Mari Jaia

Bilboko Aste Nagusiaren pertsonaia edo sinbolo ofiziala da

Mari Jaia edo Marijaia Bilboko Aste Nagusiaren pertsonaia edo sinbolo ofiziala da, Mari Puri Herrero margolari eta grabatzaileak 1978ko abuztuan sortutakoa, Jai Batzordearen eskariari erantzunez.

Mari Jaia
Datu biografikoak
Jaiotza, baliorik ez
Heriotza, baliorik ez
Sexuaemakumezkoa
Marijaia. Ilustrailea: Maitane Azurmendi

Pertsonaia aldatu

Pertsonaia hau zapia buruan eta baserri giroko jantziak ditu, aurpegi irribarretsu musugorria eta ezaugarri markatuak. Besoak gora altxatuta azaltzen da, dantzarako gonbitea eginez, jarrera alaian.[1] Herreroren diseinuari jarraituz, urtero Mari Jaiaren irudi berria plazaratzen dute, emakume erraldoiaren itxura bere jantzien bitartez aldatuz.

1978 urtetik sortu diren kartel gehienetan azaltzen dira Mari Jaiaren esku jaso dantzariak edo bere aurpegi adeitsu hori. Hamaika formatan, hamaika estilotan, hamaika kokalekutan eta hamaika adiskiderekin azaldu izan da jaietako kartelean gure protagonista: sakakortxo itxurarekin, kremailera moduan, paperezko ahozapi bezala, Marylin Monroe gisa, Play-mobil legez, Superman-ekin, Gargantua-rekin, Boni txistulariaren ondoan, Arriaga-n, Zazpikale-etan, estilo kubistan, estilo naïf-ean... [2]

2018an Mari Jaiak irudi berri bat hartu zuen pegatina batean, eskua luzatuta "EZ BETI DA EZ / NO ES NO" mezua adierazten zuen, eraso sexisten aurka.[3]

Beso xut pare bat ikustea, esku jaso tenteak, aurpegi lasai musugorriaren zati bat, ezpain zati bat... nahiko da Mari Jaia ezagutzeko, nahikoa da parranda-giroaren ikonoa identifikatzeko.

Berria sortzeko prozesua aldatu

Aste Nagusia baino hilabete eta erdi lehenagotik hasten dira elkarlanean Mari Puri Herrero, bere sortzailea eta 1999a geroztik Toño Valdivieso jostuna. Aurreneko lana erraldoiaren egitura sortzea izaten da: Marijaia kapaz kapa kartoiz egina dago eta geruza bakoitza sikatu arte ezin da hurrengoa jarri. Gero burua eta besoak osatzea dator, zurezkoak hauek. Barrukoa belarrez betea du, Gorbeia inguruko landetan ilargi betean propio moztutako belar ondua erabiliz, bere izaera magikoari nolabaiteko ukitu esoterikoa emanez.[4]

Molde bati esker urtero aurpegi bera egiten diote; buruko ile horia, espartzuz osatua du. Gona, alkandora, zapia eta gerrikoaren koloreak, ostera, urte bakoitzaren inspirazioaren arabera aukeratzen dizkiote; ze kolorerekin jantziko duten Txupin egunera arte ondo gordeta egoten den sekretotxoa izaten da, herritarren jakinmina piztuz.[4]

 
Marijaia 2023, Bilboko kaleak alaitzen.

Marijaia erraldoiak 25-30 kilo bitarteko pisua du eta kontu handiz zaintzen da neurri horretatik ez pasatzea, gainpisuak oztopatuko zielako kalez kale bere irudia mugitzeko, dantzatzeko ardura duten lagunei. [4]

Bederatzi eguneko jardun alaia aldatu

Festetako hasieran ateratzen da pregoilari eta txupinerarekin batera, pregoia irakurri eta txupina botatzen duten bitartean. Mari Jaia herrikoia da, Aste Nagusiko une eta toki garrantzitsu gehienetan azaltzen da. Mari Jaia nora hainbat festazale hara, berarekin argazkia egitera. Ume eta ez hain umeen artean estimazio handia du bera arrimora erretratatzeak.

Mari Jaia erretzen den unean bukatzen da Bilboko Aste Nagusia. Jaietako bederatzigarren egunean, bigarren domeka gauean, suak hartzen du Mari Jaia, itsasadarretik egingo duen ibilbidea amaitutakoan.[5]

Abestia aldatu

1997an "Badator Mari Jaia" abestia sortu zuten Edorta Jimenez idazlearen hitzekin eta Kepa Junkera trikitilariaren musikarekin. Sorreraz gain, lagun ugarik hartu zuten parte grabaketan:

Hitzak: Edorta Jimenez

Musika eta moldaketa: Kepa Junkera

Konponketak: Ibon Koteron (gaita), Sabin Bikandi (txistua)

Ahots Nagusiak: Alex Sardui, Francis Diez, Gorka Sarriegi, Maixa Lizarribar, Ixiar Oreja, Garbiñe Sagastibeltza, Amaia Oreja, Natxo de Felipe, Antxon Latxa

Koroak: Furunda, Irkus Robles-Arangiz, Felix Ugarriza, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Nerea Zuloaga, Leire Bilbao, Bilboko konpartsakideak.

Umeak: Julen Arregi, Gaizka Gonzalez, Larraitz Izagirre, Eki Orbezua

Musikariak: Kepa Junkera (trikitixa, panderoa), Julio Andrade (kontrabaxua), Blas Fernandez (bateria), Carlos Beceiro (mandolina), Antxon Latxa (gitarra akustikoa), Jose Luis Canal (teklatuak), Ibon Koteron (gaita), Alex Santos (gaita), Andoni Zabalza (gaita), Sabin Bikandi (txistua, danbolina, silbotea), Javi Alonso (atabala)

Grabaketa: Tio Pepe estudioan, 1997ko uztailean.

Soinu teknikaria: Cesar Ibarretxe eta Angel Lozano.

Abestia jaien ereserki bihurtu da harrezkeroztik.[6][7]

Aste Nagusia

bakarra dago

hamar gauekoa

munduan.

Abuztuan Bilbon

denok batera

katuak eurak be

jaietan.


Mari, Mari,

Marijaia dator

Mari, Mari,

Marijaia dator.

Uger, uger,

Bilboko uretan

Mari, Mari,

Marijaia dator.


Abuztuan danok

zahar eta gazte

gizon eta andre

jaietan.

Zapia lepoan

alkar hartuta

kolore guztiak

dantzetan.


Goxa eta erlojua

ez ei doaz batera

bata edo bestea

zoratu egin da.


Hara, hara, hara,

hara nor datorren

hara, hara, hara,

gure Marijaia.

Ene, ene, ene,

oi ai ene bada

aste hau pasata

barriro joango da.


Marijaia bera

gure Marijaia

Bilbora etorri da

Aste Nagusira.

Aste Nagusi

bakarra munduan

bakarra munduan

Marijaia.

Edorta Jimenez / Kepa Junkera

Irudi galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. paco ferrandez. (2018-08-18). Marijaia 2018. (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  2. 1978tik aurrerako kartelen galeria. .
  3. «Bilbao.eus - 2018ko Aste Nagusia, Eraso sexisten aurkako kanpaina» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  4. a b c (Gaztelaniaz) «Mari se queda sin jaia» El Correo 2018-08-27 (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  5. Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985)» filmoteka.eus: 21'27-22'15. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  6. Euskal Karaokeak. (2014-10-26). Badator Marijaia -Kepa Junkera-. (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  7. borrokada. (2010-03-20). Marijaia dator ( Kepa Junkera ). (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu