Mujeres Libres (euskaraz: «Emakume askeak») Espainiako anarkosindikalismoaren baitako erakunde feminista izan zen, 1936ko apirila eta 1939ko otsaila bitartean, Espainiako Gerra betean, jardun zuena. CNT-Confederación Nacional del Trabajo (Lanaren Konfederazio Nazionala), Federación Ibérica de Juventudes Libertarias (Gazte Libertarioen Iberiar Federazioarekin) eta FAI-Federación Anarquista Ibéricarekin batera (Iberiar Federazio Anarkista), Espainiako mugimendu anarkista osatu zuten erakundeetako bat izan zen.

Mujeres Libres
Datuak
Motaerakunde politikoa
HerrialdeaEspainia
Ideologiaanarkofeminismoa
Jarduera
Kide kopurua30.000
Agintea
Prentsa-organoaMujeres Libres (aldizkaria)
Historia
Sorrera1936
Sortzailea
Desagerpena1939

CNTk hasiera-hasieratik genero berdintasuna proposatu zuen arren, mugimendu anarkistan militatzen zuten emakume askok pentsatu zuten beharrezkoa zela berariazko erakunde bat sortzea beren gaitasunak eta borroka politikoa guztiz garatzeko. [1] [2]

Ibilbidea aldatu

Testuingurua: mugimendu libertarioa eta emakumea aldatu

Pentsamendu anarkistan bi korronte zeuden gizon eta emakumeen arteko harremanen izaera eta berdintasunaren esanahia azaltzeko. Lehenak ugalketa hartzen zuen emakumearen betebehar nagusitzat eta etxetik kanpoko lana egitekotan, gizonezkoenarekin alderatuta, bigarren mailakoa zela uste zuen; beraz, emakumeen parte hartzea lortzeko beharrezkoa zen etxeko emakumeen lana berriro baloratzea. Bigarrenak, ordea, emakumeak gizonezkoen berdinak zirela defendatzen zuen, eta emantzipazioa lortzeko gakoa etxetik kanpoko lanean sartzean zegoela azpimarratzen zuen, beti ere, gizonezkoen baldintza berdinak izanik. CNT bigarren teoria horren alde agertu bazen ere, ez zion arreta handirik jarri emakume langileak antolatzeari, eta gizonezko militante askok, Lola Iturbek azaldu zuen bezala, "lanetik bueltan atean eranzten dituzte emakumearen askapenaren amorante-arropak eta etxe barruan bikotekidearekin betiko senarren jokabidea izaten dute ".[3]

Sorrera aldatu

1936an Amparo Poch y Gascón medikuak, Lucia Sánchez Saornil poeta eta sindikalistak eta Mercedes Comaposada prokuradoreak Emakume Libreak aldizkaria sortu zuten, izen bereko federazioaren (Federación de Mujeres Libres) bozeramailea izango zena, emakume langilearen askapenaren alde lan egiteko asmoz. Federazioa azkar hazi zen eta 1938ko urrian 20.000 kide baino gehiago zituen. Emakumeentzako aldizkaria zen, emakumeek idatzitakoa. Gizonen lankidetzari betoa jarri zion, Baltasar Lobo artistari izan ezik, argitalpenaren marrazkilaria eta maketagilea izan zena.[4]

 
Amparo Poch y Gascon.

Aldizkariaren lehen zenbakia 1936ko maiatzean agertu zen; honakoa zioen haren editorialean:

'Badakigu orojakinak ez garela, baina zalantzarik ez dugu momentu egokian iritsi garena. Atzo, goizegi izango zen; bihar, agian, beranduegi. Hemen gara, bada, (...) trazatu dugun bidea, emakumearen gizarte-ekintza bideratzea, azken ondorioetaraino jarraitzeko prest, ekintza horri errealitateari buruzko ikuspegi berria emanez eta emakumearen sentsibilitatea eta burua gizonezkoen akatsez kutsatu barik. Eta gizonezkoen akatsak dira, gure ustez, harreman eta bizikidetzari buruzko egungo kontzeptu guztiak: gizonezkoen akatsak, ez dugulako onartzen emakumeak inolako erantzukizunik izan duenik bilakaera historikoan, zeinean emakumea ez den inoiz aktore izan, ezpada lekuko behartu eta babesgabea. (...) ez dugu bat ere interesik iragana gogora ekartzeko, gure xedea oraina eraiki eta etorkizunari aurre egitea da, ziur baikaude gizateriak emakumearengan duela bere gordailu gorena, aurrekaririk gabeko balioa, berezkoa duen izaeraren legeari esker munduko panorama osoa aldatzeko gai dena. Ziur gaude milaka emakumek beren ahotsa ezagutuko dutela hemen, eta laster gure ondoan izango ditugula fabrika, soro eta unibertsitateetan noraezean dabiltzan hainbat emakume gazte, beren kezkak ekintzetara bideratzeko modua bilatzeko gogoz. '[5]

Emakume langileen heziketa eta lanbide trabakuntza premisa erabakigarriak ziren haien eskubideak lortzeko prestakuntza anarkosindikalistaren eremuan. Mujeres Libres taldearen helburua emakumeak morrontzatik, ezjakintasunetik eta sexu-menpekotasunetik emantzipatzea zen. Madrileko Mujeres Libres eta Barcelonako Grupo Cultural Femenino taldeek 1936ko irailean bat egin zuten Mujeres Libres elkartearekin. Bartzelonan, erakundeak jantoki kolektiboak sortu zituen, alfabetizazioari, erizaintzari eta haurtzaindegiei buruzko tailerrak antolatu zituen, eta elikagaiak bidali zituen Madrilera setiaturik zegoenean. Horrez gain, txofer eskola bat ireki zuen emakumeek atzeguardian osasun zerbitzuetan laguntzeko aukera izan zezaten. Emakumeak tranbia gidari gisa trebatzeko tailerrak ere eman zituzten.[4]

 
"Mujeres Libres" aldizkaria. 9. zenbakiaren azala.

Aldizkaria aldatu

Artikulu nagusia: «Mujeres Libres (aldizkaria)»

Mujeres Libres- ek aldizkaria sortu zuen bere kideak informatuta egon zitezen. Aldizkaria hilabetekaria izateko asmoz jaio zen, eta bere lehen zenbakia 1936ko maiatzean argitaratu zen. 14 zenbaki argitaratzea lortu zuten, eta azken zenbakia gerra zibilaren frontea Bartzelonara iritsi zenean plazaratu zen, ale guztiak agortu zirelarik. Aldizkaria langile-klaseko emakumeei zuzenduta zegoen eta azken xedea haien kontzientzia esnatzea eta anarkismoaren idealen partaide izatea zuen.[6]

Beste erakunde batzuekiko harremana aldatu

1937ko abuztuan federazio nazional gisa eratu zen arte, Mujeres Libres hainbat talde gutxi-asko independentez osaturik zegoen. Bere lehen konferentzia nazionalean tokian tokiko 90 bat taldetako ordezkariak bildu ziren eta erakunde nazional gisa eratu zen. Bere egitura federala zen, probintzia, eskualde eta nazio mailako batzordeekin. CNTren eta FAIren helburu eta metodoekin identifikatu zen, nahiz eta haren autonomia gorde.[7]

Ekintza eremuak aldatu

Bai iraultzari eta bai gerrari aurre egin beharrak oinarrizko bi helburu zituzten programa sorta bat garatzera bultzatu zituen: batetik, trebakuntza, hau da, emakumeak konpromiso iraultzailea betetzeko prestatzea, eta bestetik, kide berriak mugimendu libertarioan parte aktiboa hartzera erakartzea. Horretarako, hainbat hezkuntza programa ezarri zituzten; oinarrizkoenak analfabetismoa desagerraraztea zuen helburu, baina beste batzuen xedea emakumeak lan-munduan behar bezala gaiturik eta soldata duin bat irabaziz sartzea zen edo haurren zainketa eta garapenari buruzko hezkuntza eskeintzea; horrez gain, asiloa eta eskolak eskaintzen zituzten errefuxiatuentzako programak sortu zituzten eta baita borrokalarientzako beste zerbitzu eta laguntza batzuk ere, bai frentean bai ospitaleetan.[7]

Halaber, emakumeak ama izateaz gain gehiago zirela defendatuz, federazioaren delegatu gisa ari ziren emakumeentzako haurtzaindegi zerbitzua sortu zen; horrek emakume asko haiekin bat egiteko balio izan zuen.[7]

Prostituzioaren aurkako borroka aldatu

Bartzelonan, Mujeres Libresen ekimenari esker sortu ziren La Casa de la dona treballadora (Emakume langilearen etxea) eta prostitutak birgizarteratzeko "prostituzioaren askapen etxeen" (Liberatorios de Prostitución) kanpaina. Prostituzioa gogor borrokatu zen. Haien helburua ez zen jarduera hori arautzea, desagerraraztea baizik, emakumeak ekonomikoki independenteak izanez eta gizartearen eta moralaren erabateko iraultza burutuz. Mujeres Libres erakundeko emakumeentzat etsigarria zen klase kide asko prostituzio etxeetako ohiko bezeroak zirela ikustea.[8]

Carnets de la guerre d'Espagne liburuan, Mary Low poeta eta idazle anglo-australiarrak honakoa adierazten du:

"Prostitutek, azkenean, beren interesen ardura hartu eta beren eskubideak errespetarazi ahal izan zituzten. Egun batean konturatu ziren haiek ere bazutela beren lekua iraultzan. Gero, lan egiten zuten etxeetako jabeak kanporatu eta "lantokiak" okupatu zituzten. Beren burua edonoren parekotzat aldarrikatu zuten. Eztabaida sutsu baten ondoren, haien sindikatua sortu zuten, CNTko afiliatua. Etekin guztiak zuzen partekatu ziren. Prostituzio etxe guztien ateetan, kartel batek ordezkatu zuen Jesusen Bihotza. Bertan honako hau irakur zitekeen:EMAKUMEAK BURKIDE GISA TRATATZEKO ESKATZEN DIZUEGU. Komitearen aginduz ". Mary Low, Red Spanish Notebook[9]

Argitalpenak[7] aldatu

  • Mercedes Comaposada Guillén, Esquemas eta ¿Cómo organizar una agrupación Mujeres Libres? (1937)
  • Carmen Conde, Enseñanza nueva (1936); Poemas en la guerra, (1937) eta La composición literaria infantil (1938)
  • Federn Etta, Mujeres de las revoluciones (1938)
  • Amparo Puig i Gascón, Niño (1937) eta La ciencia y la enfermedad (1938)
  • Lucía Sánchez Saornil, Horas de revolución (1937) eta Romancero de Mujeres Libres (1938)
  • Doctora Salud, Alegre sanatorio de optimismo (1938)

1936ko Gerraren ondoren aldatu

Espainiako Gerra amaitutakoan, Mujeres Libres erakundeko kide asko erbestera joan ziren. Mercedes Comaposada, Sara Berenguer, Libertad Ródenas, Pepita Carmena Amat eta Concha Liaño besteak beste. Batzuek, Sara Berenguer, adibidez, erresistentziarekin eta mugimendu libertarioaren berrantolatze lanarekin bat egin zuten.[3]

Gelditu zirenek errepresioa edo isiltasuna bizi izan zuten. Batzuek 1953ra arte jardun zuen Unión de Mujeres Democratas-en (Emakume Demokraten Elkartasuna) erakunde klandestinoan lan egin zuten; haren eginkizuna zen presoei laguntza ematea, frankismoaren aurkako jarduerak burutzea eta emakumeen arteko topaleku eta eztabaidagunea izatea.[3]

1970eko hamarkadan, Espainiako Trantsizioaren garaian, erakundea berriro aktibatu zen Madrilen, Valentzian, Bartzelonan eta Andaluzian. Hasieran, estatu mailako koordinazioa lortu arte, tokian tokiko taldeak federazioetan egituratzen hasi ziren, jarduera-eremu bakoitzean emakume autonomoen eta federatuen taldeak sustatuz.[10]

Madrilgo taldeak Mujeres libertarias aldizkaria argitaratu zuen; guztira, 14 ale argitaratu ziren. Kolektiboa 1993an desegin zen, Maria Bruguera bultzatzaile nagusia hil eta urtebetera. 1980 eta 1981 artean, Zaragozan CNT-A Mujeres Libertarias taldea (CNT-A Emakume Libertarioak) eratu zen, eta 8 urte geroago desegin zen.[3]

Filmografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Liaño Gil, Conchita. Mujeres Libres. Luchadoras libertarias. (151. or.) Fundación Anselmo Lorenzo. ISBN 84-86864-33-X.
  2. (Gaztelaniaz) Ruiz Eugenio, Laura. (2005-06-09). «Pepita Carpena, luchadora libertaria de Mujeres Libres» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  3. a b c d Ruiz Roa, Paula. (septiembre de 2018). Jornadas 80 aniversario de la Federación Nacional de Mujeres Libres : ponencias, comunicaciones y mesas : la lucha de todos los tiempos. ISBN 978-84-09-04033-9. PMC 1090202923. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  4. a b Rodrigo, Antonina. (2002). Una mujer libre : Amparo Poch y Gascón : médica anarquista. (1. ed. argitaraldia) Flor del Viento Ediciones ISBN 84-89644-76-4. PMC 50808335. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  5. "Editorial". Mujeres Libres.
  6. «La revista “Mujeres Libres” (1936-1938) - FETAP». fetap.cgt.es
  7. a b c d Ackelsberg, Martha A.. (2000). Mujeres libres : el anarquisimo y la lucha por la emancipación de las mujeres. (2. ed. argitaraldia) Virus ISBN 84-88455-66-6. PMC 47629566. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  8. Jean-Paul Salles, Mujeres Libres, des femmes libertaires en lutte. Mémoire vive de femmes libertaires dans la Révolution espagnole, Revue Dissidences, Bibliothèque de comptes rendus, septembre 2011, 11 juin 2011, texte intégral
  9. Mary Low, Red Spanish Notebook, Éditions Verticales, Paris, 1997. 203. or.
  10. Escario, Pilar. (1996). Lo personal es político : el movimiento feminista en la transición. Ministerio de Asuntos Sociales, Instituto de la Mujer ISBN 84-7799-132-4. PMC 35041440. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  11. (Gaztelaniaz) SensaCine. Libertarias. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).

Bibliografia aldatu

  • Martha Ackelsberg Mujeres Libres: El anarquismo y la lucha por la emancipación de las mujeres . VIRUS argitaletxea. Bartzelona, 2006. ISBN 84-88455-66-6 . ISBN 978-84-88455-66-6
  • Mujeres Libres: España 1936-1939. Mary Nash-en hautaketa eta hitzaurrea. Tusquets. Bartzelona, 1976. ISBN 84-7223-704-4
  • Jornadas 80 aniversario de la Federación Nacional de Mujeres Libres. Madril, 2018 ISBN 9788409040339
  • Free Women’s Contributions to Working-Class Women’s Sexual Education During the Spanish Civil War (1936–1939) and Beyond. Giner, E.; Ruiz, L.; Serrano, MA; eta Valls, R. (2016). Teachers College Record, 118 (4).
  • Free Women (Mujeres Libres). Voices and Memories for a Libertarian Future. Laura Ruiz. Sense Publishers. Rotterdam / Boston / Taipei, 2011. ISBN Paperbacka: 9789460910876 ISBN Azal gogorra: 9789460910883 ISBN E-liburua: 9789460915192.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu