Muskulu-uzkurdura edo gihar-uzkurdura muskulu-zuntzak laburtzearen ondorioa da, estimulu egoki batek, nerbio-bulkadak normalean, sortua.[1] Bi eratakoa izan daiteke uzkurdura: isotonikoa, gihar-zuntzek, uzkurtzeaz gain, beren luzera aldatzen dutenean, eta isometrikoa, gihar-zuntzen luzera aldatzen ez denean (ez dira luzatzen edo laburtzen). Bigarren kasuan estatikoa izan arren, giharra tentsioan dago (esaterako, pisu bat hartzen dugunean eta higitu gabe atxikitzen dugunean).

Eskeleto-giharren eskema.

Muskulu-ehunen zelulak luzeak dira, eta zuntz muskularrak edo gihar-zuntzak deritze. Barnean miofibrila izeneko egitura luzeak dituzte, aktina eta miosina proteinez osatuak; miofibrila horiek uzkurkorrak dira.

Hiru gihar-ehun mota bereizten dira ornodunengan:

  • leuna: hesteetan, arteria eta zainetan, umetokian eta errai gehienetan dagoen gihar-ehuna da. Bere higidura oharkabekoa da, eta nerbio-sistema autonomoaren kontrolpean dago.
  • kardiakoa: bihotzean dagoena. Bere higidura ere ez-borondatezkoa da.
  • eskeletikoa: eskeletoen giharrek osatzen dutena (besoak, hankak, eskuak, aurpegia...), hezur-ehunaren gainean dagoena. Borondatezkoa da eta burmuinak kontrolatzen du haren higidura.

Azken bi gihar-ehunei (kardiakoa eta eskeletikoa) gihar ildaskatua deritze, zeharkako ildaskak dituztelako.

Gihar ildaskatuen uzkurdura aldatu

 
S = sarkomero, A = A marra, I = I marra, H = H eremua, Z = Z eremua

Giharraren ezaugarri nagusia energia kimikoa (ATP) energia mekaniko bihurtzeko gaitasuna izaten da.

Gihar-ehunak uzkurtzeko gaitasuna du nerbio estimulu bat jasotzen duenean. Uzkurtzerakoan, giharrak bere luzera aldatzen du, eta indar mekaniko bat burutu dezake.

Mikroskopio elektronikoan ikusita, gihar-zuntzen miofibriletan marra argiak eta marra ilunak agertzen dira. Marra ilunak A izenekoak dira, eta argiak I-koak. I marraren erdian eremu ilun bat dago (Z). Bi Z-en arteko aldeari sarkomero deitzen zaio. Era berean, A marraren erdian eremu bat argiagoa agertzen da (H) (ikus irudia).

A marran -marra ilunean- miosina proteina ugari da, eta I marran aktina ugari dago.

Giharra uzkurtzerakoan haren luzera laburtzen da. Hori gertatzen da aktinaren harizpiak miosinaren hairzpien artean sartzen direlako; ondorioz A marraren luzera ez du aldatzen, baina I marra laburtu egiten da (eta baita sarkomeroen luzera ere).

Esan daiteke giharra uzkurtzen denean aktinaren harizpiek -miosinaren harizpiei lotuta daudenak gurpilen moduan jarduten duten zubien bidez- irristatu egiten dutela miosinaren harizpien artean. Harizpien higidura horrek energia asko behar du, ondoan dauden mitokondrio ugariek sortzen dutena (ATP eran).

Uzkurduraren ostean giharra erlaxatu egiten da; aktinaren harizpiak miosinakoarenak banantzen dira, I marra luzatzen da, baita sarkomeroak ere.

Uzkurdurak energia behar du (ATP), eta baita kaltzio ioia ere (Ca+2). Ioi honek funtsezko zeregina burutzen du aktina eta miosina lotzeko.

Biokimika aldatu

Ahalegina handia eta luzea denean giharrek oxigeno eta glukosa asko behar dute energia eskuratu ahal izateko.

Giharraren energia-iturri ohikoena glukogenoa da. Glukogenoaren hidrolisia glukosa sortzen du.

Uzkurdurak energia (ATP) behar du. ATP horren sorrera bide metaboliko desberdinetatik etor daiteke:

  • oxigenorik ezean, glukolisiaren ondorioz sortutako azido pirubikoak azido laktiko sortzen du hartzidura berezi batean. Azido laktiko hori giharrean pilatzen da, eta ariketa trinko baten osteko ohiko gihar-mina eragiten du.
  • fosfokreatinina + ADP → creatina + ATP.

Fosfokreatina gihar-zeluletan ugaria den molekula da, energia asko duena. Atseden egoeran goiko erreakzioa alderantzizko norabidean doa (ezkerretara), baina gihar-uzkurdura dagoenean eskuinetara jotzen du

Erreferentziak aldatu

  1. Muskulu-uzkurdura Euskalterm. Euskara.euskadi.net

Kanpo-estekak aldatu