Arabiarrak ez ziren herrien musulmanen konkistak (632–732), (arabieraz: الغزوات‎, al-Ġazawāt edo الفتوحات الإسلامية, al-Futūḥāt al-Islāmiyya) baita islamiar konkistak edo arabiar konkistak ere[1], Mahomaren heriotzaren ondoren gertatu ziren. Honek Arabiar penintsularen batasun politikoa ezarri zuen eta bere ondorengoak ziren Rashidun ("Ondo gidatutako kalifak") eta omeiatar kalifek musulmanen menpeko lurrak arin zabaldu zituzten[2].

     Mahomaren agindupeko hedapena, 622–632/A.H. 1-11      Kalifa ortodoxoen hedapena, 632–661/A.H. 11-40      Omeiatar Kaliferriaren hedapena, 661–750/A.H. 40-129

Arabiar Penintsulatik hasi eta Txina eta Indiako mugetaraino (egungo Pakistaneraino), Erdialdeko Asiaraino, Ekialde Hurbileraino, iparraldeko Afrikaraino, Siziliaraino eta Iberiar Penintsulako iparraldean dauden Pirinioetaraino zabaldu zituzten bere inperioa.

Aurrekariak aldatu

Islam aurreko Arabian bizi ziren leinuak nomadak ziren, eta artzaintza, salgaien garraioa eta Arabian barrena zebiltzan karabanen harrapaketa ziren haien baliabide nagusiak.

Testuinguru horretan, Meka hiriak gora egin zuen, eta garrantzi handiko merkataritza gune bihurtu zen. Musulmanen ustean, Alak, haien jainkoak, hainbat profeten bidez hitz egin zien gizonei, eta Mahoma izan zen profeta horien artean azkena. Mahoma Mekan jaio zen 570. urtean. Khadijarekin ezkonduz aberastu egin zen arren, gainbehera egindako klan batekoa zen Mahoma, eta agian horregatik kezka handia zuen gizarte desberdintasunekiko.

Islamak gizarte arazoei erantzun zien, eta elkartasuna goretsi zuen merkatari aberastuen indibidualismoaren aurrean. 610. urtean izan zituen Mahomak lehenengo agerkundeak. Haren jarraitzaileak ugaritzen hasi ziren. Merkatariek Mekatik bota zuten, eta orduan Medina hirira jo zuen. Joate hura izan zen musulman egutegiaren hasiera: Hegira (622. urteko uztailaren 16a). Medinan egoitza hartu ondoren, musulmanak erkidegoan bildu ziren, eta Mahomaren jarraitzaileen kopurua gero eta gehiago ari zen handitzen. 630. urtean Mahoma Mekara itzuli zen, garaile, eta Kaaba musulmanen gurtzaren gune nagusi bihurtu zuen. Musulmanen sinesteak kristauenen antzekoak dira (monoteismoa Ala jainkoarengan gorpuztua, aingeruak eta deabruak, Infernua eta Paradisua, profetak eta liburu sakratuak). Bereziagoak dira musulmanen «betekizunak», «Islamaren zutabetzat» hartzen direnak: ageriko fede aitorpena egitea, hiruzpalau aldiz egunean otoitz erritua egitea; aldi jakin batzuetan barau egitea, Ramadan hilabetean bereziki; borondatez eta elkartasunez limosna ematea; eta Mekara erromes joatea ahal den guztietan. Mahoma hil zenean (632) Islama Arabiako erdialdean eta hegoaldean hedatua zen.

Islamaren sorrera eta hedatzea aldatu

 
Jama Masjid, Delhiko meskita handia

Ehun bat urtetan islama Indiaraino eta Iberiako penintsularaino iritsi zen. Omeiarrek eta abbastarrek zibilizazio jaso eta landu bat sortu zuten, Europaren historia aztarna handia utzi zuena. Islama bizkor hedatu zen Indiako ipar-ekialdera (712) eta Afrikako iparraldera, Egipton (643) eta Magreb barrena. 711. urtean musulmanak Iberiako Penintsulara iritsi ziren, eta ia penintsula osoa beretua zuten 716. urterako. Frantziako hegoalderantz aurrera jarraitu zuten, baina Karlos Martelek garaitu zituen Poitiersen (732).

Hura izan zen sartaldeko Europan musulmanek izan zuten muga. Bizantziar Inperioko gudarosteek atzera eginarazi zieten, eta Konstantinoplak tinko eutsi zien haien erasoei.

Beretuak zituzten herrietan musulmanek ez zituzten herritar haiek beren erlijiora bihurtzera behartzen; bestela baizik, «Liburuko» (Biblia) beste bi herrien (kristauak eta juduak) sinesteak errespetatzen zituzten.

Baina, VIII. mendearen erdialdeaz geroztik, gero eta jende gehiago bihurtu zen islam erlijiora.

Mahomak, hil ondoren, arazo larri bat utzia zien musulmanei. Ez zituen arautu kalifa herriaren barneko ondorengotza arauak, ezta aginpideak Islamean nola izan behar zuen ere. Musulman gehienen ustean -sunia- aginpidea herriak aukeratutako kalifen esku egon behar zuen; kalifa horiek ez ziren hutsezinak, eta Koranaren tradizioa eta Sunnah errespetarazi behar zuten. Xiiak gutxiengoa ziren; haien ustez, berriz, aginpideak Mahomaren suhi Aliren eta haren ondorengoen esku behar zuen egon. Oinordekotza hark berekin zekarren gainera kalifak erlijio buruzagi hutsezinak izatea, profetaren odola baitzuten haren alaba Fatimaren bidez. Zatiketa horrek liskar handiak sortu zituen islamaren baitan. Borroka haiek zirela eta musulman inperioa estatu askotan zatitu zen berehala. Kalifa Omeiarren eta Abbastarren arteko gerrak X. mendeaz geroztik gero eta handiagotu ziren zatiketa haien adierazgarri izan ziren, 750. urteaz geroztik Abbastarrak izan zirela garaile.

Harrezkeroztik kalifa abbastarrek ez zuten lortu Islamaren batasun politikoa mantentzea. Probintzietako gobernadoreen eta gudarosteko buruzagien aginpidea gero eta handiagoa zen probintzietan. 945. urtean Buiiek (xiiak) agintea hartu zuten Bagdaden eta 1062 arte gobernatu zuten kalifa Abbastarren izenean. Arazo handiak izan ziren musulmanen mendeko lurralde askotan.

Afrikako iparraldean eta Arabian liskar gorriak izan ziren artzainen eta nekazarien artean, gobernuek ezin konponduzko liskarrak hain zuzen. Agintea lurraldeka banatu zen. Almohadeek eta almorabideek estatuak antolatu zituzten Maroko, Aljeria eta Tunisia inguruan; fatimatarrek Egipto gobernatu zuten; turkiar seljukarrak Bagdaden sartu ziren eta estatu txiki asko sortu zituzten han. Gainera, erresuma kristauen garaipenek musulmanei lurraldeak eta gizonak kentzen hasiak ziren Al-Andalusen, Palestinan eta Sirian.

Arazo politikoak gorabehera, musulman kultura batasuna ez zen galdu aldi hartan zehar. Arabiar hizkuntzak, arabiar guztiek ikasi eta hitz egiten baitzuten, homogeneotasuna eman zien fededunei, zeinahi ere zirela musulman erlijioaren aurrean zituzten jarrerak eta zeinahi ere zela haien sekta.

Al Andalus. Konkistatik Taifa erreinuen bukaerara aldatu

Iberiako penintsula konkistatu ondoren musulmanek Erdi Aro osoan iraun zuen estatu bat sortu zuten; oso estatu aurreratua izan zen hura, zubi baten gisa, bi mundu elkartzen baitzituen: Sortaldea eta Sartaldea. VII. mendearen hasieran musulmanek bere mende zuten Afrikako iparraldea, Damaskoko kalifaren agindupean. Berbereak ziren haien indar nagusia. Krisian zegoen erreinu hispaniar-bisigodo bati esker musulmanak Iberiako Penintsulan sartu ahal izan ziren 711n. Hurrengo bost urteetan, bizkor baino bizkorrago, musulmanek ia penintsula osoa konkistatu zuten, edo, hobeto esanda, hango buruzagiak errenditu egin ziren. Ordu arte zeuden lur jabetzak eta aginteak ia zeuden zeudenean errespetatu ziren; kristauek zein juduek nork bere kristautasunean eta judutasunean jarraitu ahal izan zuten, kharaj izeneko zerga ordaintzearen truke; baina, azkenik, biztanle gehienak Islamera bihurtu ziren. Hori bai, gutxiengo izanagatik (150.000-200.000), Afrikako iparraldeko berbereak eta, batez ere, arabiarrak hasiera-hasieratik gailendu ziren Al-Andaluseko gizartean. 717. urteaz geroztik da hain zuzen ezaguna Al-Andalus izena. Konkistatzaile horietako askorentzat Al-Andalusen kokatzeak mailaz Asabiyyah baino goragoko benetako estatu bat antolatzeko aukera eman zien.

750. urteaz geroztik, urte hartan bota baitzituzten Damaskotik abbastarrek omeiatarrak, Abd ar Rahman I.a, agintetik botatako dinastiako kide bat, Iberiako Penintsulan kokatu zen eta Omeiatarraren Emir Herria sortu zuen, abbastarrek haren familiari egiten ari zitzaizkion sarraskitik ihesi (756- 929).

Estatu hori lau buruzagiren agintepean indartu eta sendotu zen: Abderraman I.a (756-788), Hisham I.a (788-796), Al-Hakam I.a (796-822) eta Abd ar Rahman II.a (822-852).

Emir herri izatez arabiar eta suni gisa tankeratu zen. Estatu hura zentralizatua eta burokratizatua zegoen, haren erakundeak egonkorrak ziren, eta zerga baliabide handiak zituen; emirra zuen gidari eta bisirrek (ministro gisakoak) gobernatzen zuten, haien artean hajib edo lehen ministroa zelarik nagusi. Kulturaren aldetik, Al-Andalusek Irakeko, Pertsiako eta beste herri batzuetako elementuak hartu zituen, eta Sortaldearen eta Sartaldearen arteko zubi moduko bat izan zen.

Aldi hura guztia ez zen liskarrik gabea izan. Liskar horietako batzuk gutxiengo konkistatzailearen eta herri konkistatu eta Islamera bihurtuaren edo muladien arteko tirabirek sortu zituzten, muladiak baztertuta baitzeuden. Larriagoak izan ziren VIII. mendearen bukaeran Marketako edo Al-Andaluseko mugaldeetako altxamenduak, arabiar-berberiar konkistatzaileek nekezago menderatzen baitzituzten haietako biztanle ahaltsu eta erdi independenteak. Biztanle behartsuenek ere istiluak sortu zituzten.

Horien artean aipagarria da «hiri bazterreko matxinada» (Kordoba, 818), eskulangileak eta dendariak zerga bidezko zapalkuntzaren aurka matxinatu zirenekoa.

IX. mendearen erdialdetik 929 urtea arte krisiak eta kontraesanak gero eta larriagoak izan ziren. Muladien egonezinaz gainera, 850etik aurrera mozarabiarrak ere bazterrak nahasten hasi ziren. Beren buruak baztertuta ikusten baitzituzten, horietako batzuek borondatezko martiri heriotzak egin ere zituzten; beste batzuek, berriz, muladien protestak adoretu zituzten, eta beste batzuek ihes egin ere zuten iparraldeko kristau erreinu eta konderri sortu berrietara. Baina liskar gorrienak muladiek sortu zituzten, batzuetan berberiarren laguntzaz. Horien artean aipagarriak dira Banu Qasi muladien leinuak Ebroko haranean eta Errioxako eremuetan IX. mendearen azken berrogeita hamar urteetan egin zituen matxinadak.

Meridan ere izan zen matxinadarik (869- 930), Leongo kristau erresumatik bultzatua; eta Andaluziako sortaldeko mendilerroan ere bai, Omar ibn Hafsun-ek matxinadara deitu zuen Bobastroko bere gordelekutik (879-928). Arabiar kronikariek fitna esan zieten IX. mendearen azken bost hamarraldietako liskar eta matxinada haiei guztiei; fitna gerra zibil baten edo iskanbila orokor baten moduko zerbait da, eta politikaren aldetik ahultasun handikoak diren garaiei dago lotua.

Emir ahuldu batzuen ondoren Abd ar Rahman III.ak hartu zuen erregetza 912an. Haren agintaldi luzea (961 urte arte iraun zuen) Al-Andaluseko aldirik ospe handikoena izan zen. Kasitarrak eta Bobastroko matxinatuak garaitzeaz gainera, Kordobako Kalifa Herria (929-1031) sortu izana da haren agintaldiaren ezaugarri nagusia. Haren ondoren etorri ziren kalifek eta agintariek indartu egin zuten Kordobako estatua; kristauen aurrerabidea gelditu zuten, eta eskualde batzuetan mehatxu handia egin ere zieten Iparraldeko erresuma indar handikoei. Al-Hakam II.a (961-976) eta, batez ere, Almanzor, -981etik 1002ra diktadura ezarri zuen buruzagi militar gisa- izan ziren agintari aipagarrienak.

Hala eta guztiz ere, Almanzorrek egin zituen erreformak kalifa herri haren hondamena ekarri zuten luzarora. Buruzagi horrek Afrikako iparraldetik ekarritako mertzenario taldeak sartu zituen armadan, dinastia bat sortu nahi izan zuen, berea eta sasikoa, bera ez baitzen kalifa, eta despotismora makurtutako gorte zilegitasunik gabe bat sortu zuen. Haren seme Abd-al Malikek 1008 arte bere aitaren konkistak jarraitu zituen arren, hura hil zenean kalifa herria hondamenera erortzen hasi zen -kronikariek «bigarren fitna» deitu diote garai hari-, kontraesan guztiek leher gaizto egin baitzuten eta estatua desegin egin baitzen azkenik.

1031tik 1090era Al-Andalus Taifa izeneko estatu txiki multzoa bihurtu zen; hogei bat estatu ziren; Sevilla, Badajoz, Toledo eta Granadakoak dira horietan aipagarrienak.

1085ean kristauek Toledo konkistatu zutenean Taifa horietako buruzagiak beldurtu egin ziren eta laguntza eskatu zieten Afrikako iparraldeko almorabideei. Etorri ziren horiek laguntzera, eta baita kristauak geldiarazi ere, baina orobat desegin zituzten Taifa erreinuak. 1090-1145 aldiari almorabideen batasuna esaten zaio; aldi hartan estatuak bata bestearen atzetik sortu-suntsitu ziren, eta denak gutxi-asko zeuden Afrikako iparraldeari lotuak.

Kronologia aldatu

 
Konstantinoplako setioa, 1499ko margolana.

Erreferentziak aldatu

  1. Martin Sicker (2000), The Islamic World in Ascendancy: From the Arab Conquests to the Siege of Vienna, 'Praeger.
  2. «Chrétiens et musulmans, le premier face-à-face VIIe-VIIIe siècle» Le Monde de la Bible (154) 2003ko azaroa.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu