-01-31). Courting Conflict: The Israeli Military Court System in the West Bank and Gaza. University of California Press ISBN 978-0-520-93798-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  54. «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  55. (Ingelesez) Weill, Sharon. (2014-02). The Role of National Courts in Applying International Humanitarian Law. OUP Oxford ISBN 978-0-19-968542-4. (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).
  56. «General Assembly Votes Overwhelmingly to Accord Palestine ‘Non-Member Observer State’ Status in United Nations | UN Press» press.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-04).

Kanpo estekak aldatu