Matea izen bereko landareko (Ilex paraguariensis) hosto lehorrekin eginiko infusioa da, landare honek Parana, Paraguai eta Uruguaiko goi parteko ibaietako arroa du jatorri. Landarea aurrez idortu, moztu eta ehotu egiten da, zapore mikatza lor dezan. Zenbaitek azukreaz, eztiaz edo steviaz gozatzen dute.

Matea kalabaza edukiontzian.

Hego Amerikan aro aurre-kolonbinotik kontsumitzen da eta kolonizatzaileek ohitura hori azkar bereganatu zutenez, Argentina, Uruguai, Paraguai, Brasilgo hegoalde, Boliviako ekialde eta Txileko hegoaldeko ikur bilakatu da. Jesusen Lagundia izan zen landare hau ekoizten lehenetarikoa, Perun, eta horregatik "jesuiten tea" izenez ere ezaguna egin zen[1]. Egun, munduko puntu ezberdinetan kontsumitzen da, baina Siria da inportatzaile nagusiena, Argentinara joan eta jatorrira itzulitako siriarrek eramanda.

Tea, kafea edota txokolatearen antzera efektu bizigarria du; hau, duen kafeinaren ondorio da. Honetaz gain, diuretikoa ere bada, edaten den ur kantitate handiaren eraginez eta digestioan ere laguntzen du. Aipatutako beste infusioek bezalaxe, bihotzerrea sor dezake eta honi aurre egiteko, askok beste zenbait belar gehitzen dizkio infusio honi.

Ohikoa da edari hau mate ontzitik tenperatura beroan edatea (ura 80 graduko tenperaturan) bombilla deituriko metalezko lastotxo baten bidez. Mate ontzi bezala Edankuia (Lagenaria siceraria) fruitua erabiltzen da, nahiz eta, zilarrezko, metalezko, beirazko eta gaur egun, plastikozkoak ere erabili.

Chimarrão izena hartzen du Brasilen, eta terere infusioa hartzeko beste modu baten izena da, ur hotzarekin alegia.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Wright, Jonathan. (2005). The Jesuits. Missions, Myths and Histories. California: Harper Collins ISBN 9780006532125..

Kanpo estekak aldatu