Nitrifikazio

Zenbait bakteriok lurzoruko amonio ioiak (NH4^+) nitrato (NO3^-) bihurtzeko prozesua. Bi fase ditu: nitrosazioa (amonio ioia nitrito bihurtzea) eta nitratazioa (nitritoa nitrato bihurtzea)

Nitrifikazioa amonio edo amoniakoaren oxidazio biologikoan datza, nitritoak eta gero nitratoak sortzeko. Nitrogenoaren zikloaren etapa bat da. Sergei Vinogradski mikrobiologo errusiarrak aipatu zuen estreinakoz 1888an.

Bakterio berezi batzuek (nitrifikatzaile deritzonak) eta hainbat arkeobakteriok besterik ez dute egiten nitrifikazioa. Bakterio nitrifikatzaileak kimiolitotrofoak dira: amonioaren oxidazioan lortzen dute energia (ATP), eta haien karbono iturria CO2 da, Calvin zikloaren bidez finkatzen dutena (aurreko etapan lortutako ATP erabiliz).

Nitrifikazioa bi etapetan burutzen da:

NH3 + O2 → NO2 + 3H+ + 2e

NO2 + H2O → NO3 + 2H+ + 2e

Lehenengo etapan Nitrosomonas eta Nitrococcus izeneko bakterioek parte hartzen dute (eta hainbat arkeobakteriok). Bigarren etapa, batez ere, Nitrobacter generoko bakterioek osatzen dute (nitratoa agertuz).

Amoniakoa oxidatzen duen bakteriar generoak nitritoa oxidatzen duen bakterioari substratua ematen dio (gehienetan genero biak elkarrekin bizi dira lurzoruan).

Bakterio nitrifikatzaileak autotrofo hertsiak dira eskuarki, eta materia organikoak haien hazkuntza murrizten du. Nitrifikazioa prozesu aerobioa da.

Bestalde, nitrifikazioa funtsezko prozesua da lurzoruen emankortasuna bermatzeko. Izan ere, landare gehienek ezin dute nitrogenoa haienganatu NH3 moduan, NO3 moduan baizik.

Horretaz gain, nitrifikazioak zeregin oso garrantzitsua burutzen du ibai kutsatuen NH3 mailak jaisteko. Ibai horietan isuri industrialek edota materia organikoaren pilaketak NH3 mailak igotzen dituzte, bakterio nitrifikatzaileek eraldatzen dutena. Era berean, NO3-ren pilaketak ibai edo lakuaren eutrofizazioa eragiten du, kaltegarria dena (algen gehiegizko hazkundea eragiten baitu). Arazo hori saihesteko hondakin-uren tratamenduan NO3 sortu ondoren desnitrifikazio prozesu bat burutzen da.

Kanpo estekak aldatu