Mutualismo (biologia)

Mutualismoa bi espezien arteko harreman ekologikoa da, elkartutako bi espeziei onura ematen diena [1].

Sinbiosia mutualismo mota bat da, zeinean elkartutako bi espeziek harreman oso estua mantentzen duten, lotura anatomiko-funtzionala osatuz sarritan. Harreman sinbiotikoan espezien arteko elkarrekintza guztiz beharrezkoa da, batak bestea gabe ezin baitu bizi.

Harreman mutualistak, gehienetan, helburu nutritiboak ditu.

Lehiaren aldean, mutualismoak espezien arteko lankidetza ezartzen du. Parasitismoaren aldean, berriz, bi espeziei onura ematen die, inor kaltetu gabe.

Harreman mutualistak ere biozenosi osoari onura ekar ahal dio. Adibidez, bakteriorrizen kasuan, lekadun landareen erroetan txertatzen diren bakterioek atmosferako nitrogenoa finkatzen dute, lurzorua aberastuz elementu horrekin. Horregatik, sinbiosi hori garatzen duten landareak lurzoru pobreen kolonizazioan aitzindariak izaten dira.

Mutualismoren bi adibide aldatu

Mutualismoaren adibide bat likenena da: likenetan, onddo batek babes fisikoa ematen dio alga bati bere gorputzaren barnean, ura emateaz gain; algak, aldiz, fotosintesian sortutako elikagaiak onddoaren eskura jartzen ditu [2].

Beste harreman mutualista bat Rhizobium generoko bakterioek hainbat landare lekadunekin dutena da. Bakterioak landareen sustraietako noduluetan hazten dira. Bertan, babesa dute landarearen ehunetan, eta trukean landareari finkatzen duten nitrogenoa ematen diote [3]

Likenak aldatu

Likenen kasuan alga eta onddoaren harreman mutualista hain da estua, ezen ezinezkoa den kasu askotan elkarteko bi kideak (onddoa eta alga) modu isolatuan aurkitzea [3]. Likenaren banakoak elkartze horretatik kanpo aurki daitezkeenean, normalean morfologia oso desberdinak izaten dituzte, elkartuta daudenean ez bezala.

Bestalde, harreman horrek erresistentzia handia ematen die likenei ingurugiroaren baldintza gogorrekiko. Horregatik hain zuzen, likenak gure planetako bizidun hedatuenak dira: eremu polarretan egon daitezke, tundraren osagaiak izanik, eta baita eremu lehorretan ere, goi-mendietako harkaitzetan eta eguzkiaren intsolazioa jasoz [4]. Muturreko ingurugiro-aldaketa horiek ezin izango lituzkete jasan algak edo onddoak bakarrik baleude (onddoak, esaterako, leku laiotz eta hezeetan soilik bizi direlako)

Rhizobium eta landare lekadunak aldatu

Rhizobium generoko bakterioek nitrogenoaren finkapena burutzen dute harreman mutualista (sinbiosi) ezartzen dutenean landare lekadunekin. Rhizobium-ek landare lekadunekin bakarrik egiten du sinbiosia (soja, ilarra, alpapa, leka, babarruna...). Landarearen eta Rhizobiumaren arteko sinbiosiarekin egiten den nitrogenoaren finkapenak garrantzia handia du nekazaritzan, lurraren emankortasunari eragiten baitio. Nitrogeno organikoz era naturalean hornitzen da lurzorua, eta landareak ez du ongarri nitrogenatuaren beharrik.

Rhizobium landareen erroetan hazten da. Bertan nodulu batzuk eratzen ditu, eta nodulu horietan nitrogenoaren finkapena burutzen da. Noduluetan ingurugiro anaerobio dago, finkapena egiteko egokia dena (oxigenoaren aurrean ez baita finkapenik garatzen, oxigenoak finkapena prozesuan parte hartzen duen nitrogenasa izeneko entzima inhibitzen baitu).

Rhizobium/lekadun elkartea benetako sinbiosia da, kideetako bakoitzak zenbaitetan laguntzen baitio besteari. Landareak nitrogeno organikoaren horniketa bermatuta dauka, lurzoruak nitrogeno gutxi eduki arren. Eta bakterioak ingurumen ezin hobea aurkitzen du sustrai-noduluetan, hauek babesa eta elikagaia (gluzidoak) ematen baitizkiote [5]

Erreferentziak aldatu

  1. Dualde, V.: Biologia COU Ed. ECIR (1987) 600-601 orr. ISBN; 84-7065-128-5
  2. Thomas H. Nash. Lichen Biology Cambridge University Press, 2008-06-24
  3. a b Ramírez-Bahena, Marta Helena; Peix, Álvaro; Velázquez, Encarna; Bedmar, Eulogio J. Historia de la investigación en la simbiosis leguminosa-bacteria: una perspectiva didáctica Arbor, 192, 779, 2016-06-30, 319 orr.
  4. Dualde, V.: Biologia COU Ed. ECIR (1987)601 orr. ISBN; 84-7065-128-5
  5. Denison RF, Kiers ET 2004. Why are most rhizobia beneficial to their plant hosts, rather than parasitic? Microbes and Infection 6 (13): 1235–1239

Kanpo estekak aldatu