Mary Astell (Newcastle upon Tyne, 1666ko azaroaren 12aLondres, 1731ko maiatzaren 11) ingeles filosofo, idazle eta erretoriko feminista izan zen. [1] [2] [3] [4]

Mary Astell

Bizitza
JaiotzaNewcastle upon Tyne1666ko azaroaren 12a
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma
HeriotzaLondres1731ko maiatzaren 11 (64 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, filosofoa eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea

Find a Grave: 22809956 Edit the value on Wikidata

Bere garaiko giro intelektualean garrantzi handiko emakumea izan zen eta feminismo anglosaxoiaren aitzindarietako bat da Bathsa Makin eta Judith Drake-rekin batera. Ingalaterrako Ilustrazioko zenbait eztabaida filosofiko eta politiko nagusitan parte hartu zuen. Horretaz gain, bere idazkietan ikus daitekeenez, erabat jabeturik zegoen garaiko emakumearen desberdinkeriaren jatorriarekin eta emakumea menpeko egoeran mantentzen zuten ohiturak aldatzea aldarrikatzen zuen sutsuki. Bere idazkiek, Ilustrazio garaiko sexuen arteko eztabaidaren auziaren berri ematen digute. Testuinguru politiko moderno horretan, emakumeentzako bizi-proiektu bat proposatu zuen ezkontzari alternatiba gisa. [5]

Hortaz, oso nabarmena da Astell-ek Argien Mendeko pentsamendu proto-feministari egindako ekarpena. Batez ere, gizarte patriarkalari egindako kritikari eta emakumeen hezkuntzaren defentsari dagokionez. Izan ere, XVII. mendearen amaieran, ez zen inongo garapenik egon emakumeen estatus sozial eta politikoan, ez Europan ezta Ingalaterran ere. Astellek nabarmendu zuenez, subjektu femeninoa Ilustrazioko eraldaketa sozio-politikotik at geratu zen, gizonezkoak baitziren eskubide zibilak zituzten subjektu bakarrak. [5]

Bere babesle ekonomikoak Lady Ann Coventry, Lady Elizabeth Hastings eta Catherine Jones izan ziren eta harreman intelektuala eduki zuen Lady Mary Chudleigh, Judith Drake, Elizabeth Elstob, Lady Mary Wortley Montagu eta John Norris-ekin. [1]

Egun, emakumeen hezkuntzaren inguruko teoriengatik eta John Norris eta John Locke-ri egindako kritikengatik ezaguna da. [1] Astell, René Descartes, eta batez ere, John Lockeren filosofia enpirikoaren jarraitzailea zen. Astellen ustez, arrazionaltasunak zentzua zeukan soilik pertsonok esperientzia ugari bizi ditugunean, bai kanpo munduan bai barne munduan. Hala ere, gure adimenak ulertu ezin dituen egia batzuk daude, eta horien adibideetako bat Jainkoa da. Horregatik, fedea ere ezagutza mota bat da. [6]

Biografia aldatu

Oso informazio gutxi dago Mary Astellen bizitzari buruz. [2] Astell 1666ko azaroaren 12an jaio zen Newcastle upon Tynen (Ingalaterra). Ikatzaren monopolioarekin aberastutako merkatari familia anglikano ospetsu batean jaio zen, oso kontserbadorea eta monarkikoa. Mary Errington eta Peter Astell-ek izan zituzten hiru seme-alabetatik zaharrena zen Astell. Emakumea zelako, ez zuen inolako hezkuntza formalik jaso. [3] Hala ere, hezkuntza informal zabala jaso ahal izan zuen zortzi urtetatik aurrera, osaba batek matematika, filosofia eta hizkuntza modernoak erakutsi zizkiolako. Izan ere, bere osaba Ralph Astell elizgizon anglikano eta Cambridgeko Eskolako kidea zen. [6] [5]

Bere aitaren heriotzaren ondoren, 1678. urtean, Astell doterik gabe geratu zen. Izan ere, Astellen nebaren goi-mailako ikasketetan inbertitu zen aitaren heriotzagatik Newcastleko Company of Hostmen-ek familiari eman zion laguntza ekonomikoa eta familiak zeukan diru guztia. Hortaz, Astell eta bere ama izeba Mary-ren etxera bizitzera joan behar izan ziren. Baina, 1684an ama hil egin zen, eta handik bi urtera, izeba. Astellek, orduan, bere jaioterria utzi behar izan zuen eta lagun batekin joan zen Chelseara bizitzera (Londres kanpoaldean dagoen auzoa). [6] [5] [3]


Chelsean, umezurtz eta doterik gabe, Astellek Canterburyko artzapezpikuari (William Sancroft) eskatu zion bere babesle ekonomikoa izateko. Gerora, Astellek poema bilduma bat bidali zion honi eskerrak emateko. Sancroft-en kontaktuei esker, nobleziako hainbat dama eta intelektual kontserbadore ezagutu zituen handik gutxira. Azken horiek, eragin handia izan zuten bere pentsamendu zein obran. Londresera iritsi eta ondorengo hamar urteetako idazkietan ikusi daitekeenez, bere ezagutza garatzen jarraitu zuen garai horretan. [6] [5]

John Norris, Bemertoneko errektorea eta Nicolas Malebrache-ren jarraitzailea, Astellen lehenengo babesleetakoa izan zen. Teologia eta gai pertsonalen inguruko gutunak trukatu ostean, Norrisek Astell konbentzitu zuen Letters Concerning the Love of God (1695) argitaratzeko. Horretaz gain, Astell Lady Mary Wortley Montagu-ren laguna egin zen eta honen Letters from the East (1763) argitalpenerako hitzaurrea idatzi zuen. Bere babesleen artean, garaiko hainbat dama ospetsu egon ziren: Lady Ann Coventry, Lady Elizabeth Hasting eta Lady Catherine Jones. Jones Astellen adiskide mina izan zen eta bere bizitzako azken urteetan berarekin bizi izan zen. [5]


Bestalde, Chelsean Mazzarinoko dukesa, Hortensia Mancini, ezagutu zuen Astellek. Dukesaren dibortzio ospetsua, Algunas reflexiones sobre el matrimonio (1700) lana idazteko abiapuntua izan zen. Elizabeth Elbstob-en  (literatura anglosaxoian aditua) laguna ere izan zen. [5]

Astell ez zen inoiz ezkondu. Hortaz, adiskideen, eta batez ere, emakume adiskideen zaintzak berebiziko garrantzia eduki zuen bere bizitzan. Bere biografoen hitzetan, Astellen bizitza oso lasaia eta apala izan zen. Saiakera ugari idatzi zituen garaia kenduta (1697-1709), ia bere bizitza osoa eman zuen ikasten. Saiakera ugari argitaratu zituen garai horretan, ildo anglikano eta kontserbadorea zuten panfleto politiko eta filosofikoak idatzi zituen bereziki. [5] 1709. urtean, bizitza publikotik erretiratu eta neskentzako karitate eskola bat sortu zuen Lady Catherine Jones-en laguntza ekonomikoari esker. [2]

Hausnarketari, ikasteari eta aktibismo politikoari eskainitako bizitza baten ostean, 1731an hil zen Chelsean, bularreko minbiziak jota. Bizitzako azken egunetan ez zuen gertuko lagunik ikusi nahi izan eta gela batean egon zen bera bakarrik, bere hilkutxaren ondoan Jainkoarekin pentsatzen. [3] Bere garaikideen artean oihartzun handia eduki zuen eta ikuspegi feministarako berebiziko garrantzia duten idazkiak utzi zituen. Mary Wollfstonecraft Ingalaterrako korronte honetako lehenengo pertsona famatutzat hartzen den arren, Astellek Wollfstonecraft-ek baino ia mende bat lehenago ireki zuen bidea. Izan ere, azken honek Astellen bidea jarraituta argitaratu zuen Vindicación de los derechos de la mujer [Emakumearen eskubideen erreibindikazioa] (1792). [5]


Obra [7] aldatu

 
A Serious Proposal To the Ladies, For the Advancement of their true and greatest Interest. By a Lover of Her Sex (1696) [1694] lanaren hirugarren argitalpenaren portada.

Mary Astellek bederatzi lan argitaratu zituen, 1694 eta 1709 urteen artean. Argitaratu zituen liburuak hainbat aldiz berrinprimatu zituzten Astell bizi izan zen bitartean eta bere panfletoek publizitate handia edukitzeaz gain, asko zabaldu ziren.

Argitalpen dataren araberako ordena kronologikoan, honakoak dira Astellek argitaratu zituen lanak:

  • A Serious Proposal To the Ladies, For the Advancement of their true and greatest Interest. By a Lover of Her Sex (1694). Astellen lehenengo liburuak proposamen bat dauka: moja-etxe protestante bat sortzea emakumeen heziketa eta erretiro segurura ahalbidetuko lukeena. Testuan zehar, Astellek azalpen soziala ematen dio emakumeen mendekotasun egoerari. Hau da, gizonek ez dute berez (biologikoki) emakumeek baino gaitasun intelektual handiagoa. Planteamendu hori indartzen jarraitzea, bere ustez, ohitura kontua da, gizartearen iruditegi kolektiboan txertatuta dagoen ideia baita. Izan ere, Astellek bere buruari galdetzen dio ea nola pentsa genezakeen emakumeak ezin direla jakintsuak izan ez baldin bazaie hezkuntza formala jasotzeko aukerarik ematen. Jainkoak ez duenez ezer alferrik egiten, arrazionaltasuna duten izaki guztiek hura hobetzeko lan egin beharko lukete, gaitasun hori alferrik galdu beharrean. Liburuak harrera ona eduki zuen. Zenbait adituren ustez, emakume ezezagun batek (Anne printzesa edo Elizabeth Hutcheson agian) proiektua finantzatzeko asmoa eduki zuen, baina, Gilbert Burnet apezpikuak, aita santuaren kontrakoa zela esan zuen. Desengainu handia hartuta, A Serious Proposal To the Ladies-en bigarren liburukia argitaratu zuen 1697an. Bertan, norberaren gogoa lantzeko metodo bat eskaini zuen.
  • Letters Concerning the Love of God, Between the Author of the Proposal to the Ladies And Mr. John Norris: Wherein his late Discourse, shewing That it ought to be intire and exclusive of all other Loves, is further cleared and justified (1695). John Norris eta Mary Astellek hamaika gutun idatzi zizkioten elkarri. Norris harrituta gelditu zen gutun-trukaketaren bilakaerarekin eta Astelli argitalpen pribatu bat eskatu zion 1695ean. Adituek diotenez, liburuki honetan Astellek Nicolas Malebrancheren okasionalismoa kritikatu bazuen ere, badirudi aurrerago idatzi zuen The Christian Religion (1705) idazkian kritika horiek alboratu zituela. Hala ere, Astellen ideiak aldatu ziren ala ez, eztabaida akademiko irekia izaten jarraitzen du. Sarah Chapone adituaren ustez, Norrisekin bidali zituen gutunak dira Astellen lanik bikainena.
  • A Serious Proposal To The Ladies, Part II. Wherein a Method is offer’d for the Improvement of their Minds (1697). Bigarren liburuki honetan, Astellek onartu zuen emakumeentzako unibertsitatearen proposamenak ez zuela aurrera egingo. Baina, emakumeentzako hezkuntzaren ideia alde batera utzi beharrean, aukera berri bat proposatu zuen bere adimena landu nahiko lukeen edonorentzat. Adituek diotenez, Astellen epistemologiaren planteamendurik handiena testu honetan agertzen da. Bere epistemologian, Descartes, Antoine Arnauld, Nicolas Malebranche eta beste arrazionalisten metodoen eragina ikusten da.  
  • Some Reflections Upon Marriage, Occasion’d by the Duke & Duchess of Mazarine’s Case; which is also consider’d (1700). Argitalpen hau, Astellen idazki feminista famatuenetakoa da. Astellek bere Chelseako bizilagunaren kasua aztertzen du testu honetan, Hortensia Mancini, Mazzarinoko dukesa. Izan ere, dukesak arazo asko izan zituen bere senar anker eta jeloskorrarekin eta haien dibortzioa oso ospetsua izan zen. Astell oso kritikoa izan zen emakumearen zoriontsu izateko bide bakarra ezkontza zela defendatzen zuen ikuspegiarekin. Hala ere, ez zuen inoiz instituzioaren erreforma edo aboliziorik defendatu. Bere ustez, hezkuntzak lagunduko lieke emakumeei senar hobeak aukeratzen edota ezkontza erabat saihesten. Ezkonduko zirenek norbere arimak landu beharko zituzten fede kristauarekin zailtasunei aurre egiteko.
  • Moderation truly Stated: Or, A Review of A Late Pamphlet Entitul’d Moderation a Vertue (1704). Astellen lehen panfleto politikoa da. Bertan, Occasional Conformity izeneko lege-proiektuaren inguruko iritzia eman zuen eta James Owen-en Moderation A Vertue (1703) lanari kontra egin zion.
  • An Impartial Enquiry Into The Causes of Rebellion and Civil War In This Kingdom (1704). Manifestu monarkiko honetan, Karlos I.aren exekuzioa oroitzen du Astellek. Bere ustez, Whig-ak eta Dissenter-ak (Ingalaterrako Elizaren disidenteak) ordena sozialerako mehatxua ziren eta arriskuan jartzen zuten Ingalaterra osoa.
  • A Fair Way With The Dissenters And Their Patrons (1704). Panfleto honetan, Daniel Defoe-ren The Shortest Way With the Dissenters (1703) eta More Short Ways With the Dissenters (1704) argitalpenei erantzun eta Tory High Churcheko Henry Sacheverell ministroa defendatzen du.
  • The Christian Religion, As Profess’d by a Daughter of The Church of England (1705). The Christian Religion argitalpena Astellen filosofiaren aurkezpen osoena da. Bertan, bi gai jorratzen ditu bereziki. Alde batetik, emakumeen “berezko” menpekotasunaren kontrako argumentuak garatzen jarraitzen du. Bestalde, erlijio kristauaren inguruan duen azalpena aurkezten du. Bere hitzetan, kristautasuna erlijio arrazionala da eta emakumeek pentsamendu arrazionala dutenez, kristautasuna ulertzeko gaitasuna dute. John Lock, Abigail Hill eta beste batzuen kontra eginez, kristautasun ortodoxoa ere defendatu zuen.
  • Bart’lemy Fair: Or, An Enquiry after Wit (1709). Idazki honek, Anthony Ashley Cooper-en (Shaftesburyko III. kondea) A Letter Concerning Enthusiasm (1708) lanari erantzuten dio. Izan ere, Shaftesburyko kondeak oso gai garrantzitsu baten inguruan hitz egin zuen: benetako erlijio kristauarekiko atxikimendua.

Gutun-trukaketa [7] aldatu

Zoritxarrez, Mary Astellen oso gutun gutxi iritsi dira gaur egun arte. Letters Concerning the Love of God (1695) argitalpenari esker, Astell eta John Norrisen arteko eztabaida filosofikoaren berri daukagu. Bestalde, Astell eta Lady Ann Coventry eta Astell eta George Hickes apezpikuaren arteko gutunak ere iritsi zaizkigu. Mary Astellen gutun asko eta asko gizon ospetsuen artxibategietan gorde ziren,  Sir Hans Sloane eta John Walker-en artxibategietan esate baterako. Ruth Perry-ren The Celebrated Mary Astell (1986) liburuan, Astellen gutun-trukearen zerrenda dago eranskin batean.

Filosofiari ekarpenak [1] aldatu

Metafisika aldatu

Mary Astellek bere metafisika Jainkoaren eta honen kreazioaren inguruan eraiki zuen. Astell dualista zen, gorputza eta gogoa bereizten zituen. Bai gogo eta bai gorputzean zehaztasun eta ustelgarritasun maila ezberdinak irudikatzen zituen: Jainkoa adimen infinitu eta ustelezina da; giza-gogoak eta gorputz-partikulak finituak dira, eta ustelezinak naturaz; eta gizakien gorputzak eta objektu fisikoak izaki finituak dira, baina ustelgarriak naturaz.

Jainkoa aldatu

Astellen ustez, Jainkoa “Lehenbiziko Inteligentzia” da eta bere natura da dituen perfekzio guztiak infinituak izatea. Jainkoak bere dituen perfekzioen artean Astellek sarritan nabarmentzen ditu jakinduria, ontasuna, justizia, santutasuna, inteligentzia, presentzia, boterea eta auto-existentzia. Garaiko ikuspegi arrazionalistarekin bat, Astellek dio metafisika ondo ulertzeko ondo ulertu behar dela Jainkoa. Horregatik zehazten ditu bere lanetan Jainkoa zer den eta bera ulertzeko modu egokia zein den.

Mota horretako lehenengo azalpena, A Serious Proposal To the Ladies (1694) lanean azaltzen da. Bertan, Jainkoaren existentzia, perfekzioa eta ahalmen sortzailea frogatzen ditu. Horretarako, ezagutza lortzeko metodo zuzen baten adibidea jartzen du. Metodo horrek, antz handia dauka Descartes-en Metodoaren diskurtsoa (1637) eta Antoine Arnauld eta Pierre Nicole-n Logic or the Art of Thinking (1662) lanetan garatzen diren metodoekin. Astellek Jainkoaren existentzia frogatzeko ematen dituen argudioak hauek dira: ideia sinple eta konplexuak; hautemate argi eta bereziak eta hautemate zail eta nahasiak; ideia egoki eta desegokiak; intuizioz jasotako frogak eta ideien konparaketen fruituz jasotako frogak; Jainkoaren perfekzioak eta Jainkoaren perfekzioen inguruan ditugun ideiak; eta ideia eta terminoen arteko harremana. Honetaz gain, The Christian Religion (1705) lanean Jainkoaren existentzia justifikatzeko beste hainbat argudio aurkezten ditu: zalantzagarriak diren eta ez diren kontzeptuak; Jainkoaren perfekzioak eta Jainkoaren perfekzioen inguruan ditugun ideiak; kausalitatea; eta berak sortutako unibertsoaren edertasuna.

Batzuetan, Astellek Jainkoaren perfekzio batzuk lehenesten ditu beste batzuen aurretik. The Christian Religion (1705) lanean, Jainkoaren auto-existentzia nabarmentzen du bere beste perfekzioen gainetik; izan ere, Jainkoaren auto-existentziaren ideiak gainerako perfekzioak ulertzea ahalbidetzen dio. Bestalde, William J. Broad autorearen arabera, Astellek Jainkoaren jakinduria eta ontasuna lehenetsi zituen bere ahalguztiduntasunaren aurretik.

Garaiko filosofoek bi modutara hausnartu zituzten Jainkoaren jakinduria, ontasuna eta boterea. Batzuek, teoria “intelektualistak” defendatzen zituzten, eta horien arabera, Jainkoak gauzen benetako naturaren arabera egikaritzen zuen bere borondatea. Beste batzuek, teoria “boluntaristak” defendatzen zituzten, eta horien arabera, Jainkoak bere borondatea egikaritzen zuen gauzak eta gauzen egiak sortzeko. Broad-en ustez, argi ikus daiteke Astellek idatzitako hainbat pasartetan teologia intelektualista defendatzen zuela.

Izakien banakakotzea aldatu

Bere testuetan, Astellek azaldu egiten du nola banakakotzen diren Jainkoak sortzen dituen izakiak. Gainera, Jainkoak sortutako lau izaki mota bereizten ditu: gogoak, gorputzak, gogo-gorputz loturak eta gorputz-partikulak.

Gogo finituei dagokionean, Astell erabat urruntzen da Descartesen planteamendutik. Descartesek Metodoaren diskurtsoa (1637) lanean azaldu zuenez, gogo guztiek daukate arrazoitzeko gaitasun berdina. Baina, Astellen aburuz Jainkoak gogo desberdinak sortzen ditu. Arrazoietako bat, Jainkoak gogoen artean nahi dituen harremanetan oinarritzen da; izan ere, gizakiek komunitateak sortzen dituzte soilik euren gogoek gaitasun intelektual ezberdinak badituzte. Beste arrazoi baten arabera, Jainkoak bere buruaren eta gogoen artean nahi dituen harremanetan oinarrituta sortzen ditu gogo desberdinak. Horrela, gogoak Jainkoa gurtzeko sortu ziren eta Jainkoak bere adorazioa eta maitasuna behar ditu. Laburbilduz, Jainkoak gogo asko sortzen ditu eta bakoitzak egia sorta bat ulertzeko ahalmena dauka.

Astell gogoaren inguruan mintzatzen denean, gogoa gorputzetik at ulertzen duela ematen du batzuetan. Hala ere, autoreak askotan azpimarratzen du gizakiak gogo-gorputz loturak direla. Hori bai, gizakiok ezin dugu ulertu gogoaren eta gorputzaren artean dagoen lotura:

« Gure Arima eta Gorputzaren artean dagoen lotura ezagutu eta sentitzen dugu, baina gure artetik zeinek ikusten du hain argi, Ziurtasuna eta Zehaztasunarekin, bi Substantzia hain desberdin harremantzen dituzten lotura sekretuak, edota nola diren gai bien artean aritzeko? »

—Mary Astell[oh 1]

Gogoa eta gorputzaren arteko bat egitea misteriotsua da. Nahiz eta lotura bat dagoela ezagutu eta sentitu, ez daukagu horren inguruko jakintza erabatekorik.

Astellek baieztatzen du, gogo-gorputz loturen artean ere arrazoitzeko modu desberdinak daudela, esperientzia (Lockeren terminoa) ezberdinen ondorioak direlako. Hala ere, bere ikuspegia, orokorrean, arrazionalista da. Horregatik dio, gorputzek ez dietela uzten gogoei ideia perfektuak edukitzen. Hau da, Astellek, beste arrazionalisten antzera, adimenari balio gehiago ematen dio gorputzari baino.

Gogoarentzat gorputzak eginkizun instrumentala duen bitartean, gogoak gorputzaren nagusitasuna dauka eta pasioak gobernatzeko eginkizuna. Gizakiek euren gogo eta gorputzak modu egokian erabili beharko lituzkete basatiak ez bihurtzeko edota aingeruak bailiran ez bizitzeko.

Astellek gogo-gorputz loturaren gainean duen azalpenak, aukera ematen dio garai horretan emakumeen inguruan zegoen iritzi publikoari kontra egiteko. Erabat zabaldua zegoen emakumeek ez zutela gizonek adina gaitasun intelektualik, emakumeek gizonek baino atxikimendu gehiago zutelako euren gorputzekiko. Gogo-gorputz loturaren azalpen arrazionalistaren bidez, Astellek frogatu dezake emakumeen ezintasunen inguruko ideiak ez daukala oinarri natural bat, gizarte-praktikek sortua dela, alegia. Horregatik, emakumeen eta gizonen gaitasunen arteko desberdintasunak ezin dira metafisikoki argitu, epistemologikoki baizik.

Gainera, Astellek baieztatzen du gogoa eta gorputza oso desberdinak direla. Gogo-gorputz lotura azaltzeko justifikazio sozial bat zuen moduan (zehazki emakumearen naturaren inguruko azalpenaren kontra egiteko), justifikazio sozial bat zeukan ere gogoa eta gorputzaren arteko bereizketa azaltzeko. Beraz, gogoa hilezkorra bazen gorputza ez bezala, Jainkoaren existentziak berebiziko garrantzia zeukan. The Christian Religion (1705) idazkian gogoa eta gorputzaren arteko bereizketa erreala aurkeztu zuenean, Astellek bi gauza frogatu zituen: gogoa materiagabea dela eta hilezkorra. Bere ustetan, gogoa materiagabea da zatituta ez dagoelako, eta horrek, zatiezina egiten du. Hortaz, zatiezina bada ustelgaitza ere bada, eta noski, hilezkorra.

Bestalde, Astellek gogoen suntsipen naturalaren ideia baztertzen du eta galdera baten inguruan hausnartzen du: Jainkoak gu suntsituko al gaitu? Autorearen erantzuna ezezkoa da, Jainkoak ez baitu ezer alferrik egiten. Ondorioz, Jainkoak ez luke zerbait sortuko soilik berarekin akabatzeko.

Gogoaren hilezkortasunaren inguruko eztabaidan, Astellek gogoa eta gorputza bereizten ditu, eta baita gorputz mota ezberdinak euren artean ere. Gogoek ez bezala, gizakien gorputzak eta beste objektu fisikoak zatitan banatuta daude, eta beraz, ustelkorrak dira. Gorputz horiek, gorputz-partikuletatik desberdintzen dira, azken horiek ez baitira ustelkorrak.

Hortaz, Astellek gogoa eta gorputzaren arteko banaketa erreala zehazteko, Descartesen argumentu berdintsua erabiltzen du. Horrela, adimenaren natura pentsamendua izango litzateke, eta gorputzarena hedadura. Gainera, aipatu banaketa erabiltzen du, Lockek planteatutako materia pentsakorraren posibilitateari kritika egiteko. C. B. Bryson-ek, Kathleen Squadrito-k, E. Derek Taylor-ek, Eileen O’Neill-ek eta Broadek sakonki kritikatu zituzten argumentu horiek.

Jainkoa eta bere izakien arteko harremana aldatu

Letters Concerning the Love of God (1695) idazkian, Astellek eta John Norrisek Jainkoaren eta bere kreazioaren arteko harremanaren inguruan okasionalismoak eta Cambridgeko Eskolak ematen duten azalpena eztabaidatzen dute. Eztabaidaren erdigunean dagoen gaia Norrisek  Practical Discourses upon Several Divine Subjects (1693) idazkian egindako baieztapen bat da: Jainkoa maitatu beharko genuke, bera delako gure sentsazioen, plazeren eta ongien iturria. Astell ez dator bat berarekin, bere ustez Jainkoa maitatzeko arrazoia ez litzateke printzipio okasionalista batean oinarritu behar; hots, Jainkoak unibertsoan daukan rol kausal zuzenean. Horretaz gain, beste hainbat gai eztabaidatzen dituzte, hala nola Jainkoak kreazioan daukan rol kausala, objektu fisikoen botere kausalak, gizakien hautematearen funtzionamendua, gogo-gorputz lotura eta ze modutan maitatu dezaketen eta maitatu beharko luketen Jainkoa eta bere kreazioa.

Hala ere, Astell eta Norris biak bat datoz giza maitasunaren azalpen batekin: gorputzak mugitu egiten direnez, gogoek maitasuna daukate. Astell eta Norris ados zeuden ere bi maitasun mota oinarrizkoren bereiztearekin. Banaketa hori, maitasuna bereganatzen duten objektuen araberakoa litzateke. Horrela, alde batetik, izakiek borondate ona daukate, inpartzialtasunean, altruismoan eta karitatean oinarritua. Bestalde, Jainkoak nahimena dauka, guretzako ona delako maite duen hura. Funtsean, berak bakarrik dauka gure nahiak asetzeko botere kausala. Jainkoak ez du gure borondate ona behar, gizakiek ezin baitiote eman berak ez daukan ezer.

Astellek eta Norrisek maitasunaren inguruan partekatzen duten ikuspegia oso lotuta dago haien kausalitatearen ikuspegiarekin. Okasionalistek eta Cambridgeko Eskolak kausalitatearen inguruko azalpenak garatu zituzten Descartesen ontologian zegoen ustezko arazoa gainditzeko. Descartesen arabera, Jainkoak bi substantzia mota sortu zituen: mentalak eta korporalak. Horiek, oso desberdinak dira beraien esentziari dagokionean, baina batzuetan batu egiten dira gogo-gorputz loturak egiteko. Oso lotuta daudenean, gogoek eta gorputzek elkarri eragiten diote. Aipatu ustezko arazoa zera da: nola da posible bi esentzia erabat desberdinak dituzten substantziek elkarri eragitea?

Arazo hau gainditzeko, Cambridgeko Eskolatik beste azalpen bat garatu zuten gogoa eta gorputzaren arteko elkarreraginaren inguruan. Horretaz gain, existitzen diren substantzien eta haien naturaren inguruko interpretazio berri bat eman zuten. Esate baterako, Henry More-n planteamenduan Jainkoaren eta izaki bizidunen arimaz gain, “Naturaren Izpiritua” deitu genezakeena ere badago, eta hori da, gizakien gogoen eta gorputzen arteko elkarreragina errazten duena.

Filosofo okasionalistek beste hurbilpen bat proposatu zuten: Descartesek zion bezala beraiek ere uste zuten gogoa eta gorputza oso desberdinak zirela, izate desberdinak zituztelako. Baina, haien aburuz, ez dago inolako elkarreraginik gogoa eta gorputzaren artean. Horren ordez, adimenaren gertaeren eta gorputzaren gertaeren arteko korrelazio harmoniatsu bat antolatzen du Jainkoak. Eta Jainkoa da gizakion sentsazioen kausa eraginkor eta zuzenena.

Letters Concerning the Love of God (1695) idazkian, Norrisek bere ikuspegi okasionalista defendatzen du Astellen kritiken aurrean. Astellen kritikak, Cambridgeko Eskolak duen ikuspegian oinarritzen dira, gogo-gorputz loturaren naturaren inguruan, hain zuzen ere. Idazkiaren eranskinetan, Astellek Norrisen azalpenaren azken bi kritikak aurkezten ditu. Lehenik eta behin, Astellek dio okasionalismoaren planteamenduaren arabera Jainkoaren kreazioaren gehiengoa alferrik izan dela. Jainkoa bada gure hautemate guztien kausa eraginkorra, orduan objektu materialen kreazioa ez da beharrezkoa, ez baitu inongo rol zehatzik betetzen gure hautemateetan. Bigarrenik, okasionalismoak Jainkoaren handitasuna samintzen du, eta ikuspegi horren esanetan, kreazioan muturrak sartzen ditu etengabe, gorputzak mugitu eta gertakari mentalak sortu beharrean.

Epistemologia aldatu

Astellek arrazionalismoan landutako hiru gai garatzen ditu: gogoa azpimarratzea gorputzaren gainetik; sortzetiko ideien inguruko teoria bat ezagutzaren jatorria azaltzeko; eta gazteei ideiak argitzeko metodologia bat. Atal honetan, gogoa, ideia, ezagutza, sinesmena eta metodoa kontzeptuak azalduko dira.

Adimena eta Ideiak aldatu

Astellen aburuz, gogoak bi gaitasun ditu: ulermena eta borondate askea. Ulermena ideiak jaso eta alderatzeko gaitasuna da, eta borondatea hausnarketak eta hunkidurak hobesteko eta zuzentzeko ahalmena. Gaitasun bakoitzak hautemangai propioak dauzka, adibidez bistak koloreak, usaimenak usaiak eta dastamenak zaporeak. Ulermenaren hautemangai propioa egia da, zeina betidanik jainkotasunean egon den. Borondatearen hautemangai propioa ongia da, Jainkoaren borondatea dena. Ulermena modu egokian erabiltzen denean, jakintzara iristen da. Borondate askea modu egokian erabiltzen denean, ulermenak bideratzen du. Ulermenaren egitekoa nahia gobernatzea da.

Gainera, Astellek defendatzen duen innatismoa arabera, ez ditugu soilik jatorrizko ideiak, jatorrizko joerak ere baditugu. Berak dio jatorrizko ideiak oinarrizko printzipioak direla, ezin direla ulermenetik bereizi eta gure ideien iturriak direla. Horretaz gain, baieztatzen du borondatetik bereizi ezin diren joerekin jaiotzen garela. Gure jatorrizko ideiek bihurtzen gaituzte izaki arrazionalak. Izaki irrazionalek, bestalde, Jainkoaren nahiaren arabera eta modu mekanikoan egiten dituzte ekintzak. Baina, arrazoia dugun heinean, gizakiok borondatezko agenteak gara. Hau da, gure ekintzak aukeratzen ditugu ulermenean ditugun printzipioen arabera eta gure nahiak erabakitzen ditugu.

Horretaz gain, Astellek ideien inguruko bi azalpen ematen ditu, bat orokorra eta bestea zorrotza. Horrela, ezagutza eta hautemate argi eta berezien inguruan duen ikuspegia ematen du.

Zentzu orokor batean, ezagutza edukitzeko ideiak behar dira. Ideiak, adiera hertsian, ideiaren kontzeptutik desberdintzen dira. Ideiak argiak izan behar dira jakintza sortzeko.

Hala ere, Astell Descartesen filosofiatik urruntzen da baieztatzen duenean Jainkoaren eta arimen inguruan dauzkagun ideiak argiak direla, baina ez bereziak edo perfektuak. Nahiz eta substantzia horien inguruko ezaugarriak ezagutu, ezin dugu haien benetako natura ezagutu.

Astellen iritziz ideiak nahasiak izan daitezkeen arren, ez dira akatsaren iturriak. Hobeto esanda, baieztapen batzuk faltsu edo okerrak dira, eta baita askotan hizkuntza bera ere. Astellek dio iritziak lortzeko bi ideien arteko alderaketa erabiltzen dela eta zenbaitetan erdibideko ideia bat falta zaigula judizioak egiteko.

Zentzu honetan, judizio bat egiterakoan akatsa saihestu dezakegu kontuz ibiltzen bagara ideiak banatzeko eta batzeko. Hizkuntzaren arloan ere saihestu ditzakegu hutsegiteak, ideia argiak dituzten hitzak erabiltzen baditugu. Lan hori egiteko, lehendabizi moralaren eta erlijioaren inguruko ideiak aztertu behar ditugu, eta banatu hausnarketa metafisikoetan aurkitzen duguna ohituretatik jaso dugunetik. Azken finean, arrazoiketa eta dedukzio guztiak ideia argietatik hasi beharko lirateke.

Ezagutza eta Sinesmena aldatu

Astellek ez du ezagutza egiazko sinesmen justifikatu bezala definitzen, tradizionalki definitua izan zen bezala. Izan ere, bere aburuz ezagutza eta sinesmena hainbat ezaugarrik bereizitako ideiak dira: jatorria, argitasuna, bereizgarritasuna eta berretsiak izateko bideak.

Gizakion adimenaren muga bere irismenak zehazten du eta desberdina da pentsatzeko moduen arabera.

Fedea, zientzia eta iritziaz gain, Astellek ere ziurtasun morala eta sentsazioa eztabaidatzen ditu. Berak dio, sentsazioa ez dela hainbeste ezagutzeko modu bat, nolabait kontziente izatea baizik.

Astellek pentsatzeko moduen inguruan ematen duen azalpena oso lotuta dago gizakion egiara iristeko bideekin. Autoreak bi bide bereizten ditu. Lehenengo bidearekin, pasibotasunaren bidez iristen gara gizakiok egiara; hau da, egia batzuk guregana heltzen dira. Gure ulermenaren bidez heldu daitezke guregana (intuizioaren bidez) edota autoritatearen bidez. Egiak intuizioaren bidez iristen zaizkigunean, ideia argiak, bereziak, agerikoak, dudarik sortzen ez dituztenak dira, borondate askea behartzen dutenak eta oinarrizko printzipioaren funtzioa dutenak. Autoritatearen bidez iristen zaizkigunean, ordea, ideiak dudagarriak eta nahasiak dira eta ez dira nabariak. Bigarren bidearekin, ekintzaren bidez iristen gara gizakiok egiara; hau da, egia horiek beste egia batzuetatik ateratzen ditugu.

Zientzia da gizakiok pentsatzeko daukagun modua egia bat sumatzen dugunean eta egia hori, arrazoiketaren eta dedukzioaren bitartez, intuizio batetik eratorri denean. Azkenean, objektu zientifikoak ditugu. Bi kasuetan, ezagutza daukagu.

Fedea da gizakiok pentsatzeko daukagun modua autoritateak egia bat ematen digunean eta egia horietatik beste egia batzuk eratortzen direnean. Bi kasuetan fedearen objektuak dauzkagu eta sinesmena ere bai.

Ziurtasun morala da gizakiok pentsatzeko daukagun modua ideiak premisetatik ateratzen ditugunean. Iritzia da gizakiok pentsatzeko daukagun modua ideiak ateratzeko bai argumentu eskasetatik bai premisak ideia nahasiak diren argumentuetatik.

Intuizioaren bidez lortutako ideiak ezagutzaren forma gorena dira. Ideia hauek argiak eta bereziak dira, nabariak eta dudarik sortzen ez dutenak. Are gehiago, ideia intuitibo horiek are indar gehiagorekin behartzen dute borondate askea. Intuiziotik eratortzen diren zientziaren objektuek, estatus epistemiko oso handia dute. Nahiz eta Astellek esan sinesmen guztiak zalantzagarriak direla, ez baitira nabariak, argiak eta bereiziak, fede objektuek estatus epistemiko handia dute.

Astellen aburuz, borondatea (egia bati lotuta doana beti) aldatu egiten da egoeraren eta egia motaren arabera. Egia hain argi eta bereizia ikusten dugu, ezin dugula zalantzan jarri, soilik hura onartzea geratzen zaigu. Bestalde, egia autoritate batetik iristen zaigunean eta ez dugunean egiaren hautemate argi eta berezia, gure ideiek ez dute gure borondatea determinatzen. Kasu horietan, gure ideiak baieztatu behar baditugu eta guk geuk aldatu behar ditugu gure borondateak. Astellen ikuspegian harrigarria dena da, zuirtasun maila berdin edukitzea intuizioak behartu duen baieztapen batek (adibidez, bi gehi bi lau da) eta fedeak bere kasa borondate askea mugituz lortu duen baieztapena (adibidez, Jainkoaren edo aingeruen existentzia).

Hala ere, Astellek esaten du ezin dugula gure borondatea nahita erabili ideia argi eta bereziak lortzeko ideia argi eta berezi horiek ez dauzkagunean. Fedea ez da ideia argi eta bereziak sortzeko makinaria. Hau da, ezagutza osatzen duten egia horiek (intuizioak edo hautemateak) ezagunak dira, ez soilik sinistuak.

Honakoa, Astellen jakinduriaren ikuspegiarekin lotura zuzena dauka; jakintsu baten ezaugarria da ezagutzea ezagutu behar dena eta sinestea sinetsi behar dena.

Metodoa aldatu

Arrazionalismoaren historian behin eta berriz agertzen diren bi gai dira: alde batetik, gaztedia zerk urruntzen duen ezagutzatik, eta bestetik, ea posible den metodo bat garatzea gazteak nahasmenetik ezagutzara eramateko.

Astellek ere, gazteen nahasmenari azalpen bat ematen dio eta gazteak nahasmenetik ezagutzara eramateko metodo bat proposatzen du. Baina, gai honi dagokionean, Astellen ikuspegia oso interesgarria da emakume gaztea hartzen baitu ardatz. Autoreak emakume gazteak daukan nahasmen egoera aztertu eta teorizatzen du eta bere neurrira egindako metodo bat eraikitzen du.

Astellen ustez, emakume gazteak daukan arazoa da, gizartearen eraginaren ondorioz bere gogoa gaixo dagoela. Emakume gazteak bere naturaren inguruko zalantza handiak ditu, pentsatzen baitu Jainkoak nahita sortu duela gogo gaixo batekin. Hau da, berari buruzko aurreiritziak asimilatzen ditu eta uste du ezinezkoa zaiola hobetzea, izatez oso harroputza delako. Beraz, ez dauka bere gogoa hobetzeko inolako desiorik eta ez denez gai bere perfekzioak ulertzeko, bere perfekzioek ezingo dute gidatu bizitza bertutetsu bat edukitzera.

Bestalde, Astellek pasioen inguruan hitz egiten du emakumeek daukaten arazoa azaltzeko. Bere ustez, emakume zein gizonak, biak jaiotzen dira eskuzabaltasuna eta perfekzioa lortzeko helburuarekin.

Zentzu horretan, pertsona bat eskuzabala dela esan dezakegu, bere borondateak daukan garrantziaz jabetzen denean eta borondate hori modu onean erabiltzea aukeratzen duenean. Descartesen aburuz, eskuzabaltasuna pasioa eta bertutea da. Pasioen artean funtsezkoena da, behin hura daukazunean ez baitaukazu biziorik.

Astellek dio, emakumeek ez dutenez metafisikaren inguruko hezkuntza aberatsik, ezin dutela garatu haien benetako izatearen ezagutzarik, ezta haien borondatea modu onean erabiltzeko erabakimenik ere. Horren ordez, gorputzaren perfekzio fisikoa lortzean eta horri lotutako laudorioak jasotzean jartzen dituzte ahalegin guztiak. Ondorioz, harroputz hutsak bihurtzen dira; bizio femeninoa. Eta horrela, emakumeen salbazioa arriskuan geratzen da.  

Astellen heziketa proiektuaren helburua salbazioaren arazoari irtenbidea ematea da. Emakume batek ez badu ikasten bere gogoa bere gorputzetik bereizten Lurrean dagoen bitartean, hiltzen denean ez da gai izango bereizketa hori egiteko, eta bere arima ezingo da zerura iritsi. Hau da, beharrezkoa da bere gaitasun arrazionalak hobetzea hautemate argi eta bereziak sortuz, eta horrela, bere jaiotzatiko ideiak findu eta modu egokian ordenatu. Modu honetan, Astellen heziketa arrazionalistak, heriotzan gorputzaren eta arimaren banakakotzearen arazo praktikoa konpontzen du. Horrek azaltzen du Astellek proposatzen duen heziketa mota: ez da medikua izateko prestakuntza bat, ezta egun hezkuntza liberala deitzen dugun horren aitzindaria ere. Horren ordez, emakumeei adimenaren gozamena eta perfekzioa, baita eskuzabaltasuna eta bertuteak nola landu erakusten dien hezkuntza da.

Astellek onartzen du emakumeek metodo bat behar dutela heziketa metafisiko bat edukitzeko. Emakumeak, batez ere goi-mailako klaseko emakumeak, heziak izan dira alferrak izateko eta azaleko gaien inguruan interesa edukitzeko. Bere burua hobetzen saiatzen direnean, ez dakite nola egin eta oso azkar gogogabetzen dira. Horregatik, Astellek sei arau proposatzen ditu haien hausnarketa metafisikoetan lagungarriak izan daitezen:

« Rule 1: “Acquaint our selves thoroughly with the State of the Question, have a Distinct Notion of our Subject whatever it be, and of the Terms we make use of, knowing precisely what it is we drive at.”

Rule 2: “Cut off all needless Ideas and whatever has not a necessary Connexion to the matter under consideration.”

Rule 3: “To conduct our Thoughts by Order, beginning with the most Simple and easie Objects, and ascending by Degrees to the Knowledge of more Compos’d.”

Rule 4: “Not to leave out part of our Subject unexamin’d.”

Rule 5: “Always keep our Subject Directly in our Eye, and Closely pursue it thro all, our Progress.”

Rule 6: “To judge no further than we Perceive, and no to take anything for Truth, which we do not evidently Know to be so.”

»

—Mary Astell[oh 2]

Astellen gainerako ikuspegi eta bereizketen antzera, arau hauek Descartesen arauekin konpara daitezke, baita Arnauld eta Nicolek aurkeztu zituztenekin ere. Berez, arau hauek Arnauld eta Nicoleren Port-Royal Logic (1662) liburutik ateratakoen bertsio bat dira. Astellek bere bertsioan, emakumeei bideratutako arauak aurkezten ditu, hauen eguneroko eszeptizismoa gainditu dezaten. Soilik eszeptizismo hori gainditzen dutenean, has dezakete eszeptizismo filosofikoa hausnartzeko prozesua, Descartesek Metodoaren diskurtsoa (1637) eta Meditations on First Philosophy (1649) liburuetan esan zuen bezala.


Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Sowaal, Alice. (2015). Zalta, Edward N. ed. «Mary Astell» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Mary Astell. 2018-12-05 (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
  3. a b c d (Ingelesez) Mary Astell. 2019-05-28 (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
  4. (Alemanez) Mary Astell. 2018-01-26 (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
  5. a b c d e f g h i Astell, Mary 1968-1731. (D.L. 2013). Escritos feministas. Maia ISBN 9788492724512. PMC 871796710. (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
  6. a b c d Gleichauf, Ingeborg.. (2010). Mujeres filósofas en la historia : desde la Antigüedad hasta el siglo XXI. (1a. ed. argitaraldia) Icaria ISBN 9788498882049. PMC 630677052. (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).
  7. a b (Ingelesez) Team, Project Vox. «Astell (1666-1731)» Project Vox (Noiz kontsultatua: 2019-05-28).

Bibliografia aldatu

  • Astell, Mary. A Serious Proposal to the Ladies. Ed. Patricia Springborg. Peterborough: Broadview Press, 2002. ISBN 1-55111-306-6.
  • Collin, Françoise; Pisier, Evelyne; Varikas, Eleni, Les femmes de Platon à Derrida. Plon: Anthologie critique, 2000.
  • Hill, Bridget. The First English Feminist: "Reflections Upon Marriage" and Other Writings by Mary Astell. Aldershot: Gower Publishing, 1986.
  • Hill, Bridget. "A Refuge from Men: The Idea of a Protestant Nunnery". Past and Present 117 (1987): 107-30.
  • James, Regina. "Mary, Mary, Quite Contrary, Or, Mary Astell and Mary Wollstonecraft Compared". Studies in Eighteenth Century Culture 5 (1976): 121-39.
  • King, Margaret L. Mujeres renacentistas. La búsqueda de un espacio. Madril: Alianza Universidad, 1993.
  • Kinnaird, Joan K. "Mary Astell and the Conservative Contribution to English Feminism". Journal of British Studies 19 (1979): 53-79.
  • Leduc, Guyonne, "Mary Astell et Daniel Defoe, auteurs de projets féministes pour l’éducation?" (Guyonne Leduc ed.) L’Éducation des femmes en Europe et en Amérique du Nord de la Reinaissance a 1848. L’Harmattan, 1997. 
  • Martino, Giulio; Bruzzese, Marina, Las filósofas. Las mujeres protagonistas en la historia del pensamiento. Madril: Cátedra, 1996. 
  • Matthews Grieco, Sara F. "Mary Astell, educadora y feminista". (Giulia Calvi, ed.) La mujer barroca. Madril: Alianza Editorial, 1995.
  • Perry, Ruth. The Celebrated Mary Astell: An Early English Feminist. Chicago: University of Chicago Press, 1986. ISBN 0-226-66093-1.
  • Smith, Florence M. Mary Astell. New York: Columbia University Press, 1916.
  • Springborg, Patricia. Mary Astell (1666–1731), Political Writings. Cambridge: Cambridge University Press, 1996.
  • Springborg, Patricia. "Mary Astell and John Locke". The Cambridge Companion to English Literature, 1650 to 1750. Steven Zwicker (ed.). Cambridge: Cambridge University Press, 1998.
  • Sutherland, Christine. The Eloquence of Mary Astell. University of Calgary Press, 2005.
  • Mary Astell: Reason, Gender, Faith. William Kolbrener and Michal Michelson (ed.). Aldershot, 2007, 230.

Kanpo estekak aldatu


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/> tag was found