Maratoia Olinpiar Jokoetan

Maratoia Olinpiadetan» orritik birbideratua)

Maratoia Olinpiar jokoetan korrika Olinpiar Jokoetako atletismoan egiten den kirol proba bat da. Gizonen maratoia 1896an hasi zen eta emakumeena, 1984an.

Aurrekariak aldatu

K. a. 490. urtean, Grezian, Maratongo Guduan greziarrek persiarrak mendean hartu zituzten. Herodotok, Plutarkok eta Luzianok jaso zuten garaipenaren berri eta, bertsioak bertsio, kondairak dio Filipidesek Maratonetik Atenaserako bidea korrika egin zuela albistea jakinarazteko, eta misioa bete ondoren hil zela. Horixe da maratoi modernoaren oinarria eta askok uste dute probaren 42,175 kilometro horiek Maraton eta Atenasen arteko distantzia direla. Baina bi puntuen artean 200dik gora kilometro daude[1].

Historia aldatu

Lehen Olinpiar Joko modernoetan (Atenas, 1896) 40 kilometroko lasterketa prestatu zuten. Handik lau urtera, Parisko jokoetan ere neurri bera aukeratu zuten, oso zehatzak izan ez baziren ere: helmugara iritsi ziren maratoilariek 40,260 kilometro egin zituzten[1].

1908ko Londresko jokoetan Windsorretik Londreserako 40 kilometro inguruko ibilbidea prestatu nahi izan zuten, errege familia Windsorren bizi zela aprobetxatuz. Lasterketa errege jauregitik bertatik abiatuta, bertan bizi zirenek etxetik irteteko beharrik ere ez zuten izango probaren hasiera erosotasun osoz ikusteko. Eta, hala, maratoia errege-erreginen leihopean hasi zen. White City estadioko errege-palkora iristeko 42,175 metro egin behar zituzten[1].

Bada, joko haietan distantzia gehituak emaitzan eragina izan zuen. Dorando Pietri italiarrak 39. kilometroan hartu zuen lasterketa burua eta 40.ean erraz ari zen. Baina estadiora iristean pott egin zuen eta behin eta berriro erori zen. Ingurukoek –besteak beste, Arthur Conan Doyle idazleak– aldiro altxatzen lagundu zioten eta, helmugara iristen lehena izan arren, laguntza horren erruz deskalifikatu zuten[1].

Stockholmen (1908) 40,200 kilometro egin zituzten eta hurrengo joketan, Anberesen, inoizko maratoi olinpikorik luzeena egin zen: 42,750 kilometro. Azkenean, 1921ean distantzia behin betiko finkatzea erabaki zuten, 42,175 kilometrotan hain zuzen ere[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2017-12-24). «Errege alferren neurriko maratoia» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu