Maria de Zayas y Sotomayor (Madril, 1590eko irailaren 12a - 1647?) idazlea izan zen espainiar Urrezko Mendea deitutakoan. Bere eleberri laburrek arrakasta handia izan zuten eta behin berriro berrargitaratu ziren, Inkisizioak XVIII. mendean debekatu zituen arte. Bera izan zen, Ana Caro de Mallén eta sor Juana Inés de la Cruzekin batera, Espainiako XVII. mendeko hiru emakume idazle handietako bat.

María Zayas

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMaría de Zayas Sotomayor y Barrasa
JaiotzaMadril1590eko irailaren 12a
Herrialdea Espainia
BizilekuaMadril
HeriotzaMadril, ezezaguna (433 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, eleberrigilea, antzerkigilea eta poeta
MugimenduaLiteratura barrokoa
Genero artistikoaeleberria
antzerkia
olerkigintza

Biografia aldatu

Madrilen bataiatua izan zen 1590eko irailaren 12an. Bere gurasoak behe nobleziako kideak ziren: María Barrasa eta Fernando de Zayas y Sotomayor, infanteria kapitaina eta 1628an Santiago Ordena Militarreko kide bihurtu zena. Aita Lemos kondearen zerbitzuan zegoenez, familia behin eta berriro lekualdatu zen eta Mariaren lanetan islatu zen hori.

Napolin izan ziren kondea hango erregeordea izan zenean eta Zaragozan, non Maria Zayasek bere Novelas ejemplares y amorosas ('Ereduzko eta maitasunezko eleberriak') lana argitaratu zuen 1637an.

1647an Madrilen argitaratu zuen Parte segunda del sarao y entretenimiento honesto (desengaños amorosos) ('Gau-jai eta olgeta zintzoaren bigarren zatia (maitasun galerak)').Baliteke, Sibilian, Granadan edota Bartzelonan bizi izana. Kenneth Brown egileak María Zayasi erreferentziak topatu zituen Francesc Fontanella Bartzelonako poetaren Vexamen de 15 de marzo de 1643 lanean, beraz, posible da urte horretan han bizi izana. Lan batzuen berragitalpenak ere erabiltzen ditu esateko Bartzelonan jarraitu zuela edo hara itzuli zela 1647an edo 1648an.[1]

María José Martínez egileak uste du aukera dagoela María Zayasek Madame de Sévigné idazlea ezagutu izana, zeren haren laguna zen Madame de Maintenonen lehen senarrak, Paul Scarron poetak Zayasen lanak itzuli eta kopiatu baitzituen.[2] Hala ere, ez dirudi nahikoa argudioa, zeren Scarronek barroko espainiarreko idazle ezagun ia denak plagiatu baitzituen.

María Zayasek argitaratutako testuen ustezko aipamen autobiografikoetan bere feminismo berezia ageri zen. Feminismo goiztiarra, bere garaikoa. Egile batzuek uste dute etsipen pertsonalak bultzatuta zegoela eta matxismoaren aurkako borroka besterik ez dela ondorioztatzen dute[3] eta beste batzuek uste dute, feminismoaren sorrera hartan, emakumeek jasaten duten zapalkuntza eta gizonengandik jasaten duten tratua salatzen zuela. [2]

Ez dakigu non eta noiz hil zen, zeren eta bi María de Zayasen hil ziurtagiri daude (bata 1661eko urtarrilak 19koa eta bestea 1669ko azaroak 26koa), baina, antza, ez dira idazlearenak.

Obrak eta estiloa aldatu

Bere Novelas amorosas y ejemplares o Decamerón español ('Maitasun eta ereduzko eleberriak edo espainiar dekamerona') (Zaragoza, 1637) lanaren lehen zatia hamar gorteko eleberriz osatuta dago. Bertan, bere garaiko gizartearen goiko geruzak aztertzen ditu, Miguel de Cervantesen eragin nabariarekin.

Giovanni Boccaccioren Decameronetik, marko narratiboaren formula hartzen du: pertsonaia batzuen topaketa gaixotasun baten ondorioz (izurritearen ordez, Lisisen koartanak edo sukarraldia): bost gauetan zehar, gau bakoitzeko, bi eleberri oso gordin kontatzen dituzte.

Beste eleberrigile garaikideren aurrean, ez du bere gorteko trebezia erakusten —estiloa konplexutuz hedapenekin eta kulteranismoko apaingarriekin—, eta ez du moralista izan nahi —Mateo Alemanen modura—: gehiago interesatzen zaio narrazioa atsegina izatea eta pertsonaien eta haiek mugitzen diren giroaren deskribapen psikologikoa egitea. Horrez gain, salaketa sozialaren osagai nabarmena dago: injustizia lotsagarriak azaltzeak (gordintasunak ezkutatu gabe) islatzen du, batetik, egileak zeukan independentzia handia eta, bestetik, zeukan emakumezko izatearen harrotasuna. Pasioaren ondorio suntsitzaile eta zapaltzaileak azaltzen ditu inork ez bezala.

Bigarren bildumaren izenburua Novelas y saraos ('Eleberriak eta gau-jaiak') (Bartzelona, 1647) da eta baita Parte segunda del Sarao y entretenimientos honestos (''Gau-jaiaren eta olgeta zintzoen bigarren zatia') (1649), Desengaños amorosos ('Maitasun galerak') izenburupean elkarrekin birargitaratuak izan zirenak. Lehenengoen antzekoa da lana, ez bada, kontakizunak are gordin eta gogorragoak direla.

Komedia bat ere osatu zuen: La traición en la amistad ('Lagun artean saldukeria'), eta bere poema batzuk ere gordetzen dira hainbat antologietan (Botello, Montalbán, Cuevas, Del Castillo) eta baita Fama Póstuma lanean, non Juan Pérez de Montalbanek kultura mundutik goraipamenak bildu zituen hil berri zen Lope de Vegarentzat.

Ez dira nahikoa lekukotasun bere antzerkia eta poesia zein mailatara iritsi ziren jakiteko. María Zayasen funtsezko balioa oinarritzen da, bai bere sorkuntza narratiboen indarrean, bai eta bere prosa malguan, bere garaiko beste eleberrigileak astun egiten zituen ohiko elementu moraletatik erabat libre. Miguel de Cervantes da aurrekari bakarra zentzu horretan, ondorioz, esan liteke, haren ondoren, bere garaiko bigarren narratzaile "garbiena" izan zela María Zayas, freskotasunari eta berritasunari esker. Bere garaitik indarkeria, krudelkeria, magia eta sorginkerien gustu morbidoa jaso zituen, baina ez gertakariez egin ohi zuten interpretazio morala eta eskarmentua. Distantzia horrek eta idazle gisa zituen gaitasunek bere eraginkortasun literarioa osatu zuten.

Esan bezala, Maria Zayasen estiloak kulteranismoaren gehiegikeriei ihes egiten zien, bere azken eleberrian aldarrikatu zuen moduan: zioena denek ulertzea nahi zuen eta preziosismoaren ideiak aldarrikatzen zituen edertasunari dagokionez.[4]

Batzuetan, narrazio pikareskora hurbildu ohi da Quevedoren Buscón lanaren antzeko gordintasunarekin. Ez da atzean geratzen Cervantesen eleberri bizantziarraren generoa lantzen duenean La fuerza del amor ('Maitasunaren indarra') edo El prevenido engañado ('Kontuz zebilenari ziria sartu') lanetan. Baina, agian, gehien harritzen duena da bere lanetako emakumezko pertsonaiek sexu eta maitasun arloetan jokatzeko darabilten ezohiko erraztasuna: balkoitik ikusten duen gizonaren atzetik dabilena; maitale beltza ikuiluan gordetzen duena, eta sexualki jan egiten duena; etab. Ez da harritzekoa, beraz, XVIII. mendean Inkisizioak bere lanak debekatu izana.

Nahiz eta emakume batzuk gaizki bukatu askatasunarengatik, ez dira denak. Nabarmentzekoa da, halaber, zer nolako garrantzia gutxi ematen dioten haien dekoro pertsonal edo familiarrari: bere pertsonaiak erabat sutsuak dira. Lisis diskretuaren inguruan kontakizunak egiten dituzten narratzaileen elkarrizketen bidez, María Zayas kritikoa zen bere garaiko ohiko ziren ohoreari eta bertuteari buruzko ideiekin, bere ustez, emakumeak kaltetzen baitzituen. Honela, Juana Inés de la Cruzen hitzak gogoratzen dituen esaldi batean, Lisisek esan zion emakume ergela eta zintzoa aurkitzeko nahia aldarrikatzen zuen gizon bati: "Y ¿cómo sabrá ser honrada la que no sabe en qué consiste el serlo?" ('nola izango da zintzoa emakumea, hori zer den ez badaki?').

Lehen bilduman ezaugarri zen txantxa pikareskoa (tremendismoarekin harremana zuena); aldiz, bigarren bilduman barrokoan ohikoa zen desengainua: batetik erakusten du, gizonek emakumeez egindako trufa injustua eta, bestalde, frustrazioa, gizonak eta emakumeak elkarrekiko leial eta harmonian bizi izatearen ezintasunaren aurrean. Hainbat lanetan, esate baterako: La esclava de su amante ('Bere maitalearen esklabua'), La inocencia castigada ('Errugabetasun zigortua'), El verdugo de su esposa ('Emazteraren borreroa') edo Mal presagio casar lejos ('Seinale txarra urrutira ezkontzea') lanetan bada patu oker bat maitasunaren gorabeherak gidatzen dituena. El castigo de la miseria ('Miseriaren zigorra') laneko barre algaratik Estragos que causa el vicio ('Bizioak dakartzan kalteak') lanaren tristura sakonera igarotzen zen liburua, azken kontakizuna eta egilearen agurra dena. Maitasunean ez dagoela duintasunik esaten zigun egileak (gizonen maitasuna asealdiarekin amaitzen omen zen eta emakumeak bere izen ona galtzen zuen).

Eleberrien amaieran, Lisis komentu batera sartzen zen eta, horregatik, bere kritikari eta editore askok uste izan dute hori izan zela María Zayasen azken helmuga. Azorinek Madrilgo ganbera batean irudikatzen zuen, teilatu euritsuei eta kaleko katuei begira.

María Zayas beste egile batzuen begietan aldatu

Francesc Fontanella poeta barroko kataluniarrak vexamen edo satira bat egin zuen Bartzelonan bere garaiko poetez trufa eginez eta horien artean María Zayas zegoen:

Doña Maria de Zayas

viu ab cara varonil.

que a bé que «sayas» tenia

bigotestilava altius.

Semblava a algun cavaller.

mes jas’ vindrá a descubrir

que una espata mal se amaga

baix las «sayas» femenils.

En la décima tercera

fou glosadora infeliz,

que mala tercera té

quant lo pris vol adquirir.

O Senyora Doña Saya,

per premiar sos boas desitgs

del sércol de un guardainfant

tindrá corona gentil!


Kenneth Brownen arabera lagunen arteko txantxa bat zen eta ez errespeto falta.[1]

Lope de Vegak El laurel de Apolo lanaren VIII. silvan goretsi egin zuen eta, ondorioz, María Zayasek soneto batean omenaldia egin zion.

Alonso de Castillo Solórzano-k "Madrilgo sibila" deitu zion La Garduña de Sevilla-n.

Emilia Pardo Bazanek erreibindikatu egin zuen, aspalditik, kritikak ilundutako María Zayas: Urrezko Mendearen pikareska azaltzen zuelako eta haren lanaren feminismoagatik.

Telesailak aldatu

1980ko hamarkadan Espainiako telebistak egindako "El jardín deVenus" telesailean María de Zayasen ipuin erotikoetan oinarritutako atal batzuk zeuden. Istorio nagusia XIX. mendean edo XX. mendearen hasieran kokatzen zen: bainuetxe batean atseden hartzen zuten pertsona batzuk, arratsaldez, lorategi batean biltzen ziren, beste garai batean girotutako ipuin kontaketa saio bat entzutera.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Brown, Kenneth. (1993). «María de Zayas y Sotomayor: Escribiendo poesía en Barcelona en época de guerra (1643)» Dicenda. Cuadernos de Filología Hispánica (Universidad Complutense de Madrid) 11: 355-360..
  2. a b Martínez Girón, María José. (2010). «Dos feministas avant la lettre. María de Zayas Sotomayor y Madame de Sévigné» Oceánide 2.
  3. Brown, Kenneth. (1993). «María de Zayas y Sotomayor: Escribiendo poesía en Barcelona en época de guerra (1643)» Dicenda. Cuadernos de Filología Hispánica (Universidad Complutense de Madrid) 11: 355-360..
  4. Navarro Durán, Rosa. (1998). «La "rara belleza" de las damas en las novelas de María de Zayas y de Mariana de Carvajal» in Angels Carabí, Marta Segarra Belleza escrita en femenino. Universitat de Barcelona, Centre Dona i Literatura, 79-86 or. ISBN 84-605-7918-2..

Kanpo estekak aldatu