Barbaroen herri-mugimenduak.svg Migrazio Garaia historialariek 300. urtetik 900. urtera arte Europan gertatutako giza-migrazioari ematen dioten izena da. Migratutako herriek germaniar eta eslaviar jatorria zuten batez ere. Migrazioa eragin zuen kausa zehatza zein zen ez da jakiten. Hipotesiek hunoen inbasioa, populazio-presioa edo klimaren aldaketa aipatzen dituzte.

Bi fasetan sailkatzen da Migrazio Garaia. Lehenengoa 300 eta 500 bitartean gertatu zen. Germaniar tribuek (ikusi: ostrogodoak, bisigodoak, burgundiarrak, alanoak, lonbardiarrak, angloak, saxoiak, jutoak, sueboak, alamanak) Erromatar Inperioaren erasoaren ondorioz, mendebaldeko erdiko zonaldeak haien menpe geratu ziren. Bisigodoak Inperioan barnan sartzeko lehendabizikoak ziren. Hasiera batean, mugak defenditzera deitu bazieten ere, 410ean Erroma bera arpilatu zuten.

Bigarren fasea 500 eta 900 bitartean suertatu zen. Eslaviarrak eta turkiarrak (batik bat) ekialdeko Europan, Anatolian eta Kaukasoetan sartu ziren. (ikusi avaroak, hunoak, arabiarrak, baregoak). Fase honetako azken uholdea magyarrek eta bikingoek osatu zuten.

Lehenengo fasea aldatu

Germaniarren migrazioak aspaldikoak ziren, godoak Itsaso Beltzara III. mendean ere iritsi baitziren. Hala ere, hunoen etorrerak (372-375) egoera aldatu zuen. Izan ere, hunoen gerrarako ahalmenaren aurrean, godoek ekialdera mugitu behar izan zuten, erromatarren lurraldera hain zuzen ere (376). Godoek Adrianopolisko batailan erromatar armada garaitu zuten 378an. Hortik aurrera, germaniarrak erromatarren buruhauste nagusia bilakatu ziren.

Hunoen presiopean ere, beste herri germaniarrak Inperioan sartu ziren. Vandaloak, sueboak eta alanoak Rhin zeharkatu zuten 406ko neguan, Mainztik hurbil. Burgundiarrek eta alamanek laster jarraitu zieten.

Vandaloek, sueboek eta alanoek, Galia zeharkatuta, Iberiar penintsulan sartu ziren 409an. Sueboak ipar-mendebaldean kokatu ziren, baina beste biak, 429an Afrikara igaro eta, Inperioko probintzia horiek azpiratu zituzten Genserikoren agindupean.

Bisigodoak 418an finkatu ziren Tolosaren inguruan itun (foedus) baten bidez. Burgundiarrek Lyon hartuta (457), Rodano eta Saonaren arroetan hedatu ziren hurrengo hurteetan. Frankoek Klovis zuten buru nagusia (481-511). Honen zuzendaritzapean, kristau bihurtzeaz gain, Galiako iparraldean gotortzetik bisigodoak garaitzera (506) eta hegoaldera mugiaraztera iritsi ziren.

Angloak, jutoak eta saxoiak Britainia Handira migratzen ziren, 442tik erromatar armadarik gabe. Hainbat britainiarrek kontinentera jo zuten, beste Bretainia bat sortuz. Teodoriko buru zuten ostrogodoek Italia okupatu zuten. Alamanak, bavariarrak, turingiarrak eta saxoiak Rhin aldera finkatu ziren.

Bigarren fasea aldatu

Nolanahi ere, hauek ez ziren Goi Erdi Aroan Mendebaldeko Europak jaso zituen inbasio bakarrak. Bikingoak Europa osoan zehar VIII. mendez geroztik. Norvegiarrak Ozeano Atlantikoan mugitu ziren batik bat. Britainia Handia eta Irlanda arpilatu zituzten nagusiki, baina Frantzia eta Iberiar penintsula ere (Gartzia Iñigez Iruñeko buruzagia bahitu zuten). Islandiara (860) eta Groenlandiara era iritsi ziren. Daniarrek Mantxako Kanalean arpilatu zuten gehienbat. Ingalaterrako koroa lortu zuten Knut Handiarenkin, eta Frantzian, 911n, Normandian finkatu ziren. Suediarrak ekialdean mugitu ziren, Itsaso Baltikotik Beltzaraino. Salerosketarako kokaguneak finkatu ziren Errusiako estepetetan, eta Konstantinoplako merkataritzan parte-hartze handia izan zuten.

Beste aldetik, Erdialdeko Asiatik ere hainbat herri iritsi zen Europaraino. Balkanetara, bulgariarrak etorri ziren. Zonalde horretan, aurreko mendeetan emeki-emeki zabaldu ziren eslaboak botere-hutsuneaz probestuta. Hungariarrak Erdialdeko Europara IX. mendearen amaieran iritsi ziren. Hortik, ingurunea arpilatu zuten harik eta Oton I.ak 955ean garaitu zituen.

Kanpo estekak aldatu