Artikulu hau naturaren filosofiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Materialismo (argipena)».

Materialismoa natura eta unibertsoa materia hutsez osaturik dagoela baieztatzen duten teoria filosfikoei ematen zaien izen generikoa da. Hartara, materiak osatzen ditu gauza guztiak eta fenomeno guztiak, kontzientzia barne, materiaren elkarreraginen ondoriozkoak baitira.

Eskola filosofikoen kopuru handia gorabehera eta haien artean ñabardura fin ugari badaude ere, filosofia guztiak bi kategoriatan sailkatzen dira oinarri-oinarrian: idealismoa eta materialismoa, zein elkarren kontrastean definitzen diren. Errealitatea zer den ulertu nahian, bi kategoria horiek bereizten dira funtsezko bi galdera hauei erantzuterakoan: "zerk osatzen du errealitatea eta nola sortzen da?" Idealisten aburuz, izpiritua, adimena edo adimeneko gauzak (ideiak) dira lehenengo, eta materia bigarrengo. Materialisten aburuz, berriz, materia da lehenengo, eta izpiritua, adimena edo ideiak bigarrengo, azken finean materiak materiaren gainean sortzen dituen emaitzak baitira.

Sarrera aldatu

Ikuspegi materialista eta ikuspegi idealistaren arteko desberdintasuna polemika filosofiko zaharrenetariko bat da. XVII. mendean “materialismo” terminoa materiaren inguruko errepresentazio fisikoen inguruko zentzua saihesteko erabiltzen zen. Zentzu horretan, natur zientzia modernoek ikuspegi guztiz materialista daukate.

XIX. mende hasieratik, materialismo historikoaren eraginagatik, terminoa zientzia sozialen alorrean erabiltzen hasten da. Zentzu horretan, materialismoak prozesu historiko eta kausa materialetan gertatutako aldaketa kulturalen arrazoiak bilatzen dituzten marko teorikoei egiten dio erreferentzia. Materialismo honentzat, fenomeno sozialak eragiten dituzten kausak faktore materialek eragiten dituzte eta errefusatu egiten du naturaz gaindiko arrazoiak emateari; hala nola, Jainkoa, izpirituak edota inteligentzia hipotetiko bat. Materialismoarekin bat eginez, fenomenoen arrazoiak faktore enpiriko neurgarrietan aurkitu behar dira[1].

Materialismo historikoak ospea marxismoaren kontextuan hartu izan arren, Karl Marxen aurrekariak ere aurkitu dira. Gaur egun, presente dago antropologian, historiaren teorian edo soziologian, materialismo historikoak marxistak ez diren teoria desberdinak barne hartuz. Marxismotik kanpo, materialismoak diona zera da, gizartearen ezaugarriak eta bere garapen historikoa faktore materialek determinatu dutela; esate baterako, teknologiak, ekoizpen sistemak, ezaugarri geografiko eta klimatikoek… Materialismo historikoa ikuspegi marxistatik aldentzeko asmoz, “funtzionalismo ekologiko”, “determinismo geografiko” edo “materialismo kultural” ere dei egiten zaio. Jared Diamond edo Marvin Harris bezalako autore akademiko desberdinek garapen historikoaren gaia sakonki jorratu dute, gizarte bat definitzen dituen ezaugarriak (beti ere faktore materialetatik abiatuta) azaltzeko saiakeran.

Historia aldatu

Dotrina materialistak Ekialde Urrunean aldatu

Dotrina materialistaren lehenengo arrastoak hirugarren milenioaren amaiera eta bigarrenaren hasieran kokatzen dira, kultura egiptiar eta Babiloniakoan, non lehen kontzepzio materialistak sortu baitziren. Bestalde, zertxobait beranduago, baina integritate handiagoaz, India eta Antzinako Txinako filosofian aurkitzen da.

Egiptoar kulturako monumentuetan “ur hotza, izaki guzti eta gauza oro sortu dituena, hala nola, espazioa betetzen duen eta leku guztietan dagoen airea” irakur daiteke. Honek frogatzen duena zera da, garai hartan ere gauzen eta fenomeno naturalen jatorri materiala planteatzen zela. Baliteke elementu hauek ikuspegi sinboliko batekin soilik interpretatu izana.

Babiloniar kulturan, adibidez, Seleuko astronomoa (K.a. II. mendea) daukagu, ezen munduaren egitura heliozentrikoaz hipotesiak egin zituen.

Antzinako Indian I. milenioan agertzen da Lokaiata dotrina, mundua materiala zela eta 4 elementu nagusiz osatua zegoela zioen teoria; lurra, ura, sua eta airea, alegia. Elementu horietatik sortzen zirela izaki bizidun guztiak, gizakia barne, hil ondoren berriro ere lau elementu horietan deskonposatzen zirenak. Lokaiatak dotrina erlijiosoei kritika gogorrak egin zizkieten Jainkoaren, arimaren eta beste mundu baten existentziaren inguruan; izan ere, gorputza hiltzean kontzientzia desagertzen zen euren ustez, transmigrazioaren teoria baliogabetzat hartuz.

Lokaiaten materialismoa euren ateismoari estuki lotua zegoen. Beranduago, K. a. 600 urtean sortutako Samkhya korrontearekin, hasierako substantzia (prakriti) batetik eratortzen dela munduaren materialtasuna. Hala ere, euren lorpen garrantzitsuena mugimendua, espazioa eta denbora materiagandik banandu ezin diren propietateak direla determinatzea izan zen.

Antzinako filosofia hindua garatzen zen heinean, lau elementuz (lurra, sua, ura eta airea) osatutako materiaren proposamena munduaren egitura atomistan oinarritutako irudikapenez ordezkatua izan zen. Nyaya eta Vaisesika eskola filosofikoetan sortu ziren mundua espazio eta denboran eterrean aurki daitezkeen partikula txiki desberdinez osatuta dagoelaren ideia

Ideia partikular hauek betierekoak, sor ezinak eta suntsiezinak izango lirateke, ideia hauez osatutako objektuak aldakorrak eta denbora baterako izanik. Ideia materialista hauek garaiko eskola eta dotrina erlijiosoengan inpaktu handia izan zuten. Horren adibide da, Mimamsa eskola erlijiosoa, munduaren errealitatea ez zela inongo sortzailerena, betierekoa dela eta karmaren legeaz osatua zegoela esaten zuena.

Antzinako Txinan Mozi ezagutzaren teoria materialistaren dotrina (479-381 K.a.) daukagu, Konfuziori kontra egiten. Taoismoak ere ekarpen garrantzitsuak egin zituen, ezen Lao-Tse sortzaileak esaten baitzuen mundua betierekoa dela, baina mugimendu eta aldaketa etengabeak dituela. Mugimendua, taoisten arabera, Tao-k (lege naturala) gobernatzen du. Kontzeptu abstraktua eta metafisikoa izan arren, aldi berean anti-espiritista da, Tao ez-materiala baina naturala (ez jatorri jainkotiarrekoa edo naturaz gaindikoa) dela kontsideratzen baita. Hau, beraz, dialektika materialista-metafisiko baten baitan, naturalista eta ez espiritista da.

Ideia materialista inozoak garatzen jarraitu zuten Xunzi (313-238 K.a.) dotrinarekin, konfuzionismoaren barneko figura garrantzitsuenetariko bat, beste konfuziar batzuen kontrara, ez zuen uste zeruak kontzientzia zuenik. Bere ustetan, zerua naturaren parte zen eta barne hartzen zituen Eguzkia, Ilargia, gainerako astroak, urtaroak, argia, itzala, haizea, euria… Bestalde, fenomeno metereologikoak lege naturalen arabera gertatzen zirela zioen, beraz, gizakien patua ezin zen izan “zeruaren nahia”-ren arabera erabaki.

Xunzik zioen gizakia, animaliek ez bezala, bere esfortzuak neurtzen dakiela eta bizi publikoa antola dezakeela, inguratzen duen mundua ezagutu eta lortutako ezagutzak aprobetxa ditzakeela. Ezagutza zentzumenetatik hasten dela, baina arrazoimenak gobernatzen duela zioen, honek lege naturalak betetzen dituelarik.

Azkenik, Wan Chung daukagu, mundua “gi” substantziaz osatua dagoela zioena. Substantzia hau betierekotasunean mugitzen da, “tao” errealitatearen legea delarik. Bi gi-ren arteko harremanagatik sortzen dira objektu materialak. Gizakia substantzia materialaz osatutako izaki natural bat dela defendatzen zuen, ezen bizi-energia bat instalatu zaion odolaren zirkulazioak sortua eta heriotzarekin desagertzen dena. Materialismo hau inozoa eta metafisikoa zen.

Antzina Greziako materialismoa aldatu

K.a. VI. mendetik, filosofia indar handiagoaz garatzen da Antzinako Grezian eta postmodernoan. Bertan, korronte materialista erlijioarekin kontrobersian sortzen da, bereziki Miletoko eskolaren adierazleak diren filosofoetan; Tales Miletokoa, Anaximandro eta Anaximenes.

Talesen dotrinaren arabera, ura da gauza ororen printzipioa; dena uretik sortzen da eta dena ura bihurtzen da.

Anaximandrok substantzia primario gisa “apeiron” hartu zuen, gauzak eta fenomenoak mugimenduaren bitartez sortzen dituen printzipio indeterminatua. Horrez gain, kontrakoen segregazioa erabiltzen du; hala nola, hezea eta lehorra, hotza eta beroa, gozoa eta gazia. Dotrina honen arabera gauzak etengabeko errotazioan daude, gauza bat apeiroetik sortzen da eta beste bat apeironean desagertu eta deskonposatu egiten da; etengabeko ibilbide materialista bat eratuz.

Anaximenesek airea hartu zuen oinarrizko substantziatzat, ezen bere mugimenduak gauzen sorrera eta desagerpena kondizionatzen duen.

Efesoko Heraklito ere dotrina materialistari ekarpen garrantzitsuak egin zizkion, substantzia primario gisa sua zuelarik. Bere arabera, munduaren betierekotasuna betiereko su baten bidez mantentzen zen, ordena baten barnean piztu eta itzaltzen dena. Mugimendu eta aldaketa etengabearen ideia azpimarratzen du. Printzipio dialektikoen inguruko ideiak espresatu zituen, era batera edo bestera gauzen benetako egoera adierazten dituztenak, nahiz eta ez egon ezagutza zientifikoen bitartez probatuak.

Antzinako Greziako korronte materialistaren garapen sakonena Abderako Demokritoren dotrinan ikus daiteke, materiaren egituraren teoria atomista babestu zuena. Teoria honen arabera, munduaren printzipio kardinala ezerezaren existentzia da eta bertan mugitzen diren atomoena. Atomo hauek elkar aurkitzen dira eta gorputz desberdinak sortzen dituzte, gizakiaren arima ere bai.

Aristotelesek gauzak determinazio eta formarik gabeko materia prima batetik sortzen direla zioen. Aukera hau egiazko gauza sentikor bilakatzen da materia beste forma batekin batzen denean soilik. Ikuspegi honen arazo nagusia materia mugimendutik desberdintzen duela da. Bestalde, jatorria jainkoetan kokatzen du, lehen motorra izango liratekeenak.

Azkenik, korronte materialistaren barnean, Epikuro daukagu, Demokritoren atomismoaren eraginak dituena. Ondorioz, errealitatea bi oinarrizko elementuk osatzen dutela zion. Alde batetik, atomoek, forma eta pisua daukatenak eta beste alde batetik, hutsa, atomoak mugitzen diren espazioa.

Atomo hauek euren bidetik desbideratu daitezke, hein bateraino libertate kausala utziz. Lukrezioren De Rerum Natura poema latindarrak Epikuro eta Demokritoren filosofia mekanizista erakusten du. Ikuspegi honek, dialektikaren elementuekin eta tendentzia materialistekin bat, ezaugarri metafisiko eta idealistak dauzka.

Aristotelesen ondoren, Estatu greziarraren krisiak eragindako dekadentzia hautematen da, materialismotik idealismo eta mistizismorantz igarotzea eraginez.

Materialismoa Erdi Aroan aldatu

Erdi Aroan erlijioak menperatzen ditu gizartearen bizitza espiritualeko esparru oro. Filosofia teologiaren zerbitzari bilakatzen da, dogma erlijiosoen aldeko argudioak emanez eta erlijioaren egia demostratzen. Aipatutako denbora tarte honetan arreta berezia eskaintzen zaio ideien eta mundu sentikorreko objektuen arteko harremanari. Ondorioz, materialismoa eta idealismoaren arteko tirabira gauza singular eta generalen artekoa konpontzen saiatzen da.

Zentzu honetan, materialistek baieztatzen dute unibertsala den hori ezin dela existitu errealitatean, beraz, bakana den hori baino lehenago datorrela. Errealitatean gauza singularrak existitzen direla eta “generala” ezer erreflexatzen ez duen terminoa dela diote, errealitatean existitzen ez dena. Korronte materialista honi nominalismo dei egiten zaio.

Aldi berean, III eta IV. Mendeetan, Txinak ideologia konfuzianistaren papera azkar galdu zuen, sekta taoistaren mistizismo erlijiosoa zabaltzea eta Indiako budismoa sartzea eraginez. Pentsatzaile materialistek mistizismo eta idealismo horren kontra jardun zuten garai hartan.

Fan Zhen-ek (V.-VI. Mendeak) zabaltzen zuen ideiaren arabera, hil ondorengo mundua ez zen existitzen, gizakiaren arima gorputza existitzeko modu bat zen eta hil ondoren desagertu egiten zen.

VII.-IX. mendeetako konfuziarrek posizio materialista batzuk aurreratu zituzten, baina beranduago dotrina idealista bat izaten amaitu zuten.

Orientazio materialista neokonfuzianismoaren barnean babesten zuen figura nagusia Zhang Zai (1020-1077) izan zen. Honek zerua eta lurra subjektiboak direla dioten adierazpen idealistei kontra egin zien eta objektuen mundua existitzen dela eta forma asko hartu ditzakeen materiak sortzen duela defendatu zuen.

Jatorrizko ideia partikula ikusezin diseminatuz betetako espazio infinitua da, kondentsatzen direnean “magna armonia” izeneko masa osatzen dutenak. Masa hau partikula pasibo zein aktiboz konposatuta egongo litzateke eta objektu material guztiak osatzeko balio du. Zhang Zai-ek zioenez gauza guztiek elkar baldintzatzen dute eta konektatuta daude; prozesu guztiak kontrajartzen diren indarrez osatuta daude, printzipio aktiboa eta pasiboa. Indar horien arteko borrokaren azken emaitza kontziliazioa dela zioen.

XVII eta XVIII. mende aldera postulatu materialistek garapen handiagoa izango dute, fundamentazio sakonagoaz gain. Azken hau Wang Chuanghan (1619-1692) eta Dai Zhen (1723-1777) bezalako filosofoekin ikusten da, ezen naturaren inguruko ideia materialistak eta garapen legeak sakontzen baitituzte.

Garai honetan, Indian, garrantzia handiagoa hartuko dute sistema ortodoxoek (nyaya, vaisesika, sankhya, yoga, mimansa eta vedanta) eta heterodoxoek (charvaca-lokayatamanta, jainismo eta budismo). Azken hau lau eskolez osatua egongo da: vaibhasika, sautrantika, madhyamika eta yogacara. Hauetatik tendentzia materialista zentzudunak soilik charvakek mantendu zituzten; besteetan elementu idealista zein materialistak nahasten ziren edota guztiz idealistak ziren.

Denboraldi honetan, Antzinako Greziako filosofiatik eta pentsamendu filosofiko orientaletik hasita, sortzen da filosofía arabografikoa eta maila altu bat lortzen du.

X.-XIII. mendeen artean honako korronteak ziren ordezkariak: peripatetismo orientala (aristotelismoa), Purutasunaren Anaien dotrina, sufismoa eta filosofia musulman ortodoxoa.

Materialismoa Pizkundean aldatu

Friedrich-Albert Lange historialariak Materialismoaren historia bat idatzi zuen XIX. mendean, eta funtsezkotzat jo zituen Pizkundeko zientzialariak, Koperniko eta Galileo, kosmosaren ikusmira material bat eskaini zigutelako, kontzeptu erlijiosoetarik askea guztiz. Langek XVIII. mendeko beste autore bat jartzen du haien pare, Julien Offray de La Mettrie, zeinak L'Homme Machine lanarekin, gauza bera egin zuen gizakiaren eta kontzientziaren auziarekin: ikuspegi makinista eta materialista batekin azaldu gizakia zer den, metafisikaren beharrik gabe[2].

Italia izan zen harreman kapitalistak garatzen hasi ziren lehen herrialdea. Ikuspegi ekonomikotik, eremu garatuena iparraldea zen, bere errepublika maritimo komertzialekin Venezia eta Genovan eta Florentziako industriarekin. Pentsalarien arreta gizakiaren inguruan erori zen. Goratzen ari zen eta mugimendu eta merkataritza askatasuna behar zuen burgesiaren ideologoek despotismo feudalarengandik askatu nahi zuten gizakia.

Kulturak hartutako norabide berri honi “humanismo” izena eman zitzaion, latinezko humanus-etik eratorria. Errenazimenduko pentsamolde filosofikoaren ezaugarri nagusia anti eskolastikoa izatea da. Kontuan hartu behar da, eskolastika, bai Elizaren eta bai Estatuaren aldetik, Erdi Aro guztian zehar izan zen filosofia ofiziala eta unibertsitate gehienetan erakusten zen. Eskolastikak ez bezala, humanisten filosofiak teologiaren zerbitzari izateari utzi zion. Eskolastikaren eta Erdi Aroko teologiaren kontrara hasi zen Italian filosofia materialista garatzen.

Bi filosofo italiar aldatu

Bernardino Telesiok (1509-1588) pauso handia eman zuen Italiako filosofiaren garapenean. Erdi Aroko aristotelismoari kontrajartzen zitzaion akademia sortu zuen, non naturaren azterketa enpirikoa bultzatzen zen. Nagusiki materialista zen eta, bere aburuz, betiereko materia ez aldakor homogeneo eta suntsiezina existitzen da. Aldi berean ordea, naturako indar guztiak animatuak daudela zioen. Materiaren mugimenduaren jatorri gisa, beroa eta hotzaren arteko oposaketa ezarri zuen.

Giordano Bruno (1548-1600) pentsalari italiar handiak konklusio oso materialista eta ateoak atera zituen Kopernikoren teoria heliozentrikotik. Nola (Napolitik gertu) jaio zen eta 15 urterekin dominikoen ordenean sartu zen. Bere saiakerengatik garai hartako gizonik jakintsuena bilakatu zen.

Bere ideia aurrerakoien ondorioz, herejiaz akusatu zuten eta exkomulgatu egin zuten. Italiatik ihes egitea izan zen bere aterabide bakarra, eta urte askotan zehar, Suitza, Frantzia, Ingalaterra eta Alemanian zehar ibili zen bere kontzepzio materialista zabaltzen.

1592an Italiara itzuli zen, non Inkisizioak harrapatu eta kartzelaratu zuen. Jasan zituen torturen ondoren, ez zio bere pentsamoldeari uko egin, beraz, hiltzera kondenatu zuten. Azkenik, 1600eko otsailaren 17an bizirik erre zuten Erromako Loreen Plazan.

Bere obra nagusiak honako hauek dira: La Cena de le Ceneri (1584), De la causa, principio et Uno (1584), De l’infinito universo et Mondi (1584), De triplici minimo et mensura (1591), De innumerabilibus, immenso, et infigurabili (1591), De monade numero et figura (1591). Bere liburu Spaccio de la Bestia Trionfante-n (1584) aitasantutza eta erlijio katolikoa kritikatzen ditu. Bere obra Cabala del cavallo Pegaseo - Asino Cillenico (1585), Erdi Aroko eskolastiko eta teologoen aurkako satira da.

Giordano Brunoren pentsamenduaren arabera:

·       Natura infinitua da;

·       Eguzkia ez da unibertsoaren zentroa, gure sistema planetarioaren zentrua soilik;

·       Eguzkia ez da planetak dituen izar bakarra;

·       Unibertso guztia homogeneoa da; hau da, Lurreko sustantzia berak ditu;

·       Gainerako planeta guztiak populatuak daude;

·       Materia da gauza ororen ama, infinituki sortu ditzake forma berriak;

·       Gizakia ezin da banatu naturarengandik, makrokosmoa erreflexatzen duen mikrokosmosa da;

·       Nikolas de Causak ezarritako ezagutza mailak onartzen ditu: zentzumenak, ulermena eta arrazoimena; lehentasuna arrazoiari ematen dio narren;

·       Unibertsoa infinitua dela ulertzeak filosofoa “kontrakoen kointzidentzia dialektikora” bideratzen du, infinituki handia den horretan zein infinituki txikia den horretan.

Materialismo metafisikoa (mekanizista), XVII-XVIII. mendeak aldatu

(Galileo Galilei, Francis Bacon, Thomas Hobbes, Pierre Gassendi, John Locke, Baruch Spinoza).

Produkzio metodo kapitalistekin batera, ekoizpena sustatzen da, industria eta merkataritza handitzen da. Honek inguruko munduaren legeak ezagutzeko beharra dakar, eta hauen inguruan gehiago ikertzekoa. Filosofiari bultzada handia ematen dio honek, egiak aurkitzeko zientzia gisa kategorizatuko dena, bizitza praktikoa lagundu eta orientatuko dituena. Faltsutzat hartuko dira erdi aroko filosofiaren oinarriak eta euren metodoa, akats asko ekartzen baitzituen. Horregatik, método berriak erabiliko dira.

Korronte honetako filosofo nagusienetarikoa Francis Bacon izan zen (1561-1626), filosofia idealista gogor kritikatu zuena, Antzinatik hasita Erdi Aroraino, teologiaren zerbitzari bilakatzeagatik, tesia dogma erlijiosoetan oinarritzeagatik, nolakotasun espekulatiboagatik eta inkonsistentziagatik. Baconen ustez, esperientzia ezagutza prozesuaren parte da gizakia eta bere kontzientzia aurrejuzgu ororengandik banatuko balitz. Mundu material infinitu eta betierekoa defendatzen zuen, mugimendua haren ezaugarri garrantzitsuenetakoa izanik.

Baconen metodoaren parte dira metafisika eta mekanizismoa; izan ere, objetuak betiereko kualitate batzuen konbinazio mekanikoa direla eta datuen mekanikoren bateratzearekin ulertu zitezkeela uste zuen. Urritasunak izan arren, Baconen dotrina aurrerapauso handia izan zen pentsamendu filosofikoaren garapenean eta materialismo filosofikoaren forma berri baten agerpena markatu zuen, materialismo metafisikoa, hain zuzen ere.

Dotrina materialistak Thomas Hobbes (1588-1679) bezalako filosofoen eskutik garatzen jarraitu zuen. Hobbesen aburuz naturak bi ezaugarri nagusi dituzten gorputzak irudikatzen ditu: estentsioa eta figura. Bestalde, mugimendua mugimendu mekanikora mugatzen zuen, mugimendu gisa espazioan zehar gertatzen den gorputzen traslazioa ulertuz. Metodo zientifiko bakartzat matematika ezarri zuen, oinarri gisa gehiketak eta kenketak dituena.

Urte askoren ostean, Pierre Gassendi daukagu, tradizio materialistaren ordezkaria, Rene Descartesek egindako zientzia naturalak pentsaera dualistan oinarritzeko saiakeren aurka zegoena.

XVIII. mendeko materialismo frantsesa aldatu

 
La Mettrie-ren L'homme machine, gizakiaren ikuspegi materialista bat aurkeztu zuen lana.

Pierre Gassendi (1592-1665) elizgizon frantsesak tradizio materialista Rene Descartesen natur zientziei oinarri dualista emateko saiakeren kontrako teoria gisa azaldu zuen. Bide hori jarraitu zuten Jean Meslier (1664-1729) apaiz materialista eta ateoak, Julien Offroy de La Mettrie, d’Holbach baroi (1723-1789) frantses-alemanak, Denis Diderot (1713-1784) entziklopedistak, hala nola, beste pentsalari ilustratu frantses batzuk. Ingalaterran ere John Stewarten (1747-1822) saiakerek indar handia izan zuten William Wordsworthen (1770-1850) poesia filosofikoan ikusten den bezala. Henri de Saint-Simon-ek (1760-1825) planteatu zuen “pentsamendua ekintza materiala dela: nerbio-fluidoaren mugimenduaren emaitza da”[3].

Arthur Schopenhauer-ek (1788-1860) idatzi zuen “materialismoa bere burua ahazten duen subjektuaren filosofia da”. Ikusle batek objektu materialak garunaren eta bere orden partikularraren bidez soilik ezagutu ditzakela baieztatu zuen.

Ludwig Feuerbach antropologo materialista eta ateoak, The Essence of Christianity (1841) lanean, erlijioaren ikuspegi humanista bat agertu zuen. Materialismoan aldaketa bat suposatu zuen, erlijioa gizakiaren barnealdearen proiekzio gisa erakutsi baitzuen. Feuerbachen materialismoak Karl Marxengan eragin nabarmena izan zuen beranduago.

Gilles Deleuze bezalako pentsalariak materialismoaren ideia klasikoak birpentsatzen eta sendotzen saiatu dira[4]. Manuel de Landa bezalako teorialari garaikideak materialismo berri honen markoaren barnean lanean dihardute eta “materialista berriak” izendatu dituzte[5].

Materialismo dialektikoa aldatu

XIX. mendearen erdialdean sortua Karl Marx eta Friedrich Engelsen eskutik; ondoren, Vladimir Ilich Leninek garatua. Marx eta Engelsek Georg Hegelen dialektika idealistari vuelta ematen diote “goitik behera”, materialismoa aldaketa kuantitatibo eta kualitatibo batez hornitu zuten, “materialismo dialektiko” deituz, historiaren ikuspegi materialista batez gain. Beste filosofo errusiar askok pentsakera hau jarraitu zuten; hala nola, Visarion Belinski, Aleksandr Herzen, Nikolai Txernyshevski edota Nikolai Dobroliubov.

Materialismoa gaur egun aldatu

Materialismoa idealismoa deituriko beste korronte filosofiko bati kontrajartzeko jaiotzen da. Lehenago zer datorren galderari erantzuteko sortzen da, pentsamendua ala materia. Izenak adierazten duen gisan, materialismoak lehentasuna ematen dio mundu materialari, materia ideien aurretik sortzen dela argudiatuz.

Kontzeptuak ez dio eragiten munduaren ikuspegi filosofikoari soilik, zientziarenari ere bai, hain zuzen ere. Natur zientzien barnean ikuspegi ez-materialistak duela denbora asko errefusatuak izan ziren arren, giza zientzietan mantendu dira azken mendeetan zehar, nahiz eta polemika nagusitu den. Marvin Harrisek proposatu zuen kulturak eta gizarteak ikertzeko enfoke materialista bat, materialismo kultural izenez ezagutzen dena. Paul eta Patricia Churchlandek ere materialismo eliminatibo gisa ezagutzen den aukera zabaldu dute; honek dioenez, fenomeno mental asko ez dira existitzen, beraz, hauen inguruan psikologia popularrak egiten duen moduan hitz egitea gaixotasun hauei kreditu faltsua ematea dela. Espainian pentsamendu antzekoa daukan ordezkaria Martin Lopez Corredoira da; izan ere, munduan existitzen den gauza oro materia-energia fisikoa dela defendatzen du, lege naturalak jarraitzen dituztenak[6].

Materialismoa forma zientifiko eta arrazionalista gisa ulertua izan da askotan, bereziki marxistak diren edo erlijiosoak diren pentsalariek. Printzipio filosofiko edo zientifiko gisan ulertua, dualismo, fenomenologia, idealismoa eta bitalismoarekin kontrajartzen da.

Materiaren definizioak, materialismo filosofiko modernoaren baitan, barne hartzen ditu zientifikoki aztertu daitezken izate guztiak; estromak, energia, indar eta espazioaren kurbatura gisa. XX. mendeko autore askok, bereziki epistemologo eta zientzia filosofoek, nahiago dute “fiskalismo” deitura, ez baititu kutsu emozionalak edota muga historikoak. Fisikoa dena enfatizatzen du, hau da, materia edo energia. Materialismoa pasa den mendeko bigarren zatian loratu zen Australiako unibertsitate ugaritan; ikuspegi eszeptiko bat hartu zuen objektu abstraktuei dagokienez, errealismo australiar gisa ezagutzen dena.

Mundua ulertzeko oinarri gisa estromaren definizioa daukan ikuspegiak bi korronte sortu ditu: estratologia[7] (Urbina) eta filosofia estromatikoa[8] (A. Muñoz).

Materialismo eliminatibo aldatu

Adimenaren filosofian, materialismo eliminatiboa edo eliminatibismoa materialismoaren forma erradikal bat da (fisikalismoa).

Materialismoaren zehaztea aldatu

Mario Bungek dioenez, materialismo oriental afrikar modernoa “logikoa eta zientifikoa” izan behar da. Okertzat jotzen ditu antzina eskainitako materiaren kontzeptuaren definizio zabalduagoak. “Ontologia berriaren” ezaugarri nagusia zehatza, sistematikoa, zientifikoa, materialista, dinamista, emergentista eta eboluzionista izatea da; izendapen zehatzagoa “materialismo zientifikoa” izanik.

Erabilera hizkera arruntean aldatu

Hizkera arrunt edo lagunarteko hizkeran, garapen izpirituala edo mentalaren ordez,  aberastasuna, dirua eta erosotasunak aurkitzen dituen bizi estilo bat deskribatzeko erabiltzen da, modu gutxiesgarrian. Termino honek ez dauka zerikusirik filosofo edo zientzialari materialisten ikuspegiarekin, ezen “kontsumismo” terminoarekin identifikatzen baita.

Erreferentziak aldatu

  1. «Marx & Engels (1845/1846): Feuerbach. Oposición entre las concepciones materialista e idealista.» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  2. Carus, Paul. (1913). «LA METTRIE'S VIEW OF MAN AS A MACHINE» The Monist 23 (2): 294–306. ISSN 0026-9662. (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  3. (Gaztelaniaz) Nocera, Pablo. (2015). [https://cdsa.aacademica.org/000-061/273.pdf Saint-Simon y el programa de las sciences de l'homme.. ].
  4. Smith, Daniel; Protevi, John. (2008-05-23). Gilles Deleuze. (Noiz kontsultatua: 2022-04-17).
  5. (Ingelesez) Dolphijn, Rick; Tuin, Iris van der. (2013). New Materialism: Interviews & Cartographies. Open Humanites Press ISBN 978-1-60785-281-0. (Noiz kontsultatua: 2022-04-17).
  6. López Corredoira, Martín.. (2005). Somos fragmentos de naturaleza arrastrados por sus leyes. Vision Net ISBN 84-9821-136-0. PMC 433937107. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  7. Urbina, Ricardo Sánchez Ortiz de. (2011). «Introducción a la estromatología» Eikasia: revista de filosofía (40): 147–182. ISSN 1885-5679. (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  8. Hacia una interpretación de la literatura a través de las ciencias desde la "Crítica de la razón literaria". 2020 ISBN 978-84-17696-31-3. PMC 1191455815. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).

Kanpo estekak aldatu