Niloko perka (Lates niloticus) ur-gezako arraina da, Perciformes ordenakoa eta Latidae familiakoa. 2 metroko luzera eta 200 kiloko pisua izatera irits daiteke. Jatorriz Kongo, Nilo, Senegal eta Niger ibai arroetan, eta Txad, Volta, Turkana eta Mariout aintziretan zegoen banatua. 1950eko hamarkadan, Victoria aintziran sartu zuten.[2]

Niloko perka
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaLatidae
GeneroaLates
Espeziea Lates niloticus
(Linnaeus, 1758)[1]

Niloko perka Victoria aintziran aldatu

Niloko perka ez da Victoria lakuko berezko biztanlea. 1957 aldean aurkitu ziren arrain horren lehen aztarnak bertan. Nola iritsi zen edo, zehazkiago, zeinek jarri zuen lakuan ez dago oso garbi eta gaiak eztabaida asko piztu ditu. Nolanahi ere, aintzirako arrain espezieen oreka aldatu duenik inork ez du zalantzan jartzen.[2]

 
Niloko perka 2 metroko luzera eta 200 kiloko pisua izatera irits daiteke[3]

Perka iritsi baino lehen, ziklido generoko arrainak ziren aintziran nagusi. Gehienak txikiak, haplokrominoak, eta beste batzuk handixeagoak, tilapiak. Haplokromino espezie asko, 200 inguru, lakuan endemikoak ziren, beste inon ez zeuden alegia. Perka iritsi zenean, milaka urtetan erdietsitako oreka ekologikoa apurtu egin zen. Izan ere, Niloko perka 200 kilogramo pisa ditzakeen harraparia da eta, aintzirara iritsitakoan, haplokrominoak haren harrapakin bilakatu ziren. Haplokrominoak ez zeuden perkarekin bizitzen ohiturik eta, defentsa-mekanismo ezean, perkaren gosearen asegarri erraz bihurtu ziren.[2]

Beraz, perka itxuragabe ugaldu zen. Adibidez, Kenyako uretan arrantza egindako arrainaren %0,5 zen perka 1977an; 1983rako ordea, %68ra iritsi zen. Zientzilarien estimazioen arabera, aintzirako arrain-pisuaren %80 perka zen 1995ean. Horrek guztiak haplokromino espezie batzuk desagertzea eta beste batzuk gorriak ikustea ekarri zuen.[2]

Bertako jendearengan ere eragin larria izan zuen perkaren ugaritzeak, haplokrominoak baitziren, neurri handi batean, haien bizibidea: arrainak harrapatu, jan eta soberakinak lehortu eta barnealdean saldu. Animalia-proteina urria den toki horretan, ziklido txikiak merkeak eta prestatzen errazak ziren eta jendearen eskueran zeuden. Arrainak harrapatzeko sareak eta harrapakinak lehortzeko eguzkia baino ez ziren behar hori guztia eskuratzeko. Arrainak merkaturatzea erraza zen, paketatze-sistema edo garraio-sare sofistikaturik ez baitzen behar. Izan ere, lehortutako arrainak zenbait astez irauten du egoera onean.[2]

Niloko perka, bestetik, oliotsua eta handia da eta ez dago, tamalez, ohiko metodoen arabera prozesatzerik, kontserbatzeko ketu egin behar da-eta. Egurra beharrezkoa da, beraz, baliabide urria izanik laku ertzeko toki askotan. Perka harrapatzeko arrantzaleek arrantza-teknikak ere aldatu behar izan zituzten, sare sendoagoak, sare-begi handiagokoak eta garestiagoak beharrezkoak baitziren.[2]

Hubert Sauper zinemagileak ezin hobeki azaldu zuen Niloko perkak Victoria aintziran eragindako katastrofe ekologikoa eta humanitarioa, 2004an zuzendutako Darwin's Nightmare (“Darwinen amesgaiztoa”) dokumentalean.[4]

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Lates niloticus», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
  2. a b c d e f Irazabalbeitia, Iñaki. Victoria, Niloren iturria. Elhuyar aldizkaria, 98. zenbakia, 1995eko abuztuak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-4).
  3. Nile perch. nas.er.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2019-6-4).
  4. Ezkerra, Estibalitz. Ingurumena babesteko borroka konplexua. Berria egunkaria, 98. zenbakia, 2013ko ekainak 2, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-4).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu