Manuel Matxain Ezpeleta (Aiete, Donostia, 1916ko urriaren 13a - ib., 1999ko abenduaren 18a) gipuzkoar bertso-jartzailea izan zen. Bertso-jartzaile bezala ez ezik, bertsolari, korrikalari, bolo- eta toka-jokalari gisa ere nabarmendu zen. 1992an Donostiako Udalak Hiritar Merituari emandako domina eskaini zion. 1994ko Bertsolari Egunean bertsozaleen omenaldia jaso zuen, beste zortzi bertso-jartzailerekin batera.[1][2]

Manuel Matxain

Manuel Matxain eta Mamo Wolde korrikalariak Irudi gehiago
Bizitza
JaiotzaAiete1916ko urriaren 13a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza1999ko abenduaren 18a (83 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria, bola-jokalaria eta Toka
Jasotako sariak

Haurtzaroa aldatu

Aieteko Txabola etxean jaio zen, aita usurbildarra eta ama oñatiarra zirela (Jose Matxain eta Eustakia Ezpeleta). Eskolan bi urte bakarrik eman zituen. Irakurri eta idazten ikasi ondoren 10 urterekin utzi zuen eskola Donostiako harategi batean lanean hasteko.

Toka jokalaria (1928tik) aldatu

Egunero hamabi ordutan lan egin eta gero Ilunabarrean Aieteko Munto sagardotegira joaten zen tokan egitera. Aitona Pedro ere tokalari ezaguna izandakoa zen eta Manuel 12 urterekin jokalari aparta zen. Herrerako toka-txapelketa 15 urterekin irabazi zuen.

« Hamabi urte zituela, Munton arrantzale koadrila batek merienda jokatu zuen toka jokoan. Lau gizon beste lau gizonen aurka. Tirada baten faltan, bost kolpe behar zituen talde batek bestea berdintzeko. Ezinezkoa zelakoan, Manuel umeari eman zioten fitxak botatzeko aukera, guztien barre artean. Manuelek seiak jo zituen —sei fitxa erabiltzen dira tokan—, egunero ibiltzen baitzen bertan tokan. Arrantzaleek sorbalda gainean eraman zuten sagardotegira. »

—Jon Alberdi Matxain


Korrikalaria (1931tik) aldatu

13 urterekin baldosa-fabrika batean hasi zen lanean Donostian, eta beti oinez edo korrika egiten zuen lanerako joan-etorria. Horregatik-edo laster ezaguna egin zen korrikalari moduan ere. 15 urterekin Gipuzkoako Infantilen txapelduna izan zen Tolosan. Uliako Gimnastika taldean hasi zen korrikalari moduan fondoko lasterketetan,[3] eta txapelketa ugari irabazi zituen gero, besteak beste, Hasiberrien Txapelketa eta Gipuzkoako Eusko Gaztediko txapelketa 1933an.

 
Munto baserria Aieteko historiaren gunea. 2013an eraitsi zuten.

Baina etorkizun handiko bide hori gerrak moztu zion. UGTko batailoi batean ibili eta preso bukatu zen Santanderren 1937ko abuztuaren 26an. Kartzelatik eta lan-batailoietatik 1943an atera zenean, 27 urte zituela, berriro hasi zen tokan, bolan eta korrikan. Tokan herriz-herri ibiltzen zen herriko festetan, eta sari ugari irabazi zituen. 28 urte zituen lehenengo aldiz bola-lehiaketa batean aurkeztu zenean. Geroztik ia lehiaketa guztiak irabazten zituen tokan eta bola-jokoan: Gipuzkoako Txapelketa, Espainiakoa, Erregulartasunarena, Binaka… 1969an bera eta beste hiru jokalari (Soarte, Usategieta eta Rafael Agirre Franko) Japoniako telebista batera joan ziren euskal jokoak nolakoak ziren erakustera. Esperientzia atsegina izan zen Lau jokalarientzat eta Japoniako telebistarentzat.

Korrikalari edo lasterkari moduan Lasarteko Krosean ere aritu izan zen, Mamo Wolde eta mundu mailako beste korrikalari ospetsuen parean.[4]

« MAMO WOLDEri

Arriturikan egondu gera
zu korrika ikusita,
Pama aundiak dauzkatzu baña
danak ondo merezita.
Iru alditan egin diguzu
Donosti'raño bixita;
prantzes ta ingles, belga ta ruso,
danak atzean utzita,
Euskalerritik joaten zera zu
beti txapela jantzita.

»

Manuel Matxain korrikalaria eta bertsolaria[5]


Bertsolari eta bertso jartzailea (1963tik) aldatu

 
Matxain bertsotan lagunartean

Txikitandik bertsozalea izanda, 1963 urtean hasi zen bertsoak idazten. Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan bigarren saria irabazi zuen Arantzazuko Amari jarritako bere bertso sailak. Handik aurrera bertso sail ugari argitaratu zituen Zeruko Argia eta Goiz-Argi aldizkarietan, baita La Voz de España eta El Diario Vasco egunkarietan ere Basarriren sailean. Idazten zituen bertsoak Aiete ezizenarekin sinatzen zituen. Eta bera izan omen zen baserri multzo bati auzo-izaera ematen hasi zena. 1999ko abenduaren 18an hil zen, Aieten bertan.[6] Matxainen bertso andana batu zituen Antonio Zabala ikerlari bertsozaleak eta Auspoa bilduman argitaratu zituen 1969an, baita bilduma berean Matxain hil eta gero ia 1.200 bertso batu zituen beste bertsio osatuago bat 2003an. Liburu horiek eskuragarri daude Euskaltzaindiaren atarian:

  • Uste gabean (1969)[7]
  • Uste gabean: bertso guztiak (2003)[2]
« Xalotasuna (eta hizkera, eta joskera modua eta gauzak argi eta bitxi aldi berean adierazteko gaitasuna, besteak beste) miretsi nuen duela hilabete, jaio zela mendea burutu zelarik, Manuel Matxain aietearraren bertsoak irakurtzean. »

Andoni Egaña (2016)[8]


Omenaldiak aldatu

 
Matxainen omenez Aieteko parkeko atetik gertu dagoen Toka eskultura
  •  
    Donostiako udalak emandako domina dauken bustoa.
    1993an Donostiako Udalak Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion
  • Aieten, Herreran, Ibarran eta beste hainbat tokitan omenaldiak egin zizkioten toka eta bola munduan.
  • 1994eko Bertsolari Egunean omendu zuten.
  • 1995ean Euskararen Udal Patronatuak omenaldi bat antolatu zion.

Erreferentziak aldatu

  1. Alberdi Matxain, Jon. (2002). «Manuel Matxain, nire aitona (Jon Alberdi Matxain)» Aiete - Lantxabe - Katxola - Ayete (Noiz kontsultatua: 2018-02-10).
  2. a b Antonio, Zavala. «Uste gabean» (pdf) Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2018-02-10).
  3. Aldalur, Malen. «Manuel Matxain bertsolariak Uliako Gimnastikari eskainitako bertsoak» irutxulo.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
  4. a b (Gaztelaniaz) Ibargutxi, Felix. (). «Una escultura en Aiete remata un año de actos de homenaje a Manuel Matxain» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2018-02-10).
  5. «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
  6. «1916an Donostian jaio zen Manuel Matxain bertso-jartzaile ezaguna (...)» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).
  7. Matxain, Manuel. «Uste Gabean» (pdf) Euskaltzaindia. Auspoa saila (Noiz kontsultatua: 2018-02-10).
  8. Egaña, Andoni. (2016-11-13). «Xalotasunaz» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-02-11).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu