Maison Carrée (euskaraz, Etxe karratua) tenplu erromatarra da, Nîmes (Frantzia) hirian gurtza inperialari[1] eskainia, eta Erromatar Inperiotik, gaur egun, munduan ongien kontserbatutako tenplu erromatarra da[2]. 2023ko irailaren 18an, Unescoren Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartu zen. Mendeetan zehar, tenplu, etxe kontsular, eliza eta museo izan da.

Maison Carrée (Nîmes)

Datazioa aldatu

Tenpluaren datazioak hainbat eztabaida eragin ditu. Autore batzuek, XIX. mendean eta 1919an Emile Espérandieuk egindako azterketetan oinarrituta, K.a. 16. urtean eraiki zirela datatzen badute, CNRS edo Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneak (frantsesez: Centre national de la recherche scientifique) eskatuta 1964 eta 1970 artean egindako azterlan batzuek gure garaiko I. mendearen hasieran kokatzen dute eraikuntza, 1. eta 4. urteen artean. Hala, Nîmeseko J.F. Séguier arkeologoaren lehen azterketa batek 1758ko data aurreratuak berretsi ditu. Gaur egun desagertuta dagoen inskripzio batek, baina brontzezko antzinako letretako ainguratze-puntuen gainean berreraikita, adierazten du eraikina Gaiori eta Luzio Zesarri eskainita zegoela, Marko Vipsanio Agriparen semeei eta Augusto enperadorearen bilobei, azken honek hartu eta oinordekotzarako izendatu zituen[3], K.a. 19 - K.a. 16 urteen bitartean eraiki zen. Inskripzioaren itzulpena honakoa da: "Kontsul Gaio Zesarri, Augustoren semeari; Kontsul Luzio Zesarri, Augustoren semeari; gaztaroko printzeak." Erdi Aroan jatorrizko inskripzioa kendu zuten.

Izenari buruz aldatu

Maison Carréek XVI. mendetik du izen hori. Hain zuzen, garai hartako frantsesean, lau angelu zuzen zituen irudi geometriko oro "karratua" hitzak izendatu zuen: "karratu luzea" laukizuzena zen, eta "karratu perfektua", gure egungo karratua. Horregatik, laukizuzen itxura izan arren, tenplu horri Maison Carrée edo Etxe karratua deitu zioten.

Deskribapena aldatu

 
Planoa

Eraikinaren egitura angeluzuzena da eta 31,81 m-ko luzera du, 15 m-ko zabalera eta 17 m-ko altuera[4]. Bi isurkiko estalkia du eta sartzeko eskailera bakarra portikatutako fatxadan dago, forora ematen zuena. 9 m-ko altuerako hogeita hamar zutabek ixten dute barne-egitura. Tenpluaren alboetako eta atzealdeko erdizutabeak cellaren hormari atxikitzen zaizkio —santutegia bera, tenplu erromatar, etrusko eta grekoetako jainkotasunaren irudiarentzat erreserbatua—, eta horrela galeria irekiak simulatzen ditu. Cellak 10,50 m bider 16 m du[5], eta, aurrean, sabai modernoa duen pronaos bat du. Hasieran, cellan ia zazpi metroko altuerako ate handi batetik sartu behar zen. Eraikin hexastilo bat da —hau da, sei zutabe ditu arkupean—, eta korintoar ordenakoa da haren dekorazioa[6].

 
Taulamendua eta kapitelak
 
Kapitelak eta arkitrabea

Tenplua 2,65 m-ko goi-podio baten gainean eraikia dago[7], eta bere ingurunearekiko posizio menderatzailea ematen dio. Maison Carrée arkitektura erromatarraren paradigmatikotzat jotzen da, pareta bertikaleko podium handi baten gainean altxatzen delako eta tenplu pseudoperiptero bat delako.

Dekorazioari dagokionez, batez ere, taulamenduek eta eusten dioten zutabeetako kapitelek osatzen dute. Hiru zerrendatan banatuta dagoen eta hostotza-friso batez apainduta dagoen arkitrabe bat du. Barrualdean ez da jatorrizko dekorazioaren arrastorik gorde, baina berreraiki egin zuten.

Aurrekariak aldatu

Erromatarren garaia aldatu

Maison Carrée, hiriko foroaren tenplua, gurtza inperialari eskainitako bigarren tokia izan zen, La Fontaineko santutegia lehena. Eraikin hau foroaren hegoaldeko muturrean eraiki zen Augustoren agintaldian .

Tenplua eraiki zen foroko plaza 80 m luze zen, eta ekialdeko eta mendebaldeko arkupe bikoitzak inguratzen zuen. Hegoaldean, plaza harresi itsu batek ixten zuen, pilastraz apaindua, eta iparraldean, 18 bider 14 m-ko eraikin angeluzuzen batek, gaur egun kuria deitzen dena. Horrela, plaza horrek mugatutako periboloan zegoen[8].

Cellarako sarbidea hamabost mailako eskailera bakar batetik egiten da (maila kopurua beti da bakoitia). Sarbide hori apaizek bakarrik erabiltzen zuten. Cellan ohoratzen zen jainkoaren edo jainkoen estatuak zeuden. Zeremoniak sarreraren aurrean zegoen aldare baten inguruan egiten ziren. Egiteko bi modu horiek tradizio etruskotik datoz zuzenean, Erroman eta Italian oraindik ere presente zegoelako. Planoaren egiturak eta korintoar ordenaren erabilerak eragin grekoa adierazten dute. Arkitektura hori Erromako Apoloren tenpluan oinarritzen da zuzenean, eta Maison Carréek haren eredu murriztua izan nahi du. Vienneko Augusto eta Liviaren tenplua ere mota horretako antolaketaren aldaera bat dela dirudi. Bestalde, azken horren funtzio erlijiosoa Nîmesko Maison Carréearen oso antzekoa zen, gurtza inperiala ere ospatzen baitzen. Apoloren tenpluaren antzekoa da, Erromako Marteren zelaiaren hegoaldean. Kapitelak Erromako Marte Ultor tenpluaren ereduarekin bat datoz. Frisoa akantozko hostatzez osatuta dago eta Erromako Ara Pacisarena imitatzen du.

Erdi Aroa aldatu

Eraikinaren erromatar garaiaren ondorengo historia gorabeheratsua da. Ia miragarria da orain arte hain egoera onean egotea.

XI. mendetik XVI. mendera, Maison Carrée etxe kontsular gisa erabili zen, hau da, udaletxe gisa —Erdi Aroan hegoaldeko Frantzian kontsulak zinegotzien parekoak ziren —[9]. Eraikinak, orduan, eraldaketa asko jasan zituen, behar berrietara egokitzeko. Gelak egin ziren, bi solairu, lehioak atera...

Eraikina etxebizitza bihurtu zen, ukuilu eta eliza, Agustindarren eliza. Elizgizonen jabetzapenam, Uzèsko dukesak gutiziatzen du, senarrarentzat, Antoine de Crussolentzat, hilobi bihurtu nahi baitu.

Frantziako Iraultza aldatu

Garai iraultzailean, Maison Carrée Direktorioaren batzar-lekua da, eta, 1800 eta 1807 artean, Gard departamenduaren prefektura bihurtu zen[9].

Zaharberrituta, XIX. mendean, Nîmesko beste monumentuek bezala, eraikinak, mendebaldeko saihetsean letra erromatarrez grabatuta, latinez idatzitako testu labur bat darama: "Erregearen munifikentziak eta herritarrek eskainitako diruak konpondua, 1822".

1824an, Maison Carrée antzinako objektuak erakusteko leku bihurtu zen.

XX. eta XXI. mendeak aldatu

1992an, Maison Carréeri beste sabai bat jarri zitzaion, jatorrizkoaren kopia leiala, teila lau handiez (tegulae) eta eskuz moldatutako kanal-teilez (imbrices) osatua.

1993an, Norman Foster arkitekto britainiarrak Carré d'Art izeneko eraikin bat eraiki zuen Maison Carréeren aurrean, arte garaikideko museo bat hartzeko, Maison Carréearen aro modernotzat hartua. Aldameneko lekua ere egokitu zuen, bi eraikinen arteko harmonia ziurtatzeko.

 
Maison Carrée zaharberritzearen ondoren (2006-2011).
 
Berrikuntza garaian

2006-07. urtean, Maison Carréearen hegoaldeko fatxadan berrikuntza bat egin zen. Lan luze horrek jarraitu egin zuen 2007-2008an mendebaldeko fatxadan, 2008-2009an ekialdeko fatxadan eta, azkenik, 2009-2010ean, fatxada nagusian, non jatorrizko inskripzioaren brontzezko hizkiak berreskuratzea pentsatu baitzen.

2011ko otsailaren 12an, Nîmes hiriak Maison Carrée zaharberritzeko lanak amaitu ziren. "Maison Carrée zaharberrituta" izeneko erakusketa Carré d'Art en ireki zen. Thierry Algrin monumentu historikoetako arkitektoaren taldeak lau urte eta 44.000 ordu baino gehiago behar izan zituen aparteko ondare hori zaharberritzeko.

Erreferentziak aldatu

  1. (Frantsesez) L'Empereur romain, un mortel parmi les dieux. 2023-11-24 (Noiz kontsultatua: 2024-01-04).
  2. Robert Bedon, Raymond Chevallier et Pierre Pinon, , t. 1 : L'architecture et les villes en gaule romaine, Paris, Errance, coll. « Les Hespérides », 1988, 440 p. (ISBN 2-903442-78-9), 131 or.
  3. Amy, Robert. (1970). «L'inscription de la maison carrée de Nîmes» Comptes rendus des séances de l'Académie des Inscriptions et Belles-Lettres 114 (4): 670–686.  doi:10.3406/crai.1970.12583. (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
  4. (Frantsesez) «La Maison Carrée de Nîmes» La Maison Carrée (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
  5. (Frantsesez) Teyssier, Éric. (2014). Nîmes, la romaine. Alcide ISBN 978-2-917743-69-0. (Noiz kontsultatua: 2024-01-03).
  6. Maison Carrée, POP : la plateforme ouverte du patrimoine, Ministère de la Culture.
  7. (Frantsesez) «Podium et sous-sol» La Maison Carrée (Noiz kontsultatua: 2024-01-03).
  8. (Frantsesez) «La Maison Carrée à Nîmes : un temple romain unique au monde» Connaissance des Arts 2022-08-18 (Noiz kontsultatua: 2024-01-03).
  9. a b «Pour en savoir plus - Préfecture - Préfecture et sous-préfectures - Services de l'État - Les services de l'État dans le Gard» www.gard.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-04).

Kanpo estekak aldatu

  Artikulu hau Arkitekturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.