Maiatzeko zuhaitza edota maiatzeko arbola hainbat metroko garaierako enbor edo makil bat da, adar, kolorezko zintekin eta tokian-tokiko elkarte nahiz hirien armarriekin apaindua. Europan zehar hainbat lekutan ospatzen den ohitura da, eta izen propioa du hainbat hizkuntzatan: Maibaum (alemanez), majtræ (danieraz), maypole (ingelesez) edota majstång (suedieraz).

Iturmendiko herritarrak maiatza auzolanean altxatzen, 2019an.

Enbor edo makil hau maiatzaren hasieran altxatu ohi da, betiere usadiozko jai edo festa baten zati gisa. Herrialde germaniarretako ohitura edo ospakizuna da. Beste herrialde batzuetako nolabaiteko parekidea, Euskal Herrian San Joan gaua litzateke adibidez, San Joan sua pizteaz gain herriko plazetan enbor handi bat altxatu eta bertara igotzeko ohitura ere baitago.

Tokian-tokiko ohiturak aldatu

Euskal Herria aldatu

Araba aldatu

Arabako Harana udalerrian nahiz eta antzina ohitura hau askoz ere hedatuagoa egon, gaur egun oraindik Done Bikendi Harana herrian Maiatza ("El Mayo") izeneko enborra landatzeko ohitura mantentzen da. Herri honetan leku zehatz batean maiatzaren 3an altxatu eta irailaren 14a arte ez da handik kentzen[1].

Nafarroa aldatu

Nafarroako Sakana eskualdeko Etxarri-Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Ziordia udalerrietan maiatzaren 1an altxatu ohi dute enbor bat. Lehenengo bi herrietan Urbasako gainaldean izaten da Hartzabalko zonaldean. Ziordin 2015ean berreskuratu zuten tradizio hau eta 2 jarri ohi dituzte, bat herri ondoan dagoen txipudian eta bestea Urbasan. Hiru hauek goizean izaten dira. Iturmendin herriko plazan jartzen dute arratsaldean[2].

Normalean pago enbor luze bat da, bukaeran pinu zati bat jartzen zaiolarik. 20-25 metro inguruko luzera izaten du. Hilabete guztian zehar egoten dira zutik eta ondoren, egurra saltzeagatik lortzen den dirua herriko kintoentzat izan ohi da. Rafael Karasatorre historialariak bildutako dokumentazioan aipatzen denez, Arbizu, Ihabar, Uharte Arakil, Hiriberri eta Urdiain herrietan ere jarri ohi zen maiatza[3][4].

Ohitura honen hainbat azalpen jaso dira. Alde batetik, sinismen paganoekin lotuta, ugalkortasuna eta bizitzaren sinbolotzat hartzen dute batzuek, baita gaztetasunaren eta amodioaren ikur gisa. Dibinitatea ere irudikatu lezake batzuen ustez, lurreko sustraiak zeruarekin lotzeko ahaleginean. Bestetik, kristautasunaren etorrerarekin, Maiatzeko gurutzeari lotuta agertu izan da. Azkenik, Sakanako abeltzainen ikurra ere bada, animaliak Urbasara bazkatzera eramateko garaiaren hasiera iragartzen baitu[5].

Maiatzen altxatzeak Sakanako herrietan

Alemania eta Austria aldatu

Alemania eta Austrian Maibaum enborra maiatzaren 1an edota bezperan altxatu ohi da. Bavaria, Baden-Württemberg eta Austriako eskualde askotan herri-festa baten lagundurik ospatu ohi dira.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Hoy, Gasteiz. (2019-05-05). «San Vicente de Arana celebra el Levantamiento del Mayo» Gasteiz Hoy (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).
  2. «Zuhaitzak zutituko dituzte - Sakana» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).
  3. (Gaztelaniaz) «Los maiatzak anuncian la primavera en Sakana. Noticias de Navarra» Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).
  4. Carasatorre Vidaurre, Rafael.. ([1993?]). Barranca Burunda. Gráficas Pamplona ISBN 8460462935. PMC 33362553. (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).
  5. (Gaztelaniaz) «Gora maiatza! Los mayos anuncian la primavera. Noticias de Navarra» Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2019-06-24).

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu