Oilar handia (Lepidorhombus whiffiagonis; Walbaum, 1792) hondarreko itsas-hondotan bizi den arrain zapala da.

Oilar handi
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPleuronectiformes
FamiliaScophthalmidae
GeneroaLepidorhombus
Espeziea Lepidorhombus whiffiagonis
(Walbaum, 1792)[1]
Lepidorhombus whiffiagonis, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]
Lepidorhombus whiffiagonis, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]

Euskal izendegia aldatu

Oilar handia izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
gallo[2]
itxas-oilar[ArgitaratuGabe 1] Getaria
oilar[2][3][4]
ollar[4][3] Santurtzi, Mundaka, Elantxobe, Donostia

Ezaugarriak aldatu

Ezaugarri fisikoak aldatu

Oilar handi helduek 50-70 zm inguru neurtu ohi dute[5][6].

Arrain zapal honek bi begiak alde dortsalera migratzen ditu larba fasea igaro eta epe motzera. Begiok ezkerraldera begira kokatzen dira, begien artean dagoen kresta oseo batek bereizten dituelarik. Bi begiak zertxobait deszentratuta ageri dira, baina ia lerrokatuak[5].

Gorputza obalatua eta fusiformea da, ezkata txikiekin. Ahoa oso handia da, azpiko baraila kanporantz irteten delarik[5]. Ahoa irekiz gero, sekulako tamaina hartzen du gorputzarekin alderatuta, tamaina handiko harrapakinak irentsi ditzaken seinale.

Aleta pektoralak begien aldean garatuagoak izaten dira, alde betral itsuan baino[5].

Nahastu daitezken espezieak[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

  • Oilar txikia (Lepidorhombus boscii): Sarritan nahasten dira oilar txikia eta oilar handia, arraindegietan nahiz lonjatan, eta oilarrez beteriko kutxatan ere bi espezieetako indibiduoak nahastuak egon daitezke. Espeziea behar bezala bereizteko ordea, gorputza inguratzen duten aleta dortsal eta bentraleko orban ilunei erreparatu behar zaie; oilar txikiak lau orban ilun aurkezten ditu, bina aleta dortsal eta bentralen amaiera aldera, aleta kaudalaren aldean. Oilar handiek ordea, ez dute orban ilunik eta aleta dortsal eta bentralak kolore uniformea dute, zerbait argiagoa izan daitekelarik aleta kaudalera gerturatu ahala. Hala ere, askotan aletak izorratuta edo gorputzari pegatuta agertzen direnez, zaila izaten da espezieen bereizketa, batez ere kutxa berean indibiduo asko pilatzen direnean. Izenek adierazten duten moduan, oilar handiak, oilar txikiak baino handiagoak dira, nahiz eta aldagai hau ez den fidagarriena arraindegian, bertan tamaina antzeko indibiduoak nahasten baitira, bi espezietako arrainekin.
  • Mihi-arrain txiki (Microchirus variegatus): Espezie hau oilar txiki eta oilar handiaren aldean nahiko erraz bereiztu daiteke; batetik tamaina, bere izenak adierazten duen bezala, oilarrak baino txikiagoak izaten direlako. Bestalde, kolorazioa ere ezberdina izaten da. Mihi-arrain txikiek orban ilunak izaten dituzte aleta dortsal eta bentraletan zehar, gorputz osoaren luzeran zehar agertzen direnak. Gainera, hauen ahoa oilarrena baino askoz txikiagoa da eta ez da hain nabarmen bereizten; oilarren ahoak irekiz gero, oso aho-zabalera handia dutela ikusten da; ez ordea mihi-arrain txikien kasuan.

Nutrizio-ezaugarriak aldatu

Oilarrak duen gantz kantitate baxuagatik, arrain zuria da[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]. Haragia oso garbia da, zuria, oso preziatua sukaldaritzan, batez ere dieta hipokalorikoak behar dituen jendearentzat[7], ongi sukaldatua bada. Garbiketa errazekoa denez, hezurrik gabeko xerrak jende askoren interesa lortzen du. Omega-3 eta proteina kantitateari dagokionez beste arrain askoren azpitik kokatzen bada ere, bitaminei erreparatuz gero, ano bakar batek populazioarentzat gomendatutako eguneko B12 bitamina kopuruaren %60 eta B6 bitamina eta niazina kopuruaren %40 baino gehiago barnebiltzen ditu. Mineralei dagokienez, aipatzekoak dira bere haragiak dituen selenio eta fosforo kantitateak bereziki, baina baita, neurri txikiago batean, iodo eta magnesio kantitateak ere[8].

Kontsumo-garaia aldatu

Arraindegietan urte osoan zehar topatu daiteken arren, Euskal arrantzaleek porturatzen duten oilarra batez ere Martxoa - Apirila aldera harrapatu ohi da, kostaldera errutera gerturatzen diren sasoiaren hasiera aldera; ondoren, Maiatza aldera errunaldia ematen da, eta beraz haien kontsumoa txikitzen saiatu behar genuke[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].

Ekologia aldatu

Ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi da[9][6]. Oilar txikiarekin alderatuta, oilar handia ugariagoa da Atlantikoko uretan, Gibraltarretik Norvegiara, Islandiako ingurua barne, eta ez hainbeste Mediterraneoan.

Espezie honen gorputza bizitza bentonikora egokiturik dago. Ez da igerilari trebea eta beraz, hondarrez edo lohiz estalita egon ohi da, harrapakinen bat haren paretik igarotzeko zai[7]. Harrapakin hauen artean bereziki krustazeo txikiak aipatu daitezke[10].

Oilar handien habitat naturala 100 eta 400 m-ko sakoneratan kokatzen da, nahiz eta askoz ur sakonagoetan ere bizitzeko gai badiren (adib. 900 m-tara)[11].

Oilar handiaren arrantza Euskal Herrian aldatu

Eguneko arrainaz ari bagara, artisau-arrantzaleek sareak (hala nola, mallabakarra edo tresmaila) erabiltzen dituzte oilarrak arrantzatzeko. Hala ere, arraindegietan ohiko arraina izanik, oilar gehien-gehiena arraste-arrantzarekin harrapatutakoa ere izaten da, sarritan atzerriko uretan arrantzatutakoa.

Bitxikeriak aldatu

Oilar larbak pelagikoak dira eta simetria bilaterala mantentzen dute. Aste gutxitan ordea, gorputza zapaldu eta begien migrazioa ematen da, albo bakarrera, simetria bilaterala galtzen dutelarik; une honetatik aurrera bizitza bentonikoa mantenduko dute[7].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Lepidorhombus whiffiagonis», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
  2. a b Aranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397.
  3. a b Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X.
  4. a b Barrutia, Eneko. (2019-02-24). «arrantzalien fonotekie: Bizkaiko arrantzaleen hiztegia A» arrantzalien fonotekie (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  5. a b c d https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/gallo_tcm30-102518.pdf
  6. a b «Lepidorhombus whiffiagonis, Megrim : fisheries» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  7. a b c https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/gallo_tcm30-102518.pdf
  8. «Clasificación y propiedades del Gallo (Lepidorhombus whiffiagonis)» saludybuenosalimentos.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  9. Helfman, G., B. Collette & D. Facey: The diversity of fishes. Blackwell Science, Malden, Massachusetts , 1997.
  10. (Ingelesez) Morte, Salomé; Redón, Manuel J.; Sanz-Brau, Antonio. (1999-02). «Feeding ecology of two megrims Lepidorhombus boscii and Lepidorhombus whiffiagonis in the western Mediterranean (Gulf of Valencia, Spain)» Journal of the Marine Biological Association of the United Kingdom 79 (1): 161–169.  doi:10.1017/S0025315497000180. ISSN 0025-3154. (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  11. https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/gallo_tcm30-102518.pdf

Argitaratu gabeko erreferentziak aldatu

  1. Getariako 'Elkano' Arrantzaleen Kofradiako hiztegia (2019-2020).

Euskal Herriko Arrainen Gida aldatu

  1. a b c d https://arrainak.eus/arrainak/oilar-handi
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oilar handi  
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Lepidorhombus_whiffiagonis