Mariano Izeta

euskal idazlea

Mariano Izeta Elizalde (Elizondo, Baztan, 1915eko uztailaren 14a - Elizondo, 2001eko urtarrilaren 8a), Anzanarri izengoitiaz ere sinatzen zuena, euskal idazle eta euskaltzain nafarra izan zen.

Mariano Izeta

Bizitza
JaiotzaElizondo1915eko uztailaren 14a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaElizondo2001eko urtarrilaren 8a (85 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta erlojugilea

Inguma: mariano-izeta-elizalde-1915-2001 Literaturaren Zubitegia: 14

Biografia aldatu

Aita gipuzkoarra zuen, Zarauzkoa, eta ama baztandarra. Elizondoko Mutilenea etxean jaio zen, zortzi anai-arreben artean zaharrena zela. 1930ean, hamabortz urte zituela, eskolako ikasketak bukatu ondoren aitarekin erlojugintzan hasi zen. Urteak joan, urteak etorri, lanbide horretan aritu zen 1984an erretiroa hartu zuen arte. Alabaina, ondoren ere, erloju-dendara joaten segitu zuen, jendearekiko harremana oso maite zuelako. Gabriela Goñi Olaetxea lekaroztarrarekin ezkondua, bi alaba izan zituen, Maria Ines eta Juana Mari.[1]

Ezaguna da Mariano Izetak euskara eta euskal kulturaren alde egindako lan nekagaitza. Garai hartan Elizondoko karriketan erdara nagusi izan arren, bera euskal kulturan hazi eta hezi zen. Oso gazte zenetik euskararen aldeko lanetan murgildu zen. 1936an, Gerra Zibila hasi baino lehen, Nafarroan egin zen lehenbiziko Bertsolari Txapelketaren antolakuntzan lagundu zuen. Handik aurrera bertsolaritza hurbil-hurbiletik jarraitu zuen eta frankismo garaiko giro zailean bertso saio asko antolatu zituen. Gai-jartzaile eta, txapelketak berriz hasi zirenean, epaile ere aritu zen. 1992ko urtarrilaren 19an, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak omendu zuen, Emile Larre eta Teodoro Hernandorenarekin batera.[2]

1957 aldera hasi zen idazten.[1] Handik aurrera Zeruko Argian, Herrian, Principe de Viana aldizkariko Erriz-Erri sailean, Diario de Navarran, Euskaldunon Egunkarian, Deian, Navarra Hoyn eta Diario de Noticiasen argitaratu zituen artikuluak, gai ugari jorratuz. Urte luzez Xorroxin Irratiko Elizondoko berriemailea izan zen. Nafarroa Behereko Irulegi Irratian ere mintzatzen zen.[2]

Bi eleberri karrikaratu zituen: Dirua galgarri (1962) eta Nigarrez sortu nintzan (1982). Beste idazlan batzuk 1999ko Baztango kontuak liburuan argitara eman zituen. Aipagarria da Baztango euskal hitzak «baztandarren ahotik, ez liburuetatik» biltzen egin zuen lana. Horren emaitza da Baztango hiztegia (1996).[2] 1961etik euskaltzain urgazlea izan zen eta 2000. urtean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.

Herrian aski ezaguna zen mutildantzari fina zelako. Elizondoko jaietan, Santiago egunean dantzatzen den mutildantzan, bera izan ohi zen aitzindari. Beste hainbat alorretan ere aritu zen, beti eskuzabal: kirol ikuskizunak antolatzen, Elizondoko Koralean abesten, era guztietako idazkiak euskaratzen, haur zein helduei euskaraz erakusten...[2] 1957-1958an Elizondoko zinpeko-alkatea izan zen eta 1980-1984 bitartean Baztango Udaleko zinegotzia. 1997ko maiatzean Batzar Nagusiak, aho batez, Baztango Seme Kutun izendatu zuen. Urte bereko uztailaren 25ean Mariano Izeta Erreboteko plaza inauguratu zen Elizondon.[1]

Lanak aldatu

Narrazioa aldatu

Nobela aldatu

Hiztegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Aranburu, Mikel, Mariano Iceta Elizalde Auñamendi Eusko Entziklopedia, euskomedia.org
  2. a b c d Rekalde, Paskual, Mariano Izeta Elizalde, euskaltzaindia.net

Kanpo estekak aldatu