Metano hidrato

konposatu kimiko

Metano hidratoa (edo Metano klatratoa) konposatu organiko bat da, batez ere itsas hondoetan, kontinente ezponda batzuetan eta permafrost azpian aurkitzen dena. Konposatu honetan metano kopuru handia uraren kristal egituraren barnean harrapatua dago, izotzaren antzeko solido bat eratuz.

Metano hidratoa erretzen (USGS).
Goiko ezker laukian: klatratoaren egitura.

Metano hidratoa energia fosila da, petrolioa ordeztu lezakeena, kopuru handia baitago munduan. Hala ere, metano igorle zuzena eta karbono dioxido ez-zuzena da, biak berotegi-efektuko gas nagusi. Gas hau erregaitzat erabil daiteke eta baita industriarako gas eta sustantzia bezala ere. Hainbat enpresek eta ikerlarik abantaila hauen aurrean atmosferara igorri aurretik metanoa hartzea pentsatu dute eta horrela hau energian transformatzeko erabili.

Energia iturri aldatu

 
Metano hidratozko ustezko iturrien hedapena, 1996.
Iturria: USGS

Metano hidrato erreserbak mundu guztian erregai fosilen bikoitzak direla estimatzen da. Honetaz gain metano hidratoaren errekuntza ahalmena oso handia dela esan behar da. Konposatu hau permafrostaren eta itsas hondopean osatzen da. Hotzak eta goi presioek uraren eta metanoaren arteko elkarketa egonkor mantentzen dute, honen zergatia nagusiki bizidun organismoen deskonposaketa delarik. Metano hau bere leku naturaletik ateratzen denean urarekin duen loturarako baldintzak desagertu egiten dira eta metanoa energi iturri bezala aprobetxa daiteke. Lortzen den produktua urre zuria izenaz ezagutzen da honek elurraren itxura duelako aztarnategitik ateratzen denean eta honi erregai lotzeko egin behar zaion gauza bakarra urtzea da.

Metano hidrato kopuru handiak egoteaz gain honen sakabanaketa petrolio eta gas naturala baino hobea da, mundu osoan baitago. Gaur eguneraino aurkitu diren aztarnategiak Artiko eta kontinente gehienetako itsas plataformetan aurkitu dira. Adibidez, Alemaniako hainbat unibertsitate taldeek Ipar Itsasoan ikerkuntzak egiten ari dira metano hidratoaren sorkuntzari buruz ezagupen gehiago lortzeko eta aztarnategietatik erauzketa posibleak aztertzeko. Bestalde, japoniar ikerlariak Nankai Kanalean dagoen aztarnategian azterketak egiten ari dira honek eman ditzakeen aukera posibleak ikusteko.

Arazoak aldatu

Metano hidratoa XIX. mendean jada ezaguna zen eta berarekin ikerketak 1970ko hamarkadan hasi ziren. Hala ere, konposatu honen ustiapen teknologiak garapen handiago baten beharra du industriarako bideragarria izateko. Adibidez, arazo handi bat aztarnategien detekzioan eta kuantifikazioan agertzen da. Metodo erabiliena islapen sismikoen profilen eraketan datza, konkretuki BSR (Bottom simulating reflector) izenarekin ezagutzen den prozedurarekin. Prozedura honek azpi-geruza geologiko geruza ezberdinak desberdintzen ditu inpedantzia akustiko handi edo txikiagoen arabera. Behin aztarnategia aurkiturik garrantzitsua da metano hidratoa zein sedimentu mineralekin dagoen erlazionatuta. Hau egiteko normalean prospekzio eta erauzketak egiten dira. Metano hidrato aztarnategia bi eratan aurki daiteke, bai poltsa independente baten edota normalean gertatzen den moduan geruza sedimentarioen arteko espazioan. Sedimentuaren garrantzia handia da zeren eta metano hidratoaren erauzketa egiten denean errazagoa izaten da sedimentuaren garauak lodiak badira. Garau hau fina denean denbora gehiago behar da erauzketa egiteko eta gainera esfortzu ekonomikoa apur bat handiagoa da. Honetaz gain sedimentuaren izaera kimikoak (burdina, aluminio...) hidratoaren aztura kristalinoan, nukleazio eta kristalizazio erraztasunean eta deskonposizio potentzialean influentzia du.

 
Gas hidratoaren egitura (Oregongo subdukzio gune batetik)

Gaur egungo ikerkuntza ezberdinek metano hidratoen egonkortasun tarteak (presio, tenperatura, konposizio, difusio) aztertzen ari dira leku porotsu eta konposizio kimikodunetan. Horrela formazio eta deskonposizio zinetikak eta ezpurutasun potentzialen efektu katalitikoa zehaztu daiteke. Datu guzti hauek garrantzi handia dute aztarnategi baten ustiapena egiteko orduan.

Desabantaila ekonomiko garrantzitsuena hidratoetatik metanoaren erauzketan dago honen separazio eta probetxurako. Hau egiteko bi aukera daude, despresurizazioa edo beroketa zuzena. Lehenengo aukera ekonomikoki bideragarriena da eta Siberian aurkitutako aztarnategietan erabiltzen ari da. Bigarren aukeran aztarnategia berotu behar da, adibidez horretarako ur lurruna erabil daiteke. Honen arazo nagusia sakontasunak (>300m) handiak direla da eta hauetara beroaren transmisio zuzena egitea ezinezkoa da zeren eta garraioan galera energetikoak ematen dira. Arazo honen soluzio bat Precision Combustion estatubatuar enpresak emandakoa izan daiteke. Enpresa honek aztarnategian zuzenean sar daitekeen galdara bat garatu du, honela hidratoa urtzeko eta metanoa askatzeko adina bero sortzea lortuko zelarik. Galdara honek platinozko katalizatzaile batean oinarrituriko errekuntza katalitiko teknologia propioa dauka zeinek aztarnategiaren barnean tenperatura txikiko errekuntza kontrolatua egiten uzten duen. Hasiera bateko kalkuluen arabera galdarak askaturiko metanoaren %15 kontsumituko luke beroa sortzeko eta horrela balantze ekonomikoa %50 hobetuko zen beroa lurzorutik zuzenean sartuta baino. Gainera enpresa honek dioenaren arabera teknologia honek CO2–a ingurumenetik eliminatu eta metano hidratoen aztarnategietan gordetzen uzten du. Hau egitearen arrazoiak CO2 hidratoak metano hidratoak baino egonkorragoak direla da. Teknologia hau oraindik garapen fasean dago eta egin diren froga bakarrak laborategikoak izan dira. Metano hidrato bolumen handiak egoteak eta gaur eguneko energia baliabideen urritasunak teknologia hauen garapenaren garrantzia areagotu du.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu