Meandroa ibai baten ibilguak eratzen duen bihurgune[1] itxia da. Nagusiki, oso malda txikiko alubioi ordokietan sortzen da; sedimentuak meandroaren ertz ganbilean metatzen dira, eta ertz ahurrean, indar zentrifugoaren ondorioz, higadura eta ibaiertzaren atzeratzea dira nagusi.

Leziñana Okako meandroa, Araban.
Cauto ibaiaren meandroak (Guamo Embarcadero, Kuba)

Higaduraren ondorioz, meandroa bere isuriaren norabidetik aldentzen da, eta bihurgune handi bat egin ondoren, utzitako norabidea hartzen du ostera: areagotuaren areagotuz, meandroa bereizi egiten da, bide nagusitik aparte gelditzen da, eta adar hil bat edo aintzira bat eratzen du (uztarri aintzira esaten zaio). Gero, uholdeak direla eta, sedimentuz bete daiteke.

Izena aldatu

Meandro hitza Meandro ibaitik datorkio (grezieraz Μαίανδρος, Maíandros), gaur egun Büyük Menderes deitzen den Anatoliako ibai bat. Dirudienez, Meandrok beti txunditu zituen antzinako greziarrak, sigi-sagaka aurrera egiteko moduagatik. Horrela, izen berezia izen arrunta bihurtu zen: ibai baten meandroa.

Batzuetan, ibai bihurgune ere esaten zaio[2].

Ezaugarriak aldatu

Bi motatakoak daude:

  • Ibarretako meandroak: ibarrak egiten dituen bihurguneak meandroek egiten dituztenekin bat datoz tamainan.
  • Alubioi ordokietako meandroak: ur lasterrak ez ditu ibaiaren ibilbideak bezain sigi-saga handiak egiten, edo haietatik bereiz egiten ditu.

Meandroek, bihurguneek bezala, zabaltzeko joera dute. Ur laster nagusiak meandroaren kanpoalderantz bultzatzen du, meandroaren alde ahurretik hurbil igarotzeko. Argitu beharra dago ahur eta ganbil terminoak ur lasterretik ertzera begira hartzen direla.

 
Sedimentazioa meandroetan:
A - bihurgunea
B - ibaiertz ganbila (apala)
C - sedumentuen garraioa
E - ibaiertz ahurra (malkartsua).

Meandro segida batean, urak eskuineko eta ezkerreko ertzak miazkatzen ditu hurrenez hurren, eta ibaiaren lehen uberka ardatzak egiten dituenak baino bihurgune handiagoak egiten ditu, lastertasun handieneko puntua higadura handieneko puntua baita. Bihurgunearen kanpoaldea (ahurra) gero eta gehiago zabaltzen da; barrenaldea (ganbila), berriz, alubioiz betetzen da: ur lasterra geldoegia baita daraman kargarako, eta karga horren parte bat uzten du bertan. Bihurgunea, beraz, areagotuz doa eta nabarmenagoa egiten da.

Prozesu hori dela eta, bihurgunearen alde ahurra malkartsua izaten da, eta alde ganbila, berriz, apala.

Eraketa aldatu

 
Meandro baten eboluzioa.

Ibaiak bere baitan daraman materiala dela eta, bi gauza gerta daiteke: material horrek material gehiago erauztea (ablazioa), edo material hori lekuren batean pilatzea. Ablazioa delakoa prozesu mekanikoak nagusitzen direnean gertatzen da; hondalana eta azpijana bezalako prozesuak izaten dira gehienetan, harri bigun eta kohesio gutxikoen artean, alubioietan bertan. Haitz koherente eta trinkoak daudenean, berriz, urak elementu lodi gogorrak izan behar ditu, batere urralanik egingo badu. Ibai eta erreketan azpijan eta hondalan handia izateak bide batera bilarazten ditu ur lasterrak. Ur lasterra barreiaturik datorrenean, berriz, alboetan eta lur azalean egiten da urralan gehiena. Ibaiak bere bidean egiten dituen bihurgune handiak dira meandroak (ur lasterrak egiten duen higalanaren adibide on bat); orain ahurrak orain ganbilak, uraren norabideari buruz gutxi gorabehera simetrikoak izaten dira bihurguneok.

Ibaiak bere bidearen kanpoaldea barrentzen du bihurgune bakoitzean, bihurgunearen behe aldean (ur barren) gehienbat. Alboko higalanak kanpoaldeko ertza jaten du, eta ezpondak eratzen ditu; uholde bakoitzean handituz doaz ezpondok. Bihurgunearen barrenaldean, berriz, hondarra eta hartxintxarra pilatzen da. Higalanaren eraginez bihurgunearen kanpoaldean bidea zabaldu eta sakondu ahala, eta barrualdean, berriz, hondarra pilatu eta sakonera gutxitu ahala, ibaia kanpoalderago eta sakonago eginez doa bere bidea. Meandroaren lobulu edo irtenguneetan, ur goien eta ur barren, aldeak desegiten badira, ibaiak uretan behera emigratzen du sigi-saga.

Batzuetan, bihurgunea asko nabarmentzen denean, meandroa bereizi egiten da. Bi modutara gerta daiteke bereizte hori:

  • Batzuetan ibaiak gainezka egin eta zabaldi osoa urpean gelditu ondoren urak atzera egiten duenean, ur lasterrak bide zuzena hartzen du, meandroarena baino laburragoa delako, eta meandroa ibaitik bereiz gelditzen da. Hori noski zabaldietako meandroetan baizik ez da gertatzen.
  • Beste batzuetan, bihurgunea oso-oso nabaria denean, bi muturrek elkar ukitzen dute, eta gauza bera gertatzen da, meandro izandakoaren adar hil bat besterik ez da gelditzen.

Meandroen eratze eta bereizte prozesuok direla eta, meandro segida osoa ibarrean behera mugitzen da. Meandrook ibaian behera emigratu ahala, ibaiak erabat eraldatzen du alubioi ordokia, eta ezponda naturalak, hondar pilak, ibai adar hilak, meandro kiribilak eta zingirak eratzen dira.

Baldintzak aldatu

Gaur egun, azalpen eta definizio asko daude meandroen eraketari buruz. Azalpen horietako askok berezko faktoreei egiten diete erreferentzia, eta etengabeko mugimenduan dauden eta ibilbide bihurgunetsuak dituzten ibai-ibilguak aipatzen dituzte. Korronte horiek ezaugarri bihurgunetsuak dituen kanala eratzen dutenean, kanal horrek hainbat prozesu jasaten ditu, eta prozesu horietan bihurguneen tamaina eta forma ahurra oso nabarmen handituko da, bihurguneen kanpoaldeetan gertatzen den higaduraren ondorioz sortzen den fluxu helikoidalaren eraginaren ondorioz.

Kurbaduraren barnealdetik kanpoaldera gertatzen den bat-bateko prozesuari deritzo fluxu helikoidala. Urak eta korronteek bihurgunearekin talka egiten dutenean higadura-prozesu bat hasten da, eta prozesu horretan barnealdeko abiadura igo egiten da eta kanpoaldekoa jaitsi. Indar zentrifugoen ondorioz kanpoaldeko ur-maila igo egiten da, eta uraren azala zeharka mugitzea eragiten du.

Ibai bihurgune guztiak ez dira meandroak eratzeraino areagotzen. Meandroa eratuko bada, orekan egon behar dute ibaiaren malda, emaria, karga eta ibai ertzen erresistentzia. Alubioi ordokietako meandroen kasuan, alubioietan ebakitzen dira ertzak; ibar meandroen kasuan, berriz, ertzaren alde ahurra harkaitzean bertan zulatzen da. Harkaitza alubioia baino gogorragoa denez, ibarretako meandro gehienak malda handietan izaten dira, karga gutxi daramaten ibaien kasuan izan ezik.

Denbora luzean uste izan da meandroak oso malda txikietan eta ibaiaren azken aldean baizik ez zirela eratzen, hau da, urak hondalana egiteko ahalmenik izan ez eta alubioiak uzten dituenean. Uste hori ordea uste okerra da: meandroa hondalan edo oreka modu bat baita, ez betelan modu bat. Karga gehiegi daraman ibai batek ez du meandrorik eratzen, adarretan banatzen da, eta ez du bihurgune erregularrik eratzen.

Meandroen eraketa harkaitzaren edo alubioien potentzia garbiaren eta erresistentziaren arteko orekaren baitan dago. Ibaiaren ertzak oso bigunak direnean, meandroak lur zati asko erorarazten ditu ibaira bere aurrerabidean, ibaiaertzaren barrenean gerarazten da eta ibai zolaren ardatzerantz bultzatzen. Aitzitik, ibaiertza oso gogorra denean, ur lasterrak ez du hura zulatzeko adina indar izango. Meandroa areagotzeak malda gutxiarazten du eta indarra gutxitzen du (ibaiaren luzera handitzen baita), eta meandroaren hazkundea geldituz doa.

Meandroa ibaitik bereizten denean, ordea, ibaia laburtzen da, malda handitzen da eta ur lasterrak handik harako meandroak areagotzeko adina indar berreskuratzen du atzera.

Erreferentziak aldatu

  1. «Meandro». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-04-03.)
  2. Méandre Nola erran hiztegian (kontsulta: 2021-04-03)

Kanpo estekak aldatu