Nettie Stevens

genetista estatubatuarra

Nettie Stevens (Cavendish, Vermont, 1861eko uztailaren 7a - Baltimore, Maryland, 1912ko maiatzaren 4a) estatubatuar genetista bat izan zen. Bere ekarpen garrantzitsuenetako bat sexua zehazten duten kromosomak deskribatzea izan zen. Enbriologian eta zitogenetikan ere hainbat ekarpen egin zituen.

Nettie Stevens

Bizitza
JaiotzaCavendish (Vermont)1861eko uztailaren 7a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaBaltimore1912ko maiatzaren 4a (50 urte)
Hobiratze lekuaFairview Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: bularreko minbizia
Familia
AmaJulia Maria Stevens
Hezkuntza
HeziketaWestfield Estatu Unibertsitatea
Bryn Mawr College 1903) Doktoretza
Stanford Unibertsitatea
Westford Akademia
Doktorego ikaslea(k)Alice Middleton Boring
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)Theodor Boveri
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakbiologoa, genetista, zoologoa eta liburuzaina
Jasotako sariak
InfluentziakEdmund Beecher Wilson

Find a Grave: 22434181 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

Nettie Stevens[1] [2]1861eko uztailaren 7an jaio zen Cavendishen. Julia Adams eta Efraïm Stevens ziren bere gurasoak, eta seme-alabetan hirugarrena zen. Ezagutu ez zituen bi neba izan zituen, bera jaio baino lehen hil zirenak eta ahizpa bat.[3]

1865ean bere ama hil zen eta handik gutxira bere aita berriro ezkondu zen. Ondorioz, Westford-era bizitzera joan behar izan zuen.[3]

Westforden, Nettie Stevens ikastetxe publiko batera joan zen ikastera eta, bertan, azkar agertu zituen bere gaitasun intelektualak. Bi urteetan lau urtekoak ziren ikasketak burutu zituen Westfield Normal Schoolean (gaur egun Westfield State College). Bere gelako lehenengoa bezala graduatu zen. Bere ahizpak ere han ikasi zuen eta kalifikazio bikainak lortu zituen. Batera graduatu ziren 1880an eta, beraz, Westfield ikastetxean hamaika urteetan graduatu ziren lehen hiru emakumetako bi izan ziren.[3]

Graduatu ondoren irakasle eta liburuzain moduan lan egin zuen, unibertsitatera joateko behar zuen dirua aurrezteko. 1896ean, hogeita hamabost urterekin, lortu zuen bere ametsa eta Stanford Unibertsitatean matrikulatu zen. 1899an lizentziatura bukatu zuen, urte bat beranduago masterreko ikasketak burutu zituen eta doktoretzako tesia idatzi zuen: Studies on Ciliate Infusoria. Tesia bere lehen lan argitaratua izan zen, Proceedings of the California Academy of Science aldizkarian.

1903. urtean doktoretza lortu zuen Bryn Mawr Collegen, Filadelfian. Bertan, Nettie Stevensek Edmund B. Wilson eta Thomas H. Morgan biologoekin kointziditu zuen eta gero beraiekin lan egin zuen.

Bere emaitza bikainekin dirulaguntza bat lortu zuen atzerrira ikastera joateko. 1901-1902 urteetan zehar Europara bidaiatu zuen bere ikerketa-esperientzia zabaltzeko: Napoliko Zoologia ikerketa erakundean lan handia egin zuen; gainera, Würzburg Unibertsitateko Zoologia institutuan denbora bat igaro zuen, Theodor Boveriren laborategian.[4] Bertara, 1908an itzuli zen eta urtebetez egon zen. Herentzian kromosomek betetzen zuten papera ikertzen ari zen Boveri eta, seguruenik, bertan piztuko zitzaion Stevenseri gaiarekiko interesa.

Egindako Ikerketak aldatu

Jane Maienschein biologiaren historialariak dioenez, XIX. mendearen hasieran biologo eboluzionistek eta filosofoek sexu-determinazioari buruz ehunka teoria proposatu zituzten. Nettie Stevensek ikerketak egin zituen garaian, hiru teoria nagusi zeuden gaiari buruz:

  • Garapen garaian eragiten zuten kanpo faktoreen menpekoa zela.
  • Sexua barrutik determinatzen zela, zehazki arrautzaren barnean.
  • Herentziazko faktoreek eragina zutela determinazioan.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, kromosomek eta herentziak duten harremana ikertzen aritu ziren ikertzaileak. Kromosomen portaera deskribatua eta azaldua zegoen arren, Mendelen herentzia teoriekin lotura zuteneko teoria ez zegoen esperimentalki frogatua. Sexuaren oinordekotza kromosoma morfologiko desberdinekin lotuta zegoela susmatzen zen, horrek ezaugarri partikularra kromosoma espezifikoarekin konektatzeko aukera iradokitzen zuen.

1903an hasi zen Stevens interesa jartzen sexuaren zehaztasunean eta horretan kromosomek duten parte hartzean, arazo zitologikoek eta genetika mendeldarrak zuten harremanari buruzko ikerketa egiteko dirulaguntza eskatu baitzuen urte horretan. Zehazki, sexuaren determinazioarekin erlazionatuta dauden arazoak ikertzeko eman zioten dirulaguntza.

1905ean argitaratu zuen Studies in spermatogenesis with special reference to the "accessory chromosome" izeneko lan garrantzitsua, lan hori Tenebrio molitor kakalardoari buruzko ikerketa baten emaitza zen. Ikerketa horiek eraman zioten enbrioietako bereizkuntza zelularra eta gero kromosomen analisia ikastera. Azkeneko horiek behatuz, kromosomak egitura pareetan egoten direla zeluleta egiaztatu zuen, ez askok uste zuten bezala hari luzeak.

Stevens-ek egiaztatu zuen emeen zelula somatikoek hogei kromosoma handi zeuzkatela, hau da, hamar bikote; zelula maskulinoek ordea hemeretzi kromosoma handi eta txiki bat. Ikertzaileak ondorioztatu zuen, kromosoma txikia zeukaten espermatozoideak sexu maskulinoa zehazten zutela eta tamaina bereko hamar kromosoma pare zituztenak sexu femeninoa zehazten zutela. Beste hitz batzuetan, gaur ezagutzen diren moduan, kromosoma txikia Y izango litzateke eta bikote homologo handia X[5]. Bere artikuluetan, 75 orrialdeko bi monografiatan, Stevens-ek X espermatozoide eramaileak ernaldutako obulu batek eme bat produzitzen zuela ondorioztatzen zuen; aitzitik, espermatozoideak Y kromosoma eramaten bazuen, ar bat eragingo lukeela.

E. B. Wilson, biologo ospetsua, sexuaren determinazioaren gainean ikerketak egiten ari zen, Stevensek egiten zituen aldi berean. Bere emaitzak 1905ean argitaratu zituen, eta Nettie Stevensen emaitzekin bat zetozen. Bi lanek inpaktu handia eduki zuten, eztabaida luze bat bukatu bai zuten. Hain zuzen, lortu zuten adieraztea nola determinatzen den sexua, ordu arte ezezaguna zena[6].

Maiz aurkikuntzaren meritoa Wilsoni eman zaio, baina gaur egun hori zalantzan jartzen ari dira adituak. Biologoak bere artikuluetako batean, hain zuzen Sciencen argitaratutakoan, Nettie Stevens aipatu zuen: «Tenebrio kakalardoarekin Stevens-ek lortutako emaitzekin bat datozte»; horrela islatuz Stevensen lana ezagutzen zuela eta lehenengokoa zela aitortu zuen. Zalantzarik gabe, bi zientzialariek ondorio bera lortu zuten ia aldi berean, baina independentziarekin. Hala ere, Stevens Wilson-en laguntzaile gisa hartzen da. Horregatik, testuliburu askok emaitzak Wilsoni egozten dizkiote, ikerlari ospetsua zelako. Thomas Hunt Morgan-i ere egotzi izan zaio aurkikuntza, batez ere Nobel Saria jaso ondoren.

1905. urtean, Nettie Stevens-ek Bryn Mawr College-ean morfologia esperimentaleko irakasle kide izatea lortu zuen.

Azken urteak aldatu

1905. urteko monografiaren ondoren, Nettie Stevensek beste intsektu espezie batzuen kromosomak ikertu zituen. Bide horretan, 1908an Drosophilen etorkizuneko zitogenetiken oinarriak ezartzen zituzten dipteroen germen zelulei buruzko artikulu bat argitaratu zuen. Horrez gain, hurrengo urteetan bere teoriari buruzko informazio gehiago lortu zuen. [7]

Bere ibilbide profesionala oso laburra izan zen, bederatzi urtekoa izan zen. Urte horietan berrogei artikulu argitaratu zituen, gehienak balio ukaezinekoak[7]. Berarentzat sortutako ikerketako katedrari etekina atera baino lehen hil zen, bertan azaltzen zen Bryn Mawr College-n egingo zuela ikerketa eta Cold Spring Harbour Laborategian lan egingo zuela[8].

1912ko maiatzaren 4an hil zen Baltimore Johns Hopkins Ospitalean, bularreko minbiziaren ondorioz. Westforden, Massachusettseko hilerrian ehortzi zuten, bere aita Efraimekin eta bere ahizpa Emmarekin batera.

Bere heriotza ondoren, Thomas H. Morgan-ek Stevens-i buruzko biografia zabal bat argitaratu zuen Science aldizkarian[9], bere ibilbidea eta ekarpen garrantzitsuenak errepasatzen zituen bertan.

Sariak eta errekonozimenduak aldatu

1995ean Ellen Richards saria jaso zuen, «A study of the germ cells of Aphis rosae and Aphis œnotheræ» izeneko artikuluarekin.

1994an National Women's Hall of Fame-en sartu zen.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Nettie Maria Stevens (1861-1912) | The Embryo Project Encyclopedia» embryo.asu.edu (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  2. Ogilvie, Marilyn Bailey; Choquette, Clifford J.. (1981). «Nettie Maria Stevens (1861-1912): Her Life and Contributions to Cytogenetics» Proceedings of the American Philosophical Society 125 (4): 292–311. (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  3. a b c (Ingelesez) «N.M. Stevens facts, information, pictures | Encyclopedia.com articles about N.M. Stevens» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  4. Ogilvie, M. B.; Choquette, C. J.. (1981-08-21). «Nettie Maria Stevens (1861-1912): her life and contributions to cytogenetics» Proceedings of the American Philosophical Society 125 (4): 292–311. ISSN 0003-049X. PMID 11620765. (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  5. (Ingelesez) Brush, Stephen G.. (June 1978). «Nettie M. Stevens and the Discovery of Sex Determination by Chromosomes» Isis 69 (2): 163–172.  doi:10.1086/352001. ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  6. Brush, S. G.. (June 1978). «Nettie M. Stevens and the discovery of sex determination by chromosomes» Isis; an International Review Devoted to the History of Science and Its Cultural Influences 69 (247): 163–172. ISSN 0021-1753. PMID 389882. (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  7. a b (Ingelesez) «Nettie Stevens: A Discoverer of Sex Chromosomes | Learn Science at Scitable» www.nature.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  8. (Frantsesez) Gilgenkrantz, Simone. (2008-10). «Nettie Maria Stevens (1861-1912)» médecine/sciences 24 (10): 874–878.  doi:10.1051/medsci/20082410874. ISSN 0767-0974. (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
  9. (Ingelesez) Hunt, Thomas. (1912). The Scientific Work of Miss NM Stevens.. Science, 468-470 or..

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu