Marmotaren eguna (ingelesez: Groundhog Day; Kanadako frantsesez: Jour de la Marmotte; Pennsylvaniako alemanez: Grundsaudaag, Murmeltiertag) urtero otsailaren 2an ospatzen den jaieguna da. Herri meteorologiaren arabera, egun horretan marmota bere zulotik ateratzen denean, zerua lainotuta badago, udaberria hastekotan dago; aldiz, egun eguzkitsua bada, neguak beste sei astez iraungo du.[1]

2013ko Marmotaren eguna, Punxsutawneyn, Pennsylvanian.

Eguneko ezaugarrien arabera, negua luzatuko den iragartzea, Euskal Herriko eta Europa osoko tradizio batzuekin lotua dago, besteak beste.[2] Euskal Herrian zehazki, data berean ospatzen den Kandelario egunarekin. Hibernatzen duten ugaztunek lozorroari uzteko edo ez uzteko aukerarekin bat dator tradizio hori, Euskal Herrian hartz baten esnatzearekin lotu izan ohi da, normalean Inauterien zikloarekin erlazionatuta.[3] Bestetik, zenbait lekutan tenporak erabiltzen dira, kontuan izanik osteguna, ostirala, eta igandea iragarriko dutela hurrengo hiruhilabeteko eguraldia.

Horretaz gain, Ipar Amerikako hainbat lekutan ere ospatu arren, hego-ekialdeko Pennsylvanian oso jaialdi herrikoiak dira, Fersommling[4] izenekoak. Bertan Pennsylvaniako alemanez baino ez dute egiten eta norbaitek ingelesez egiten badu, isuna ordaindu behar du.[5] Guztietan ezagunena Punxsutawney herriarena da, Punxsutawney Phil marmota erabiltzen dute jai horretan.[6] Jaialdi hau 1993ko Groundhog Day filmari esker ospetsu bilakatu zen.[7]

Erreferentziak aldatu

  1. Cohen, H.; Coffin, T. P.. (1987). The Folklore of American Holidays. Detroit: Gale Research, 57 or. ISBN 0810321262. OCLC .14718697.
  2. Pérez Iglesias, Juan Ignacio. «Kandelaria - Zientzia Kaiera» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2018-02-02).
  3. Araolaza, Oier. Inauteri goiztiarrak — Eibar.ORG | Eibarko peoria. (Noiz kontsultatua: 2018-02-02).
  4. (Ingelesez) Fersommling. 2021-06-03 (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
  5. Rosenberger, Homer Tope. (1966). The Pennsylvania Germans: 1891–1965. Lancaster, PA: Pennsylvania German Society, 194–199 or. OCLC .1745108.
  6. «Pennsylvania Town Awaits Groundhog Day» New York Times 1986-2-2.
  7. Yoder, Don. (2003). Groundhog Day. Mechanicsburg, Pennsylvania: Stackpole Books, 14–15 or. ISBN 0811700291. OCLC .52542605.

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau meteorologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.